Nola eragiten dute bizipenek eta emozioek pertsonak hizkuntza baten inguruan daukan jarreran?
Haur eta gazteei zuzenduriko hizkuntza-programetan, portaera edo jarrera batzuk aldatu nahi izaten ditugu, hau da, gaztelaniaz ari diren haur eta gaztetxo horiek euskara erabil dezaten nahi dugu. Horretarako erabili izan den estrategia “egin euskaraz”
izan da; eta, euskara erabili ezean, neurtu egiten zen. Duela lau bat urte, ikusi genuen hizkuntzarekiko portaera aldatzen saiatzen garela, baina ez dakigula portaera horren azpian zer uste, zer iritzi dagoen. Hau da, gaztearen portaera aldatzeko beharra ikusten dugu helduok, euskara erabil dezan nahi dugu; baina, gaztearen portaera aldatzeko, helduon uste eta iritziak daude oinarrian; helduon ideologiatik saiatzen gara haurren eta gazteen jarrera aldatzen, euren iritziak, sentimenduak, zalantzak kontuan izan gabe.
Bizipenak kontuan izan behar ditugula esaten dugunean, norberaren bizipenetan hizkuntzak duen tokia ikusteaz ari gara. Pertsona batentzat, euskaldun sentitzeko elementu zentrala euskara izan daiteke; baina beste baten nortasunean talde-izaera ematen dioten elementu zentralak beste batzuk izango dira. Bizipenei buruz hitz egiten dugunean, hezitzaileek bizipen horiek lantzea eta transmititzea proposatzen dugu, heziketa emozionalaren paradigmatik abiatuta; batetik hezitzaileak berak adieraztea hizkuntzaren inguruko bere bizipenak zein diren, eta, bestetik, haur eta gazteek hizkuntzekin lotuta dituzten bizipenak kanporatzen saiatzea, bakoitzak hizkuntzak nola sentitzen dituen azaltzea, berarentzat zer garrantzi duen hizkuntza batek eta zer besteak... Bakoitzak bizipen batzuk ditu hizkuntzekin lotuta, eta bizipen horiek oso desberdinak izan daitezke pertsona batetik bestera; horrek eragina du hizkuntza baten eta bestearen aurrean norberak duen jarreran.
Jar ditzakezu hizkuntzaren inguruko hainbat bizipenen adibideak?
Hezitzaile bati gertatutakoa kontatuko dizut: gaztetxo bati “egin euskaraz” esan zion; eta gaztetxoak “zergatik?” erantzun zion; “bada, gure hizkuntza delako”, erantzun zion hezitzaileak. Horren aurrean ezetz esan zion gaztetxoak, “nirea ez”. Eta halaxe zen, kasu zehatz horretan pertsona horrek euskara ez zuen bere hizkuntza; ez etxean, ez eskolan, ez lagunartean ez zuen euskara jaso. Hezitzaileon iritzi horrek, “gure hizkuntza delako”, ez zuen balio gaztetxoaren jarrera aldatzeko, gaztetxoak ez baitzuen hala sentitzen.
Beste hezitzaile baten bizipena aipatuko dizut: ingurune erdaldun batean jaio zen; familian, ez zuen jaso hizkuntza, eta eskolan ere ez; 15 urte zituela, erabaki zuen euskara ikastea, bere nortasuna euskaldun gisa eraikitzeko garrantzitsua iruditzen baitzitzaion euskara erabiltzea; eta, ahalegina eginez, euskaltegian euskara
ikastea lortu zen. Hezitzaile bihurtu zenean, institutu batean lan egiten zuen, eta ikusi zuen institutu horretako ikasleek, txiki-txikitatik euskara jaso zutenek, ez zutela euskara erabiltzen; harridura sortzen zion horrek, ikasle haiek txikitatik euskara jasotzeko zortea izanik ere, ez baitzuten euskaraz hitz egiten, eta berak sekulako ahalegina egin behar izan baitzuen ikasteko. Beste bat zen gazte horien bizipena: txikitatik jaso zuten hizkuntza hori, baina, euren nortasuna edo talde-nortasuna eraikitzeko garaian, euskarak ez zeukan halako garrantzirik.
