Gai konplexu honi heltzeko orduan, elkarren mendekoak diren hainbat esparru eta testuinguru kultural har ditzakegu: legegintzakoa, politiko eta soziologikoa, filosofikoa, psikologikoa, pedagogikoa… Idazki honetarako erreferente gutxi batzuk aukeratu ditut; horiek partaidetzaren kontzeptua kokatu eta bere oinarria finkatuko dute printzipio jakin batzuetatik abiatuta. Nire ustez, printzipiook ezinbestekoak dira ekintza pedagogikoa hezkuntza-ikuspegi zehatz baten barruan funtsatuko duen filosofia eratzeko. Helburua gai zail hau lantzeko orduan ikuspegi ez-mugatzailea izan duten egile batzuen hainbat ideia jorratzea da.
Partaidetzak dituen esanahi batzuk
Partaidetzaren benetako esanahiari heltzeko orduan, anbiguotasunak eta erronkak sortzen dira. Termino labainkorra da partaidetzarena, esanahi bakarrean bildu ezin daitekeena. Hori dela-eta, haur hezkuntzako proiektuak adierazten duen guztia hartu behar da kontuan. Hala, heterogeneotasun semantikotik abiatuta, bere esanahia zehazten saiatuko gara. Edonola ere, eta zenbait ideia komunetatik hasteko, bi definizio emango ditut. Loris Malaguzzik honela definitzen du gizarte-kudeaketa (partaidetzaren kontzeptutik banandu ezin daitekeena): «prozesu parte-hartzaileen, demokratikoen, erantzukizun partekatukoen eta arazoetan sakontzekoen multzoa laburbiltzeko balio duen forma kulturala eta antolakuntzakoa… familiek, langileek, administrazioek eta politikariekadostutako borondatezko eta idealak bateratzeko hitzarmenari esker». Bestalde, Sergio Spaggiarik modu honetan adjektibatzen du partaidetzaren kontzeptua: «apur bat zehaztugabea: hezkuntza-zerbitzuak bideratzeko
eginkizunean ekarpen aktiboa egiteko herritarrek (gehienetan amek) duten aukera da, beren botereak eta erantzukizunak beste norbaiten esku utzi gabe».
Gure eskoletan, ikastetxeetako partaidetza eta kudeaketa luze eta zabal daude araututa. Baina, ikastetxe horietan, oso ordu gutxi eskaintzen zaizkie familiekiko harremanei; Europako Batasunean batez beste baino askoz ere gutxiago.
Segur aski, praktikan, partaidetza ez da hezkuntza-proiektu integratu baten zati unitarioa izatera iritsi. Zentzu horretan, partaidetza ezin da eranskin gisa ikusi; ezin da proiektuari berari, didaktikari gehitzen zaion zerbait gisa jo. Ez eta horrez gain egin behar den zerbait izan. Partaidetza, funtsean, ezinbestekoa eta egiturazkoa da; ezin da ez osagarria, ez aukerakoa izan. Nire iritziz, hezkuntza-balioen kategoriara igo nahi dugun ideia, prozesu edo jarduketa praktiko oro familiei eta herritarrei berehala jakinarazi, eta horiekin eztabaidatu behar da. Taxonomiari dagokionez, hezkuntza ezin da haurrekin egon ostean egin beharreko zerbait gisa hartu. Hezkuntza-jarreraren abiapuntua dela uste dut. Egokia da partaidetzazko uneak ikastetxeak kudeatzeko beharrezko organoetan instituzionalizatzea, baina, hezkuntza-jarreraz hitz egiten dudanean, esan nahi dut ikasgelek —banan-banan hartuta—, sarrerek, korridoreek, sukaldeek, irakasleek, laguntzaileek, bedelek eta abarrek partaidetzazko ideia hori hedatu eta praktikan jarri behar dutela.
Ideia hori izan ezean, nire ikuspegitik, hezkuntzak eskolako murruetatik ihes egingo du halabeharrez. Gizabanako bakoitzak hezkuntzako partaide izan nahi du. Eta, beste gauza askoren artean, partaidetzak —behar eta eskubide gisa— pertsona bakoitzak bizi eta jardun duen sistemaren zati gisa onartua izateko aukera edukitzea esan nahi du. Partaidetzak subjektu guztien elkarrenganako konfiantza du euskarri, beren trukeetan esanahi anizkunak eta partekatuak bilatzen dituztenak.
