Zer baliabide ditu irakasleak beste kultura batzuetako familiengana gerturatzeko?

2014-05-01
 
 
Kultura-aniztasuna hezkuntzan
Abiapuntu gisa eta ezertan hasi aurretik, komenigarria iruditzen zait hainbat puntu argitzea, ondorengo lerroetan azalduko dudanaren oinarri eta ­abiapuntu direnez. Kultura-aniztasunaz eta hezkuntzaz ari garenean, ez ­dago esan beharrik gai zabala bezain konplexua dela. Egun bizi dugun garaian, gure erronka gaiari heldu eta gutxieneko hausnarketa bat egitea da. ­Izan ere, beste gai asko bezalaxe, bi kontzeptu edo elementu hauek, aniztasuna eta hezkuntza, batetik, gai dinamikoak eta aldakorrak dira; bestetik, berriz, faktore, eragile eta baldintza ­ugarik hartzen dute parte. Azkenik, ­ezinbestekoa da egungo eta etorkizuneko hezkuntza-eredu egonkorra, parte-hartzailea, inklusiboa, lankidetzan oinarritutakoa eta berdintasunezkoa sortzeko nahiz haurrak errespetuan eta aniztasun-balioetan hezteko. Horregatik, zaila da kudeaketatik eta ­erronkatik etekinik onena ateratzeko errezeta magiko, zehatz eta pertsonalizatua eskaintzea.
Halere, kultura-aniztasunaren eta migrazioaren alorretan hainbat eskarmentu eta bizipen igaro ostean, nire asmoa ondorengo lerroetan diagnosirako gutxiengo erremintak edota elementuak eskaintzea da, egunerokoan “plazan” aritzen zaretenoi ekarpen xume bat eskaintzea. Izan ere, lehen eta azken erronka eta helburua ikastetxeetan duzue, ikastetxeetan izaten eta gauzatzen baitira haurren, familien, irakasleen eta beste askoren arteko sozializazio-harremanak. Halere, ez da soilik ­erakunde horren eskumena eta ardura gaiari behar bezala heltzea eta sortzen diren behar edota gatazkei erantzuteko ekintzak gauzatzea. Egia da garrantzitsua dela ikastetxea aniztasunaren aldeko ekintzak gauzatzeko nahiz inklusiorako bidea emateko gune ideala dela ohartzea. Alegia, ezinbestekoa da gaitasun eta aukera horretaz kontzientzia hartzea, baina, noski, hori bideratzeko, behar-beharrezkoak dira erreminta eta baliabide osagarriak nahiz, zenbaitetan, zentralak. Beste alor askotan bezalaxe, erronkei eta helburuei behar bezala erantzuteko baldintzak ­eman eta eskaini behar dira, eta modu esplizituan, gainera, kontua ez baita soilik aukera izatea. Haurren aniztasuna kudeatzeko, eremu aparta da ikastetxea. Izan ere, aniztasunak berdintasuna behar du; behar-beharrezkoak ditu elementu komun partekatuak, kohesioa edota batasuna bilatzeko eta lortzeko: totem bat. Beraz, abian jartzeko, egungo gure herri eta hirietako ikastetxe gehienek jada bermatuta dituzte bi osagai horiek.
Zertaz ari gara aniztasunaz ari garenean? Lehenik eta behin, iruditzen zait galdera hori argitu beharreko kontzeptua dela, gainetik bada ere. Betidanik ­izan dugu aniztasuna gure familietan, herrietan, auzoetan edota ikastetxeetan. Guk geuk ere geurea dugu aniztasuna. “Zenbat buru hainbat aburu” dioen esaldi bat ere badugu euskaraz, gustu eta ideien aniztasunari erreferentzia egiten dion atsotitza. Euskal Herritik bertatik hainbat zibilizazio igaro dira, ­eta euskaldunak ere bidaiariak izan dira; eta, beraz, urruneko lurrak dibertsifikatu ditugu. Horregatik, garrantzitsua da azpimarratzea egun dugun kultura-aniztasuna eta, beraz, irudikatzen den mosaiko koloretsua, kontrastez jositakoa eta heterogeneoa, ez dela guztiz berria; askotariko piezak eta tonu ugaritako osagaiak izan ditu. Hori horrela, ikastetxeek bestelako erronkak zituzten garai batean, edo inklusiorako bestelako aniztasunei erreparatzen zieten, edota bestelako aniztasunez arduratzen ziren. Azken urteotako migrazio-mugimenduek jatorri-aniztasuna areagotu eta kopuruz handitu dute, eta munduan dauden kulturen ordezkaritzak ekarri dituzte gurera. 
