Eskolako elkarbizitza hobetzeko proiektua Txilen

2013-10-01

Gaur egun, uste sendo bat nagusitu da herrialde guztietan, eta Txile ez da salbuespena: hezkuntzaren kalitatea, eskolako ikaskuntzei dagokiena nagusiki, eskolako elkarbizitzaren kalitatearen araberakoa dela esaten da.

 
 
Bestalde, hezkuntza formalak eskolako bizitzan nahiz eskolan garatzen den elkarbizitzan eragina duten hainbat aldaketari aurre egin behar diela ere onartzen da. Besteak beste, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan izandako aldaketak, kultura-aldaketak eta familia latinoamerikarrean gertatutako aldaketak nabarmentzen dira.
Lehenengoei dagokienez, informatikaren eta sateliteen eraginetako bat muga politikoen desagertzea da, komunikazioaren eta informazioaren bitartez.
Juan Tedescoren ustez, hauxe da aparteko tresna teknologiko horren ondorioetako bat: kontrola eragozten du, eta pertsonen arteko truke zuzena errazten du. Horren guztiaren ondorioz, gogoeta egiteko, jendarteratzeko eta eztabaida kolektiboa garatzeko ohiko guneak galtzen ari dira, hau da, aurrez aurre komunikatzeko guneak, hitzez, emozioz, keinuz eta isiluneez elikatutakoak, hala nola taldea eta familia.
Bestalde, kultura-aldaketak, herrialdeen arteko migrazio handien eta Txilen bizi diren atzerritarren kopuru handiaren ondoriozko kultur aniztasunarekin lotutako aldaketa horrek, elkarbizitzari buruzko hainbat logika eta askotariko ikuspegiak edo aurkakoak izatea ekarri du. Horrez gain, nazioen arteko gatazkak konpontzeko orduan, indarkeria gero eta handiagoa da, hala nola estadioetan, kaleetan, familietan eta eskoletan.
Lehen aipatutakoari lotuta, txiletar familian hainbat aldaketa nabarmentzen dira: seme-alaben kopurua murriztu egin da, bikote libreak gero eta gehiago dira, eta baita familia gurasobakarrak edo soilik aitarekin edo amarekin bizi diren seme-alabak ere (gehienetan amarekin), eta nabaria da aitaren irudiaren falta edo aldaketa ere. Aitaren eta amaren rolean ere aldaketa sumatzen da, eta seme-alabak gizarteratzeko transmititzen dituzten edukietan ere bai.
Familiako heziketaren edukiei dagokienez, zenbait ikerketaren arabera, heldu askok uste dute ez dietela munduaren ikuspegi jakin bat erakutsi behar seme-alabei; horren ordez, nahi dutena hautatzeko eta beren ikuspegia sortzeko gaitasuna garatzen lagundu behar dietela uste dute. Beste alderdi bat ere azpimarratzen da: gaur egungo familian “harreman-sare bat” eratzeko joera ikusten da, baina sare hori belaunaldi berriei kultura eta morala transmititzera zuzendutako hezkuntza-funtzioan oinarritu beharrean, neska-mutilen nortasun pertsonalaren eraikuntzan oinarritzen da.
Testuinguru horretan, oso azkar aldatzen den mundu baten erronkari erantzun behar dio hezkuntzak, eta erronka horrek bestea hobeto ulertzea, mundua hobeto ulertzea, elkar ulertzea nahiz elkarrizketa baketsua egitea eskatzen du; horregatik, Jacques Delors-en batzordeak Unescorentzat prestatutako txostena, hezkuntzaren lau zutabeei buruzkoa, nabarmendu nahi dugu: txosten horretan, elkarbizitzen ikastea aipatzen da, hau da, elkarrekin bizitzen ikastea, hala, besteak eta haien historia, ohiturak eta espiritualtasuna hobeto ezagutzeko, eta, hortik abiatuta, espiritu berri bat sortzeko, proiektu bateratuak bultzatuko dituen edo gatazka saihestezinentzat irtenbide adimentsua eta baketsua bilatzen lagunduko duen espiritua.
Hezkuntzaren gainerako hiru zutabeek elkarrekin bizitzen ikasteko oinarrizko elementuak eskaintzen dizkigute, nolabait: izaten ikastea, gizakiak bere burua erabat gauza dezan, bere nortasunaren aberastasun osoan, adierazpideen konplexutasunean nahiz konpromisoetan; egiten ikastea, etorkizunean lanerako beharko duen gaitasuna eskuratzeko; ezagutzen ikastea, zenbat eta zabalagoa izan gure ezagutza, hobeto ulertuko ditugu gure inguruko askotariko alderdiak.
Begien bistakoa da maila teknologikoan, kulturalean, familian eta gizartean aipatutako aldaketek eskoletan eskaintzen den hezkuntza ulertzeko modu berri bat dakartela, bereziki eskolan elkarrekin bizitzen ikasteko moduari dagokionez.
Hortaz, nola irakatsi behar dugu Txilen eskolan elkarrekin bizitzen hezkuntza formalean?
Txileko hezkuntza formalean, curriculum ofizial esplizituak, oinarrizko helburuen curriculum-esparruaren, gutxieneko derrigorrezko edukien, ikasketa-programen eta zeharkako oinarrizko helburuen bitartez adierazitakoak, argi agertzen du ikasleek, gainerako ikaskuntzekin batera, eskolan elkarrekin bizitzen ikastearekin lotutako ezagutzak, abileziak eta jarrerak barneratzeko berariazko asmoa. Zeharkako oinarrizko helburuek, Curriculum Esparru Nazionalaren zati direla kontuan hartuta (240. eta 220. dekretuak), hainbat arloren bitartez –hazkuntza eta autoafirmazioa, prestakuntza etikoa, pertsona eta horren ingurua–, ikasleen garapen kognitiboa eta prestakuntza etikoa lotzen dituzte, eskolako elkarbizitzarekin lotuta. Hala ere, asmo hori irakasleek interpretatzen eta kontzeptualizatzen dute, eta ez dute beti eskolan elkarbizitza sanoa sustatzen. Ikasgeletako hezkuntza-praktikaren eta eskola-kulturaren bitartez ere, hau da, curriculum ezkutuaren bitartez, elkarbizitzarako lagungarriak ez diren eta, batzuetan, elkarbizitza zaildu ere egiten duten mezuak transmititzen dira. Bestalde, egiaztatu da, halaber, batzuetan irakasleak ez daudela behar bezala prestatuta eskolako elkarbizitza kudeatzeko.
Horregatik, ikertzaileen taldeak Machalí Lizeoko (O’Higgins eskualdea, Txile) eskola-kultura eta eskolako elkarbizitza-giroa aztertzea erabaki zuen.
Honako hipotesi hau du oinarri azterketa horrek:
“Lotura argia dago eskolako elkarbizitzaren kalitatearen eta zuzendariek, irakasleek eta ikasleek elkarbizitza sanoa egiteko dituzten oinarrizko ezagutzen, balioen, abilezien eta jarreren artean”.
Hipotesi hori frogatzeko, honako esparru hauek hartu ziren kontuan: bereizkeriaren biktima, indarkeriaren pertzepzioa eta eskolako giroa, eta irakasleen prestakuntza-maila. 
Ikerketarako erabilitako ikuspegiak arlo kualitatiboa eta kuantitatiboa hartu zituen kontuan.
Hautemandako arazoei irtenbidea emateko, “Eskolako elkarbizitza hobetzeko proiektua” proposatu da.
Helburu nagusia: Machalí-ko Lizeoko (O´Higgins eskualdea, Txile) zuzendariek, irakasleek eta ikasleek eskolako elkarbizitzarako gaitasunak garatzea. 
Proiektua hiru etapaz osatutako estrategia batek laburtzen du; etapa horietako bakoitzean hainbat ekintza garatzen dira: 1. Sentiberatzeko etapa; 2. Gauzatzeko etapa; eta 3. Eraginaren ebaluazioa egiteko etapa. 
 