Haur-eskola «gizarte-sistema zabalean integratutako komunikazio-sistema» da. Era horretan, gizarte-kudeaketaren helburua hezkuntza-proiektuaren edukia eta metodoa aukeratzeko lanen osagaia eta zati unitarioa da. Hala, langileen, haurren, familien eta gizartearen arteko komunikazio-harremana ezar daiteke. Pentsamolde horretan sakonduz, hezkuntza-proiektua elkartasunean eta pertsonen arteko harremanetan oinarritzen da, irismen handiko elementu kulturalak eta politikoak diren aldetik. Eta, beraz, hezkuntzaren inguruko ideia jakin bat aktibatzen duen paradigma-aldaketa da.
Kontzeptu horien guztien sakontasuna ulertzeko, beharbada egokia izan daiteke Gadamer edo Antaki bezalako egileak berriro irakurtzea. Horien arabera, benetako esperientziak elkarrizketan, dialektikan eta partaidetza partekatuan gertatzen dira; alderdiok elkarrenganako ulermenaren mugimendu zirkularra elikatzen dute, harremana eta partaidetza gure espeziearen behar sakonei dagozkien desioak direla baieztatuz.
Nire ustez, partaidetzarako aukera handienak eskaintzen dituzten eskolak ume gutxi izaten dituztenak dira; herritarrengandik gertu dauden administrazioen mende daudenak. Eta, hor, xehetasun berri bat agertzen da: haur-eskolak familiei harrera egiteko duen modua. Zentzu horretan, badira euren seme-alaben eskoletako kide izatearen sentimendua lagundu edo oztopatu dezaketen hainbat elementu. Adibidez, giroen eta eremuen adeitasuna, ate irekiak —ideia hori umeak eskolatik kanpo abandonatzearen aurkakoa da erabat; batzuetan, lerro militarrak osatuz horietara sartu eta irten behar dira umeak—, gardentasunak, zentroaren irisgarritasuna eta ordutegi malgutasuna. Komunitate bateko kide zarela kontziente izateak bizitasun
eta segurtasun emozionalaren sentsazioa sortzen du, eta horrek identitate pertsonala eta soziala eraikitzen laguntzen die haur zein helduei. «Dagozkion espezifikotasunak gaineratzen eta elkar lotzen dituen giro segurua. Printzipio gisa familiartekotasuna, elkarrizketa, mugak ezabatzea eta estilo irekia eta demokratikoa legitimatzea sustatzen duen giroak, berez, familien partaidetza egituratu eta horretarako bide ematen du erabat. Eta partaidetza iragankorra eta ausazkoa ez izateko, instituzionalizatu beharra dago, bizikidetza egituratu eta zentzua eta jarraitutasuna emango dizkion antolakuntza eratu.»
Izan ere, Malaguzzik behin eta berriro errepikatu duen bezala, proiektu bat familiekin batera bideratzen eta partekatzen denean, orduan soilik existitzen da hezkuntza. Zentzu horretan, zenbait ikerketak erakusten dute hezkuntza-proiektu batean gurasoek aktiboki parte hartzen dutenean, eta familian hezkuntzarekiko sentikortasun berezia sortzen denean, orduan bakarrik eskaintzen zaiela haurrei garapen egokia. Beraz, ezinbestekoa da partaidetza eta hezkuntza erabat integratzea; etenik eta banantzerik gabe; barrualdea eta kanpoaldea bereizi gabe. Eta ezein lekurik hezteko pribilegio esklusiboa ez duela aitortzea. Aitzitik, hezkuntzak trukatzeko eta alderatzeko ahalmenean du sorburu. Horrek esan nahi du proiektuan ez dagoela protagonista edo erdigune bakar bat; horren ordez, haurrek, eskolako langileek, familiek eta gizarteak osatutako erlazio-sistema bat daukagu. Horrela, hezkuntza-prozesu oro elkarren mendekoak diren erlazioen sare horretan sartuko da, ezinbestean. Gogora ditzagun Batesonen ideiak: haren iritzian, terminoen aurrean, harremanek dute lehentasuna.
