Egoera berrietan, irudimena eta iniziatiba berriak

2013-04-01
Publiko izaera jabetzarekin baino parte-hartzearekin eta gertuko gestioarekin lotzea zuzena litzateke... Horrela, hezkuntza parte-hartzaile, bizi, kritiko eta denontzako zerbitzua bermatzen duenean dei geniezaioke hezkuntza publikoa.
 
 
Bi ekitaldi. Bata, Iruñean; bestea, Donostian. Bietan, hezkuntzaren gainean  administrazioak hartzen ari diren neurriak kezka iturri.
Nafarroako haur eskoletakoek Nafar Gobernuak planteatzen duen dekretua arbuiatzen dute, lan-baldintzak okertzen dituelako, eta, ondorioz, haurren hezkuntzaren kaltetan doalako. Jardunaldi baten ostean, kontzentrazioa eta protesta egin zuten pankarta baten atzean jarrita.
Donostian, berriz, “Denon hezkuntza” eta “Hezkuntzan geu eragile” taldeak, kalejira baten deialdirako prentsaurrekoa ­egin zuten. Eta, prentsaurrekoan hauxe ­adierazi zuten: “Bi taldeok, ikastetxeak eta bertako eragileak, hots, ikasle, guraso eta langile oro ditugu abiapuntu; euskal hezkuntza publikoaren kontrako murrizketak eta inposatu nahi diguten LOMCE legea ditugu borrokagai.
Biak ala biak zapuztuko dute gure hezkuntzaren kalitatea, euskalduntasuna eta herritarron aukera-berdintasuna; horren ordez merkantilismoa, errebalida, elitismoa eta españolizazioa inposatu nahi dizkigute.
Euskal herritarrak gara eta geure hezkuntzaren aldeko apustua egiten dugu. Hemen gauden ikastetxeetako eragileok ideologia anitzekoak izanik ere, aipatu aldarrikapen horiekin bat gatoz eta  hezkuntza sektorea osatzen duten guztiak KALEJIRArekin bat egitera gonbidatzen ditugu, apirilaren 20an, Donostiako Alderdi ­Ederren, musikaren, kantuaren eta bertsoen bidez geure hezkuntza eredua defendatzera.
Murrizketarik ez, LOMCEri ez! Euskal Herriaren hezkuntzaren alde”.
Hik Hasi bi ekitaldietan egon eta bien kezka, protesta eta eskaerekin  bat egin du. ­Izan ­ere, hezkuntza, zerbitzu publikoa dela ulertzen dugu, herritar guztioi dagokigun oinarrizko zerbitzua, unibertsala. Nola ez ­egon, bada, oinarrizkoak diren eskubideen defentsan? 
Hezkuntza, denoi dagokigun eskubidea izateaz gain, norberarentzako eta jendartearentzako inbertsiorik onena dela uste dugu. Horregatik, hain garrantzitsua delako, ezin dugu, heziketa, administrazioen ­esku soilik ­utzi. Herritar guztion eskubidea da ­eta denoi dagokigu parte hartzea haren gestioan, lehentasunak finkatzean, antolaketan, garapenean, eta abarrean.
Publiko hitzak herrian ditu erroak, ez administrazioan, ideia hori oso zabalduta baldin badago ­ere. Administrazioak, herritarron ordezkari eta gestionatzaile gisa, herritarroi dagozkigun eskubideak bermatu egin behar ditu, nola ez, baina ez dagokio berari herritarron parte-hartzea eta erabakitze-ahalmena ordezkatzea. Alderantziz baizik, bizitzen ari garen hain garai aldakorrean, herritarron parte-hartzea eta gertuko gestioa ezinbestekoak bihurtu dira, era eraginkorrean aurrera egin ahal izateko.
Ildo horretatik, oso interesgarriak dira herritarrek sortutako hainbat iniziatiba. ­Izan ere, hezkuntza hobetzea dute helburu, edota, orain arte lortutakoa ez galtzea. 
Hausnartzea, eztabaidatzea, eredu egokiak ­ezagutzea, besteekin partekatzea... bitarteko ­egokiak izan litezke, krisi garaiotan, desanimoan ez ­erortzeko, ilusionatzen jarraitzeko, antolaketa era berriak bilatzeko, ­iniziatiba irudimentsuak jorratzeko, eta ­abarrerako. Horri guztiari dei geniezaioke hezkuntza bizia, dinamikoa, kritikoa, denontzako zerbitzua eskaintzen duena, eta, ondorioz, hezkuntza  publikoa.