Gorputzezko harreman estuan dago haurraren geroko bilakaeraren gakoa

2013-10-01
0-3 formazioa.
 
 
Irekiera ekitaldiaren egun berean hasi zen formazioa ere eta hasierako bi saioen xedea Emmi Plikerren ekarpen pedagogikoaren gaineko erreferentziazko markoa azaltzen izan zen. Lehen saioa Xabier Tapia psikologo klinikoak eta logopedak eman zuen Humanizazio-prozesua. Gizakiaren oinarrizko unitate psikosomatikoa izenburupean. Haur jaioberriaren oinarrizko heldutasun biologiko ezaz eta gaitasun harrigarriez, tonuaz, aldaketa toniko-emozionalen entzuketaz eta elkarrizketa toniko-emozionalaz hitz egin zuen, besteak beste Haurraren humanizazioaz hitz eginez hasi zuen saioa Tapiak. Bere esanetan, haurrak, jaiotzez, umeen artean hutsalena izanik ere, orain gutxi arte uste izan dena baino askoz ere gaitasun handiagoa du munduarekin harremanetan has­teko, bai pertsonekin eta baita ingurune fisikoarekin ere: “Baina, gaitasunak izatea bat da, eta gaitasun horiek gauzatzea guztiz beste bat. Eta berezkoak dituen gaitasunak gauzatuko baditu beste pertsona batzuek presentzia (ama batez ere, gurasoak, zaintzaileak) ezinbestekoa du, eta bestela ez da humanizatuko”.
Hizlariaren arabera humanizatzeak zera esan nahi du batez ere: komunikatzeko gogoa eta gauza izatea eta hizkuntzaz baliatzen jakitea, hau da, gizakiak duen koderik sofistikatuenaren  jabe izatea eta egoki erabiltzea. “Eta hori ez da ez ikasten, ez berez garatzen, giza harreman egoki baten ondorio da. Haurrak hitz egiteko nahia senti dezan, hutsunea egon behar da haurraren eta helduaren artean, baina hutsune horren aurretik atseginezko gorputz harremanak izan behar dira, eta aurrelan hori egoki ez bada egiten, haurrak arazoak izan ditzake hutsune hori hitzez betetzeko”.
Haurraren bi ardatz nagusi aipatzen ditu Tapiak: gorputza eta harre­mana. Bere hitzetan, haurrak nahita­ezkoa du gorputzaren bitartez besteekin topo egitea, eta haur txiki bati erreparatzea nahikoa da amarekin edota aitarekin gorputz-haragizko harreman estu bat duela ikusteko. “Giza psikismoaren gara­pen on baterako bi erraileko bide bakarra dago: harremana eta gorputza. Profesionalok, naturan bi osagarri horiek hor daudelarik, bere ezaugarriak ezagutzen saiatu beharra daukagu. Gorputzak bere legeak ditu eta harremanak ere bai, eta lege horiek kontu handiz errespetatzen ez baditugu haurrak arazoak izan ditzake bere garapenean”.
Haurraren funtzio tonikoari ere garrantzia ematen dio Tapiak, horixe baita haurrak hizketan hasi arte bere barne beharrak eta sentipenak adierazteko darabilen modua. Gorputzaren alderdi bat da: giharrek edukitzen duten tentsio edo tonu maila, handiagoa edo txikiagoa, faktore askoren arabera aldatzen dena. Horre­gatik, “haur txikiek oraindik ere hizketan ez dakitenez, helduok bere gorputzari (keinuak, mi­mikak, bokalizazioak, postu­rak…) begiratuko diogu nola sentitzen den, zer behar duen, mina duen edo ez… asmatzeko”.
Funtzio tokinoak ezinbesteko baldintza bat eskatzen du hizla­riaren ustez: bere aurrean, bere gorputzaren lengoai hori uler­tzeko nahikoa sentiberatasun duen norbait egon behar da (gurasoak, zaintzaileak…) eta hala bada, norbait horren tonizidadea ere, ustekabean eta nahigabe aldatu egingo da: “Denok bizi izan dugu eta bizi dugu esperientzia hori: haur txiki bat beso artean dugularik, batzuetan hunkitu eta besteetan ernegatu egiten gaituela eta gure sentipenaz haurra ohartu egiten dela. Nola? Gure gihar tonuaren edo tentsioaren aldaketaren bitartez. Ahotsa ere aldatu egiten zaigu tentsioaren arabera eta batzuetan elkar ulertze sakona sentitzen dugu; beste batzuetan, aldiz, etena, ezin asmatua, ezin ulertua”. Horixe da elkarrizketa tonikoa: bi pertsonen arteko gorputzezko, haragizko harremana. Eta Tapiaren aburuz, profesionalek horretan besteek ez bezalako erantzukizuna dute: ezin da tonizidadea espontaneidadearen eskuetan utzi, tonizidadearen jabe egin behar da lehendabizi eta ondoren tonizidadea landu. Izan ere, funtsean elkarrizketa toniko-emozional horretan dago haurraren geroko bilakaeraren oinarri sakona: “0-2 urteen arteakoa ez da hezkuntza historia, baizik eta harreman historia da”.