“Kafea hustasunean edaten ari naiz. Inguruko jendeari begira nago. Guztiek ezin normalago dirudite. Inor ez daukat begira, inork ez dit hitz egiten. Ele zaharra bizirik dago. Ez da erabat armatua irteten irakasle militante baten ahotik. Ez du abeslari folkloriko batek artikulatzen. Ez da poesia. Ez da sorterriaren kontserbatorioa, ezta familien erlikiontzia ere. Axolagabeki ahotik ahora dabil. Ahoak ireki eta itxi. Kafe edaleak elkarri hizketan ari dira. Elkarri esateko gauzak dauzkate. Gauza horiek garraiatzen dituen jarioa hara eta hona dabil, ematen du inor ez dela horretaz ohartu… irten, puztu, loditu… hizkuntza erabilgarria da”.
Lerro horien bidez, euskararen normalizazioan helburua zein den irudikatu dezakegu: hizkuntza erabilgarria izatea. Istorio horretako tabernan bezala, guk ere, inguruko taberna eta beste toki guztietan, euskara ahotik ahora axolagabeki ibiltzea nahiko genuke.
Hizkuntza erabilgarria izatea edo, hobe esanda, hiztunek hizkuntza erabilgarri egitea. Baina errealitatea kafetegiko egoera bezain polita ote?
Literatura eta zenbakiak uztartzea zail egin zaie askori usu. Soziolinguistika Klusterrak 2011n Euskal Herri osoan egindako Kale Erabileraren Neurketak ere uztartze hori ez dagoela hain gertu egiaztatzeko aukera eman digu. Adin-tarte guztietan egon dira aldaketa aipagarriak, baina haur eta gazteen esparruei helduko diegu nagusiki, bi horietan jazotako aldaketak ulertzeko, batzuetan, gainerako adin-tarteak aipatzea ezinbestekoa den arren.
Datu orokorrak
Haurrak eta gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, bai Euskal Herrian eta baita lurraldez lurralde ere. Haurrek gazteek baino gehiago eta gazteek helduek baino gehiago. Neurketen arabera, gainera, adinean aurrera egin ahala euskararen erabilera gutxitzeko joera hori gero eta nabariagoa da urtetik urtera. Duela hogei urte inguru (lehen neurketako datuak 1989koak dira) ez zen horrelako fenomenorik ematen. Egia da euskara gehien erabili izan dutenak haurrak izan direla, baina 1989an, esaterako,
adinekoena zen euskara gehien erabiltzen zuten bigarren adin-taldea (% 13,7), eta helduek ere gazteek baino gehiago erabiltzen zuten.
Datuak aztertzen jarraitzen badugu, Euskal Herrian azken bost urteetan haurren erabilera ez dela igo ikus daiteke, 2006an % 19,7koa baitzen, eta, azken neurketakoa, aldiz, % 19,2koa.
Orain arte, neurketaz neurketa puntu bateko igoera izaten zen, baina azken honetan ez da halakorik gertatu. Are gehiago, puntu erdi bat jaitsi da. Eta gazteen erabilerari dagokionez, 2006an ez zela igo ikusi zen, eta, oraingoan, joera hori baieztatu egin da. 10 urtean ez da aldaketarik egon, eta datuak berdina izaten jarraitzen du (% 13,4).
Goiko datuetan ikus dezakegu bi adin-tarte horietan gertatzen ari zen gorakada geldiune batera iritsi dela, eta lehengo zenbakiei eutsi arren, igoerarik ez dagoela.
Haur eta gazteen erabileraren emaitzei lurraldez lurralde behatuz gero, daturik baikorrenak Ipar Euskal Herrikoak eta Gipuzkoakoak direla esan daiteke, modu nabarian lehenengoan (haurren artean 2,8 puntuko igoera, eta gazteen artean 2,7koa), eta era xumeagoan bigarrengoan (haurren artean 0,2 puntukoa, eta gazteen artean 2,7koa).
Ipar Euskal Herriko datuei aipamen berezia egin nahi diegu. Izan ere, datu orokorra 0,2 puntu besterik igo ez bada ere, haur eta gazteen arteko erabilera ia 3 puntu igo da. Lurralde horretan azken urteetan izan den igoera nabaria 70eko hamarkadan
ereindako hazien uzta dela uste dugu. Hegoaldean, duela 30 bat urte hasi zen loraldia, eta badirudi iparraldeko fruituak orain ari garela jasotzen. Dena den, hurrengo neurketaldira arte itxaron beharko genuke, gorakada hori hegoaldean garai batean izan zenaren berdina izango den ikusteko.