Horrelako kasuetatik abiatuta, ikusi genuen pauso bat atzera egin behar dugula hizkuntzaren erabilerara zuzenduriko programetan: gazte eta haurrengana joan, eta hizkuntzaren gainean hausnarketa egin behar dugula ikusi dugu; dituzten usteak, zalantzak, iritziak... mahai gainean jarri behar ditugula, iritzi horietatik abiatzeko, eta ez jarreretatik.
Hortik sortu zen Heziz programa. Psikologiaren eta soziolinguistikaren ikuspegiak hartzen ditugu kontuan. Psikologiaren ikuspegitik, jarreren aldaketan emozioek duten garrantzia kontuan hartzen dugu; hizkuntzaren inguruan norbanakoak dituen bizipenak eta emozioak kontuan hartzen ditugu. Soziolinguistikaren ikuspegitik, norbanakoari ere garrantzia eman behar diogula ikusi dugu; komunitateari eta hizkuntzari berari garrantzia eman izan zaio, eta komunitateari ez diogu daukan garrantzia kentzen.
Hizkuntzarekiko bizipenei buruz ari zarenean, ez zara euskaraz bakarrik ari.
Gaur egun, ez gara gaztelaniaz eta euskaraz bakarrik ari; hizkuntza gehiago daude, eta interesgarria da hizkuntza horiekiko zer-nolako bizipenak dauden ikustea; bai eta gurasoen jatorrien arabera hizkuntzak nola bizi diren ikustea ere. Hizkuntzen aniztasun horrek aukera asko ematen dizkigu gaur, egun gauza, horiei buruz pentsatzeko.
Ikuspegi soziolinguistikotik, pertsonari ere, norbanako gisa, garrantzi berezia eman nahi diozue orain.
Ez dugu komunitatea ahazten, komunitatean hitz egingo baitugu; eta, hizkuntza komunikazio den neurrian, gutxienez bi norbanakoren artean egingo dugu. Baina kolektiboak eta norbanakoak dituzten bizipenak eta emozioak uztartu nahi ditugu, hizkuntzaren ekologiaren ideia geure eginez.
Euskararen erabilera modu kolektiboan bultzatu izan da; “Euskara gure hizkuntza da!” esaldia horren adibide bat da. Baina, gaur egun, elementu berriak sortzen ari dira norbanako mailan, eta “euskaraz bizi nahi dut” esaldia da horren adibide. Oso aldarri emozionala da, eta gizabanakoan jartzen da fokua; “nik nahi dut euskaraz bizi”; ez dio esaten beste inori nola egin behar duen, baizik norbanako horrek −“nik”− zer nahi duen azaltzen du.
Hizkuntza bat edo beste hautatzeko garaian, euskaraz edo gaztelaniaz hitz egiteko jarrera hartzen dugunean, kontzienteki egiten dugu hautua?
Hizkuntzen inguruan ditugun ideiek, pentsaerek, iritziek, eta abarrek osatzen dute hizkuntzen ideologia, eta diskurtso horren araberako portaera izaten dugu hizkuntzekin. Normalean, ideia horiek ez dira inkontzienteak izaten.
Hala ere, jendea ez da erabat jabetzen hizkuntza bati edo besteari buruz dituen iritzi eta usteez, eta guk, hainbat ariketaren bidez, ate batzuk irekitzen ditugu, haurrek eta gazteek hizkuntzaren inguruan pentsa dezaten.
Euskara hizkuntza zaila da, ala erraza da? Eta zergatik iruditzen zaizu zaila dela? Zergatik erraza? Horren inguruan hausnartzean, konturatu gara mezu asko jaso ditugula, euskara zaila dela esaten dutenak; eta ikusi dugu horrelako ideia batzuk aurreiritziak direla eta ez direla benetan horrela. Hizkuntza primitibo izatearen inguruan ere hausnartzen dugu: euskara hizkuntza zaharra da, baina ez da berria?
