Koldo Saratxaga: Partekatzeak lehiatzeak baino lehentasun handiagoa izango duen gizarte-eredua dut helburu kooperatiban eta hezkuntzan

2014-05-01

Harreman eredu berri bat ­aldarrikatzen du Koldo Saratxagak (Sopuerta, 1947) hala kooperatibetan nola hezkuntzan. Pertsonek garrantzia izango duten eredu bat bilatzen du, ­etika eta gardentasuna nortasun ­ezaugarri izango dituen gizarte-eredu bat. Bere estiloaren ikurretako bat ­Irizar kooperatiba izan da, eta gaur ­egun Ner group-en dihardu, baina ­hezkuntzan ere egin ditu sartu-irtenak, bai irakasle bezala eta baita guraso ­bezala ere, baina bereziki ­hausnartzaile gisa: “Nire iritziz, ­eskolak gaur egun baino baliabide gehiago eduki behar ditu: profesional onenak eta, hala nola, garaian garaiko behar material eta teknologikoak ­aseak. Gizartearen konfiantza eta ­aitortza handia eduki behar ditu, ­sormen eta esperimentazio prozesu ­jarraia izan behar da, eta taldeko lana bultzatu behar du, indibidualismoa ­gutxituz, partekatzea balioetsiko ­duena eta ez lehiatzea”.

 
 
Kooperatibaren mundutik zatoz, esparru hori berdiseinatzen aritu zara. Harreman eredu berri baten beharraz diharduzu, eta horren barnean hezkuntzaren gainean ere asko hitz egin duzu azken aldian. Zerk bultzatuta?  
Betidanik pentsatu izan dut mundu honetan “aukera berdintasuna”-ren kontzeptua hiri-legenda bat izan dela eta hala jarraitzen duela izaten. Genetikaz gain, lekuak, familiak eta egoera ­ekonomikoak zerikusi handia dute pertsona bakoitzaren etorkizunean.
Haatik, uste dut egoera hauek orekatzeaz arduratu egin behar dela jendartea, eta ahalegina egin behar duela aukeren berdintasuna benetakoa izan dadin.
Hitzaldi eta solasaldi guztietan errealitate zientifiko bat azaltzen dut, bizitza asko errazten duena, eta ez da oso kontuan izaten: “munduan ez daude bi pertsona berdin, eta, gainera, egunetik egunera ezberdinak gara”. Honakoa ­erantsi ohi dut: “Gora aniztasuna!” ­Aniztasun horretatik hautematen dut gizakiok elkar eragiteko eta harremantzeko dugun beharra. Hor hautematen dut emozionala, sentitzen duguna pentsatzen eta egiten dugunaren aurrekoa dela. Pertsonen ziklo naturala “sentitu, pentsatu eta egin” dela ulertzen dut.
Aniztasun hau aproposa da taldean lan egiteko, eta nork bere onena emateko aukera ematen du, eta ez dauka besteek ematen duten horren berdina izan beharrik. 
Ner group-en partekatzen dugun harreman-eredu berrien oinarrietako bat hori da. Uste dut, baita ere, irakaskuntza-hezkuntza aldia pertsona guztiek baldintza berdinetan izan behar duten aukera bat izan behar dela.
Enpresetan pertsonen arteko harreman estilo berri bat aldarrikatzen duzun moduan, hezkuntzan ere eredua aldatzeko beharraz hitz egiten duzu. Zergatik?
Guk proiektuei buruz hitz egiten dugu. Enpresa bat ondasunak eta zerbitzuak sortu eta merkatuari eskaintzen dizkion leku bat da. Erakunde bat gauza bera da baina pertsonak barnebiltzen ditu, terminologikoki. Eta proiektu bat, guretzat, batzen dituen helburu eta ilusio berdinak dituzten pertsonen artean ondasunak edo zerbitzuak sortzen dituen leku bat da. 
Uste dut irakaskuntzako erakundeak, goragoko maila bateko organismoen —politikoen— menpeko direnak ­eta horiek orientaturik daudenak, oso urrun daudela eskolak, familiak edo gizarteak sor dezaketen hezkuntza proiektutik. Gaur egun, uste dut, irakaskuntza prozesu batetik gertuago dagoela. 