Argi eta garbi, ideia horrek kontra egiten dio irakasle baten gelako bakartasunari, zerbitzu eta sukaldaritzako langileen isolamendu tradizionalari. Ildo horretan, Malaguzzik behin baino gehiagotan galdetzen dio bere buruari zer-nolako gizarteratzea bizi dezakeen ume batek, bere lan baldintzak direla-eta isolatuta eta goibelduta bizi den irakasle batekin, giro pobre eta apalgarrian, lehiakortasuna nagusi denean eta gurasoak eskolatik aldenduta daudenean.
Partaidetza eta gizarte-kudeaketa hezkuntza-esperientzia burokratizatzearen aurkako defentsa gisa hartzen dira, hezkuntzako erakundeak gizarte-ehunduratik banantzearen kontrako erronka gisa. Baina, egiaz, lurraldean, hirian esku hartzeko elementuak dira, hiria haurrentzat ere bizitzeko modukoa eta demokratikoagoa bihurtze aldera. «Partaidetzak bizikidetza demokratikoa bermatzen du… Eta Lasch-ek dioen bezala, demokrazia diferentziak mantenduz jendeari bizitzeko aukera ematen dion sistema legala da.»
Partaidetzaren kultura berri horrek elkarrizketa, bat etortzea eta bat ez etortzea, eztabaida, erantzukizun partekatua, berdinak ez homogeneoak ez diren jarrerak alderatzea eta subjektibotasunekiko errespetua (trukean intersubjektiboak bihurtzen direnak) onartzen ditu esku hartze sozialaren balio didaktiko moduan; hala, bizikidetzaren dialektika sortzen du, dimentsio ideal eta posible gisa.
Partaidetza bultzatzeko, besteak beste, informazioa eskaini behar da. Familiek informazioa jasotzeko eskubidea daukate. Desinformazioa oso arriskutsua da demokrazientzat; aberastasunaren banaketa desorekatua bezainbeste. Hortaz, familien eskubidea izateaz aparte, erantzukizun etikoa eta profesionala ere bada gurasoei ikastetxean garatzen diren gertaera eta alderdi guztien gaineko informazioa ematea. Baina informazioa ezin da hor amaitu. «Kontua ez da gurasoak informazio-bileretara joatea bakarrik; bere seme-alaben hezkuntzan aktiboki parte hartu behar dute, eta parte-hartze aktibo horrek eskolako didaktikan eta metodologian aldaketak egitea eskatzen du» . Informazio egokia behar bezala ematea, askotariko kanalak erabilita —askotarikoak diot, familiak askotarikoak direlako—, familiek beren seme-alaben hezkuntza-esperientzian parte hartzeko eta beren iritzia emateko bitarteko bat baino ez da. Izan ere, ezin ditugu familiekiko harremanak lankidetzaren erretorika moduko bat bezala hartu, familia egintza pedagogikoa era pasiboan besterik erabili ezin duen mendekoa balitz bezala.
Praktikatik begiratuta, ezin dugu partaidetzaz hitz egin «ez badugu erlazionatzen eremu eta ordutegien antolakuntzarekin, programazio didaktikoarekin, langileen laneko ordutegiarekin, birgaitzearekin, eztabaida kultural eta politikoarekin, arazo ekonomikoekin» . Horrek ohitura berri bat sortzen du gure buruan, bestelako pentsamolde bat, ohituta ez gauden eskola mota bat eraginez zenbaitetan: tradizionalki, irakasleak kanpoan gertatzen zena aldentzen eta ekiditen saiatzen ziren —birus kutsakorra izango balitz bezala—, barrukoa ez kaltetzeko.
Partaidetzak familientzat duen esanahia
Gaur egun inoiz baino gehiago, familiez hitz egin behar dugu, pluralean, alegia. Jaiotza tasa behera egiten ari da, adin aurreratuetan dauden gurasoak dituzten seme-alaben kopurua hazten ari da, planifikatu eta programatuagoak diren seme-alabak daude, ezkontza kopurua behera egiten ari da, emakumea lan merkatura sartu da, banatzeak eta dibortzioak areagotu dira, bizi itxaropena luzatzen ari da, gizarte-sistema dibertsifikatuak daude, modak ustekabean aldatzen dira, gaztetasun amaigabearen mitoa dugu… guztiek familia egitura berriak sortzen dituzte.
