Ez, ez gaude lasai Nafarroako albisteekin

2014-05-01

Cintruenigoko Otero de Navascues ikastetxean haurrak Guardia Zibilaren armak eskutan zituztela ikustea kezkatzekoa izan da, eta baita Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza Kontseilariak datorren ikasturtean curriculuma espainartzeko egin dituen aldaketen albistea ere.

 
 
Hamar egunetan bi albiste larri ­eman ditu Nafarroako hezkuntzak. Lehena mila hitzek baino balio handiagoa duen argazkia izan zen:    Cintruenigoko Otero de Navascues ­ikastetxe publikoko 800 haurrek, tartean, Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urtekoek, pistolak, fusilak, gomazko pilotak, borrak... jostailuak bailiran ukitu eta erabili zituzten. Izan ­ere, Guardia Zibilak “Eskolako Elkarbizitza Plana” garatzera joan zen, Espainiak Nafarroan duen ordezkaria bertan zela.
Nafarroko Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek zehaztu zuen “lasai” egoteko, armak ez zeudela kargaturik. Baina ez, ez da lasai egoteko modukoa. Ikastetxeak, bere aldetik, ­ikasleek egun hori “maitasun handiz” gogoratuko dutela adierazi zuen. Ez, ez da lasai egotekoa. 
Hori al da Nafarroako Gobernuaren “elkarbizitza plana”? Zein da guardia zibilek haurrak instruitzearen helburu didaktiko-pedagogikoa? Hori al da hezkuntzaren funtzioa, betebeharra, helburua?
Baina Iribas lasai dago. 
Hezkuntza kontseilariak berak eman du kezkagarritzat jotzen dugun beste albistea hil hondarrean: Nafarroako Gobernuak bideratu duen Lehen  Hezkuntzako curriculum berria LOMCEk eskatzen duena baino are espainiarragoa izango da. Ez Axular, ez Nafarroako foru eta konkistarik, ez Gaiarre, ez Sarasate... horien lekuan, Al-Andalusko ­eta erresuma kristauetako gertaera historikoak ikasiko dituzte haur nafarrek; Errege-Erregina katolikoen historia; Juan Carlos I.a... Murillo, Velazquez, Goya... Iribasen hitzetan, “curriculum aberasgarriagoa” ­izango dute haur nafarrek. “Gustura gaude Espainiara lotzen gaituen historia irakastearekin”, adierazi du.
Apirilean iragarri ditu aldaketa horiek, eta irailean hasiko da ikasturte berria. Baina lasai agertu da Iribas, lana bai, baina ez duela kezkarik azaldu du. 
Ez dugu uste hezkuntzak arduratzen gaituenok Nafarroatik datozen albisteekin lasai egoterik daukagunik.