Hizkuntza bakoitzari buruz ideia batzuk daude imajinario kolektiboan, aurreiritzi batzuk, eta ez soilik euskararen kasuan. Soziolinguistikan, ikusi da euskararen inguruan dauden aurreiritzi kulturalak munduko beste hizkuntza askotan ere errepikatzen direla.
Norberak bere kulturako alderdi positiboak nabarmentzen ditu, eta, horretarako, bestearen alderdi negatiboak ere nabarmentzen ditu; eta hori errepikatu egiten da kulturarteko kontaktuetan. Munduko aurreiritzien mapak ere lantzen ditugu. Europan, adibidez, ia hizkuntza guztietan kontsideratu izan da norberaren hizkuntza puruena, garbiena, edota literatura egiteko baliagarriena, eta besteena gutxietsi egin izan da.
Munduko aurreiritzien mapa lantzean, argi ikusten ditugu horrelako gauzak, eta jarreretan eragiten duten usteen, iritzien eta ideologien atzean dauden alderdi guztiak azaleratzen dira. Iritzi horiek txikitatik jaso ditugu, hizkuntzaren transmisioan ez baitugu hizkuntzaren corpusa soilik jasotzen (hiztegia, gramatika...), estatusa, jarrera, iritziak eta abar ere geureganatzen baititugu. Adibidez, bost pertsona elkarrekin gaudenean eta gutako batek euskaraz ez dakielako beste laurok gaztelaniara pasatzen garenean, transmisioz jaso dugun ohitura bat delako egiten dugu; ez dut uste norbanako bakoitzari naturalki ateratzen zaiona denik, baizik eta heziketaz jasotzen duguna. Horren guztiaren inguruan hausnartzeak asko lagunduko liguke.
Eta nola eragin daiteke aldaketa? Gaztetxo batek hizkuntza baten inguruan dituen ideiez hausnartuagatik ere, esan dezake “zergatik egin behar dut euskaraz”?
Lehendabizi, garrantzitsua da denok jabetzea, bai haur eta gazteak eta baita helduok ere, zein den gure abiapuntua. Jabetzea gazte horrentzat gaztelania dela modernoa, adibidez, eta jabetzea euskara ez zaiola moderno egiten. Orduan, gaztearen iritzi horretatik abiatuta, hezitzailea saia daiteke euskara ere modernoa dela erakusten, eta hainbat ekimen proposatuko dizkio gazteari, iritzi hori ez dela benetan egia kontura dadin. Baina gaztearen jarreraren atzean dagoen motibazioa ezagutzen ez badu hezitzaileak, euskararen erabilera sustatzeko egiten dituen estrategia guztiak garai bateko estrategiak badira eta, adibidez, eskolan euskal jaia antolatzen badu, edota euskal dantzak, trikitixa eta pandero emanaldi bat edota herri-kirolak antolatzen baditu eta horri “euskal jaia” deitzen badio, euskara iraganeko zerbaitekin lotuko du gazteak. Ez gara ari gazte horrentzat batere erakargarri egiten hizkuntza, eta euskara ez dela modernoa dioen haren aurreiritzi hori indartzen ari gara.
Baldin badakigu gazteei hip-hopa eta futbola gustatzen zaizkiela, bada, agian, Hodei Barroso ekarriko dugu eskolara, hip-hopa euskaraz egiten baitu, edo ekar dezagun Realeko jokalari bat. Era horretan, gazteen aurreiritzi horiek desmuntatuko ditugu, eta ikusiko dugu badaudela gauza modernoak euskaraz. Garrantzitsua da ikasle baten hizkuntza-jarrera aldatzeko hezitzaileok nondik nora jo dezakegun jakitea.
Zer baliabide erabiltzen dituzue haur eta gaztetxoen hizkuntza-jarreretan eragin dezazuen eta euskaraz egin dezaten?
Helburuak lortzeko, haur eta gaztetxoekin baliabide desberdinak erabiltzen ditugu, adinaren arabera. Asko oinarritzen gara aisialdian betidanik erabiltzen ditugun tekniketan eta baliabideetan: jolasetan, besteak beste, bizipenek leku garrantzitsua betetzen baitute jolasetan; talde dinamikak egiten ditugu; ikus-entzunezkoak ere erabiltzen ditugu, gaur egun aukera handia ematen baitigute, eta musika ere erabiltzen dugu, gaztetxoekin euskararen inguruko jarrera positiboak lantzeko.
