Herri-lana

2014-05-01
Bizitzan izan dudan luxurik handiena hezkuntza izan da.  Etxean, sendian, lagunekin, herrian eta, urtea joan eta urtea etorri, eskolan, ikastolan, unibertsitatean..., hainbat ikastetxetan barrena ibilita, hezi, zaildu eta heldu naiz. Irakasleen artean denetik ezagutu dut: lagunik onenari matraileko latzak ematen zizkiotenak, makilarekin jotzen eta erregalizarekin saritzen gintuztenak, hepatitisak jota nengoela ohe ondoraino irakastera etortzen zenean xakean erakutsi zidana, zenbaitetan ikasleak baino jakintza urriagoa zuela onartzen zuena... Sei urtetik hogeira arte ikastetxeetan ibilita, makina bat bizipen ekar ditzaket gaur hona. Pare bat aukeratu dut. 
Lehenengoa, oroimenetik sekula joango ez zaidana. Haurra nintzen, hamar urte eskas izango nituen. Bi talde erlijiosoren esku zeuden herriko bi ikastetxe nagusiak: neskena bat, mutilena bestea. Geurea, beraien artean elkarri “hermano” esaten zioten anaidi horietako baten ardurapekoa zen. Guraso-elkarteak gidatuta, ikastetxe erlijiosoetatik abiatuta, ikastetxe misto eta euskaldun bat eraiki nahi zen. Erlijioso kristau haiek ikastetxea utzi egin behar izan zuten, eta ez oso gogo onez, itxura batean. ­Ikastetxean bertan bizi ziren “anaia” haiek. Alde egiterakoan, beren puskak bildu eta atera egin zituzten. Ondoren, ikastetxean ­ikasten genuen ikasleoi lan bitxi bat agindu ziguten: bigarren solairuan zegoen liburutegiko liburuak hartu eta leihotik ikastetxeko jolastokira botatzea. Algara batean ekin genion agindutakoa betetzeari; liburuak bota eta apurtzea, hura bai jolas ederra! Jabetu ginen arte: gure heziketa txikitzen ari ginen, gure etorkizuna zapuzten. Lotsa-lotsa eginda geratu nintzen, eta nola hala, nire galtza motzetako patrikatxoetan bi liburu txiki ezkutatu, eta etxera eraman nituen. Sutarako bidetik libratu nituen. Bi hiztegitxo ziren. Ordurako liburuen garrantziaz jabetua nintzen, aitak etxean zituen liburu apurrak mundurako bide ederrak ziren... Bada, hurkoa hainbeste maite zuten kristau haiek geuri agindu ziguten astakeria hura egitea. Beraiekin ez bazen, gure etorkizuna geuk suntsitzea. Orduan ikasi nuen: kontuz kristauekin. 
Orduan ere dena ez zen txarra, bigarren oroimena ondo bestelakoa da. Ikastetxea herriko plazan zegoen. Jolas-orduan zuzenean kalera atera, eta beste herritarrekin nahasten ginen. Gaur egun, ikastetxeek kartzela itxura dute. Sarez eta txarrantxaz inguratuta daude; nonbait, ez da komeni herrira ateratzea, ezta herria ikastetxera sartzea ere. Garai hartan, adin askotako umeok elkarrekin ikasten genuen, gela berean. Horrek herriaren etorkizunaren ­egituraketan aparteko garrantzia duela iruditzen zait. 
Gaur egun, Zerainen lan egiten dut, herri txiki-txiki batean. Handia da, baina, gauza askotan. Tartean, herriko eskolaren kudeaketan. Eskola txikia da, baina ikastetxe handi askotan baino hobeto hezten dira haurrak. Herriko eraikuntza nagusian dago eskola. Han daude haurtzaindegia, medikuaren kontsulta, kultura-ekintzetarako ­aretoak, Herri Museoa, etab., eta herriko plaza nagusia dute jolastoki. Honela, haurrek herritarrekin edo museora datozen beste ­ikasleekin edo turistekin nahasian ­egiten dute beren bizimodua. Hau da, herriaren bihotzean hezten dira, ez kartzela batean. 
Era berean, eskola txikia izanik, 3 eta 9 urte arteko haurrak elkarrekin hezten dira. Horrek berebiziko garrantzia du etorkizunerako. Haurrak bost urte gehiago edo gutxiago dutenekin komunikatzen eta harremanak izaten trebatzen dira. Horrela, transmisio-katea ez da eteten, eta, herriaren ­etorkizuna lantzeko garaian, denen arteko komunikazioa askoz errazagoa eta eraginkorragoa da. Hezkuntzak herritarrak sortu behar ditu. Herri-lana da hezkuntza. Zeraindarrak eskolan egiten direla diote han.