Aita eta ama horien arabera, guraso izatea ez da behin betiko eskuratzen den estatusa, ezpada gertatzen den zerbait. Ikerketa batzuek baieztatzen dute gurasoen % 74k beren hezkuntza-betebeharrak behar bezala bete ezin izateko beldur «handia» edo nahiko handia dutela.
Familiek (eta haur-eskola erabiltzen ez dutenez ere arduratu beharko gara) bakardadetik ihes egitea, anonimotasunetik ateratzea eskatzen dute. Antzeko arazoak dituzten pertsonekin biltzeko beharra eta topo egiteko nahia dituzte. Haur-eskola hezkuntza zerbitzu bat da, soziala eta garaikidea, eta, horren ondorioz, gurasoek modu desberdinetan baina atsegin handiz onartzen dituzten topaketak sustatzeko leku paregabea da (bestela, familien bitartekari baliodun bakarrak bizilagunak eta pediatrak izateko arriskuan eroriko gara). Hori egiteko, partaidetzarako eta biltzeko moduak ugaritu behar dira, familia bakoitzak, gizabanako bakoitzak bere lekua, tokia eta besteekin harremanetan jartzeko bere modua aurki dezan.
Familiek eskolan parte hartzearen helburua ez da gurasoek eskolak baliatzen dituen jarrera eta eredu berberak bereganatzea. Aitzitik, bi testuinguruon jarraitutasunik ezan —haurrek modu naturalean onartzen dutena— aurkituko dugu trukearen aberastasuna eta zabaldu ahal izango ditugu gure identitatea eraikitzeko aukerak eta itxaropenak.
Baina partaidetzaren kontzeptu horrek zentzua galtzen du gurasoak kanpotarren gisan, saihestu daitekeen interferentziaren gisan hartzen badira. «Eskola publikoa guztion eskola da, eta bertan, inor ez da arrotza edo aldenduta sentitu behar, are gutxiago behar handiena dulako edo desberdinenak direnak; hortaz, gizarte-kudeaketaren bitartez ere lan egin behar dugu» .
Familiek eskolan aurkitu behar dute beren habitat naturala, zabala
eta askotarikoa izango den partaidetzarako eta elkarrizketarako eskaintza sortan. Harreman formal eta informalen arteko lehentasunik, hierarkiarik, bat ez etortzerik eta banantzerik gabe. Eta, hain zuzen, hortxe jaio eta garatzen da, nire ikuspegiaren
arabera, guztion eta guztiontzako hezkuntza.
Ideiok guraso gaitu, ikusmira eta arduratsuen ideiarekin koherenteak dira. Guraso horiek beren kultura, subjektibotasuna eta ikuspegiak baliatzen dituzte, eta beren seme-alaben, haur guztien eta gizarte-komunitatearen etorkizunaz hausnartzeko eta hura eraikitzeko eta eratzen parte hartzeko gai dira. Aukeraketa etiko horiek konfiantza eta sinesgarritasuna ematen dute, eta parte hartzeko norberaren nahia eta zentzua areagotzen dute.
Partaidetzak Haur Hezkuntzako langileentzat duen esanahia
Langileez hitz egiten ari naiz; ez bakarrik irakasleez. Izan ere, partaidetzak ezin du inor baztertu. Denek izan behar dute partaide izateko aukera, hezkuntzako komunitate batean erantzukizun partekatu profesionala aurkitu ahal izateko.
Langileek —ia denak emakumeak dira, eta amak— munduko lanbiderik konplexu eta zailenetako baten pisua izaten dute beren gain. Eta hiru anbiguotasun mota jasan behar izaten dituzte : politiko-administratiboa, soziokulturala eta psikologiko-profesionala. Hori dela-eta, batzuetan, familia eta lan profesionala uztartzen saiatzen direnean, kontraesanak eta segurtasun-eza nagusitzen dira.
Irakasleak kudeatzaile soilak izan beharrean partaideak ere izatea nahi badugu, beste modu batera ulertu beharko dugu askatasun didaktikoa; elkarrizketarekin, eztabaidarekin, lankidetzarekin, ikuspegi interpretatiboen ugaritzearekin, bat etortzeekin eta bat ez etortzeekin lotuta egongo da. Eta axiologia horren barruan hartzen du zentzua eta esanahia profesionaltasunak berak, eta trukeari eta harremanari —terminoaren zentzurik zabalenean— zeharo irekitzen zaio.