DBHkoekin musika erabiltzen hasi ginenean, funtzionatu egiten zuela ikusi genuen. Musikaren bitartez, iritsi egiten zaie hizkuntza. Ez dugu soilik gazteei gustatzen zaien gaur egungo musika erabiltzen, hezitzaileoi gustatzen zaigun musika ere erabiltzen dugu; eta ezustekoak sortzen dira. Gustura ibiltzen dira kantuan, adibidez.
Guk proposamen bat egiten diegu, geure bizipenetatik abiaturik: “Lehen aldiz duela 20 urte entzun nuen abesti bat jarri dizuet gaur, niri ikaragarri gustatzen zaidana...”. Norberaren bizipenetik abiaturik, errazagoa da gazteengana iristea, ez baitiezu
esaten horrelakorik: “Abesti hau ekarri dizuet, eta gustatu egin behar zaizue”. Aitzitik, hau esaten diezu: “Niri gustatzen zait, eta proposatzen dizuet abesti hau entzutea eta kantatzea”.
‘Heziz’ programaren barruan, musika jarri dugu ikastetxeetan. DBHko 2. eta 3. mailetako ikasleei Negu Gorriak taldearen bideo bat jarri nien saio batean, eta hiru geletako 60 ikasleetatik inork ez zuen ezagutzen Negu Gorriak. 13-14 urteko gaztetxoek Negu Gorriak ez ezagutzeak zer pentsatua ematen dit: zer kultura ari gara transmititzen?
Eskolako bizipenetan oinarritzen zarete, ala haurrek eta gazteek aisialdian dituzten hizkuntza-portaerez ari zarete?
Ikastaro jakin hau eskolari zuzentzen zaio, eskolan hizkuntzaren inguruan izan daitezkeen bizipenei ematen diegu balioa. Gazteek eta haurrek eskolan dituzten bizipenak alor guztietan —baina kasu honetan euskararenean— garrantzitsuak dira bizitzako beste esparruetan ere, eta bizipen horiek gero etorkizunean garrantzia izango dutela ikusten dugu.
Baikorrak gara etorkizunari begira. Bizipenetatik abiaturik hizkuntzen inguruko jarreretan eragin nahi izatean, oso zaila da epe motzeko emaitzak lortzea, baina guk uste dugu epe luzeko emaitzak lortzen direla.
Irakasle asko kezkaturik ibiltzen dira gazteek DBHn ez dutelako euskaraz hitz egiten, baina bizipenak landu badituzte eta emozio positiboak jaso badituzte, gu ziur gaude gero aterako dela, azaleratuko dela. Kulturaren transmisioan dabiltzanek adierazten dute txikitako emozioek oinarri bat ezartzen dutela, eta azalera ateratzen direla gero, izan bizipen onak edo txarrak.
Ikasleen bizipenetan eta jarreretan esku hartu aurretik, agian irakasleen sentsibilizazioa egin behar litzateke lehendabizi, ezta?
Ikastaro hau horri begira antolatu da. Lehenengo, irakasleek eurek hausnar dezatela, klaustroan hitz egin dezatela hizkuntzen inguruan dituzten bizipenez, gogoeta egin dezatela... Eta familiekin ere landu daiteke.
Haur Hezkuntzan, duela hiru urte hasi ginen honako planteamendu hau probatzen: haurrek eskolan egiten zuten hizkuntzari buruzko hausnarketa, baina, gero, etxera eramaten zuten, eta, adibidez, gurasoei galdetzen zieten ea noiz ikasi zuten euskara. Eta oso gauza politak atera ziren: “Euskara ikasten zu hasi zinenean hasi nintzen ni ere”.... Horrelako ariketak egin ezean, familia askotan ez dira gai horiek ateratzen, eta polita da, seme-alabei azaltzea helduek hizkuntzaren aurrean duten jarrera, batzuek egin duten ahalegina edo beste batzuek ez ikasteagatik daukaten pena.