Daturik kezkagarrienak, aldiz, Araban, Nafarroan eta Bizkaian ditugu. Lehenengo bi lurraldeen kasuan, jaitsiera ikus daiteke, apala haurren kasuan (% 0,3 bietan), eta
apur bat nabariagoa gazteen artean (% 0,9 Araban, eta % 0,6 Nafarroan). Dena den, daturik asaldagarrienak hirugarren lurraldekoak direla uste dugu, Bizkaikoak hain zuzen. Ehunekoei begiratuz gero, beherakada hain handia ez dela pentsa genezake, 2,1 puntu haurren artean (2,3 puntu, duela 10 urteko datuekin konparatuta), eta 0,3 puntuko igoera gazteen artean (alabaina, 1,6 puntuko jaitsiera, duela 10 urteko datuekin alderatuta). Ez dugu ahaztu behar, ordea, Bizkaia dela populazio handiena duen lurraldea, biztanleriaren % 40 ia lurralde horretan bizi dela; beraz, ehunekoen jaitsiera gainerako lurraldeen antzekoa bada ere, hiztun-kopuruaren beherakada bortitzagoa da Bizkaian.
Neurketaren beste alderdi garrantzitsu bat hiztunen ezagutza-tipologiari dagokio. Ezagutza mailarik altuena dutenak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, bai haurren eta baita gazteen artean ere. Ezagutza maila % 50etik gorakoa dutenei buruzko erabilera-datuek ez dute kasik beherakadarik jasan neurketak egin diren aldi guztietan. Gure iritziz, ezagutza mailak ez ezik, ezagutza motak ere zerikusia du. Beste hitz batzuetan esanda, hizkuntzaren ezagutza maila % 50etik beherakoa dutenek hizkuntza erabiltzeko unean ere zailtasun handiak izango dituzte. Ez dira eroso sentituko menperatzen ez duten hizkuntzan mintzatzen, hizkuntza horrek ez die balioko nahi duten guztia nahi duten moduan esateko, eta, beraz, erabili ere gutxiago erabiliko dute. Horretaz gain, jakina da haur eta gazte askorentzat eskola dela euskara erabiltzen duten eremu bakarra, eta, askotan, eskolan ikasitako hizkuntza kalean erabiltzeko formalegia edo ez oso erabilgarria suerta daiteke. Horren ondorioz, era informalean (kalean, lagunekin, jolasean...) erabiliko duten hizkuntza, euskara baino gehiago menperatzen duten beste hizkuntza bat izango da.
Datu orokorrekin amaitzeko, soilik azken hamarkadan neurtu den faktore bati
erreferentzia egin nahi genioke. Erabilera-datuek diote euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren beste hizkuntzen ehunekoa 3,7koa dela Euskal Herrian, duela bost urte baino % 1,1 handiagoa. Igoera hori egungo jendarte eleanitzaren erakusle dela uste dugu. Orain arte elebitasunari buruz mintzatzen aritu bagara ere, azken hamarkadan beste hizkuntzek izandako gorakadak, gaztelania eta frantsesaz gain, euskarak beste lehiakide batzuk ere badituela erakusten du. Eta lehiakide diogu, ez irabazle edo galtzaileen artean bereizi nahi dugulako, aukeratzeko zenbat eta hizkuntza gehiago izan, euskara hautatzeko aukerak murriztu egiten direlako baizik.
Hiriburuak
Behin datu orokorrak ikusita, ezinbesteko deritzogu hiriburuetako datuei erreparatzeari. Soilik Hegoaldeko datuak ditugu eskura, eta, beraz, ezin dugu esan Euskal Herri osoan gertatzen ari denari buruz mintzo garenik, baina erabilerak izan duen bilakaerari begira, daturik kezkagarrienak hiriburuetakoak direla esan dezakegu ezbairik gabe. Ez dago hiribururik non haurren erabilera-datuak gora egin duen, eta, gazteen kasuan, Iruñean eta Bilbon gertatutako igoera apala Gasteiz eta Donostiako jaitsiera nabarmenak zokoratzen du.
Nafarroako hiriburuan datuek oso antzekoak izaten jarraitzen dute, eta gazteen kasuan igoera txiki bat nabari den arren (0,4 puntu), duela hamar urte baino beherago daude zenbakiak.