Partaidetzak haurrentzat duen esanahia
Eskolan eraikitzen diren harreman sozial eta interaktiboek eragina dute haurrengan; batez ere, haien gurasoek harreman horietan aktiboki parte hartzen dutenean. Komunikazio-sareek segurtasuna ematen diete haurrei, eta, aldi berean, harremanotan parte hartzera bultzatzen dituzte.
Ideia horren azpian, aldarrikapen hau dago: haurrak ez direla inoren jabetza pribatua. Haurrak kulturaren eramaile dira, eta, jaiotzen direnetik, trukeak eragiteko eta kualitatiboki hazteko gai dira, harremanei eta partaidetzari esker.
Haurrarentzat pozgarria da gurasoek parte hartzen dutela ikustea; horrek plazera eta segurtasuna ematen die. Eta, gainera, jokabide hori eredu bihurtzen da umeentzat. Ideia horrek ez du haurtzaroa isolatuta ikusten; alderantziz, lotu egiten du helduen munduarekin.
Malaguzzik behin baino gehiagotan aipatu izan du haurrak konturatu egiten direla kulturari buruzko ideia berri horretan umeen eta familien arazoei ematen zaien garrantziaz; eskolatik kanpo gertatzen dena eskolaren barruan garrantzitsua dela ikusten dute, eta horrela izango dela etorkizunean ere.
Partaidetzarekiko erreparoak
Aipatu ditudan ideiak gorabehera, horrelako proiektu bat aurrera eramateko orduan, zenbait erreparo sortzen dira.
Familien partaidetza begi onez ikusten ez dutenek zera galdetzen dute: zergatik parte hartu behar duten gurasoek ikastetxearen kudeaketan. Haien ustez, gurasoek ez daukate ezagutza profesionalik, eta beste arlo batzuetan ez da gurasoen partaidetzarik izaten. Era horretan, gurasoek fisikoki, psikologikoki eta emozionalki ikasgelatik aldentzeko muga korporatibistak jartzen dituzte.
Ideia hori indartu egiten da pentsatzen baldin bada guraso eta ikasleen artean —edo, hobeto esanda, hezitzaile, irakasle eta amen artean— botere asimetrikoko harreman bat dagoela, eta harreman horretatik artikulu honetan defendatzen saiatzen naizen balioentzat negatiboak diren amen zein profesionalen jelosiak jaiotzen direla.
Gurasoen partaidetzaren aurrean izaten diren erreparoek zerikusia dute, halaber, irakasleek beren lanbidearen inguruan duten segurtasun-ezarekin, gaiak maila profesional handia izatea eskatzen duelako, eta familien epaiketa sozialari aurre egin behar izango diotela sentitzen dutelako.
Horretaz aparte, erreparoak sortzen dira gurasoekin bilerak egiteko beharrarekin lotuta, bileren orduak, oro har, egokiak izaten direlako gurasoentzat, baina ez irakasleentzat.
Familiek ere hainbat oztopo izan ditzakete bilera horiei begira: antolakuntzakoak (non «utzi» seme-alabak bilerak egiten dituzten bitartean?), psikologikoak (besteei beren zalantzen berri emateko eta epaituak izateko beldurra), nahiz prestakuntzari eta kulturari dagozkionak (profesional, aita eta ama askoren belaunaldian, tradizioa desegokia da, beren eskolako esperientzia eskola diktatorialari lotuta egon baitzen neurri handi batean).
Mesfidantzak mesfidantza, ez dezagun ahaztu zer dagoen jokoan: haurren hezkuntza soziala eta arduratsua. Hortaz, prozesu hori garatzeko beharrezkoak diren partaidetza koherentea izateko bitartekoak ezarri behar ditugu.
Partaidetza posiblea
Nire aburuz, adierazitako testuinguruan familien partaidetza bultzatzeak aldarrikapen sindikal eta politikoa izan behar luke. Horrela, nolabait babestu egin ahal izango genuke hezkuntza-aldiaren identitatea, hainbat arrisku badira-eta. Ikus ditzagun
arrisku horietako batzuk:
-Batez ere bigarren zikloaren ondoren datorrenerako prestaketa bihurtzea, ondorengo horri garrantzi handiagoa ematen zaiolako.
