Ebelina

2013-04-01
Autobusa ikastolara hurbiltzen ari zenean ikusi genuen koloretako karpa. Gure harridura pozarekin nahasi zen kirol pistan zirkoa muntatzen ari zirela jabetu ginenean. Geltokiaren parean animaliak edukitzeko kaiolak jarri zituzten. Eta elefanteak inoiz 
ikusitako animaliarik handienak iruditu zitzaizkigun. Ni ez nintzen ausartu gehiegi aurreratzea. Igor bai, ordea. Berokia buruan jarrita eraman ohi zuen, kapa baten moduan, eta elefanteak tronparekin berokia hartu eta hozkada bat eman zion. Elefanteari ez zitzaion fundamentuzko elikagaia iruditu nonbait, eta berehala askatu zuen beroki hautsia. Errieta egin zioten etxera iritsi zenean. Hala ere, zirkora joaten utzi zioten azkenean. Ni ahizpa txikia eta amarekin joan nintzen.
Bateginik zirkoa jartzen zuen afixetan. Artean ez genekien zer zen hura. Ez genekien ikastoletarako dirua biltzeko jarri zutela. Ez genekien Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak eta EKB diseinatutako kanpaina bat zela. 200 bat miloi pezeta bildu nahi zituztela Seaskako ikastoletarako, Zangoza eta Tuterako ikastoletarako eta euskararen defentsarako zerbitzu juridiko bat sortzeko. 1988a zen eta 12 urte nituen orduan. Gustukoa nuen irakurtzea, baina ezer ez nuen idazten agindutako ikasgaiez landara. 20 urte pasatu behar izan ziren ipuin bat idazten hasteko.
Garai hartan erabaki nuen trapezista izan nahi nuela. Trapeziotik ikusi nahi nituela gauza guztiak, alturak ematen dizun ziurtasunarekin. Amak ez zidan utzi, noski. Handik urte batzuetara idatzi nuen Ebelina Mandarina ipuina Altsasuko Iñigo Aritza ikastolara etorri zen zirko hura gogoan hartuta. Ebelinak trapezista izan nahi zuen, nik bezala, baina beldurra ematen zion alturak. Liburua ikastolan aurkeztu zen egunean aretoko paretak Ebelinaren irudiez beteta zeunden. Zorretan nago ikastolarekin. Izan ere, han erakutsi zidaten irakurtzen eta idazten, eta, beraz, amets egiten. Zorretan nago andereño Idoiarekin. Berari pasatzen dizkiot nire ipuinen zirriborroak. Berak badaki nola iritsi bihotz barreneraino.