Piano doinuak eta jolasa uztartuz, haurrek musika bizitzea xede

2013-10-01
Xabier Lizaso piano-jotzailea orain dela 20 urte hasi zen musika didaktikarako erabiltzen Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrekin. Haurren eta gazteen sentiberatasuna indartzea eta ikasleei euren sentimendu eta barne grinen mundua ezagutzen laguntzea zuen helburu. “Do Re Ni” programa du uneotan eskuartean.
 
 
1987an Polonian zegoela otu zitzaion Lizasori musika hezkuntza-tresna gisa erabiltzeko ideia. Seko txundituta geratu zen kontzertuetara joaten zen ume piloarekin eta gero jakin zuen hango eskoletan musikariak kontratatzen zituztela kontzertuak 
emateko: “Pixkanaka ulertzen joan nintzen zergatik joaten ziren horrenbeste ume kontzertuetara eta zergatik kontsumitzen zen hainbeste kultura. Eta hemen ere antzeko zerbait egin nezakeela pentsatu nuen”.
20 urte daramatza dagoeneko Lizasok kontzertu didaktikoak ematen eta, tarte horretan, etengabe aritu da bide berri bila, ikaskuntza eta jolasa uztartzen. Helburua da musikarako zaletasuna bultzatzea eta haurrei gozaraztea: “Ezer baino lehen musika bizi egin behar da, haurrarentzat hizkuntza naturala izan dadila. Haurrek saioaren oroimen ona gordetzea ere lortu nahi da: kantari atera daitezela saiotik eta kantari segi dezatela gero; musika plazerarekin lotu dezatela”.
Yamaja txiki bat altzoan hartu eta ikastetxez ikastetxe ibiltzen da Lizaso. Programaren oinarria musika klasikoa da, horixe baita haurrei sartzea gehien kostatzen dena eta aspergarriena egiten zaiena: “Haurrei berria zaien hori landu nahi dut. Abestiak 
egunero erabiltzen dituzte eskolan, ni horri balio erantsia ematen saiatzen naiz”. Horrexegatik, urtearen arabera, autoreak aldatuz joaten da. Adibidez, 2010ean, Chopinen jaiotzaren 200. urteurrena zela probestuz, berorri landu zuen, 2011n Franz Liszt arrazoi beragatik, etab.
Ordubete inguruko saioak egiten ditu, ez du gehiegi luzatu nahi izaten eta haurrak gehiagoren gogoz uzten saiatzen da: “Izan ere, saio hauen jomugan ez dago musika, ezta musikaria ere, baizik eta haurrak daude eta euren heziketa. Horrexegatik, ikasleen parte-hartze aktiboa bultzatzen da, ikasleengan gogoa sorraraziz horrelako ekitaldi gehiagotan parte hartzeko”. 
Horrez gain, piano jotzailearen esanetan, musikaren bidez hainbat ohitura modu naturalean barneratzen dituzte ikasleek: isiltasuna, kontzentrazioa, jarrera positibo eta errespetuzkoa, aktiboki entzutea, etab. “Musikak umeen arteko harremanak oso sakon lantzen ditu, gauzak elkarrekin egiten baitira eta ez bakarka. Elkarrekin kantatzea elkarrekin hitz egitea bezala da, eta instrumentuak ere elkarrekin jo daitezke eta gainera besteak egiten duenari adi erreparatu behar zaio. Ondorioz, oso modu naturalean ikasten dute haurrek partekatzeak eta elkarlanak nolako garrantzia duten”.
Haur Hezkuntzan: saio osoan kantari
Ordubete inguruko saioan musika eta jolasa uztartuz haurren inplikazioa bilatzen du. Piano soinuaren eta kantuaren bidez partaideen abilezia guztiak jorratzen dira: arreta, kontzentrazioa, imajinazioa, entzumena, ahotsa, adierazmena…
Bost musika-jolas egiten ditu, bakoitza 7-10 minutukoa, gehienez ere. Saioa jolas lasaiekin hasten da eta, pixkanaka, gero eta dinamikoagoa bihurtzen da. Amaitu aurretik erlaxazio-jolas bat egiten da, irudimenari hega egiten uzteko. 
80-100 umek har dezakete parte saio bakoitzean eta tokirik egokiena ikastetxeko areto handiren bat edo gela bera da.
Lehen Hezkuntzan: lehiaketa bizi-bizi
Lauzpabost sekuentzia dituen lehiaketa bizi-bizia egiten da (5 jarduera izan ohi dira lehen zikloan eta 4 bigarren eta hirugarrenean) ikasleak bi taldetan banatuta. Haurrak jokoan erabat sartzen dira kontrako taldeak baino puntu gehiago lortzeko eta kontzentrazio nahiz arreta une hori erabiltzen da programaren helburuak lantzeko: “Lehiaketa moduko bat egiten du, baina ez norgehiagoka bilatzeko, haurrak partaide egin eta euren inplikazioa lortzeko baizik”.
Ikasleak behar bezala eserita eta isil-isilik musika entzuten hasten dira kontzertu-lehiaketaren lehen jolasetik. Bigarren jolasean, talde-lanean egiten da indarra. Ikasleek arreta osoa musikan jartzen dute, zenbat eta hobeto entzun orduan eta puntu gehiago lortuko baititu norberaren taldeak.
Hirugarren jardueran lehiakideak banaka aritzen dira, baina taldearentzat lortu behar dira puntuak. Aldi berean, taldekideek laguntza eman behar diote euren ordezkariari egokituko zaizkion lan zailetan aurrera egin dezan. 
Laugarren jardueran oso giro ederra sortzen da. Ez du eskatzen aurrekoek adinako ahaleginik, lasaiagoa da; hartara ikasleak energiaz beteta iritsiko baitira azken jolasera, garrantzizkoenera. 
Azken jolasak zeharo hausten du aurrekoaren erritmo lasaia. Sorpresaz hartzen ditu ikasleak eta horrek saioaren tentsioa handitzen du. Ahotsarekin jolas egiten da azken jarduera honetan eta partaideek abesbatza bat sortu behar izaten dute. Saioan zehar ez bezala, orain, irakasleak eurak dira musika sortzen ari direnak: “Bukaera indartsu horrek oso sentsazio ona uzten die partaideei eta gogoz geratzen dira errepikatzeko”.
Saio bakoitzeko gehienez 100-120 ikaslek har dezakete parte. Saioa ikastetxean bertan edota kultur etxe eta antzokietan egin daiteke.