Haurrak adierazten dituen beharrei modu esanguratsuan erantzun behar die atxikitako helduak

2013-10-01

0-3 formazioa

 
 
Ikastaroaren bigarren egunean, Ezozi Arizaga Lizarralde psiko­motrizista eta maistrak “A­txiki­mendua, giza garapenaren euskarri-eratzailea” izeneko eskola eman zuen teoria eta praktika tartekatuz. Atxikimendu lokarria eta belaunaldi arteko inplikazio sistemikoaz aritzeaz gain, haurraren garapen prozesuko faseez eta ezaugarriez edota errepresentazio mental eta psikikoaz mintzatu zen.
Atxikimenduaren inguruko azal­penetan sartu aurretik, familiarekin dugun inplikazio sistemiko lokarriaz hitz egin zuen Arizagak, atxiki­mendua zer den ulertzeko beha­rrezkoa baita kontzeptu hori argi izatea. Hizlariaren esanetan, familia sistemarekin bat eginda gaude sortze momentutik eta hau beha­rrezkoa da bai familia sistemarentzat eta baita jaioko den umearentzat ere, partaide izate sentimendu hori edukitzea behar biologikoa baita: “Lokarri horrek sistemaren betie­reko lotura izatea eta sistemaren beraren jarraikortasuna bermatzen ditu. Modu horretan inplikazio sistemiko bat osatzen da eta inplikazio horrek sistema horren inkontziente kolektiboaren infor­mazio osoa jasotzen du”.
Horrekin guztiarekin gatoz mun­dura, Arizagaren arabera, eta horrek taldeko kide izaten laguntzen du. Aldi berean, taldeko kide izate horrek funtzio bat dauka gizartean eta sozializazioan, edo soziali­zazioan eta gero gizartean: “Pertso­na oro mundura iristen da sozialki harremanak izateko beharrarekin. Burmuina garatu eta organizatu dadin ezinbestekoa da baldintza hau, hots, harremanak izatea. Ezagutza partekatu egiten dugu, beraz, pertsona loturaz osatutako munduan hazi eta bizi da”.
Arizagak azaldu zuenez, familia-sistemarekin dugun lotura horren baitan ulertu behar da atxikimen­dua. Eta lotura den heinean, esanguratsuak diren pertsonekin eraikitzen den harreman lotura da atxikimendua, eta denbora iraun­korrean gertuko harremana bilatzera bultzatzen du. 
Atxikimendua ez segurua izan ba­daiteke ere, atxikimendu segurua­ren gainean jardun zuen, hori baita egokiena haurraren garapen one­rako, eta atxikimendu segurua bermatu dadin jaiotzen den mo­mentutik umetxoa amaren gorpu­tzean jartzen bada, aurrez amarekin izandako kontaktu horretatik ezaguna duenaren kontaktua sentitzen du: “Amak hitz egiten badio, ahotsa ezagutzen du, baina batez ere amaren bihotz taupadak ezagutzen ditu eta horregatik lasaitu egiten da. Beraz, haurra amaren sabel gainean jartzen bada, atxikimendu prozesu hori eraikitzen ari da jada”.
Horrez gain, atxikimendua segurua izan dadin, Arizagaren ustez, arreta partekatua izan behar da, hau da, bi pertsona edo gehiagok, momentu, ekintza edo egoera berbera inte­raktuatu behar dute: “Haurrak baldin badaki bera atxikitako heldu hori hurbil erraza eta sentibera dela, segurtasun handia barneratzen du, eta elikatu egiten da harreman horretan jarraitzeko”. 
Hizlariaren aburuz, bada beste alderdi bat ere oinarrizko lotura segurua bermatzeko beharrekoa: haurrak bere helduarekin harreman jarraitua eta etengabekoa izatea, hain zuzen ere. Izan ere, bizitzako lehenengo pare bat urtetan menpe­kotasun egoeragatik zaintzarekin zeharo lotuta dago haurra, hau da, oinarrizko beharrak jasotzearekin eta  horretan haustura sortzen bada, garapeneko arlo guztietan eragina izango du. “Beti ez dira bete beteko erantzunak ematen eta horrexegatik haurrak frustrazioa sentitzen du eta frustrazioak beharrezkoak dira, baina frustrazioa ongizate maila baino gehiagokoa bada, kalte psikiko nabarmenak izan ditzake haurrak”. 
Saioan adierazi zuen moduan, atxikimendu segurua bermatzeko alde batera utzi ezin den beste aspektu bat zera da: haurraren beharretara egokitzeaz gain, bere garapen erritmora egokitzeak duen garrantzia. Eta Emmi Piklerren nahiz Henri Wallonen adierazpenak ekarri zituen gogora. Piklerren arabera, haur batek garapen mantsoagoa adierazten duenean, horretarako eskubideaz gain, oso arrazoi sakonak ditu bere garapena hala izateko. Wallonen esanetan, berriz, jadanik garatutako burmuineko loturak ez kaltetzeko garapeneko erritmoa errespetatu beharra dago. Beraz, “intrusiboegia den hezkun­tzak haurra halako edo honelako ekintzetarako gertu egon gabe ekinean jartzen duenean ez dio batere laguntzen bere garapenean. Haurrak ez badu sentitzen bera dagoen ingurunean aitortza duenik, ezingo da inguru horrekin fidatu, ezingo du berea egin, ezta horretan interesa eduki ere. Behin eta berriz falta zaiona gogoratzen bazaio, ezingo du lortuta duena barneratu eta asko mugatuko du haurrak berez ikas-irakasteko dakarren modu natural hori”.
Arizagak argi du eskolak familien zerbitzura egon behar duela eta ez alderantziz, eta ondorioz, hezkuntza sistemak serioski planteatu behar duela, eskaintzen duen hori haurraren garapen normalerako beharrezkoa den edo ez: “Haur Hezkuntzan gero eta lehenago hasten da instrukzioa, eta sarritan eduki akademikoak garapen afektibo eta emozionalaren, eta benetako sozializazioaren gainetik jartzen dira. Alde batera uzten dira behar indibidualak eta horren gainetik jartzen dira taldeko beharrak. Kalitatezko zaintza pro­fesionalak eskatzen du konektatua eta zentratua egotea. Beste era batera esanda, haurra eskatzen ari den arretari lotuta egotea”.