Zer nolako gizarte eredua duzu helburu kooperatibetan zein hezkuntzan planteatzen duzun harreman estilo berriarekin?  
Partekatzeak lehiatzeak baino lehentasun handiagoa izango duen gizarte-eredua dut helburu kooperatiban eta hezkuntzan proposatzen dudan harreman estilo berriarekin. Etika eta gardentasuna nortasun ezaugarri izango dituen gizarte-eredu bat. Giza Garapen Justu eta Jasangarri bat ahalbidetuko duen gizarte bat.
Gaur egun, honetatik guztitik oso ­urrun gaude, hasi berri dugun aro al­daketa hau pasatzen utzi ezin dugun aukera bat da. Horrek gizabanakoaren lehen urteetan  balioetan oinarri sendoa ezarri behar dela esan nahi du. 
Hamalau urtez zure alaben ikastolako hekuntza-komunitatean inplikatuta egon zinen. Zer ikasi zenuen han? 
Nire bizitzako hamalau urte haiek benetan ederrak izan ziren. Diktadura bete-betean geunden eta jakitun ginen geure hezkuntza eredu propioa sortu behar genuela. Beharrezkoa zen, eraikuntzak egiteaz gain eskolaz kanpoko gauza guztietan parte hartzea, nagusi zen eredutik urrunduko zen eredu pedagogikoa diseinatu behar genuen, geure nortasun ezaugarri propioak ­emango zizkiguna.
Alor ugaritan hartu nuen parte, guztia baitzegoen egiteko, baina denbora guztian egon nintzen talde pedagogikoan. Dinamika horrek Euskadiko beste ikastola asko ezagutzeko eta haiekin ekimenak partekatzeko aukera eman zigun, gaiari buruz nazioarte mailan ­idatzia zegoen guztia estudiatzeaz gainera. Gaur egun, ikastola horretan ez dago familiei euren seme-alaben hezkuntza-etorkizunean aktore, arte eta parte izateko aukera ematen dien estilo hartako ekintzarik. Dagoeneko ez dago hezitzaileekin —zeinak superilusionaturik eta superkonbentziturik baitzeuden— partekatu genuen harreman handi haren parekorik.
Eskolak aurrediseinatuta daudela eta horrek haurrei hegoak ebakitzen dizkiela salatu duzu behin eta berriz. Zein izan daiteke alternatiba? 
Hain zuzen ere, oso prozesu administratiboa da eta, neurri handi batean, aurrez ezarrita dagoen eredua jarraitzea behartzen du, ezker hemisferioaren garapenean, (hau da, hizkuntzaren lengoaiaren arduradun den hemisferioan, gaitasun linguistikoan, analisi gaitasunean eta problema matematikoen ebazpenean, memoriaren, pentsamendu logiko eta arrazionalaren hemisferioan) oinarriturik dagoen eredua. Bietan intelektualena, formalena eta konbentzionalena da; oso ondo xurgatzen eta jasotzen ditu informazio teorikoa, numerikoa, izenak, definizioak eta datak. Kontrara, bere sentimenduak kontrolatu eta eragozteko ohitura du. Antolaketaren, ordenaren, egituraren eta plangintzaren arduraduna da. Oso esanekoa eta diziplinatua da, ­arauen, erregelen, protokoloen, legeen eta estandarizaturiko bideen arabera funtzionatzen du. Eta beldurra erabiltzen du balizko mehatxu eta arriskuetatik onik ateratzeko. 
Ez dago gure giza izatearekin lotzen gaituen dimentsio emozionalarekin eta espiritualarekin bat egiten duen eskuin hemisferioa garatzeko denborarik, ez gogorik; hemisferio horrek gauzen alderdi kualitatiboa, ukiezina eta immateriala sentitzen laguntzen digu. Bi hemisferioetan artistikoena, originalena eta errebeldeena da; normatik atera eta sozialki ezarrita dagoenetik harago joatea gustatzen zaio. Sena, irudimena, berrikuntza eta pentsamendu sortzailea garatzen laguntzen digu; ez zeuden eta itxura batean posible ez ziren gauzak ­eta ideiak ikusteko erraztasuna du. Azken batean, geure barneko ahots propioa jarrai dezagun konfiantza ematen digu, eta beraz, geure ibilbide propioa egitekoa.
