Bartzelonako Montserrat ikastetxea: Adimen aniztasunaren eredu

2014-03-01
Eskola adimentsuaren ideia jorratu zuen Nuria Sanchez Povedano gaian adituak “Hezkuntzaren Etorkizunari Begira” izenburupean urtarrilaren 22 eta 23an Bilboko Euskalduna Jauregian burutu zen Erkide Kooperatiben 3. Kongresuan. Bartzelonako Montserrat ikastetxearen esperientzia hasieratik ezagutu duen hezitzaile horren iritziz, 
edukia irakastea baino gehiago ikaslea hainbat arlotan trebatu eta ikasleari pentsatzen erakustea izan behar du eskolak helburu. 1926an sortutako ikastetxe hau mojen eskola da orain ere, baina azken 20 urteotan hezkuntza erabat irauli du eta pedagogia berritzaileak jarri ditu praktikan, besteak beste, Glen Domanen haurren estimulazio goiztiarraren  eta Howard Gardnerren adimen aniztasunaren teorietan oinarrituz. Hainbat eskolen eredu bihurtu da eta “Sor innovació” izena jarri diote aldaketa zuzendu duen Montserrat del Pozo serorari.  
 
 
Nuria Sanchez Povedanok hasiera-hasieratik ezagutu zuen Montserrat ikastetxeko eraldaketa eta pedagogia berritzailea, nahiz eta orain ­ikastetxe horretan ez egon. Urte horietan izandako esperientziari esker, argi du, etorkizunera begira haurren burmuinak prestatu egin behar direla: “Nola hezi haurrak, lautik hiruk oraindik ez dauden lanbideetan lan egin behar badu? Nola hezi irudikatu ere ­ezin dugun mundu horretarako? ­Erronka ez da, urte batzuk barru, lanean hasten direnean seguraski zaharkituak egongo diren edukiak trasmititzea, gure haurren burmuina ondo antolatzea baizik, pentsatzen irakastea, garun horren baitan egongo baitira, gerora izango dituzten beharren erantzunak”. 
Konparaketa batekin saiatu zen bere ideia hau argitzen: “Haurrak entrenatu ­egiten ditugu zein ordutan, non, noren aurka, zein zelaitan eta zein eguraldirekin jokatuko duten jakin gabe. Baina argi dago, partidari aurre egiteko entrenatu beharra dagoela. Eskola da adimena-pentsamendua lantzeko tokia eta, gu, eskola adimentsuaren alde gaude”. 
Munduan diren aldaketen aurrean eskola berri bat proposatzen dute Montserrat ikastetxeko adituek. Nuria Sanchezek adierazi zuenez, jakintza ez da jada motel eta egonkorra. “Lehen bazirudien ikasten genuena betiko zela. Gaur egun ezinbesteko da malgutasun kognitiboa lantzea, hau da, jakintza-ezaguera bat dugu garatzen eta eraldatzen ari dena”. Gainera, irakasleak azaldu bezala, eskola ez da hezteko eta ikasteko bide bakarra, beste hainbat medio ditugu eskura, “zorionez esango dugu, ikasleek ondo erabiltzen baldin badituzte behintzat: Internet, sare sozialak, komunikabideak eta abar”. 
Nuria Sanchezek ez du zalantzarik, mundu mailan bizi bagara, eta hezkuntza bera ere globalizatu egin bada, irekiak izatea dela gakoa. “Gure eskolen eraldatzearen lehen pausua irekitzea izan da, ate eta leihoak zabaltzea, batetik kanpora begiratzeko eta, bestetik, kanpokoek barrukoa begiratu dezaten. Eskolak aniztasunari aurre egin behar dio, zalantzarik gabe, hori baitago gure geletan, eta ­erronka hori kontuan izateak, aurrean dugun potentzial handi horrek eskainiko dizkigun aukera guztiei ateak zabaltzea esan nahi du. Adimen aniztasuna abagune bikaina da ikasle denak aintzat hartzeko, dauden egoeran daudela ere”.