Bilbon, haurren datuek beheranzko norabideari eusten diote, eta azken bost urteetan beherakada hori 1,5 puntukoa izan bada ere, oraingo datuak duela hamar urtekoak baino 2,6 puntu beherago daude.
Gasteizen ere jaitsiera gertatu da: 0,5 puntukoa haurrei dagokienez, eta 1,1 puntukoa gazteei dagokienez. Dena den, esan behar da Arabako hiriburuko datuak duela hamar urtekoak baino hobeak direla oraindik.
Azkenik, Donostia ekarri behar dugu paperera. Izan ere, garrantzitsua iruditu zaigu hango datuek izandako bilakaera. Bazirudien duela bost urtera arte etengabe eta
abiada ikaragarrian goraka zihoan suziria zela Donostian euskara erabiltzen zuten hiztunen kopurua. Baina, behin lehertuta, abiada berean hasi da beherakada, eta 2006an baino 5,1 puntu beherago dago zenbakia.
Hiriburuetako egoera arduragarriak, ordea, beste alderdi baikor baterako bide
ematen digu. Orokorrean, erabilerak bere horretan jarraitu badu, edo oso gutxi jaitsi bada, hiriburuak ez diren beste eremuetako erabilera-datuak igo egin direnen seinale.
Baina zer dela eta hiriburuen eta herri txikiagoen arteko desberdintasun hori, leku guztietan jarraitutako hizkuntza-politikak berdinak badira? Deitu topiko, deitu aurreiritzi, uste dugu bizitzako alor askotan apurtu ditugun edo apurtzeko bidean diren ideia askoren patua ez dela oraindik zabaldu hizkuntzaren eremura. Ohitura zaharkituei jarraiki bizi diren herri txikietan euskara hiri handietan baino errotuago dagoen usteak bultzatuta, badira hizkuntzak hiriburu aurrerakoi eta modernoen irudia zatartuko duen beldurra dutenak ere. Euskarak hizkuntza zaharkituaren kutsua du oraindik,
eta hiriburuetan datuek izandako beherakada horren ondorio izan daitekeela uste dugu.
Horrekin batera, kale-erabilera altua duten herri txikietan kanpotarrek euskara erabiltzeko hautua egitea, kale-erabilera baxua duten hiriburuetan hautu bera egitea baino errazagoa dela nabarmendu behar dugu. Euskara ikasi eta erabiltzeko motibazioa, integratzailea zein instrumentala, handiagoa da lehenengoen kasuan, Arkaitz Zarragak idatzitako hitz hauetan ikus dezakegunez:
“…hiztun-taldearen partaide izateko
edo partaideen antza hartzeko nahia dago. Sarritan sentimendu identitarioak bultzatuta, motibazio integratzailea duen hiztunak hizkuntza ikasteko edo erabiltzeko berezko motibazioa izaten du. Motibazio instrumentala, duenak, berriz, hizkuntza helburu jakin bat lortzeko baliatzea bilatzen du. Horrela, hizkuntzaren bitartez talde horretako partaideekin tratu komertzialak egitea, lantokian gora egitea, diru gehiago irabaztea… motibazio instrumentalaren adibide garbiak dira. Hizkuntza arrakastarekin, bizi-kalitatearekin, gizartean gora egiteko aukerekin eta abarrekin lotzeak motibazio instrumentala eragingo du”.
Haurren presentziaren araberako datuak
Orain arte ikusi ditugun datuak kale-erabilerari dagozkionak izan dira oro har; hau da, soilik hiztunek euskara erabiltzea kontuan hartzen duen neurketari dagozkion datuak dira, non, norekin, zertarako eta beste hainbat aldagai kontuan hartu gabe. Duela bost urteko txostenean, haurren presentziaren araberako erabilera ere neurtzen hasi ziren. Gure ustez, neurketa horrek berebiziko garrantzia du, azken batean, adin-tarte desberdinek hitzak zein hizkuntzatan trukatzen dituzten erakusteteko bildutako datu bakarretakoa baita.
Datuek diotenez, nahiz eta haurrak eta nagusiak elkarrekin egon, adin-tarte bereko pertsonei hitz egiteko orduan, euskara gero eta gutxiago erabiltzen da, bai haurren artean eta baita nagusien artean ere. Are gehiago, lurralde guztietan beheraka doan kopurua dela ikus daiteke, salbuespenak salbuespen (Gipuzkoan, nagusien erabilera 1,5 puntu igo da).