Urte berean jaioak direlako ikasleak multzokatzea astakeria iruditzen zaizu, baita notak eta kalifikazioak ere, eta irakasle bakoitzeko 24 haur gehiegitxo direla diozu. Nola eman buelta egoera horri?  
Munduan oso eredu gutxik lehenetsi dute hezkuntza industriaren, segurtasunaren edota ekonomiaren gainetik... Finlandia izan liteke hurbiltzen zaion eredu bat. Ezarrita dagoen botereari ez zaio interesatzen bere hiritar guztiek eskuin hemisferioa garaturik ­izan dezaten; ez litzateke erraza izango haiek denak maneiatzea.
Gertukoenean, Espainiako Estatu batek, sei-zortzi urtean behin hezkuntzaren oinarriak ezartzen dituen legeak interes politiko-ideologikoagatik ezartzea, egokitasunaren antipodetan dago, eta honek bete-betean eragiten dion Euskadiri. Hemen ere ez diogu ­eman daukan garrantzia, aitortutako eskuduntzen barruan. Ez da parte hartu duten alderdien artean erakarmen handiena izan duen Sailburutza. Benetan tristea. Berrogei urteko autonomia joan da, herri batek etorkizuna definitzeko eta aldatzeko beharrezko denbora, eta ez dugu jakin ezberdinak izaten. Herri batek, osatzen duten hiritarrek eta beren politikariek,  lehentasunak argi izan behar ditu etorkizuneko ikuspegiarekin. Argi zegoen eraikuntzak eta azpiegiturek ez zutela lehentasun izan behar. Hezkuntza eta aukera berdintasuna lehenesten dituen gizarte batek goi mailako balioak ditu eta horrek gizarteari, osasungintzari, alor ekonomikoari eta ingurugiroari askoz modu justuagoan eragiten dio.
Hain zuzen ere, jaiotzen den izaki bakoitza paregabea da, baina bere bizitza berehala hasiko da egituratzen adinaren arabera, urte mordoxka bat ­iraungo duen ibilbidea beste hogeita hiru kiderekin zeharkatuko du, urteko irakasle batekin, aurrez ezarritako irakasgaietan oinarritzen den sistema batean; azkar, inor urduritu baino lehen ­irakurri eta idatzi beharko du, berehala has dadin ezker hemisferioa garatzen, azterketa estandarrei aurre egin beharko baitie, paregabeak diren ikasle guztientzako berdinak baitira azterketak, eta gozatu edo sufritu egingo dute euren gurasoen espektatiben arabera, eta euren neba-arrebak, lehengusu-lehengusinak, lagunak edota bizilagunak baino hobeak baldin badira. Horrela daramatzagu hamarkada mordoa. Bejondeigula!
Hezkuntza-eredu egokirik ezagutzen duzu? Zein dira horretarako gakoak, zure ustez?   
Ner group-eko hainbat kiderekin batera Bartzelonako Montserrat, Bizkaia ikastetxea eta Zornotzako Amara Berri ezagutzeko aukera izan nuen duela hiru urte. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina kasu guztietan estandaretik aurrera daudela iruditu zitzaigun.Adibide gisa aipatuko dizkizut ­Amara Berri Zentroen sareak (hogei bat) eskaini zizkigun hatsarre metodologikoak: 
Sozializazioa: Sozializazio printzipioak garamatza gizarteko gizaki izatera. Besteekiko elkarrekintzak aurrera egiten laguntzen digu, geure eskemak aldatzen eta horregatik, planteatzen diren ekintza guztiek gizarte mailako testuingurua dute.