AEBetako hezitzaileen teoriak, Australiako eskoletako berrikuntza eta baliabide teknologikoak, eta beste hainbat joera ezagutu dituzte eta esperientzia truke guztietatik ikasi. “Interesgarriak diren hezkuntza eredu ­eta egitasmo askotatik edan dugu, eta Montserrat eskolan egin dugun onena, imitatu dugun hori geure egitea ­izan da. Azken finean, besteengandik ikasten dugu, baina garrantzia norbere proiektua sortzeak dauka. Iturri askotatik edan, baina nortasuna duen ­egitasmoa sortu”.
Ereduz aldatzeko hiru bide nagusi proposatzen ditu Nuria Sanchezek, lehenengo ikasteari buruzko ikuspegia aldatu, “txip aldaketa beharrezkoa da hasteko”; baina metodologia berriak ere praktikan jarri behar dira, “ezin da ardo berria ontzi zaharretan jarri, ozpindu egingo da eta” eta azkenik, ahal bada, eskoletako gelen egitura aldatu behar da, bai espazioei, bai ordutegiari dagokionez. 
Pedagogia berriaren hiru zutabeak
Heziketa eraren aldaketa irudi baten bidez laburbildu zuen Nuria Sanchezek: ikastea, hiru hanka egonkor dituen mahaia da, garapen neurologikoa; garapen psikomotore-sentsoriala eta emozionala. “Gure ikasleei aurrera egiten, garatzen eta ikasten lagunduko dien zutabeak hiru horiek dira: orokortasunetik edaten dute eta lotura sendoak dituzte elkarren artean, elkar elikatzen dira”. 
Burmuinaren garapena
Argi dauka Nuria Sanchezek eskola eta hezkuntzak ezin diola gaur ­egun azken 20-30 urteotan burutu den garapen neurologikoari bizkarra eman. “Ikastea burmuinari dagokio, gure burmuina gara, bertan daukagu adimen transzendentala, burmuinarekin maitatzen, sentitzen, pentsatzen dugu. Gure eskolaren erronka nagusia ikasleen garapen neurologikoa bultzatzea da, ikasketa-prozesua gauzatu eta erraztu dadin”. 
Sanchezek adierazi zuenez, arazoa zera da: “Haurrak hazten doazen heinean –zorionez, urte betetik Batxilergora arteko ikasleak ditugu eta jaio berriekin proiektu bat hastekotan gara–, eta ikasketek aurrera egiten duten heinean, pisu handiagoa hartzen duela mahaiak, erronka eta zailtasun gehiago izaten direla, jakinduria abstraktoagoa bilakatzen dela, etab. Beraz, edukiak barneratu eta nork bere egiteko estrategia sakonagoak behar ditugu, eta erabakiak hartzeko gaitasuna nahiz pentsamendu kritikoa bultzatzen saiatu behar dugu. Horrexegatik, burmuinak ondo antolatua egon behar du; baina nola eragin burmuinean? Argi da letrak odolarekin ez direla samurrago sartuko, edota ezin dugula haurren kaskezurra ireki eta hor liburuak sartu, metaforikoki mintzatuz, lehengo eskolak sarri nahi zuen moduan”. 
Zentzumenak eta psikomotrizitatea
Nuria Sanchezen iritziz, burmuinean eragiteko gakoa psikomotrizitatearen eta zentzumenen garapenean dago. Horiek dira burmuinak hazteko dituen bi leiho apartak, burmuina elikatzeko bi bide nagusiak. Esperientzia sentsorialak, estimulazioa 
alegia, eta egokiera motorea, hots, garapen psikomotorea.
Psikologo kataluniarrak azaldu zuenez, “batez ere, haur txikien mailan, mahaiaren oin hori indartzen dugu, horixe delako laguntzen duena burmuina ondo antolatu dadin eta haur horrek egoki funtzionatu dezan Lehen Hezkuntzan, Batxilergoan, ­unibertsitatean, lanean eta bizitza ­osoan. Burmuina hor egongo baita beti, ikasten segitzeko”.
