Dantza eta gorputz hizkuntza, hezkuntzarako estrategia gisa

2014-07-01
Gorputzari hizkuntza trataera ematen dio Balerdik, beraz, hizkuntza gaitasun hori egoki garatuz, norbere emozio eta pentsamenduak adierazteko balio duela dio, besteekin harremanetan jartzen laguntzen duela eta hezkuntza testuinguruetan erabilgarri bilaka litekeela Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn.
 
 
Gorputza behatzea proposatzen du Eneko Balerdik, ezagutzea, entzutea, sentitzea. Lantzea. Eta ikas-tresna bilakatzea. Gorputza erreminta gisa baliatzeko, abiapuntu gisa, nork bere soinarekin duen harremana aztertzea aholkatzen du. Ariketa hori kanpotik zein barrutik egin daiteke; kanpo-funtzioei nola erantzuten dien aztertuz, edo barrutik sentitu liteke, gure organismoak, arnasketak... nola egiten duten lan behatuz. Balerdik era integralean behatzea proposatzen du. 
Dantzatik egin du hezkuntzara bidea Eneko Balerdik. Dantza garaikideko ikasketa eta Eszena zuzendaritza ikasketak egin zituen lehendabizi, eta Hezkuntzaren Psikologia ondoren. Gaur egun Huheziko irakaslea da. Hezkuntza dekretuak markatzen dituen oinarrizko hezkuntza-gaitasunak garatzeko gorputz-esperientzia tresna gisa erabiltzea proposatzen du, bai Haur Hezkuntza, baina baita hortik aurrera ere. 
Gorputzari hizkuntza trataera ematen dio Balerdik, “ez lenguaia bakar baten moduan ulertua, baizik eta lenguaia anitz gisa ulertua, gorputza pertsona bakoitzaren lenguaia bakana izango dela ulertuta”. Beraz, beste hizkuntzak bezala, gorputz adierazpidea ere garatu egiten dela defendatzen du, espresio murritz batetik diskurtso zabal batera arte –sentimenduak nahiz pentsamendua adierazteko baliabide bikain izan arte–. Ezagututa eta landuta, hezkuntza-estrategia aski baliagarria da gorputza Huheziko irakaslearen aburuz. “Beste hizkuntzekin bezala, gorputzarekiko gure alfabetizazio-maila ezberdina da, hitz egin denok hitz egiten dugu hizkuntza horretan, baina askotan ez gara kontziente zer esaten dugun edo zer entzuten dugun”. Irudi-hizkuntzarekin parekatzen du gorputz-hizkuntza Balerdik: “Egunero ari gara irudien bidez mezuak jasotzen publizitatean, baina askotan ez gara mezu inplizitu horiez kontziente; bada gorputzarekin gauza beretsua gertatzen da, etengabe darabilgu bai harremanetan, komunikazioan, gizartean... baina batzuetan ez gara kontziente nola erabiltzen dugun”.
Norberaren gorputz hizkera esploratu eta eraikitzea proposatzen du, emozioen inguruko diskurtsoak, ideia intelektual edo kognitiboak adierazi ahal izateko. Curriculumak esplizituki esaten du  barne erreferentzien eta kanpo erreferentzien kontzientzia esnatu behar duela eskolak haurrengan euren mugimendua garatzerakoan. Gorputza esploratzeko, lehendabizi barnebidaia bat egitea proposatuko die irakasleei –irakasle horiek gero ikasleei proposatu ahal izateko–. Erlaxazioarekin hasi eta bakoitzaren gorputza barruan nola mugitzen den behatzen, “kontzientzia fisikoa garatzen”, lagunduko du, gorputza geldi dagoenean nola dagoen sentitzen, mugitzen denean zer aldaketa gertatzen den ikusten...
Dantza eta gorputz-hizkuntza hezkuntzarako estrategia moduan aurkeztean HHrako eta LHrako nahiz  DBHrako proposamen desberdinak egiten ditu irakaseak, HHko lehen 
etapan bereziki zailagoa baita gorputzaren kontzientzia hitzez azaltzen. Ondoren, hitzaren laguntzarekin, edukiak gorputzetik pasatzea proposatzen du Balerdik, hau da, edukiak gorputza tresna pedagogiko gisa erabiliz barneratzea. 
Gorputz-hizkuntza edukiak lantzeko baliabide izan dadin, bi metodo erabiltzen ditu Balerdik, CLIL eta Learn Physical metodoak. CLILek ikasgai dugun hizkuntza jakintza berri bat barneratzeko prozesuaren ardatz gisa jartzea proposatzen du, esate baterako, ingelesaren bitartez beste jakintza batzuk –natur zientzietakoak, esate baterako– barneratuz hizkuntza hori berau jabetzea. Learn Physical metodoak horixe bera proposatzen du baina gorputza ardatz harturik eta ikasketa-esperientziez gorputzaren bitartez bideratuz.