Jarduera: Norbanakoaren ekimen gaitasuna sendotzea. “Ikasleek euren kabuz egin dezaketen guztia, ez dezatela irakasleek egin”. Burua argi, gogotsu eta ekimenarekin eta jakin-minarekin eduki dezaten nahi da.
Indibidualizazioa: Ikasle bakoitzak bere mailaren eta erritmoaren arabera lan egin dezan programa bat ahalbidetu behar du ikastetxeak, ikasle bakoitzaren gaitasunaren eta dagoen egoeraren araberakoa.
Sormena: Sortzeko gaitasuna edo trebezia. Gizaki guztiok dugun gaitasuna da, eta alor guztietan bultzatzen dugu, ikasle bakoitzak barruan daukan ­onena atera dezan eta nor bere berezitasunaz jabe dadin.
Askatasuna: Indibidualaren eta sozialaren artean dagoen bizi-egoera. Besteak errespetatuz norberak pentsatzeko, adierazteko, aukeratzeko eta den bezala agertzeko duen eskubidea da, eta eskubide honek ezartzen du guk muga soziala deitzen dioguna.
Globalizazioa: Sistema ireki baten barruko bizi-prozesu gisara ulertua.
Normalizazioa: Testuingurua ezagutzea eta menperatzea, bertan kokatzea.
Berrikuntzaz behin eta berriz hitz egiten da enpresen alorrean. Baina, berrikuntzaz hitz egiten denean, zer adierazi nahi da?  
Esaten dut berrikuntzaren kontu hau, esportatzearekin eta lehiakortasuna hobetzearekin batera, krisitik irteteko politikariek eta tertuliakideek aspertu arte soluzio gisa errepikatzen duten mantra bat dela. Horrez gain, ekintzaile izatearena eransten dute.
Alabaina, oso gutxi hitz egiten da pertsonei buruz eta, are gutxiago, pertsona horiek euren ekintzaren txotxongilo izan beharrean aktore izan daitezen antolakuntzan egin behar diren ­aldaketei buruz. Aldaketa horiek egin ezean, txotxongiloek aurrez beste batzuek ezarritako prozesuen arabera ­egingo dituzte zereginak, horixe baita nagusi den piramide-eredua. Hauxe da, nire ustez, mundu osoko era guztietako erakundeak eraberritzeko modurik onena.
Era berean, esan behar da eraberritzea edo berrikuntza uzta bezala dela, ereitearen eta horren garapenaren araberakoa. Ereintza sormena bezalakoa da, gizaki guztiok berez daukagun ­ezaugarria, eta motibaturik, ilusionaturik eta edozelako prozesutan parte-hartzaile libre izanik, ondasun eta zerbitzu bihurtzen dugu, gure gizarteari balio berri bat erantsiz.
Eta berrikuntzak zein toki izan beharko luke eskoletan?  
Amara Berrin ezarritako hatsarre metodologikoek lagun dezakete ikusarazten.
 
Eremu askotatik esaten zaio eskolari gaur egungo merkaturako eta gizarterako prestatu behar dituela gazteak. Ados zaude horrekin?
Gaur eguneko beharrentzat prestatzea baino egokiagoa litzateke etorkizuneko beharrentzat prestatzea. Azken bi urte hauetan, unibertsitateetako azken ikasturteko ikasleekin nire egonezina partekatzen dudanean, honakoa esan ohi diet: “Duela hamarkada bat esaten nizuen ez  zenidatela inbidiarik ematen zuen hogeita piku urte horiekin eta bizitza osoa aurretik duzuela, izan ere, gehiengoak errealitate sozialean duzuen eragina laua da, indibidualismoaren eta kontsumoaren dinamika orokorrak eraman zaitzaten uzten duzue, eta etorkizun hori ez da oso erakargarria”. Orain beste hau esaten diet: ­“Une honetan inbidia ematen didazue, orain hasi dugun eta hogei-hogeita ­hamar urte barru errealitate izango den aro aldaketaren partaide izango baitzarete, eta aldaketa honetan, iraultza honetan, bai parte hartzea gustatuko litzaidake. Ez duzue epe  laburrean lan bat bilatzeagatik kezkaturik egon behar, bizitzea egokitu zaizuen historiako une honetako parte izateko modua bilatu behar duzue. Nahi baduzue, zuen eta zuen ondorengoen etorkizuna diseina dezakezue”.