Garapen emozionala
Dena den, bere ustez, aurrez aipatutako bi oinak lotuta daude garapen emozional egokiari ere. Soilik afektiboa da eraginkorra. “Nik ikasleekin lotura esturik edota afektibitaterik ez baldin badut, ez dute ikasiko. Noski, ikasleek autoestima, bere buruarekiko segurtasuna eta garapen psikiko osasuntsua izateko, hirurek bat egin behar dute”. Eskolako psikologoa ­izateaz gain, psikologo forentse eta klinikoa ere bada Nuria Sanchez eta, oro har, munduak egonkortasun eta oreka hori behar dituela dio.  
Abiapuntua oinarrietatik
Nuria Sanchezek eta Montserrat del Pozok eskolako porrotari buruzko lan bat egin zuten, 70. hamarkada amaieran eta 80. hasieran, eta ohartu ziren, porrota Batxilergoan edota oinarrizko heziketaren azken urteetan baino gehiago, “zoritxarrez”, Haur Hezkuntzan hasten zela. “Ondorio horretara iritsi eta hortik hasi zen gure eskolaren eraldaketa: oinarrietatik”.
Prozesua laburbildu zuen Sanchezek berak: “Haurren adimenaren estimulazio goiztiarrari heldu genion, 80. hamarkadan, eta nabaritu genuen aldaketa oso esanguratsua izan zen, batez ere, haurrek ikasteko autonomian, erraztasunean eta gogo-motibazioan hobetu zutelako. Hori guretzat erronka bihurtu zen, Lehen eta Bigarren Hezkuntzak berritzen jarraitzeko eta orduan izan genuen Howard Gardner eta adimen aniztasunaren berri. Emaitza aparta izan zen eta estimulazio goiztiarra zein adimen ­aniztasunaren teoriak garrantzi handia dute ordutik, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta baita Batxilergo mailan ere. Erronka kolektiboa da, egitasmoak ezin du bakarkakoa ­izan, eskola osoarentzat izan behar du”. 
Hori azaltzeko Glen Doman ekarri zuen gogora Sanchezek. Hark zioen, potentzialki, Leonardo Da Vincik izan zuen adimenaren parekoa duela edozein jaioberrik. Glen Domanen ­iritziz, adimen emozionala beste adimenak bezain garrantzitsua da eta eskoletan, besteak beste, landu beharrekoa. Montserrat eskolan kasu egin zioten: “Irakurketa, matematika eta jakintza entziklopedikoa lantzea oso ondo daude, baina bikaintasun soziala, oinarrizkoa da ikasleengan, bizitzan euren aurkezpen karta ­izango da eta. Beraz garrantzi handia ematen diogu horri. Eta bikaintasun fisikoari ere bai. Garapen neurologikoarentzat lagungarri izango baita”. 
Estimulazioa eta guraso eskolak
1994an abiatu zuten Montserraten familien artean estimulazioan eragiteko egitasmoa, orduan joan baitzen Montserrat del Pozo Philadelphiara. Apustua estimulazioa adin egokian ­egitea izan zen. “Zoritxarrez, eskola gehienetan, lanean hasten direnerako, zimenduak jarrita dituzte haurrek, 0tik 3 urtera arteko tartean; lehen urtea bera ere neurologikoki oso garai garrantzitsua da: orduan erabakitzen dira gure burmuinaren metro karratuak, gero saiatzen gara hori optimizatzen, txukundu, dekoratu, barruko hormak jarri, banaketa egin eta abar, baina aurretik egindakoa eginda ­dago”.
Beste proposamen interesgarri bat ere azaldu zuen Sanchezek: gurasoen eskolarena, hain zuzen ere: “Ez da soilik familientzat heziketa klasikoa, gurasoek jaioberriekin estimulazio programa hauetan lan egiten hasteko aukera dute. 8.000 familiak parte hartu du gure gurasoen eskolan, Montserrat del Pozo eta bion estimulazio goiztiar ikastaroetan. Gure aldetik apustu bat izan da, beraien haurrak gure eskoletan ez izan arren, familiek zein gurasoek aukera dute teknika hauek ezagutu, seme-alabekin praktikan jarri eta bide batez, modu apalean bada ere, Glen Domanek proposatzen digun iraultza honetan parte ­hartzeko”. 
