Semente: mila udaberriren zain dagoen belaunaldia

2013-10-01
 
 
Orain dela bi urte, Gentalha do Pichel zentro sozialaren inguruan zebiltzan lagun batzuei ideia zoro bat bururatu zitzaien: Galiziako eskola nazionalaren lehen harria jartzea. Pentsatu eta egin: orain dela bi urte sortu zen Compostelan Semente izeneko eskola.
Orain dela berrogeita hamar bat urte, Euskal Herrian zoro batzuek ­ideia bera eduki zuten eta ikastolak jarri zituzten abian. Hori dela eta, hangoen deia jaso genuenean, hara joatea erabaki genuen. Irrien Lagunak taldeko hamahiru lagun abiatu ginen: hango errealitatea gertuagotik ezagutu nahi genuen, eta, era berean, hemengoen artean ­ezagutzera eman nahi genuen Galiziako egoera.
Apirilaren 26an, ostirala, abiatu ginen Galiziara, 5 eguneko bidaia genuen aurretik. 
Larunbatean, Compostelan hasi genuen ibilbidea. Sementeko gurasoak izan genituen gidari. Agenda beteta izan genuen han: As dúas Marías nor izan ziren azaldu ziguten. Maruxa eta Coralía ziren. Galiziako garai gris haietan kolorez jantzi ziren, errebeldiaren ikur gisa. Liburu-azokan ibili ginen, eta Rosalía de Castrori bisita 
egin genion. Rosalía galiziarrentzat ­erreferentzia da hizkuntza-arloan. 
Alde Zaharrean bueltaka ibili ginen, bazterrak ezagutzen. Hango kalerik estuena ere zeharkatu genuen. Tradizioak agindu bezala, desira betetzea eskatu genuen, gure bi hizkuntzentzako garabideak opatuz.
Sementek jardunaldi pedagogikoak antolatu zituen, eta, arratsalde partean, Porrotx eta Marimotots beren ibilbideaz eta Irrien Lagunen proiektuaz mintzatu ziren. Gu biok, gainera, ikastolen murgiltze-ereduaz aritu ginen. 
Domeka eguerdian, bermutaren orduan, Sonora Maxín Ourenseko taldearekin jardun zuten Porrotxek ­eta Marimototsek eta, zelan ez, Quérote máis abestu genuen ahots biziz. 
Astelehena egun handia izan zen: Semente eta hango umeak ezagutzeko aukera izan genuen. Elastiko-lantegia egin genuen umeekin batera, ­eta eskolako bazterrak erakutsi zizkiguten. Arratsaldean, Galiziako kostaldean ibili ginen, itsasadarrez ­itsasadar: Corrubedo, Porto do Son, Baronhako kastroa, eta abar. Gaua heldu arte.
Martitzena, bigarren egun handia: Courel, Lugoko mendialdea. Apalpador izeneko pertsonaia handia ikusi nahi genuen. Gabon garaian menditik etortzen den gizon handia. Umeen tripak laztantzen ditu, gose diren ­jakin nahian. Gaztainak eramaten ­ditu poltsikoetan, eta Olentzeroren laguna da. Mendian bueltaka ibili ­ginen eta...
 
