Ipuinen bitartez haur txikiekin sexualitatea lantzeko proiektua

2013-04-01

Kantua, ipuina, irudia, dantza eta jolasa uztartzen dituen materiala sortu dute, 0-6 urte bitarteko haurrak egunerokoan hezteko lagungarri izan dadin. Sexu-hezkuntza praktira eramateko saiakera bat da honako hau, ikasgela bateko pasarte xume batetik hasi eta herriko hainbat txokotara zabaldu den proiektu bat. 

 
 
Saiakera honek Arrasateko herrian du jatorria. 1996az geroztik, Udaleko Sexologia Zerbitzua dago herrian, eta, berorren ibilbidean zehar horrelako esperientziak pilatu dituenez, ez da kasualitatea han kokatzea. 
Oraingoan, gertutik aurkeztu nahi dut horietariko esku-hartze bat, haur txikiekin sexu-hezkuntzarako lanketa estrategiko bat nondik sortu zen eta gerora nola garatu den irudikatzeko; beste hitz batzuekin esanda, ikasgela bateko pasarte xume batetik hasi 
eta herriko hainbat txokotara zabaldu den proiektua ezagutarazteko.
Pasarte bat, abiapuntu
Pasarte bat izan zen honen guztiaren abiapuntu, Sexologia Zerbitzuan horren ohikoak diren pasarte horietariko bat, alegia. Haur Hezkuntzan lau urteko umeekin aritzen zen irakasle bat etorri zen gurera.
Ikasgelan ikusitako hiruzpalau egoerak sexu-hezkuntzaren inguruko kezka sortu baitzuten harengan. 
Ikasgelako ikasle batzuek anai-arrebak izango zituzten aurki. Ikaskideen ama tripa-handiek haurren arreta piztu zuten. Horren ondorioz, tripa barruko haurrei buruz galderak egiten hasi ziren, bata besteari azalpenak ematen, isilune deserosoak bizitzen…  Gaiarekiko izugarrizko jakin-mina sortu zitzaien haur gehientsuenei, eta ikasgelako giroa zeharo aztoratu zen.
Hain zen handia jakin-mina, zerbait zekienak azalpenak ematen baitzizkion jakin nahi zuen hari: Pariseko zikoinak, hazitxoak, erlea… Haurrek entzundako, asmatutako eta irudimenarekin jositako azalpenak ziren. Azalpen polit eta kezkagarriak iruditu zitzaizkion irakasleari.
Aurretik hautemandako jarrera batzuk eta azalpen horiek oinarri hartuta, ikasgela horretako haurrekin sexu-hezkuntza lantzea erabaki zuen irakasleak. Ikasgelatik hasi eta etxeetako sukalderaino helduko zen sexu-hezkuntza bultzatu nahi zuen. Asmo eta gogoeta horiekin etorri zen gurera.
Teoriatik praktikara
Zer egin genuen?
Sexualitatea modu integralean landuko zuen sexu-hezkuntza praktikan jarri nahi 
izan zuen haur horiekin. Helburua lortzeko, ikastetxean eta Sexologia Zerbitzuan elkarrekin aritu ginen lanean.
Sexuen teorian oinarrituriko sexu-hezkuntza lantzeko, askotariko bide eta tresnak erabili ziren. Kasu honetan, ipuinak izan ziren eraginkorrenak: ipuinen sorkuntza eta erabilera. Gai asko jorratzen zituzten ipuinak egin zituzten; bateko jeloskortasuna, edota negar egitearen eta gaizki pasatzearen ingurukoak, besteko haurdunaldia eta haurraren jaiotza, nesken eta mutilen arteko desberdintasunak, adopzioak eta familia desberdinak, gorputzeko kili-kiliak… 
Haurrek sortutako ipuin motz eta sinpleak izan arren, oso baliagarriak izan ziren haur eta gurasoentzat. Gaiak landu ahala, haurren estutasuna apalduz joan zen. 
Sexualitatea lantzeko asmo eta prozesua gurasoekin partekatu zen hasieratik. Jakinean zeuden haurrek ikasgelan sexualitatea landuko zutela eta etxean lantzeko materiala eramango zutela noiz edo noiz. Horren ondorioz, haurrek sortutako ipuinak etxeetara heltzen zirenean, askok etxean osatzen jarraitu zuten. Ipuinak aitzakiatzat hartuta, familia-giroan sexualitateaz norberaren esperientziatik hitz egitea zuten helburu.
