Homofobiaren eta bazterketaren aurkako politikak diseinatu eta aplikatu behar dituzte ikastetxeek

2013-04-01
Eskoletan ‘bullying’ homofoboari aurre egiteko giltzarriak jaso ditu Aitor Martxueta EHUko irakasleak bere doktoradutza-tesian. Mota horretako jazarpenak ikasleengan luze irauten duten ondorio psikologiko larriak (depresioa, antsietatea...) eragin ditzakeela ohartarazi du, eta arriskuari aurre egiteko, eskoletan aniztasun afektibo-sexuala “oinarritik” eta hezkuntza-komunitatea osatzen duten kide guztien parte-hartzearekin lantzen hastea proposatzen du. 
Ikastetxeetan indarrean jartzeko neurri zehatzak aipatzen ditu Martxuetak bere tesian: diskriminazioaren aurkako planak diseinatzea eta eskolako maila guztietan ezartzea; irakasleei eta gurasoei homofobia identifikatzeko eta hari aurre egiteko formakuntza ematea; aniztasun afektibo-sexualarekin lotutako edukiak zeharka txertatzea curriculumean eta material didaktikoetan; eta LGTB elkarteekin elkarlanean aritzea, besteak beste.
 
 
Deskriba dezagun lehenik eta zer den ‘bullying’ homofoboa.
Hainbat pertsonaren artean sortzen den botere-egoeratik abiatuta, ahulagoa den edo ustez ahulagoa den pertsona bati 
egiten zaion jazarpena da bullying-a. Jazarpen hori egin daiteke begiradaren bidez, 
irainen bidez edota eraso fisikoen bidez. Bullying homofoboa da pertsona bati bere 
orientazio afektibo-sexualarengatik edo genero-estereotipo arau-emaileetan sartzen ez delako egiten zaion jazarpena. 
Erraza da antzematen?
Ez, ez da erraza, arrazoi zehatz batengatik: ikastetxeetan ez delako aniztasun 
afektibo-sexuala lantzen. Horren ondorioz, hainbat jazarpen-egoera onartuta daudela ematen du, jazarpena jasaten dutenek zein egiten dutenek uste dute gauza normala dela. Zergatik? Irain homofoboak –esaterako, maritxu edo marikoi deitzea mutilei– gizartean onartuta daudelako: txantxa egiteko erabiltzen dira, abestietan... Jendeak normal hartzen du, ez du uste irain hori jazarpen mota bat denik, eta horregatik da hain zaila detektatzea. Jazarpen homofoboari aurre egiteko oinarritik abiatu beharko genuke, ikastetxeetan aniztasun afektibo-sexuala lantzetik.
Matxismoarekin antzera gertatzen da, normaltzat ematen direla hainbat joera sexista
Bai. Argi dago homofobia eta sexismoa elkarrekin doazela. Heterosexuala ez denak edo gizartean ezarritako maskulinitatetik kanpo dagoenak jazarpena jasaten du. Hori dela eta, mutilek jasaten dute gehiago jazarpen mota hau neskek baino. Maskulinitate horretatik kanpo dagoenari jo egiten zaio. Kasu askotan, jazarriak izan direnak ez dira homosexualak, baina ez dituztenez betetzen genero-estereotipo arau-emaile horiek, jazarpena egiten zaie. Horrek zerikusia du sexismoarekin.
Nesken kasuan, maskulinoagoak direnek –hau kontuz hartu behar da, zeren aurretik zehaztu beharko genukeen zer den maskulinoa eta zer femeninoa–, esaterako futbolean jokatzen dutenek, ez dute hain jazarpen gogorra jasaten. Batetik, mutilek onartu egiten dutelako neskak eremu horretan sartzea; baina, bestetik, neskek ez dituztelako maskulinoagoak diren neskak onartzen, eta bai, ordea, gay mutilak edo estereotipoetatik kanpo dauden mutilak. Mutilen kasuan, alderantziz gertatzen da, neska “maskulinoak” onartzen dituzte eta mutil “femeninoak” ez. 
Neskek ere barneratuta dituzte gizarteko estereotipoak?