Nuria Sanchezen ustez, oinarrizkoa da ikasleei estimuluen aldetik ­ahalik eta eskaintza oparo eta aberatsena egitea, burmuinak dituen bikaintasun eta gaitasun denak garatzeko. Burmuin bakarraz mintzatzen gara, baina bi ditugu baten baitan: ezkerreko hemisferioa, analitikoa, logikoa, matematikoa. Ikusten dugun zatia da, ikusten ez duguna berriz, ez da interesgarri, baina badaukagu: eskuin hemisferioa da, ezkerra bezain zoragarria, irudimentsua, sortzailea, laguntzailea, aberasgarria eta lagungarria. Jeinuak, talentu handia duenak, bi hemisferioak ditu garatuak”. 
Musika txikitatik
Montserrat eskolan ordu erdiko ordutegiekin lan egiten dute Haur Hekuntzan, eta, esaterako, musika- ­irakaskuntza lehen urteetan hasten dute: “Txikitatik biolina jotzen duten haurrak ez dira jeinuak, baizik eta aukera izan dute haurtzarotik musikaz gozatu eta musika tresna bat jotzeko”. Susuki teknika erabiltzen dute musika irakasteko, ama hizkuntza bailitzan erakusten dute musika-tresna jotzen: “Ez da itxaron behar ezker hemisferioa musikaz jabetu arte, eskuinekoarekin hasten gara, sentikortasun-sentipenekin eta imitazioarekin; gero etorriko da solfeoa”. Bi urteko haurrekin hasi eta bost urte bitartean, gehienek biolina jotzeko aukera dute, eta baita, biolontxeloa eta pianoa ere. Ez da eskolaz kanpoko ekintza, denek lantzen dute eskola orduetan. 
Sanchezen esanetan, ez dira haur bereziki azkarrak eta apartak, horietatik bat edo bestek izango du talentu berezia musikarako, eta hala bada, ondorengo urtetan garatuko du, baina garrantzitsua zer da? “Denek izan dutela aukera musikaren esperientzia bizitzeko, eta esperientzia hori baliatzeko modua mahaiaren hiru hankei esker. Hau da, zentzumen-motor koordinazio ona daukate, ­sokak jo eta biolinaren artea erakustarazi ahal izateko, eta horrekin batera, bikaintasun soziala, biolina zaindu, ­aginduak arretaz entzun, elkarrekin lan eta abar egin ahal izateko. Ikasketan dena da garrantzitsu”. 
Metodologia aldaketa eta pedagogia-teknikak berritzeari dagokionez, Montserrat eskolaren ezaugarrietako bat da, besteek egin dutena ­ezagutzera joan eta gero eskolara ­ekarri eta bertan txertatzea. Pedagogiaren alorra ezagutzera abiatu, interesgarria zein baliagarria iruditu zaiena ekarri eta bertan lanean ziren profesionalak prestatu egin dituzte. Eraldaketaren motorea formakuntza izan da. Eta Sanchez Povedanok esan zuenez, Montserrat del Pozok argi du talde batek izan behar duela aldaketen motore. “Funtsezkoak dira animatu, bultzatu, eta gurditik tira egiten dutenak”. Beti gertatzen da bere ustez, heren bat aldaketaren alde egotea, beste heren batek ere onartzea aldaketa, eta beste herena kontra egotea. Alor guztietan gertatzen da hori, kontrako norabidea hartuko du %33ak. “Oso garrantzitsua da motorea zaintzea, 
baita segitzen dutenak ere”. Horregatik, Montserratekoa ez da bakarkako egitasmoa izan, kolektiboa baizik. 