-Bi urteko haurren eskolatze desegoki, basati eta lazgarria zentro publiko eta pribatuetan: haurrak salgai gisa hartzen dituzte, eta beren potentzialtasunak eta eskubideak indargabetu.
-Zaintza eta asistentziako ereduekin —batez ere lehenengo zikloan— erlazionatzen den lanbidearen gutxiespena. Gure uste osoa ez da nahikoa izango, familiek —eta aitona-
amonek— ez badute gure lanbidearen zentzua ulertzen eta ez badute parte hartzen. Ideia horrek eskolako mugak zeharkatzen ez baditu, haurrekin hezkuntzaren aldetik izugarriak diren gauzak egiten ari garela pentsatu arren, hainbeste arbuiatzen dugun haurtzaindegia izaten jarraituko dugu.
-Eskola asko pribatizatzeko edo Estatuaren eskuetan gelditzeko arriskua –—ikusi autonomia-erkidegoetako egoera—. Arazo hori bera gertatu zen Italian. Reggio Emilia izan da udal haur-eskola publikoen kalitatea osorik mantendu duen eta estatuko botereari eskualdatzerik egin ez dion esperientzia bakarra. Hori estuki lotuta dago esperientziak herritarrengan duen eraginarekin eta lortutako partaidetzarekin, hezkuntza-eredu honen defendatzaileak izan baitira.
Lerro hauetan defendatzen dudan partaidetzak batez ere komunikazioan oinarritzen den pedagogia aldarrikatzen du. Komunikazioa, J. Habermas, P. Watzlawick edota J. Hernández egileek eman dioten zentzuan ulertuta. Hala, komunikazioak, ekintza emantzipatzailea izateaz aparte, «ezinezkoa da ez komunikatzea»
axioma du abiapuntu; beraz, jarrera edo jokaera oro komunikazioa da. Pentsa dezagun zer suposatzen duen horrek Haur Hezkuntzan, eta nola interpretatu daitezkeen isiluneak, informazio falta, denboraren pean egiten diren elkarrizketak—askotan ez da nahikoa izaten—, bilera falta edo urritasuna, gurasoak ikasgeletara
ezin sartzea, esperientzien dokumentazio bisualik ez izatea, haurrek (postari moduan) etxera eramaten dituzten ohar idatziak, desegokiak eta zaharkituta dauden eskolako zenbait erakunde aldatzea eta malgutzea oztopatzen duen erakundeen inplikazio urria, eta abar.
Komunikazioa harreman anizkunen izaera zirkularrarekin lotuta dago, elkarrekikotasunean. Eta, prestakuntzaren aldetik, beharrezkoa da profesionalok gaitasun komunikatiboa eskuratzea. Horri esker, elkartu, harremanak izan, hitz egin eta abar egiteko aukeren teklatua eskaintzeko bide emango duten edukiak, bitartekoak eta metodologiak egokitu eta hobeto dibertsifikatuko ditugu . Hala, haur-eskolako esperientziaren alderdi guztiak bilduko dituen sistema da komunikazioa.
Partaidetza ez da amaitzen; ez da behin betiko lortzen den zerbait. Familiak aldatuz doazenez, partaidetza prozesu dinamiko eta malgua da, edonoiz berrikus daitekeena.
Partaidetzari buruzko gaia irekia da, galderez betea, eztabaidatzeko foro bat. Zer-nolako hezkuntza-estrategiak dira egokienak partaidetzaren zentzu hori sustatzeko? Nola bideratu behar ditugu gurasoen partaidetza eta kudeaketa? Zer-nolako antolakuntza fisiko, espazial, denborazko, administratibo edo instituzionalak dira partaidetza sustatzeko egokienak? Galdera horiek eta ildo horretan egin daitezkeen beste askok eztabaidatzeko bidea irekiko lukete. Zeren eta gaia, nire ustez, ez litzateke inoiz bukatutzat eman behar.
Familiek eskolako esparruan parte hartzea —eta hauxe da artikulu honen lehenengo eta azken ideia— hezkuntza-kalitateak berak eskatzen du . Zentzu horretan, gure eskolen hezkuntza-eraginkortasuna neurtzeko parametro gisa erabil dezakegu partaidetza. Nire ustez, eskolako porrot asko eta asko eskola eta familiak elkarrengandik banantzearekin eta urrutiratzearekin lotuta daude.