Tesian ez dut horri buruzko pisuzko azalpenik ematen, baina genero-estereotipoen heziketarekin lotuta dago. Neskak balio batzuetan hezten dituzte, eta mutilak beste batzuetan. Horrela esanda, badirudi jarraitzen dugula beste garai historiko batean, baina egoera asko aldatu da. Gaur egun, patioan mutilak eta neskak elkarrekin jolasten dira sokasaltoan edo futbolean. Baina zenbait une puntualetan, femeninoagoak diren edota futbola gustatzen ez zaien mutilek jazarpena jasaten dute. Batez ere, Bigarren Hezkuntzan gertatzen da; adin horretan hasten da pertsona bere sexualitatearekin identifikatzen, eta orduan hasten dira arazoak. 
‘Bullying’ homofoboak ondorio larriak eta iraupen luzekoak izan ditzakeela nabarmentzen duzu tesian. Gizartea gertaera horien larritasunaz ohartarazi nahi izan duzu?
Nazioartean ez dago ikerketa askorik atzera begirako bullying homofoboaz, baina, daudenetan, argi ikusten da iraganean jazarpen mota hori jasan dutenek ezinegona eta larritasuna sentitzen dituztela hura oroitzean. Erresuma Batuan, Ian Rivers izan da 
ikerketa mota hori aurrera eraman duena, eta haren lanek erakusten dute jazarpenaren ondorioek irauten dutela eta jazarrien ongizate psikologikoan eragiten dutela: depresio- eta antsietate-maila altuagoak dituzte helduaroan, 12-14 urterekin nozitutako jazarpenaren ondorioz. Nire ustez, oso larria da. 
Eragin psikologikoez gain, beste ondorio batzuk ere ekartzen ditu jazarpen homofoboak: eskolan huts egitea, emaitza akademiko txarrak.... Alegia, jazarpen horrek ikaslearen etorkizun profesional eta akademikoan ere ondorio negatiboak ditu. Hori horrela izanda, jakin behar dugu ikastetxeetan gaia nola landu. Izan ere, ikastetxeak betebehar bat du legez: zentro horretako ikasle guztien segurtasuna bermatzea. Hori ez badu betetzen, legea urratzen ari da. Hori ez dugu ahaztu behar. 
Baina aniztasun afektibo-sexuala ez da lantzen eskoletan, eta, tesian diozunez, heteronormatibitatetik ateratzen diren ikasleak “ez dira errespetatuak, ez onartuak, ez kontuan hartuak”.
Aniztasunaz hitz egin beharko genuke, orokorrean, baina jazarpen mota hau espezifikoa da, eta ikerketek diote mota honetako bullying kasuak direla gehienak. Ikastetxeak betebehar hori du: ikaskuntza-testuinguru seguruak eskaini behar dizkio 
ikasleari. Behin galdetu zidaten ea jazarpen mota hau jasan duten ikasleen gurasoek 
ikastetxea salatu beharko luketen. Nire ustez, gurasoek saiatu beharko lukete ikastetxearekin hitz egiten, eta zuzendaritzak eta irakasleek gaia landu beharko lukete ikasleekin. Neurriak hartzen badira eta gaia lantzen bada, neurri gehiago hartu beharko ez den une bat iritsiko da. 
Irakaslearen betebeharra da, ideologiak ideologia, ikasgelako ikasle bakoitzaren 
errealitatea kontuan hartzea eta zaintzea. Horrela ulertu behar da haien lana. Ez dezagun ahantzi: arazo psikologiko larriak eta, areago, ikaslearen suizidioa ere ekar ditzakeen jazarpen mota batez ari gara. Nork arduratu behar du horretaz?
Gay eta lesbianen eskubideen aldetik berdintasunerantz ematen diren lege-aurrerapausoek oihartzun handia izan dute gizartean eta komunikabideetan, baina jazarpenak eta erasoak itzalean gelditzen dira sarri, ez dira azaleratzen.