Haurrak eta nagusiak elkarrekin dauden uneetan, orokorrean eta hartzailearen adin-tarteari erreparatu gabe, bai haurrek eta bai nagusiek euskara gero eta gehiago
erabiltzen dutela ikus daiteke, Bizkaian izan ezik, non datuak 1,5 puntuko beherakada jasan duen. Daturik azpimarragarrienak haurrek helduei hitz egiten dietenean –eta alderantziz– jasotakoak dira. Haurrek nagusiei hitz egiten dietenean gora egin duten datuak eta behera egin dutenak aurki ditzakegu, baina gorakadak puntu gehiagokoak izan dira. Hizlariak nagusiak direnean, aldiz, erabilera-datu guztiek gora egin dutela ikus dezakegu, eta oso gorakada deigarriak dira hainbat kasutan (Gipuzkoan 6,4 puntu, eta 6,2 Iparraldean).
Datu horiek guztiek erakusten digute –edo guk, behinik behin, horrela ulertzen dugu– nagusiek euskara hautatzen dutela transmisio-hizkuntza gisa, hau da, hurrengo belaunaldiekin zein hizkuntzatan komunikatuko diren aukeratzeko orduan, euskararen aldeko apustua egiten dutela. Baina ez gara konturatzen transmisio terminoak hartzen duen dimentsioaz. Haurrei hitz egitean zuzeneko transmisioa egiten dugu, baina gainerako pertsonei edo gure adinkideei hitz egiten diegunean ere inguruko haurrei zeharka transmititzen ari gara. Beraiei zuzentzen ez bagatzaizkie ere, helduon hizkuntza-erabilerarekin lotutako ohiturak zein diren jasotzen dute inguruan ikusten dituzten jokabideetatik, eta zeharkako mezu horiek eragina dute etorkizunean euskara erabiliko duten edo ez erabakitzeko orduan. Horrek guztiak hausnarketarako atea irekitzen digu: euskara haur hizkuntza bihurtu dugu? Euskara haurrekin soilik erabiltzeko hizkuntzatzat dugu? Zertarako egin familian zuzeneko transmisioa euskaraz, nagusiok erabiliko ez dugun hizkuntza bada? Zer helbururekin hartzen dugu haurrei euskaraz hitz egiteko erabakia?
Goia jo dugu?
Euskararen erabilera geldiune batera iritsi dela esan dezakegu, beraz. Baina zer da egiaz datuen izozte horrek erakusten diguna? Egonkortasunera iritsi garela erakusten diguten datuak dira, ala goia jo dugula eta beheranzko bideari ekin diogula aurreikusten dutenak?
Bada fisikaren arloan lege bat, handitzen edo hazten ez den guztia txikitu egiten dela esaten duena. Esaldi hori soziolinguistikaren arloaren barnean ere aplika dezakegu, bizi dugun egoera deskribatzeko, behintzat, baliagarria baita. Hiriburuetako datuak ikustea besterik ez dago, lehen hazten ari zena orain abiadura berean txikitzen ari dela
egiaztatzeko. Agian goizegi da hain ondorio beltzak, edo grisak behinik behin, ateratzeko, baina ez dugu uste goizegi denik euskararen erabilera-datuei buelta eman eta lehengo goranzko bidean jarri nahi baditugu, berrikuntza behar dugula proposatzeko.
Behin puntu honetara iritsita, etorkizunari begira zer? Orain arte egin den lana oso baliagarria izan da eta bere fruituak eman ditu, baina gauza berriak egin beharrean gaude. Teknologiaren arloan zenbait urte daramatzagu berrikuntza kontzeptua entzuten, eta dagoeneko gizarte-gaietara ere iritsia zaigu. Terminoa geureratu eta hizkuntza-normalizazioko kontuetan txertatzea abiapuntu interesgarria litzateke. Hizkuntza-berrikuntza izan daiteke hurrengo urteetarako ildoa. Berrikuntza zertan, baina? Honako hauetan beharbada:
1.- Haur eta gazteak euskara gehien erabiltzen dutenak direlako etorkizunean heldu bilakatzean ere euskara erabiliko dutela pentsatzeak bere mugak dituela uste dugu. Duela hogei urteko haurren datuak eta gaur egungo helduenak begiratu besterik ez dago egungo haur eta gazteak etorkizuneko hiztun, beraien erabilera-ohiturekin, bilakatuko ez direla ikusteko.