Ikastetxeen harreraren garrantzia
Datorren tokitik datorrela ere, haurra ikastetxera iritsi bezain laster, sarrera eta harrera samurra eskaini behar zaizkie bai haur horri berari eta bai haren familiari. Hori behar bezala prestatzeko, garrantzitsua da hainbat alderdi aldez aurretik jakitea, arestian aipatutako egoeraren diagnosi egokia egin ahal izateko. Alderdi horiei alderdi psikosozial deituko diegu; eta egoki gertatuko zaigu, ezaugarri pertsonalez edo idiosinkrasikoez gain (hauetariko asko haurra ezagutu ahala jakingo ditugu), alderdi kulturalak eta testuingurukoak ere aurrez zein izan daitezkeen jakitea, hainbat gatazka saihesteko eta zenbait baliabide abian jartzeko. Era berean, komeni da argi adieraztea horiek ez direla aurreiritzi gisa formulatu behar ­edota ez dugula orokortasunetik abiatu behar. Alegia, aurrez egoera hipotetiko batzuen gainean ohartzeak ez du esan nahi jatorri zehatz baten gaineko “X” ­egoera edota ezaugarri gertatu behar direnik aldiro. Bestela esanda, hezurdura posibleak zein diren jakitea da honako zerrenda honetan ageri diren alderdien asmoa:
• Familiaren migrazioaren arrazoiak zein izan diren: familiarrak, politikoak, sozioekonomikoak, gerrekin lotutakoak...
• Haurra familia batzeko xedez iritsi den: zer ibilbide egin duen gurera iritsi haurretik, eskolatua izan den ala ez, hizkuntzen ezagutza(k) eta erabilera-esparrua(k), jatorrizko herrialdean noren zaintzapean egon den, zer senide ­eta harreman utzi dituen jatorrizko herrialdean, zer aldaketa izan dituen familiak harrera-gizartean haurra kanpoan zegoen bitartean (senide berriak…). Bestalde, nabarmentzekoak dira, eta kontuan hartu beharrekoak, edozein migrazio-prozesuk dakartzan doluak (Ulisesen sindromea deiturikoa), haurraren migrazio-proiektua, oro har, inposaturikoa izaten baita eta jendarte-­eredu berrira egokitu beharko baitu.
Beharrezkoa da aurrekari horien gainean hausnartzea eta baliabideak prest izatea eta eskaintzea. Ez dira denak ikastetxearen esku egongo; izan ­ere, familiaren baitan eta honek gizarteko bestelako eragileekin duen harremanaren, zerbitzuen eta baliabideen baitan egongo dira maiz. Garrantzitsua da, ordea, ikastetxeak horien gaineko ezagutza izatea eta esku hartzeko beharrezkoa den koordinazioa ziurtatzea. Horra hor ikastetxea inguratzen duen komunitatearekin harremana izateak duen garrantzia: etengabeko komunikazioa izan behar du bai haurrarekin ­eta bai bere familiarekin. Hortaz, hasiera batean, bestelako jatorrietatik datozen haurren kasuan behar bezalako harrera eta ongietorria egiteko, beste hainbat espezifikotasun ere kontuan hartu behar dira, edozein haurrek izan dezakeen lehen uneko beldurraz, moldaketarako epearen beharraz edota ziurgabetasunaz gain. 