Ikastetxean jazarpena jasaten duen 14-15 urteko mutil batek nori kontatu behar dio gertatzen ari zaiona? Lotsaren faktorea sartzen da jokoan, gurasoei, lagunei, irakasleei kontatzeko lotsa. Gauza bera gertatzen da familietan, gertatutakoa komunikabideetara zabaltzeko orduan. Ez dute gustuko publiko egitea. Baina uste dut garrantzitsua dela zabaltzea, gizartea kontzientziatzeko. Indarkeria matxistarekin hori gertatu da. Duela urte batzuk ez zen asko entzuten, baina hasi zirenean datuak zabaltzen, jendea kontzientziatzen hasi zen. Eta prebentzio-neurri asko hartzen hasi ziren. Baina ulertzen dut erasoa jasan duenarentzat zein familiarentzat zaila izatea gertaera zabaltzea.
Gehitu elkarteak gazteek aniztasun afektibo-sexualarekiko duten jarrerari buruzko ikerketa bategiten du urtero.
Oro har, gazteek errespetua diete LGTB pertsonei, baina aldea dago ezagutzaren eta jarreraren artean. Alegia, modu hipotetikoan galdetuz gero, permisiboak dira, baina kasu zehatzei buruz galdetuz gero, haien jarrera ez da hain errespetuzkoa.
Ehuneko altu batek esaten du jazarpen homofoboen testigu izan dela, eta batzuek aitortzen dute parte hartu dutela jazarpenetan. Eta aniztasun afektibo-sexualarekiko arbuioa erakusten dutenak % 10etik % 30era bitartean dira. Mutilak dira horien artean gehiengoa, eta neskak dira aniztasun afektibo-sexuala gehien onartzen dutenak. Baina datu bitxi bat dago: gehiago onartu arren, neskek ez dute beren lesbianismoa deklaratzen. Hor beste faktore bat sartzen da jokoan: gayak askoz onartuago daude gizartean lesbianak baino, lesbianek zama bikoitza dutelako: emakume eta lesbiana izatea. 
Nahikoa al da errespetuzko jarrera erakustea, ‘bulliyng’ homofoboari aurre egiten zaiola eta aniztasun afektibo-sexuala onartzen dela ondorioztatzeko?
Ez. Nik honako esaldi hau entzun izan dut nire familian: “Homosexualak ez ditut ulertzen, baina bakoitza libre da nahi duena egiteko”. Esaldi horrek nahikoa gogaitzen nau. Batetik, ez dagoelako ezer ulertu beharrik. Bestetik, errespetua delako gizaki orori eska dakiokeen gutxienekoa. Aurrean duzun pertsona errespetatu behar duzu, bai 
edo bai. Nahiko zabalduta dagoen beste jarrera bat da errespetua erakustea, norberari eragiten ez dion bitartean. Nire iritziz, jarrera baztertzaileak dira. 
Administraziotik zer egin da ‘bullying’ homofoboari aurre egiteko? Neurriak hartzen dira? Zeintzuk?
Ekintza asko eraman ziren aurrera Jokin Zeberioren kasuaren ondoren. Eusko Jaurlaritzaren kezka piztu zuen, eta ekintza asko abiarazi ziren. Ikasleei informazioa eta laguntza eskaintzeko telefono bat jarri zuen, eta Berdintasunaren eta Aniztasun 
Afektibo-sexual eta Genero Identitatearen araberako Diskriminazio Ezaren aldeko Lan Plangintza (2011-2012) jarri zuen indarrean. Bestalde, Arartekoak Europako Rainbow proiektuan hartzen du parte, eta hezkuntza ere jorratzen du proiektu horrek. 
Nafarroako Gobernuaren daturik edo informaziorik ez dut. Estatu mailan egindako ikerketa gehienak edo ia denak hartu ditut tesia egiteko, baina Nafarroakorik ez dut aurkitu. Agian badago, baina ez dut jaso.
Ikastetxeetan ere neurri zehatzak hartzen dituzte, ezin dugu kontrakorik esan, baina neurri espezifikoetatik harago, oinarritik hasi behar dugu gauza asko aldatzen. Hor sartzen dira nik tesian planteatzen ditudan giltzarriak.  
Irakasleen formakuntza da horietako bat. Gaiarekiko sentsibilitatea duten irakasleen motibazio pertsonalaren araberakoa izan beharrean, formakuntza derrigorrezkoa izatea eskatzen duzu.
