Eskola emozionala: Estres eta kontzentrazio-arazo ugari izaten dira eskoletan; horiei aurre egiteko balio dute guk irakasten ditugun teknikek

2014-07-01

Pertsona bati kalte egiten dioten pentsamenduak identifikatzen, desegiten eta horien ordez pentsamendu onuragarriak sortzen laguntzen du Eskola Emozionalak. Irakasleentzat baliagarria izan daitekeela uste dute adituek, ez soilik euren burua hobeto ezagutzen eta kontrolatzen ikasiko dutelako, baita ikasleak erlaxatzeko eta kontzentratzeko balio duten teknikak ezagutuko dituztelako ere.

 
 
Asko hitz egiten da azkenaldian emozioek eragindako gaitzez. Ikerketek diote gaur egun biztanleen % 8-10ek antsietatea edo estresa duela, eta % 15ek, berriz, depresioa. Datuok antzekoak dira irakaskuntzaren alorrean ere, irakasleena osasun-arazo horiek jasateko arrisku handiena duten lanbideetako bat dela uste baita. Horrexegatik, XXI. mendeko erronka berriei aurre egiteko, irakasleak zein ikasleak gaitasun emozionaletan trebatu beharra dagoela diote heziketa emozionaleko adituek.
Arlo horren barnean kokatzen da Eskola Emozionala ere. Estresa desegitea du jomuga, bai eta pertsonei euren egoeraren kontzientzia hartzen laguntzea eta pertsonaren barruko antsietatea murriztuz haren errealitatea eraldatzea ere. Hernanin jaiotako Yael Martinez kinesiologoak eta neuropatak sortutako eskola da, eta horren gaineko prestakuntza Donostiako Aukeran hezkuntza- eta zaintza-zentroan jaso daiteke. Zentro horretan aritzen da Eskola Emozionalaren inguruko jakintza euskaraz irakasten eta lantzen pedagogian lizentziatutako Oihana Meabe kinesiologo eta instruktorea. 15 urte inguru daramatza emozioen inguruan lanean, eta gai horri buruzko ikastaroa emango du Hik Hasiren Udako Topaketetan.
Meabek azaldu duenez, pertsona orok emozioak ditu: beldurra, pena, kulpa-sentimendua, sinpatia, poza… Eta, pertsonaren bizitzan zerbait gertatzen denean (istripu bat, erlazio desatsegin bat…), emozio horiek loratu egiten dira, eta pertsonaren garunetik pasatzen dira: “Gure eremu mentalak emozio hori iragazten duenean, bi jarrera har ditzakegu: bizitzen ari garen egoera zorigaiztokoa irudi dakiguke, edota errealitate horretatik zerbait ikas genezake. Eskola Emozionalaren bidez, egoera horiei etekin positiboa ateratzen irakasten dugu”. Izan ere, Eskola Emozionalak bizitza jolasa balitz bezala hartzen du. Teoria horren arabera, jolas batzuek pertsonei onura besterik ez diete eragiten; beste batzuek, aldiz, estres handia sortzen diete. Horrexegatik, pertsona horiei estresa disolbatzen eta egoera desatsegin hori aldatzen irakasten die Eskola Emozionalak, bizitzako jolasa estresik gabe eramaten, hain zuzen. 
Horretarako, hainbat teknika erabiltzen ditu: tentsio emozionala askatzeko teknikak (irudi baikorrak, begi-posizioak...), Bach loreak, martxa gurutzatua, energia orekatzeko puntuak, kinesiologia, Oshoren kartak, etab. Teknika horietako bakoitzak 
energia motaren bati eragiten dio (mentala, emozionala, fisikoa, espirituala…). Izan ere, Eskola Emozionalak oreka bilatzen du energia mota horien guztien artean, pertsona bere osotasunean ulertzen du, eta, alderdiren bat desorekatuta badu, besteei negatiboki eragin diezaiekeela uste du. 