 
Ikastetxearen erronkak eta aukerak
Aurreko alderdiak aurreikusteko, hautemateko eta horiei erantzunak ­emateko halako “zoom” edota begirada zehatz bat beharrezkoa den bezala, aniztasunean hezteko, orokortasunaren planoa izan behar dugu buruan. ­Alegia, alderdi eta aniztasun oro ikasle guztientzat ikasteko aukera bilakatzea da inklusioa. Ez dago etiketarik; hortaz, ez dago etorkinaren edo iritsi berriaren kategoria zehatzik. Aitzitik, kontuan hartu beharko dute irakasleak nahiz ­ikastetxeak horien inguruan erantzun eta prozesu egokia eskaintzeko baliabideetan behar horiek hor dituela. Ikastetxeak zubiak eraiki beharko ditu −zubiak pluralean− ikasleek era espezifikoetan agertzen dituzten behar berezietara, eta horren baitan moldatu beharko ditu metodologiak, edukiak eta ekintzak. Helburua bat eta bakarra da, edozein izanik ere haurraren egoera, beharra, ahulezia: guztien arrakasta bermatzea, eta horietatik balioetan hezitako herritarrak bilakatzea. Oinarrian, hauxe hartuko da premisatzat: ­aniztasunak aberastasuna eskaintzen dio ikastetxeari, eta, beraz, zenbat eta ­aniztasun handiagoa, orduan eta hobe!
Hizkiz eta paperaren gainean adieraztea erraz samarra da; hau da, egoera idilikoranzko bidean asmo onak aitortzea lan erraza da. Ikastetxeetako eguneroko dinamikek, erritmoek, baldintzek eta maiz izaten diren gabeziek, ordea, muga ugari sortzen dituzte. Beste gai askotan bezalaxe, honetan ere inbertsioaren eta prebentzioaren kontzeptuak izan behar ditugu gogoan. ­Ezinbestekoa da ekintzak gertatu ahala erreakzionatzea, eta ikastetxeetako langileek malgutasun hori ezinbesteko gaitasun izan behar dute eguneroko dinamiketan. Bestalde, badira hainbat faktore komun, aurrez ibilbide-orria prestatzen joateko. Hala, hasieran formula zehatzik ez dagoela adierazi dudan arren, aurrea har daiteke, bai kultura-aniztasuna lantzeko eta bai erantzun positiboa eskaintzeko moduetan. Batetik, harrera-planaren garrantzia azpimarratu behar da; nola edo hala, protokoloa sortu behar da, ikasle iritsi berriaren sarrera sistematizatu; eta, hori behar bezala egiteko, eskura jarri behar dira beharrezkoak izango diren tresnak. Ez dugu, ordea, era inprobisatu ­eta aldakorrean eta petatxuak josiz bezala jardun behar. Horretaz gain, bada bestelako ezaugarri bat, bai ikasteko garaian eta bai gizarterako kohesioa sortzeko garaian erabakigarria izango dena: hain zuzen ere, gurean euskarak duen garrantzia, horrek ahalbidetuko baitie guztiei aukera berdinak izatea, ­edozein esparrutan parte hartzeko orduan.
Hori egin ahal izateko, ezinbestekoa da haurrak dakarren nortasun linguistikotik zubia eraikitzea; izan ere, dakarren hizkuntzak dakarren jatorriari egiten dio erreferentzia (familiari, harremanei, bizipenei, oroitzapenei...), ­eta, horregatik, hizkuntza hori ongi eta egoki tratatzeak eta ezagutu eta aitortzeak baldintzatuko du bigarren hizkuntza ikasteko eraiki nahi den zubiaren sendotasuna.
 
 
Baliabide eta tresnak:
-Francesc Carbonell. La acogida. Acompañamiento del alumnado recién llegado.
-Carles Oller eta Eva Colomé (2010). Alumnado de otras culturas. Acogida y escolarización. Graó. Bartzelona
-Ima Ortega (2004). Ikasle etorkinentzat harrera plana egiteko orientabideak. Eusko Jaularitzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Vitoria-Gasteiz
-David Lasagabaster. La acogida del alumnado inmigrante en Canadá: el caso de la ciudad de Toronto
http://www.redalyc.org/pdf/274/27411341011.pdf
-Kulturarteko ikastetxeen sarea:
http://www.escuelasinterculturales.eu/spip.php?article140