Euskal mitologia eskoletan: Herri mailan euskal mitologiari buruzko dibulgazio-lana egitea falta da.

2014-07-01
Eskoletan euskal mitologia transmititzearen garrantzia azpimarratzen du Milletek, antzinako euskal jendeak mundua ulertzeko beste modu bat eskaintzen baitu: “Euskal mitologia oinordetzan jaso dugun zerbait da eta ezagutu behar dugu, ez haiek bezala bizitzeko, baizik eta eredu eta forma haiek ezagutuz aurrera egin ahal izateko”.  
 
 
Mitologia antzinako erlijioa zela diozu. 
Mitologia jainko eta jainkosen egoitza zen, erlijio-sistema bat, nahiz eta gerora beste esanahi bat hartu zuen eta sineskeriaren sinonimotzat erabili zen. Erlijio bat mitoek, sinesmenek eta erritoek osatzen dute. Eta berdin  gertatzen da euskal mitologiarekin ere, hiru elementu horiek ditu. Mitoak ordea, ezin ditugu hartu hitzez hitz, historia irakurtzen ariko bagina bezala, beste dimentsio bat eman behar zaie, sinbolikoak baitira.
 
Beste dimentsio bat eman behar zaiola esaten duzunean, zer adierazi nahi duzu?
Sineskeriaren dimentsiotik erlijioaren dimentsiora igaro behar dugula. Jauzi hori ematea kostatzen zaigu. Badakigu mitoak ez direla sineskeriak, hori baino zerbait gehiago direla, baina ezin diogu forma eman, ez diogu ematen dagokion dimentsioa eta lekua. Eta hori euskaldunok egiten ez badugu, besteek ere ez dute egingo.
Mitologiaren munduan ipuinen bitartez sartu nintzen. Ikertzen hasi nintzen eta euskal mitologiaz zegoena irakurtzen. Euskal Herrian bertakoek diotena irakurri ostean, besteek kanpotik euskal mitologiaz zer dioten irakurtzeko grina piztu zitzaidan. Baina deus ez nuen aurkitu. Ez da aipatu ere egiten. Munduko mitologiei buruzko liburu batean ager daiteke Afrikako 50 kideko tribu baten mitologiari buruzko zerbait, baina euskal mitologiari buruz ez dago ezer, nik behintzat ez dut topatu. Horrexegatik diot, euskal mitologiari guk eman behar diogula forma eta lekua, eta hori egiten dugunean besteek ere aintzatetsiko gaituztela. Horrekin ez dut esan nahi lanik ez denik egin; lan garrantzitsuak egin dira, baina herri mailan mitologiaren ikuspuntu orokorraren dibulgazio lana egitea falta da. 
Zer garrantzi dauka euskal mitologiaren transmisioak? Zergatik erakutsi behar da eskoletan?
Mitologia greziarra transmititzen baldin bada, are gehiago transmititu beharko litzateke euskal mitologia. Euskal kulturaren parte da. Altxor bat da. Euskal mitologia berezia eta propioa da gainera, eta beraz, inportantea da ezagutzea. Gainera, gaur egungo krisi egoeran etorkizun berri bat sortu beste aukerarik ez zaigu geratzen, eta horrelako kasuetan atzera begiratzen dugu normalki. Euskal mitologia ezagutzen denean, gizartea bera ere beste era batez ikusten da. 
Eta ezagutzen al dugu behar beste euskal mitologia?
Bakoitzak ezagutzen du ezagutzen duen punturaino. Oraingoz pertsonaiak eta mitoak ezagutzen dira, eta ez da gutxi, baina nik orain beste pauso bat ematea proposatu nahi dut, eta mitoetako pertsonaien arteko harremanak zeintzuk diren ezagutzea, eta elementu guztiak ordenean jarriz, euskal mitologiaren kontzeptuari zentzua, koherentzia eta osotasuna ematea. Mitologia, azken finean, irudikapen sinbolikoa da. Horregatik nik Gernikako Arbola ere mitologiaren inguruko azalpenetan sartzen dut, jendea harritu egiten den arren, hori ere sinbolo mitiko bat baita. 
Zeintzuk dira euskal mitologiaren pertsonaia nagusiak?
Mitologian badira bi plano: plano fisikoa eta plano kontzeptuala. Plano fisikoan daude, Eguzki, Amalur, Ilargi, Urtzi… Mundu kontzeptualean daude, beste aldetik, Mari, Basajaun-Basandereak, Lamiak… daude, guztiontzat jeinu diren pertsonaiak. Guztietan garrantzitsuenak emazteak dira.
 