Horretarako askatasuna eta gizadiaren etorkizuna berriro diseinatzeko giltzarri diren gaiak modu irekian jorratu ahal izateko arragoa behar luke izan gaur eguneko eskolak. 
Lan-mundura iristean, zein dira gazteek izan ohi dituzten gabezia nagusiak? Eta indarguneak?  
Indargunea euren espezialitatea definitzen duen oinarri teorikoa izan ohi da, eta baita euren eskemen arabera errealitateko ekintzetan inplikatzeko erakusten duten jarrera argia ere. Hobetu beharreko alderdien artean, balioei buruzko hainbat gabezia erakusten dituzte, ametsak, sormena, begietako dirdira, arriskatzeko gaitasuna, komunikatzeko gaitasuna, lidertza, ni-a ahaztu eta erakundeak osatzen dituzten pertsona anitzen artean eroso integratzea eta ez soilik adinkideekin, bizilagunekin edo ikaskideekin harremanak izatea.
Gaur egun enpresetan jakintza baloratzen dela diozu, baina nola sortzen da jakintza? Eskolak zein funtzio bete dezake horretan? 
Nire ustez bada jakintza nola lortzen den zehazteko modu bat: Formazioa (F1) + Informazioa (I1) +  Esperientziak (E1)= Jakintza
Honako honekin jarraitzeko: Jakintza (J1) +Formazioa (F2) + Informazioa (I2) + Esperientziak (E2)= Jakintzak (J2) eta, horrela, ondoz ondo. Etengabeko formazioa eta informazio eguneratua ez lirateke aski izango etengabe esperientzia berriak izango ez bagenitu. Hau zeregin zehaztuak eta errepikakorrak dituzten eta ezustekoren bat dagoenean goitik dagoen norbaiti galdetzen dioten pertsonen kontrakoa da. Gauza bera gerta liteke etxean edo eskolan. 
Epidemia hau taldeko lanarekin, gardentasunarekin, etikarekin, askatasunarekin eta parte hartzaile guztien eskuzabaltasunarekin gainditzen da.
Irakasle asko arduratuta daude pertsona globalak, osoak hezten. Gaur egun eskola organizatua dagoen moduak (irakasgaiak, espezializazio goiztiarra…) pertsona zatikatzen duela uste dute eta hori etorkizunerako kaltegarri izan daitekeela pertsonarentzat. Zer esango zenieke irakasle horiei? irakasle horiei? 
Ez dut uste aurrean ikusten dugun etorkizunari begira, egokiena denik.
XIX. mendeko irakaskuntza eredu bat daukagu, trenbidearen garaikoa, industria eskulan gaituagoa eskatzen hasi zen garaikoa. Ez dut uste onargarria denik XXI. mendeko irakaskuntza zentroak, formazio profesionala edo goi mailakoa enpresa handiek hurrengo bost edo hamar urteetan —harago ­ezin baita ikusi— izango dituzten beharrizanen araberako formazioa izango duten gazteak “ekoiztera” bideratu behar denik. Bide batez esanda, ez dauzkagu kontuan neurri txiki eta ertaineko enpresak, gazte horien ehuneko laurogeia hartuko dituztenak, hain zuzen ­ere. Gaur egun, hogei urteko pertsona batek berrogeita hamar urteko lan-bizitza dauka aurretik. Inork ba al daki zer espezialitate behar izango dituen berrogeita hamar urte horietan? Inork ­esan al die heren batek ez duela lan egin ikasi duen horretan? Inork esan al die ­egunak hogeita lau ordu dituela, urteak 365 egun eta euren bizitzarako eta ongizaterako bizitza-harreman esparru garrantzitsua dagoela laneko zortzi ordu horietatik landa? Esan al diete pertsona izanik gizarteko zati nagusi direla eta horrexegatik harremanak izan eta elkarbizi behar dutela pertsona ezberdinekin?