ELKARRIZKETA
Alvaro Mera “Badu”, Sementeko hezitzailea 
 
Nola daukazue antolatuta espazioa? 
Espazioa txokotan antolatuta dago. Txoko bakoitzak helburu bati erantzuten dio eta, era berean, umeen autonomia handitzea nahi dugu. Adibidez, plastikako txokoan plastikako gauza guztiak daude, berdin logika-matematikako txokoan, eta abar. Txoko gehiago ditugu: mugimenduaren txokoa, dramatizazioaren txokoa, jolas sinbolikoaren txokoa, eta abar. Umeak txokotik txokora mugitzen dira, eta euren gogoaren arabera aukeratzen dute txoko bat edo bestea. Umeek badakite gauzak non dauden, eta, beraz, guk ez dugu euren atzetik ibili behar. Hasieran, asko landu behar da hori, bestela gauzak ez dituzte batzen, edo behar ez den tokian sartzen dituzte. Baina orain hori egiteko ohitura hartu dute.
Horrez gain, kanpoan ere baditugu txokoak: oilategia, ortua, hareazko jolastokia, hamaka… Eurek badakite non dauden lurra lantzeko tresnak, oiloentzako janariak, jostailuak… Azken finean, guk euren auto­nomia lantzen dugu, ardurak da­kartzan askatasuna, azken batean.
Zelakoa da Sementen egun arrun bat? 
Goizeko zortzi eta erdietan irekitzen da, eta hiru eta erdietan itxi. Hori da irekita dagoen ordutegia. Baina guk ez dugu nahi umeak eskolari egokitzea, baizik eta eskola umeei egokitzea. Izan ere, familia batek umeekin gosaldu badezake, zertarako etorriko da goizeko zortzietan eskolara? Etor dadila, baina beranduago.
Hala ere, ikasturte hasieran familiekin adostu genuen ordutegi zentral bat izatea. Ordutegi horretan, jarduera zuzenduak egiten ditugu eta, era berean, guk geuk ere antolatzeko erraztasun handiagoa dugu. Ordutegi hori, gutxi gorabehera, hamarretatik ordu bietara izaten da.  
Orduan, hamar eta erdiak arte umeak txokoz txoko ibiltzen dira, libre, olgetan. Guztiak datozenean, batzar txikia egiten dugu. Aurreko egunean egindakoaz hitz egiten dugu, gauzak ondo atera ziren, gatazkarik egon al zen, eta abar. Eta gero, egunean bertan egin beharrekoez hitz egiten dugu. Hezitzaileok lan-proposamena egiten dugu, eta umeen feedback-a jasotzen dugu. Eta, jakina, umeek badaukate ahalmena jarduerak aldatu eta berriak proposatzeko.
Gure eskola unitarioa da, hau da, 2 urtetik 6 urtera bitarteko ume guztiak batera daude, eta batera lan egiten dugu eurekin. Hori bai, askariaren ondoren (12ak aldera), taldeak banatu ditugu eta ume bakoitzarekin banaka egiten dugu lan, bakoitzaren gaitasunen arabera.
Ondoren, bazkalordua dator. Auto­nomia lantzeko une egokia da baita ere. Ume batzuek gurasoenean bazkaltzen dute, eta beste batzuek hemen.
Zuen eguneroko lana http://sementecompostela.com/index.php/category/blogue/ blogaren bidez zabaltzen duzue. Zer helburu bilatzen duzue blog horrekin?
Hasiera batean webgunea geneukan, baina ez zen oso erabilgarria, batez ere informatikaz asko ez dakigunontzat. Beraz, bloga komunikazio-tresna bat da. Izan ere, familiez gain, dirua jartzen duen jende asko dago, eta haiei gure informazioa helarazteko bide eraginkorra da bloga. Haiei eman behar diegu hemen egiten denari buruzko informazioa, derrigorrezkoa da.
Hamabost egunean behin, Semen­teren egunerokoa igotzen dugu, hamabost egun horietan landu ditugunak, eta abar. Gainera, blogak ere gordailu gisa balio du. Nire ordenagailuan ehunka argazki eta jarduera ditut, baina blogean horiek guztiak antolatuta daude.
Hizkuntzaren irakaskuntzan zelan aritzen zarete Sementen?
Semente hizkuntzaren kezkarekin jaio zen. Hemen, Santiagon, ohikoa da umeek eskolan etxetik dakarten galiziera galtzea. Beraz, etxetik galiziera dakarten umeek hizkuntza ez galtzea nahi du Sementek. Baina baita etxetik ez dakartenei galizieraz bizitzeko espazioa eskaintzea ere. Tristea baita Galizian sei urteko ume gehienek ez jakitea galiziera.
Beraz, gure asmoa da Semente galiziera hutsezko eskola izatea. Baina ez ghetto bat. Interesgarria iruditzen zaigu kanpoko errealitatea Semen­ten islatzea. Gure lana baita Semen­te galiziera hegemonikoa izango den gunea izatea. Horretarako, hezitzaileok umeekin landu behar dugu hizkuntzaren gaia. Batez ere alderdi ludikoa lantzen dugu, umeen adinagatik. Eta beti zentzu positiboan. Guk ez diegu umeei esaten nola egin behar duten, guk erakutsi  egin behar diegu galiziera euren hizkuntza dela, galiziera maitatu egin behar dutela, galizierak lekua ematen diela munduan. Eta hori da lortzeko modu bakarra. Ez dugu beste bide batzuen bidez lortu nahi. 
 