Irakasle-eskolan ez dago aniztasun afektibo-sexuala lantzen ikasteko ikasgairik. Hortaz, ikastetxeetara iristen direnean, nola jakingo dute homofobiari edo sexismoari aurre egiten? Gainera, berez egunerokoan lan handia izaten dute irakasleek, beste arlo batzuetan ere formatzeko beharra... Horrek ekartzen du benetan interesa dutenek bakarrik jasotzen dutela formakuntza, eta normalean LGTB kasuren bat gertutik ezagutu dutenak izaten dira interesdunak. Formakuntza beharrezkoa da irakasle-eskolan, pedagogian edo gizarte-hezkuntzan. Eta eskoletan etengabeko prestakuntza egon behar du homofobiari aurre egiteko.
Irakasleen formakuntza ez ezik, gurasoen formakuntza eta hezkuntza-komunitatea osatzen duten beste zerbitzuetako pertsona batzuen formakuntza ere ezinbestekoa da. Duela gutxi Plentzian gertatutako kasuan, esaterako, etxetik ikastolarako bidean hasi zen jazarpena. Nork eman zuen abisua? Autobus-gidariak. Horretaz ari naiz esaten dudanean hezkuntza-komunitatea osatzen duten pertsona guztiek behar dutela formakuntza jaso.
Gurasoen formakuntza ere oinarrizkoa da. Ikastolan aniztasun afektibo-sexuala lantzeko eta homofobiari aurre egiteko egindako prebentzio-lan oro alferrikakoa izan daiteke, gero ikasleak etxean aita edo ama ikusten badu futbol-jokalari bati “maritxu” deika; ume horrek, eskolako patioan futbolean jolasten ari denean, erreproduzitu egingo baitu etxeko jarrera hori. Ez bagara oinarritik abiatzen, neurri guztiak zatikakoak baino ez dira izango.
Eskoletan plan integralak osatzea proposatzen duzu. Zer neurri jaso beharko lituzke horrelako plan batek?
Ikastetxe bakoitzak bere testuingurua du, bere irakasleak eta zuzendaritza-taldea ditu, eta beraz, nik ez dut esango zer den ikastetxe guztietan derrigor aplikatu beharrekoa. Baina ikastetxe batek honi aurre egin nahi badio, homofobiari aurrea hartzeko programa bat behar du. Lehenik eta behin, eskolaren inguruan homofobia onartuko ez duten bazterketaren aurkako politikak diseinatu behar ditu, berdintasuna bultzatuko dutenak. Ondoren, politika horiek onartu eta ezarri behar dira ikastetxearen egitasmoetan, hezkuntza-komunitateko kide guztiak aintzat hartuz. Ikasleek eta gurasoek ere parte hartu behar dute. Zergatik? Gure oinarria hezkuntza inklusiboa delako, eta hezkuntza inklusibo horretan hezkuntza-komunitatearen kontzeptua daukagu. Gu hortik abiatzen gara: hezkuntza-komunitate hori osatzen duten kide guztiek parte hartu behar dute ikastetxe horretako funtzionamenduan. Are gehiago, oso interesgarria litzateke testuinguru horretan LGTB elkarteren bat egotea. 
Hortik abiaturik, ikastetxeak ikaskuntza-testuinguru seguruak eskaini behar dizkio ikasleari. Alegia, bermatu behar du ikasleak ikaskuntza-testuinguru horietara askatasun eta segurtasun osoz joateko duen eskubidea; ez duela bere mugimenduak, sentimenduak, izateko eta adierazteko modua mugatu beharko, indarkeriazko erasorik 
edo jazarpenik jasateko beldurrez. Neurriak hartu behar dira hala izan dadin. Aipatu dugu irakasleen eta gurasoen formakuntza beharrezkoa dela. Eskola-curriculumean LGTB gaiak azaldu behar dira; ezin dugu aniztasun afektibo-sexuala tratatu eta homofobiaren aurka egin, ez baditugu LGTB gaiak txertatzen zeharka: garai historiko bat jorratzen ari bagara, garai horretako LGTB pertsona garrantzitsuak aipatu behar dira; familia-eredu ezberdinak aurkeztu behar dira, Haur Hezkuntzatik hasita, esaterako, familia homoparentalei buruzko ipuinak irakurriz; edo buruketetan txertatuz... 