Benetan, esango nieke erronka zoragarri bat daukatela aurrean eta ez ­dela zain egon behar modu tradizionalean, murtxikaturik, eman diezazuten ezer, baizik eta borroka egin behar dela lortzeko.
Irizar enpresako nahiz NER taldeko kooperatibetako zein enpresetako zure bidea eredutzat hartzen da mundu guztian. Zein dira eredu horren gakoak? Eta zer hartu dezakete eskolek eredu horretatik? 
Ner group-en gure estiloa zehazten dugu eta tradizionalari edo nagusi denari aurre egiten dio. Erreferentzia hauetatik ateratzen dira ezarri nahi diren adibide eta errealitate guztiak.
Honako irizpide hauetan oinarritzen da organizazio-estiloa: Harremantzeko Estilo Berria (ner, gaztelaniaz): ­etika, gardentasuna, komunikazioa-informazioa, konfiantza, talde autokudeatuak, askatasuna, ardura, erabakiak elkarrekin, etorkizuneko ikuspegia, elkartasuna, ez dago ordu estra ordaindurik, kaleratzerik ez, gizartean integraturik... Eta proiektuaren ardura partekatua da.
Aldiz, nagusi den eredu tradizionala irizpide hauetan oinarritzen da: aginte katea, prozesu eta prozedurak, kontrola, komunikazio gabezia, gardentasun gabezia,  etika falta; jabetza/zuendaritza eta langileen artean zatiketa; uzta jabetzarentzat, ekintza/lanen bermea... Eta, kasu hauetan, proiektuaren ardura jabetzarena da.
Zer eskatuko zenioke hezkuntzari? 
Hezkuntzari buruzko definizio bat, beste askoren artean, honako hau izan liteke: “Norabide ugariko prozesua, zeinaren bidez jakintzak, balioak, ohiturak eta jokatzeko moduak transmititzen diren. Hezkuntza ez da soilik hitzaren bidez gauzatzen, gure ekintza, sentimendu eta jarrera guztietan dago”.
Nire iritziz, eskolak gaur egun baino baliabide gehiago eduki behar ditu: profesional onenak eta, hala nola, garaian garaiko behar material eta teknologikoak aseak. Gizartearen konfiantza eta aitortza handia eduki behar ditu, sormen eta esperimentazio prozesu jarraia izan behar da, eta taldeko lana bultzatu behar du, indibidualismoa gutxituz, partekatzea balioetsiko duena eta ez lehiatzea.
Dagokion gizarteari begiratu behar dio, irakasleei, ikasleei, familiei eta ingurune soziokulturalari. Burokratizazio eta hierarkizazio gutxiago, freskotasuna, sormena, askatasuna, eskuzabaltasuna, konfiantza  eta elkarrizketa.
Ikastetxeetan nire ezinegona kontatzeko aukera izan dudan guztietan, harreman estilo berriaz zer ulertzen dugun azaltzeko aukera izan dudan bakoitzean, hainbat irakasle gerturatu ­izan zaizkit euren zentroak behar duena horixe bera dela esatera.
Ikastetxeak eurak dira barne mailako hausnarketa bat egin behar dutenak, zer proiektu bultzatu zehaztu ­behar dutenak eta gauzatu behar du­tenak, hainbatek dagoeneko egiten duten eran. Ez dezagun ahaztu arau guztiek guk nahi dugun ibilbidea daukatela.Aspertu gabe errepikatzen diet gazteei pentsa dezatela zeri eskaini nahi dizkieten euren bizitzetako hurrengo orduak. Badira bizitza bila igarotzen dutenak eta sekula egiten ez dutenak. Kontua da ez dakitela zer bilatzen duten eta, era horretan, ez dute inoiz aurkituko.Irakaskuntza aurkitu nahi den ardura bat iruditzen zait, argi izan behar baita zeri eskaini nahi zaizkion norbere bizitzako ordu asko eta asko. Ez bada hala, hobe da beste ardura bat hartzea, garrantzi gutxiagokoa, noski.