 
Semente eskolaren oinarriak
 Semente galiziera hutsez irakasten duen eskola da, 2 urtetik 6 urtera bitarteko umeentzat. Jarduera guztiak galizieraz izaten dira. Galizieraren nazioarteko izaera ere aldarrikatzen dute (hizkuntza portugesetik gertuago dagoen ortografia erabiltzen dute).
Sementek pedagogia eraldatzailea darabil. Eskola jendartearen parte dela ulertzen du. Herri-interesei erantzungo dien irakaskuntza demokratikoa bultzatzen du. Azken finean, haien helburua ume libre eta kritikoak sortzea da.
Semente sormenaren eta berrikuntzaren gunea da. Pentsamendu sortzailearen bidez, umeen gaitasun artistikoak eta imajinazioa bultzatzeko tresnak ematen ditu. Umeek egoerei eta arazoei ikuspuntu askotatik behatzen diete, gatazkak konpontzeko askotariko bideak aztertuta. Horrela, hainbat galderari erantzungo diete, sormenez eta berrikuntzaz.
Semente eskola laikoa da. Heziketa laikoak kontzientzia eta giza eskubideen askatasuna bermatzen ditu, baita tolerantzia eta demokrazia ere. Erlijio-kutsuko edozein inposizio, propaganda edo doktrinamendurik gabeko eskola da.
Semente koedukaziorako gunea da. Genero-berdintasunean oinarrituta, heziketa integrala bilatzen du. Patriarkaturik eta sexismorik gabeko gunea da, umeen ahalduntzea bilatzen duena, euren bizitzen jabe egin daitezen.
Semente batzar bidez zuzentzen da. Batzarrean, horizontalki hartzen dute parte aitek, amek, hezitzaileek eta umeek. 
Gurasoek parte-hartze zuzena dute Semente eskolan. Eguneroko bizitzan, pedagogian, diru-bilketetan eta abarretan. Sementek naturaren barruan hezten du. Umeek, lurra landuz, ingurumen-balioak lantzen dituzte: ortua landuz, oiloak zainduz, ibaira ibilalditxoak eginez… Eta, horrez gain, eskolaren barruan erabiltzen dituzten material guztiak birziklatuak izaten dira.
Sementek umeen askatasun arduratsua babesten du. Hezitzaileek konfiantza dute umeengan, pertsona gisa errespetatzen dituzte. Umeak askatasunaren kontzientzia edukitzea bilatzen da, baina baita besteen errespetuan oinarritutako muga batzuk ere.
Semente heziketa-espazio interaktiboa da. Hezitzailea bitartekaria baino ez da, umeari laguntzen dion bitartekaria. Harreman pedagogikoa elkarlanean oinarritzen da: hezitzaileak eta umeek baldintzak sortu behar dituzte umeen garapen integrala bultzatzeko.
Sementen irakasleen eta ikasleen arteko harremana plano berean garatzen da. Maitasunaren, ulermenaren eta enpatiaren bidez, umeek elkarrekiko errespetua zer den ikasiko dute.
Semente kulturartekotasunaren gunea da. Umeek gure herrian bizi diren beste kulturak ulertzen eta balioesten ikasten dute. Denon artean eta elkarri eraginez, hazteko eta lan egin ahal izateko.
Komunitateari irekitako eskola da Semente. Auzoaz eta Compostelaz arduratzen den eskola da. Saiatzen gara herriaren errealitateari eta egunerokoari kasu egiten eskolan bertan.