Badirudi adinean gora egin ahala erabileran behera egiten dugula. Nerabezaroan erdara erabiltzen hasteko joera oso zabalduta dago, eta beherakadarik handiena haurren eta gazteen datuak konparatuz nabari dena da. Gainerako adin-aldaketetan ere murrizketa ikus daiteke, baina lehengo bien artekoari garrantzi berezia eman beharko litzaiokeela uste dugu. Orain arte ez daukagu datu zehatzik, baina hizkuntza-aldaketa horren atzean zer dagoen ikertzea baliagarria izan daiteke aldaketaren gakoak argitzeko. Zentzu horretan, interesgarria suerta daiteke Joan Pujolarrek “Llengua i joves. Usos i percepcions lingüistics de la jovenut catalana” ikerketan mudantza eta hibridazioei (Pujolarrek mudes eta hibridació deritzena) buruz dioena. Izan ere, euskarari dagokionez, hizkuntza-ohituren aldaketen zergatia aztertzeko hainbat ikerlan egin dira, baina Pujolarrek katalanarekin egin duen bezala, interesgarria litzateke gazteen ohitura eta bizitzako une esanguratsuei buruzko ikerketa sakonagoa egitea. Hizkuntza-ohituren aldaketak gertatzen diren une horiek identifikatuz gero, hizkuntza-normalizazioan lanean dihardugun eragileok errazago asmatuko genuke gure jarduna kokatzen.
2.- Euskara gehiago erabiltzen da eremu formalean eremu informalean baino,
eta zerikusi zuzena du horrek hasieran aipatu dugun erabilgarritasunarekin. Erabilgarria diogunean, edozein une eta kontutarako baliagarria zaigun hizkuntza bat erabiltzeaz ari gara. Lanerako, oposaketak prestatzeko edo akta bat egiteko erabiltzen dugun hizkuntzaz ari gara, jakina. Baina baita lanean gauzak okertzen ari direla esateko bikoteari, oposaketak gainditu ditugula koadrilan ospatzeko, eta akta sinatzeko bolaluma ez dabilela jakinarazteko ere.
Aurretik datorren joera dugu, baina ez atzera eta ez aurrera gauden puntura iritsita, alarma pizteko garaia da. Hizkuntzaren
ezagutza, euskara jakitea, hein batean erdietsi dugun lorpena da, baina bizitzako eremu jakin batzuetan soilik erabiltzeko hizkuntzatzat jotzen da askotan. Eta hori ez da hizkuntza bat erabilgarria izatea.
Euskararen alderdi ez-formala eskuratzeko modua familia zen garaiak atzean gelditu dira, eta beharrezkotzat jotzen dugu hutsune hori betetzeko bide berriei ekitea.
3.- Ezagutzaren eta erabileraren kontzeptuetan murgildurik egon gara orain arte, baina bada aipatu besterik egin ez dugun beste bat: motibazioa. Zerk bultzatzen gaitu euskara erabiltzera, edo bederen, erabili nahi izatera? Begirada guztien gune dira hizkuntza eta hiztun-komunitatea, baina hiztuna bere horretan bigarren maila batean dagoela dirudi, alegia, hizkuntzaren ikuspegi psikologikoa ez dela izan horren entzutetsua. Zarragak bere lanean dioen moduan, “…Irrikak, nahiak, iritziak, motibazioak
eta abarrak psikologiari dagozkion adarrak dira. Horiek bizitzaren aurrean, eta kasu honetan hizkuntzaren aurrean, jarduteko joera jakinak izatea eragiten dute, jarrerak, hain zuzen. Jarrerek jokamoldea bideratuko dute. Hizkuntzaren aldeko jarrerek erabileran, ikas-prozesuan zein inguruan jarduteko moduan eragin zuzena izango dute.”
Norbanakoa aintzat hartu eta pertsonen bizipen, sentipen eta emozioei erreparatzeak orain arte gutxi arakatutako esparruetara atea irekiko liguke. Izan ere, inguratzen gaituen jendarteak eragin handia izan arren, hizkuntzarekiko azken hautuak egiten ditugunak norbanakoak gara.
Beste bost urte itxaron beharko ditugu euskara gure kaleetan hasieran aipatutako kafetegian bezain erabilgarria den jakiteko. Irakurle bakoitzak hausnar dezala non eta zertan eragin dezakeen. Bien bitartean, gu ez gara kafetegian kafea edaten duten ikusle hutsak izango.