1. Sentiberatzeko etapa:1. seihilekoaren diagnostikoa
Hauek dira etapa honetako helburuak:
Hezkuntza-erakundean parte hartzen duten eragile guztiak eskolako elkarbizitzari buruz duten ezagutzaz jabetzea, hau da, elkarbizitza sanoa egiteko oinarrizko balioak, abileziak eta jarrerak ezagutzea.
Hezkuntza-elkartean nagusi den lidergo-estiloa identifikatzea.
Elkarbizitzarako eskuliburua ezagutzea.
Familiaren eta hezkuntza-elkartearen arteko lotura ezartzea.
2. Gauzatzeko etapa: 2. sehilekoa
Zuzendariak, irakasleak eta ikasleak gaitzea eskolako elkarbizitzaren arloan.
Zuzendaritza-taldeak lidergo eraginkorrari buruzko entrenamendu-saioak jasotzea.
Elkarbizitzarako eskuliburua testuinguruaren arabera egokitzea eta eguneratzea, irakasteko eta ikasteko prozesuko eragile guztien partaidetzarekin.
Gurasoentzako eskola-saioak ­egin.
Eskoletako oharrak idatzi.
3. Ebaluazioa egiteko etapa: estrategia aplikatzean izandako eraginaren ebaluazioa. 3. seihilekoa
Etapa honetan, diagnostikoan aplikatutako tresna berberak aplikatzen dira: inkestak, elkarrizketak eta eskoletako oharrak.
Ondorioa
Proiektua irtenbide bideragarria da, Machalí-ko Lizeoan (O’Higgins eskualdea, Txile) eskolako elkarbizitzaren balioa sendotzeko beharrezko gaitasunak garatzen laguntzeko.