Ane ABLANEDO: Min ematen dit herriak

2014-07-01
Maite dut nire pentsamenduek haur denboretara jauzi egiten duteneko sentsazioa, bai eta horrelakoetan gogora etortzen zaizkidan haurtzaroko irudi lausoei kulunka nazaten uztea, orduko bizipen gozoen magalean. Eskuartera suertatutako argazkiren bat izan ohi dut nire iraganean murgiltzeko aitzakia nagusi. Batzuetan baina, ondotik pasatzen zaidan lurrin iheskorren bat , edo ahanzturaren gordelekura igorritako zapore zaharren baten aurkikuntza pozgarria izaten da eskutik heltzen nauena eta zuzenean berarekin naramana haurra nintzeneko garaiko atmosfera indartsu eta ebokatzaile horretara.
Gogorapenok laguntzen didate izan nintzen neskatilaren nolakoa nire barrenean irudikatzen, eta gustatzen zait deskubritzea haur ttipiaren begirada eta keinuetan, edo inguruaren detaile ttipietan, naizen emakumearen funtsezko ezaugarri askoren jatorria. Horien arteko bat nagusi ageri da denetan. Orduan bezala orain ere nabarmen eta gidari.Herriak eragiten didan zirrara. Eta ematen didan mina.
Ez zitzaidan etxean euskara eman. Bai ordea gurasoek txertatu, haiei ukatua izan zitzaien kulturaren hazia eta gogoa. Ikastolan hitza eman zitzaidalarik beraz, uztartu egin zitzaion ordurako hezur haragietan mamitua zitzaidan sentimenduari, eta hizkuntza loratu zitzaidan, xamur, eder. Ia berez.
Geroztik euskaldun egin dut orainoko nire bidea. Euskaldunoi pairatzea egokitu zaigun zoritxarraren oso jakitun. Zein den eta nolakoa. Ezinbestean jakin behar, noski, askatasuna eta emantzipazioa edukiko badugu helburu. Eta zorionez jakin ere. Haurroi gurea herri menderatua zela argi, garbi eta konplexurik gabe esaten zitzaigun garaiko kumea naizelako bai baitakit edozein euskaldunek jakin behar lukeen egia funtsezko eta askatzailea. 40 urte berantago sortu banintz, herri menderatua baino, gurea gizarte anitza zela esango zitzaidakeen, tamalez.
Oso ezagun du gureak kolonizazio luzearen higadura sakona . Duintasunaren babesa emanen liokeen ideologia propioaren faltan, etsaiak eskaini betaurrekoak onartu ditu bere errealitatea begiratu eta izendatzeko. Eta halaxe dabil, gustuz ibili ere, horien bitartez ikusten duenaren arabera antolatu nahian bere etorkizuna. Akabatu gogoz lepotik helduta daukan horrek inperialismo izena duela eta erruki gabea dela inozoki jakin gaberik.
Kezkagarria zait oso, nire esparrua den hezkuntzaren horretan ere, bidean asmatu ezinean dabilen herriaren gain behera. Desio dugun hezkuntza sistema propioa independentziaren bidetik baizik etorriko ez zaigula-eta, askatasunaren helburura beharko genuke denok lerratu. Penaz baina dakusat, badela gure artean, herriak berak eta berarentzat sortu ikastola arbuiatzera ere iritsi denik. Etsaiak pozondurik dauden eta guretzat erabat arrotz beharko luketen elitista, pribatu eta burges bezalako etiketekin. Menderatzen gaituen hori entzuten dut mintzo nire anaien hitz akonplejatu hauen bidez. Menderatzailearen etxean gurea eraikitzen utziko digutelako uste inozo bezain ustelean,oker.
Penaz begiratu ere, estrategia politiko orokorrago baten babesaren faltan gure ikastolak daukan nora eza. Diru-laguntzen amua irentsita, sistema arrotzak trukean ezartzen dizkion baldintzetan preso, eman zitzaion eginkizuna eta helburua ditu ia ahantz, jakin ere ez dakiela zein jaunari ari zaion zerbitzatzen, noren aginduetara ari lanean. Eta penaz ere ikusi, nola ez, indarrean dagoen sistemari alternatiba izan asmoz sortutako zenbait eskola “libre”-k, ukatu nahi duten sistema horri egiten dioten mesedea, euskara lehenetsi nahi ez dutenean. Haurrak etxetik dakarren hizkuntza errespetatu behar delakoan, sistemak mendetan indarrez ezarritako hizkuntza horien hegemoniaren konplize bilakatzen dira. Frantses eta espainolaren nagusitasun erabatekoaren inertzian hizkuntzarekiko atxikimendua haurraren motibazioaren esku uztea ere herriaren beste inozokeria bat baino ez delarik.
Etxeko jabetza itzuliko digun askatasunaren giltza sasi artean berandu baino lehen bilatzea da gaurko euskaldunoi egokitu zaigun ezinbesteko ardura.
Gure haurrek merezi duten etorkizunagatik. Otoi.