Lanketa puntuala edo estrategikoa?
Ikastetxe hartako esperientzia hark oso balorazio ona izan zuen arren, ez da nahikoa ikasgela batean saio bakar batean landutakoa, sexu-aniztasuna osasuntsu bizitzeko. Agian, gako garrantzitsua izan zen pasarte hori ikasgela horretako haur eta gurasoentzat. Baina ondoko ikasgelakoek edo hurrena etorri zirenek ez zuten horrelakorik izango.  Horregatik, estrategikoki garrantzi handiagoa izan zuen, agian, lanketa horretatik eratorri zenak pasarte horrek berak baino.
Lanketa estrategia bilakatzen
Guraso eta hezitzaileok gizaki sexualizatzaileak gara. Haurra sexudun jaiotzen den arren, inguruarekin dituen harremanek zeharo baldintzatzen dute haurrak sexua bizitzeko duen modua. Bizitza osoa irauten duen sexualizatze-prozesu horretan, ahalik eta hezkuntza kontzienteena gauzatu ahal izateko, guztiz eraginkorra da zuzenean haurrekin aritzen direnekin sexu-hezkuntza lantzea.
Aurrez kontatutako pasarte hori ez zen izan haur txikien sexu-hezkuntzarekiko kezka adierazten zuen bakarra. Zerbitzuan, askotxo ziren garai bertsuan kezka bera 
errepikatzen zuten aholku-eskaerak eta esku-hartzeak. Horregatik, gaiari heldu egin genion, eta herrian eraginkorrak izan zitezkeen lanketa estrategikoak garatzen hasi ginen.
Helburu horri begira, bi hauek izan ziren landutako proiektu nagusiak:
•Haurrekin sexualitatea lantzeko ipuinen sorkuntza.
•Aisialdian sexu-hezkuntza trinkotzea.
1. Haurrekin sexualitatea lantzeko ipuinen sorkuntza
Aspaldi ohartu ginen urria zela haurrekin sexualitatea lantzeko materiala. Eta ez zirela asko euskaraz sortutakoak. Hori kontuan hartuta eta hainbat eskaeraren ondorioz, Arrasateko Udaleko Sexologia Zerbitzukook sexu hezkuntzarako baliagarriak 
izango ziren ipuinak sortzea erabaki genuen.
Merkatuan daudenak aztertu ondoren, sexualitatea lantzeko ideien irizpideak hitzartu genituen, eta irizpide horiek ipuinetara eramateko urratsak egiten hasi ginen. 
Ipuinak hutsetik hasi genituen. Hori dela 
eta, ipuinak sortzeko, hainbat arlotan aritzen diren pertsonez osatutako talde bat 
eratu behar genuen: marrazkilari, sexologo, ipuin-kontalari, psikologo, irakasle eta diseinatzaileak, besteak beste.
Hainbat arlotako adituak proiektuaren helburua lortzeko ahaleginean aritu ginen. Aurrez hitzartutako ideiak eta edukiak haurrei modu ulergarri batean helaraztea zen talde haren helburua. Guztion elkarlanaren fruitu izan zen “Kili Kontuak”  ipuin-bilduma, bi urteko elkarlan estuaren emaitza.
Sexu-hezkuntzarako tresna hura bitartekari izan zedin, 3-7 urte bitarteko haurrak biltzen ziren leku guztietan banatu genuen bildumatxoa: ikastetxeetan, haurtzaindegietan eta ludoteketan. Horrez gain, herritar ororentzat salgai jarri zen. 
Ipuinetan landutako edukiak herriratzeko beste modu bat“Kili Kontuak” antzerki bihurtzea izan zen. Horretarako, harremanetan jarri ginen herriko antzezle batekin, Jon Zubiagarekin. Hura eta Sonia Villamor artista izan ziren “Kili Kontuak”  herriko agertokietara eraman zutenak.
Elkarrekin aztertu genituen ipuinen 
edukiak. Horiek ardatz hartuta, antzezlanaren gidoia osatu zuten bi artistek. Gerora, gidoi horri bizia eman zioten Arrasateko hainbat txokotan. Emanaldiek oso arrakasta handia izan zuten. 