Bestetik, ezinbestekoa da jazarpen homofoboa identifikatzea. Horretarako, oso argi eduki behar da zein diren balizko ekintza homofoboak –esaterako, ezin dugu 
esan “maritxu” deitzea ekintza homofoboa ez denik, badelako–, eta protokolo batean jaso eta zehaztu behar dira. Ikasleei sostengua ematea ere ezinbestekoa da; ikasleek konfiantza eta segurtasuna izan behar dute jazarpen-egoera batean irakaslearengana joateko, eta irakasle horrek jakin behar du ikasleari laguntza eta informazioa ematen, gurasoekin harremanetan jartzen... Ikasleen babes-taldeak sortzea ere oso lagungarria izango litzateke.
Oso garrantzitsua da LGTB elkarteekin lan egitea; adibidez, lesbiana edo gay bat ekartzea ikastetxera bere istorio pertsonala kontatzera. AEBetan oso normala da LGTB Astea antolatzea ikastetxean, ikasleen familia homoparentalak aurkeztea eskolan... 
Eskoletako errealitatea gertuagotik ezagutzeko, ikerketa kualitatibo bat egiteko asmoa duzu. Aurreratu dezakezu zerbait?
Proiektuaren diseinua egina daukat, eta Ikastolen Elkartea edo Eskola Sare Publikoa prest egonez gero, asmoa dut bospasei ikastetxetan sartu, batez ere Bigarren Hezkuntzan (Lehen Hezkuntzan zailagoa da guk nahi dugun informazioa jasotzea), esperientzia pilotu bat abian jartzeko.
Guk nahi dugu analizatu eta ebaluatu zer neurri hartzen dituen ikastetxe bakoitzak aniztasun afektibo-sexuala tratatzeko eta homofobiari aurrea hartzeko; analizatu zein den ikasleek aniztasun afektibo-sexualaren inguruan duten jarrera; behin hori 
egindakoan, proposatuko genuke neurri-programa bat inplementatzea ikastetxe bakoitzean, eta berori aurrera eramatea; eta, azkenik, neurriak indarrean jarri ondoren, programaren ebaluazioa egitea, jakiteko eraginkorrak izan diren edo ez. 
 
 
‘Bullying’ homofoboaren lekuko izan dira DBHko ikasleen % 23 eta LHkoen % 12
ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta ­Ikertzeko Erakundeak ikaskideen arteko tratu txarrei buruz LHn eta DBHn iaz ­egindako ikerketaren emaitzak plazaratu ditu. LHko hirugarren zikloko ikasleen % 21ek eta DBHko % 14,6k aitortu dute ­inoiz jasan dutela jazarpena. Bi kasuetan, 2005ean egindako ikerketako datuen aldean (% 17,7 eta % 11,9 hurrenez hurren), portzentaiek gora egin dute. LHko portzentaia gainera, inoizko handiena da gisa horretako ikerketa batean. 
2012ko ikerketan, lehen aldiz, sexu-­orientazioaren eta generoaren araberako bazterketa kasuei buruz galdetu diete ikasleei. Jasotako datuen arabera, DBHko ­ikasleen % 23,6k diote ikaskide bat gay izateagatik etengabe baztertu dutela ikusi dutela; LHn, % 12k diote horrelako jokaera baten lekuko izan direla. Lesbianatzat hartzen diren ikasleen kasuan, ehunekoak ­apalagoak dira: % 7 DBHn eta % 5 LHn. ­Ikerketak beste datu “deigarri” bat biltzen du: DBHko ikasleen % 10ek baino gehiagok diote ikaskide bat, bere sexu-orientazio edo bere harreman afektibo eta sexualei buruzko esamesen bidez, etengabe baztertu duteneko kasuak ikusi dituztela. Azkenik, ikaskide bat mutila edo neska izateagatik baztertu duteneko kasuen ehunekoa handiagoa da Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan DBHn baino.