Zentzu horretan, badu euskal mitologiak besteek ez duten berezitasunik?
Baditu bi berezitasun: animismoa eta emetasuna. Munduan zehar animismoa ez da berezitasun bat, baina gure Europa monoteistan bai. Animismoa edozein izaki ­–jende, animalia, landare, harri, etab.– arimaz, zentzu zabalean harturik, hornitu daitekeela sinestea da, eta egun superstizioa deitzen zaio.
Bigarrena, emetasunaren presentzia da. Baina aztertu behar da emetasun hori zer den.  Emetasuna bizia sortzeko gaitasunaren adierazlea da. Haurrak sortzeko gaitasuna emazteok dugu, eta literalki ulertuz gero, emetasuna emakumearen sinonimoa dela erraten ahal da. Baina hori ikuspuntu murriztailea da, haratago joan eta zabaldu egin behar da ikuspegia, bertzenaz maila literalean geratuko gara, azalean, sineskerietan 
eta sorginak jende gaiztoak soilik zirelakoan. Maila igo behar dugu, eta maila sinbolikora jauzi egin. Han gauzek zentzua hartuko dute. 
Maila sinbolikora jauzi egitea aldarrikatzen duzu. Adibide konkreturen bat jar dezakezu?
Esate baterako, Mariren kasuan, pentsatzen baldin badugu Mari benetako emakumea zela, kobazuloetan bizi izan zela eta benetan argizko bola bat bailitzan ibiltzen zela, bada, ez diogu zentzurik aurkituko. Marik beste balio bat zuen. Horrelakoetan komeniko litzaiguke antzinan bizimodua nolakoa zen irudikatzea. Gu etxeetan bizi gara, argindarrarekin, telebistarekin… Eta nahiko ziur sentitzen gara. Ekaitza etortzen denean eta trumoiak jotzen duenean, etxetik, gozo begiratzen dugu, baina kobazulo batean bizi bagina eta ekaitz hori zer den arrastorik ez bagenu, imajinatu zer nolako beldurra senti genezakeen. Horregatik, beste begirada mota batekin ikusi behar ditugu mitologiako kontakizunak, hori guztia beste era bateko munduan gertatu zelako. 
Mitologiaren bidez zer ikasten dute haurrek?
Besteak nola bizi ziren ikasten dute, haien sinesmenak nolakoak ziren, nola ikusten zuten mundua… baina gurean bertan, Euskal Herrian bertan. Gero munduaren beste puntan beste era bateko jendea dagoela ikusiko dute, gureak ez bezalako beste bizimoduak, sinesmenak eta munduaren irudikapenak ere badirela. 
Euskal mitologia transmititzeko irakasleek zein baliabide izan ditzakete?
Orokorki mitoen eta pertsonaien inguruko ezagutza badute, baina maila sinbolikorako jauzia egin ahal izateko material gutxi dago. Hutsune hori betetzeko proposamena egitea da nire asmoa. Proiektua jada martxan dago, baina mantso doa dirurik ez dagoelako. 
Mitologiak nola eboluzionatu du? Zein toki betetzen zuen lehen, eta zein toki betetzen du gaur?
Mitologiak gizakiekin batera eboluzionatu du. Adibidez, plano fisikoan Amalur zena, plano kontzeptualean Mari bilakatu zen gero. Gizakia garatu zen heinean, haren sinesmenak ere garatuz joan ziren. Amalurra oso fisikoa da, kultura hartan ere elementurik inportanteenak fisikoak izango zirelako. Gero, errealitatea kontzeptualagoa izatera pasa zen, eta hor agertu zen Mari. Azken batean giza-taldearen garapenaz ari gara hizketan, garapen kolektiboaz, ez indibidualaz. 
Mitologia antzinako erlijio bat da, praktikatzen ez den eta hilik dagoen erlijio bat. Lehenengo nekazaritza-munduan naturarekiko harremanek leku handia hartzen zuten, eta mitologia mundu hartan gertakizunei zentzua emateko baliabidea zen. Munduaren irudikapen bat zen, guk gaur izan dezakegun beste bat bezalaxe. 
Orduan, gaur egungo gizartean zertarako balio dezake?
Balio du euskal kultura ezagutzeko, gure historia ulertzeko, eta arbasoen sinesmenak zeintzuk ziren, mundua nola irudikatzen zuten jakiteko. Guk orain bertan sinesten dugu Big Bang-aren teorian, sinesten dugu birusak daudela eta zientziak kontatzen digun guztia. Euskal mitologian barneratzen garenean gauzak beste era batez ikusten ditugu. Mundua nolakoa zen irudika dezakegu, eta konturatuko gara, adibidez, norbait gaixo jartzen zenean Inguma etorri zela erraten zen, eta orain gauza bera azaltzeko birus bat etorri dela esaten digute medikuek. Sarritan, ordea, ez dakigu benetan zer gertatzen zaigun. Aurreko mendean, zientziak zabalpen izugarria izan zuen eta bazirudien guztiari erantzuteko gai zela, baina konturatu gara zientziak ere mugak dituela. Denok sinesten dugu Big Bang teorian, baina inork ez dugu hori ikusi. Agian 300 urte barru beste teoria hobe bat aterako da eta guri barre egingo digute Big Bang-ean sinesteagatik. Horrek ez du esan nahi zientzia baliagarria ez denik, baina beste alderdi batzuk ere kontuan izan behar ditugu eta horietako bat da mitologia. 
Antzinako euskal jendeak mundua ulertzeko eskaintzen digun beste modu hori begirunez tratatu behar dugula iruditzen zait. Euskal mitologia oinordetzan jaso dugun zerbait da eta ezagutu egin behar dugu, ez haiek bezala bizitzeko, baizik eta eredu eta forma haiek ezagutuz aurrera egin ahal izateko.