2. Aisialdian sexu-hezkuntza trinkotzea
Lehen aipatu dugunez, haur txikiekin sexu-hezkuntza lantzeko proiektuan murgildu ginen pasarte hartatik abiatuta. Aholkuak emateaz gain, sexu-hezkuntza lantzeko euskarri izan zitezkeen ipuinak sortzen ausartu ginen. Horrez gain, une hartako esku-hartze eta proiektuez haratagoko apustua egin nahi izan genuen. Herrian, sexu-hezkuntza estrategikoki lantzea erabaki genuen.
Horretarako, ez genituen aukeratu ikastetxeak, sexu-hezkuntzaren barnean ikastetxe bakoitzak bizi duen errealitatea oso desberdina baita. Ikastetxe bakoitzak osatzen duen hezkuntza-proiektuaren araberakoa izaten da hori, hots, ikastetxe bakoitzaren lehentasunen araberakoa.
Gainera, ikastetxeetan joera handiagoa dago sexualitatea haur txikiekin baino nagusiagoekin lantzeko. Horrek agerian uzten du sexualitateaz zer ideia dugun oraindik. Sexualitatea praktika gutxi batzuekin lotzen jarraitzen da, eta, praktika horiek gerturatu ahala, sexu-hezkuntza lantzen hasteko presa sortzen da. Oro har, praktika horiek sor ditzaketen arriskuei aurre egingo dien sexu-hezkuntzara mugatzen da hezkuntza formala.
Lehentasunen hurrenkeran sexu-hezkuntzak pisua izan dezan, oso garrantzitsua da hezkuntza-proiektu horietan eragitea. Horretarako ere egin dira saiakerak. Hala 
ere, askotan eraginkorragoa izan daiteke haur eta gazteengan hezkuntza formaletik at dagoen hezkuntza. Horregatik, harremanetan jarri ginen Arrasaten hezkuntza ez-formalean haurrekin zuzenean lan egiten zuten eragileekin.
Horrela bada, Arrasateko Udaleko Sexologia Zerbitzua eta Txatxilipurdi Aisialdi elkartea sexu-hezkuntzaren inguruko hausnarketa-prozesu batean sartu ginen. Helburu garbi bat atera genuen prozesu horretatik: hezkuntza ez-formalean sexu-hezkuntza estrategikoki lantzea . 
Besteak beste, Arrasateko hiru ludotekak koordinatzen ditu Txatxilipurdik, eta berorietatik hastea erabaki genuen. Sexuen teorian oinarrituriko hezkuntza bat praktikara eramateko saiakera egingo genuen berorietan. Hori horrela izan zedin, elkargune bat osatu genuen, ludotekako zazpi hezitzaileekin, haurren saileko koordinatzailearekin eta zerbitzuko sexologoekin.
Elkargune horretan, sexu-hezkuntzan zituzten kezkez, esku hartzeko moduez eta lanketa berriez gogoeta egin zuten. Horiek gauzatu egin ziren, eta esperientziak trukatu ziren. Horrez gain, zenbait egitasmo antolatu ziren, une bakoitzean ludotekan eta kaleetan gatazka-iturri ziren edo pil-pilean zeuden gaiak zuzenean lantzeko. Horrela, partaideei sexu-hezkuntzarako zituzten baliabideak garatzeko aukera eskaintzen zien gune honek. 
Gune iraunkor horretatik abiatuta, ludoteketan sexu-hezkuntza sendotzea zen helburua; etorkizunean, aisialdiko hezitzaileek beren kabuz funtzionatzea, alegia, giza izate sexudunean oinarritutako hezkuntza burutzea. Poliki-poliki hezitzaileak ezaguerez eta baliabideez jantzi ahala, taldea bere funtzioa galduz joango zen. Beren kabuz moldatzeko gai sentitzen zirenean, elkargunea bertan behera uztea zen asmoa. Hortik aurrera, kasu zehatzetan soilik eskainiko zuen aholkularitza Sexologia Zerbitzuak. 
Lehen urtean, taldea hilero elkartzen zen. 2008an hasi ziren biltzen, eta oraindik ere biltzen dira, horren maiz ez bada ere. Hezitzaileek sexu-hezkuntzarako osatutako zehar-lerroa gero eta indartsuago bihurtu du hainbat urtetako lanketa horrek. Eta trataera interesgarria eman zaio sexualitateari haurren aisialdian.