Montserrat eskolan berrikuntzak martxan jartzeko oinarri neurologikoak finkatzerakoan eta esanahia ­ematerakoan ezagutu zuten Harvard Unibertsitateko proiektua eta Howard Gardner. Sanchezen esanetan, gizakien potentzialaren eta adimenaren izaera konplexuaren beste ikuspegi bat ematen du berak. “Bizitza ­osoan gurekin daukagun eta egiten dudana baldintzatzen duen adimen koefiziente estatiko eta zurrunaren ­ikuspegia amaitu da; gaur egun oraindik, adimenaren test intelektualak ­erabiltzen dira, baina balio erlatiboa daukate, giza adimen kontzeptua hori baino askoz konplexuagoa baita. Dinamikoa da eta denboran zehar aldatu daiteke, bakoitzaren baitan dago adimena hobetzea”. 
Sanchezek aipatu zuen albiste on bat eman ziela Gardnerrek. “Denok gara buruargi, denok dugu talentua, ­ikasgai bat bera ere gainditzen ez duena ­ere adimentsua da. Adimen anizkoitzaren teoriak, ikasteko metodologia aldatuko du, baina baita ebaluatzekoa ere. Ondo begiratu, ikusi, aztertu eta balioztatu behar da ikasleak dakiena ezagutzeko, soilik idatzizko azterketa bat begiratzen bada, hor hitzezko adimenak eta linguistikoak pisu handia dute, eta alor horietan ahul diren ikasleek erakusten ari direna baino gehiago dakite”. 
Howard Gardner pedagogian eta neorologian da aditu, Harvarden pedagogia eta Bostonen neurologia irakaslea da. Mundu osoko hainbat ­eskolen eraldaketa eta berrikuntza ­eragin duen “Harvard Zero” proiektuaren arduraduna ere bada. Teoria horren ezaugarri nagusiak azaldu zituen Nuria Sanchezek: “Gardnerrek dioenez, hainbat adimen motaren nahasketak egiten du gizakia. Denok gara adimentsu eta bakoitzaren indarguneak aurkitu behar ditugu. Adimen horiek guztiek pisu berbera ­dute, ez daude mailakaturik. Lehen burmuinaren ezkerraldeari ematen zitzaion garrantzia, eskuinekoak bakoitzaren apetak ziren. Aldiz, Gardnerren ustez, denek laguntzen dute gure garapen armonikoan, eta denak buruan kokatzen dira. Esparru teorikoa oso landua, irekia eta dinamikoa dauka berak eta bederatzi inteligentzia ezberdini buruz idatzi eta teori­zatu du, eta irakaskuntzari lotutako ­hamargarrena ikertzen ari dela jakin dugu”. 
Montserrat eskolan bat egin zuten Gardnerren teoria horrekin. “Inteligentzia anizkoitz hauek bizkortzea lagungarri da ikasleen garapen armoniko eta orokorrean. Ziur gaude horretaz: ikasteko leiho berriak irekitzen dituzte, eta aldi berean ikasi dutena baloratu ahal izateko tresna berriak sortu beharrean gaude”.
Aldaketa bortitzik ez
Adimen anizkoitzen aplikazioak metodologia berriak eskatzen ditu berez, baina aldaketak pixkanaka ­egitearen aldekoak dira eta Montserrat eskolaren lagunarte bereko zenbait ikastetxetan eraldaketa prozesuan murgilduta daude: “Materiaren bat jorratzen ari dira modu berriaren arabera, eta gogo handiarekin gainera, edo irakasle batzuek irakatsitako arloetako bakarra lantzen duten adimen anizkoitzaren ikuspegitik. Hori ere posible da. Orain arte egindakoa zakarretara bota eta berriro zerotik hastea, aldaketa sakonak, oso arriskutsuak direla uste dut. Gainera lekualdaketetan balio handiko gauzak galdu daitezke. Hobe da ondo egiten ari garen gauza on horiei eustea; ­agian barniza eman beharra izango du, look aldaketa, baina funtzionatzen badu ez dugu utziko”.