Teknika horiek oso praktikoak eta erabilgarriak dira, Eskola Emozionaleko adituen esanetan, eta iraganeko, orainaldiko nahiz etorkizuneko edozein auzi tratatzeko balio dezakete. Honako adibide hau eman digu Meabek: “Demagun pertsona batek hemendik hilabetera lan-elkarrizketa bat daukala eta oso urduri dagoela. Pertsona hori urduri badago, bere alderdi inkontzientean elkarrizketa horretara lasai joatea eragozten dion pentsamenduren bat duelako da. Eskola Emozionaleko tekniken bidez, pertsona horri kalte egiten dion pentsamendu hori zein den identifikatzen laguntzen zaio. Pentsamendu hori desegiten zaio, eta, horren ordez, elkarrizketarako onuragarri izango zaion beste pentsamendu bat txertatzen zaio”. Izan ere, Eskola Emozionalaren premisetako bat zera da: pertsonak pentsatzen duen horrek eragiten du pertsona hori den bezalakoa 
izatea, baina baita duen ingurunea edukitzea ere: “Inkontzientean bada zerbait, nire errealitatea horrelakoa izatea eragiten duena. Ordenagailuen antzekoak gara: nire txipa aldatzen badut, ni aldatzen naiz, eta nire ingurunea aldatzen da”.
Ikasleekin erabiltzeko hainbat teknika
Eskola Emozionalaren gaineko prestakuntza jasotzea edonorentzat oso baliagarria izan daitekeela uste du Meabek, bereziki irakasleentzat: batetik, euren burua hobeto ezagutzeko eta, horren ondorioz, ikasleekin hobeto lan egiteko balio diezaiekeelako, eta, bestetik, zenbait teknika zuzenean ikasleekin aplikatzeko aukera ematen dielako: “Gaur egun, estres eta kontzentrazio-arazo dezente izaten dira eskoletan, eta Eskola Emozionalak ematen dizkigun irakaspenak oso baliagarriak dira horiei aurre egiteko”. Adibidez, zentratuta egoteko baliabideen artean, bada “martxa gurutzatua” izeneko teknika bat: besoak eta hankak mugituz egiten den ariketa fisiko bat da, eta buruaren bi hemisferioak zentratzen laguntzen du: “Ariketa hori eginda, beste edozein jarduera egiteko askoz ere zentratuago egongo da umea”. Gorputzeko puntu batzuk hatzekin ukituz energia orekatzeko metodoak ere erabiltzen ditu Eskola Emozionalak, eta horiek ere jar daitezke praktikan ikasleekin. Meabek dioenez, energia-autobide moduko batzuk daude pertsonaren gorputzean; puntu jakin batzuetatik igarotzen da energia, eta puntu horiek erabil daitezke pertsona lasaitzeko (oso aztoratuta badago) edota indarra emateko (energia gutxi badu). 
Meabek bere semearen ikasgelan hainbat teknika praktikan jartzeko aukera ere izan du, eskolako irakasleek hala eskatuta. Gatazka bat zeukaten ikasgelan, eta, era batera eta bestera konpontzen saiatzen ziren arren, ez zuten lortzen. Meabek tentsio emozionala askatzeko ariketen saio bat prestatzea erabaki zuen. Erlaxaziorako musika erabili zuen, eta irudi positiboen teknika ere bai, haurren tentsioa arintzeko eta haien jarrera baikorrago bihurtzeko. Emaitza ikusgarriak lortu zituen: umeak izugarri lasaitu ziren, ikuspegia eta jokamoldea aldatu egin zituzten, eta gatazka disolbatu egin zen. 
Meaberen iritziz, pertsonaren buruak eta gorputzak ahalmena dute pertsona bera aldatzeko, bai eta bere ingurunea aldatzeko ere: “Emozioak nire buruko filtrotik era batera edo bestera pasatu, horren araberako bizitza izango du. Egoera baten aurrean emozio jakin bat badaukat eta emozio hori min ematen didaten pentsamenduekin elikatzen badut, estresa sortzen dut, eta gorputzean eragina izan dezake estres horrek. Aldiz, estres horren aurrean gatazkari edo arazoari zentzua ematen badiot, zer gertatzen ari den jabetzen banaiz eta alde positiboa ateratzen badiot, ez du ondorio fisiko kaltegarririk izango”.