Formatu, egindako lana agerian jarri eta partekatu

2014-07-01

Prestakuntzan dago gakoa, baina ez horretan bakarrik; baita formazioan jasotakoa besteekin partekatzean eta elkarrekin lan egitean ere: “Gelan isolaturik lan egiteko tradizioa apurtu, irakasleok gure lana agerian jarri eta besteekin partekatuz gero, gure profesionalizazioari onura besterik ez genioke egingo”.  

 
 
Eztabaida eta gatazka ugari sortzen dira hezkuntza-ereduaren inguruan. Lehengora ohitzerako iristen da hurrengo erreforma, eta hezkuntzan eskumenen bat duen orok utzi nahi izaten du bere arrastoa. Ez da kasualitatea. Izan ere, hezkuntza-ereduaz hitz egitean pertsona, gizarte eta bizitza ereduez ari gara hizketan. Nolako hezkuntza, halako jendartea ari gara eraikitzen, hezkuntza baita funtsa –giza balioetan nahiz ekonomikoetan–, gizarteak aurrera egin dezan.
Hortaz, erantzukizun handia dugu hezkuntzaren arloan dihardugunok. 
Etengabe formatzen aritu behar dugula errepikatu dugu behin eta berriz, bizitzan zeharreko prestakuntza beharrezkoa dela gizarteko aldaketen aurrean nola jokatu jakiteko eta sortzen ari diren eskakizun berriei erantzuteko. Xede horrekin antolatu ditu Hik Hasik XV. Udako Topaketak uztailaren 2, 3 eta 4an. Aurtengoan, gainera, irakasleen prestakuntzak leku berezia izango du ikastaroetako gaien artean.
Nola ikasten da irakasle izaten? Zein arazori egin behar izaten diete aurre hezitzaileek? Zer egin daiteke irakaskuntza are eta profesionalago egiteko? Galdera horiei erantzun eta XXI. menderako irakasleak prestatzeko HIPREST iker-taldea sortu dute hiru unibertsitatek bat eginda: EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Genevako Unibertsitateak. Irakasleen prestaketan eredu tradizionalak agortuta daudela jakitun, metodo berri bat proposatu dute: irakaslearen jarduera bere gelako testuinguru errealean abiapuntu hartuta, alegia, irakasleak egiten duenetik abiatuta, norbere burua lanean ikusi eta aztertzea, gero aldaketak eta hobekuntzak bideratu ahal izateko. Horren guztiaren berri emango dute topaketetan.
Hezitzaileen lanaren behaketari garrantzi handia ematen dio Alvaro Beñaran psikomotrizistak ere, eta irakasleen profesionaltasuna aldarrikatzen du aldizkari honetako elkarrizketan: “Hezitzaileok ezin dugu ‘ateratzen zaidanaren arabera’ jokatu, ze gauzak ondo doazenean agian funtzionatuko du jokaera horrek, baina gaizki doazenean, ziurrenik ez, eta kasu horietan gure profesionaltasuna behar dugu”. Azken urteetan hezkuntzaren alorrean gertatu den beste aldaketa nagusi baten berri 
ere ematen du: eskoletan bizitza sartu da. Gaur egun haurrek oso txikitatik ordu pila bat pasatzen dituzte eskolan. “Zama emozional handia duten haurrekin egiten dute lan hezitzaileek, eta behar horiei erantzuteko formazio handia behar dute”.
Prestakuntzan dago beraz gakoa, baina ez horretan bakarrik; baita formazioan jasotakoa besteekin partekatzean eta elkarrekin lan egitean ere. HIPRESTeko kideek gogorarazten duten moduan, urteetan irakasle askok bere gelan isolaturik egin du lan, ateak itxita izan ditu: “Tradizio hori apurtu behar dugu. Irakasleok gure lana agerian jarri eta besteekin partekatuko bagenu, horrek gure prestaketa eta profesionalizazioari onura besterik ez lioke egingo. Ireki ditzagun gure ateak”.