Zer estrategia izan ditzakegu irakasleok, espazio publikoak gure eguneroko praktika pedagogikoan txertatzeko?

2014-07-01

Eta nola gara ditzakegu ikaste-prozesu partekatuak espazio publikoetan? Zer landu beharko genuke eskolaren eta haren testuinguruaren arteko harremanak sor daitezen eta biziraun dezaten?

 
 
Horrelako galderak darabiltzagu buruan Tabakalerako hezkuntzako lantaldean. Kultura-proiektu gisa, bitartekotza eta harremanak, eta hortik sor daitezkeen proiektuak, elikatu nahi ditugu. Hori gauza dadin, pedagogiak espazio publikoan txertatzeko ari gara lanean. Hezkuntzaren eta kalearen arteko harremanak eta loturak bultzatu nahi ditugu: auzoak eta kaleak, ezagutza, esplorazio eta topaleku gisa ulertuta; espazio komun gisa ulertuta, alegia. Harremanetan oinarritutako ikaste-prozesu horretan ere, agente berriek hartzen dute parte, hala nola kultura-etxeek, kultura-erakundeek, elkarteek, komunitate eta ekosistema hori osatzen duten guztiek.
Hortik abiatuta, hiria edota herria hezkuntza-baliabide bihurtzen dira; sistema biziak dira, eta, hezkuntza-proiektuak garatu ahal izateko, curriculum ireki gisa ulertu behar ditugu, non eskola-taldeek eta -komunitateek esku har dezaketen. Hortaz, eskola bera espazio publikoa dela ulertu behar genuke, inguru hurbila osatzen duten pertsonek elikatu, osatu eta eraikia.
Aspalditik ari gara eskolak eta herriak egin beharreko hurbilketaren inguruko kontuak entzuten, eta hainbat proiektu eta egitasmo sortu dira horren inguruan. Ezagunak dira, 
agian, Tonuccik Italiako hainbat herritan garatutakoak edota, Euskal Herriari gagozkiola, Oarsoaldean edota Leioan garatzen ari direnak, bakar batzuk aipatzearren.
Jakina da metodologia eta planteamendu berri horiekin aritzeak lan handia dakarrela, gauzak beste era batera egiteak beti eskatzen baitu esfortzu handiagoa; badirudi batez ere elkarlanean dagoela zailtasuna, elkarri entzun, elkar ulertu, elkarrekin egin edota bestea kontuan hartze horretan. Errazagoa egiten zaigu norbera bere esparruan aritzea. Baina, gure ustez, begirada aldatzeak ez du zertan lan gehiago ekarri; aitzitik, ordura arteko lana beste era batean egiten hasteak dakar “berritasuna”.
Esku artean duzuen testuan, ez dugu pilula edota jarraibide magikorik emango (zinez sentitzen dugu); horren ordez, denon esku egon daitezkeen metodologia-aldaketa txikiak eta kontuan hartu beharreko oinarrizko irizpide batzuk partekatu nahi ditugu. Horiek dira, gainera, une honetan gure jardunean darabiltzagunak.
Ezagutzak inguru hurbilean daude
Esan bezala, helburu nagusia eskolatik bertatik sortzen den ikaste-prozesua inguruan dugun errealitatetik abiatzea litzateke: testuingurua aztertzea, ezagutza erreal eta gertukoez baliatuta. Horrela, inguratzen gaituenari balioa ematen diogu, ikasleen munduari (ikasleena eurena) garrantzia emanez eta hori hezkuntza-prozesuen erdigunean kokatuz. Jadanik ezagutzen ditugun gauzetatik abiatuta, ezagutza berriak eraikitzean gauzatzen dira ikaste-prozesu esanguratsuak, bereziki barneratzen ditugunak. Horrek zera dakar: proiektuetan oinarritutako hezkuntza-metodologiaren eredua lantzea, non gai bati tiraka hainbat ezagutza, trebetasun edota gaitasun garatzen diren. Hots, auzo-herria hartuko dugu ardatz, eta, berori ezagutzeko eta aztertzeko bidean, hizkuntza bera, matematikako buruketak, geografia, historia edota ingurunea ere landu ahal izango ditugu.
Egiten ikasten
Aipatutako prozesu horiek aurrera eraman ahal izateko, garrantzi handia du aldez aurretik egiten den plangintzak: zer eta zertarako egingo dugun aztertu, lanak eta ardurak banatu, lantaldeak osatu, beharko den denbora eta bitartekoak prestatu eta eskuratu... Ezinbestekoa da erabaki horiek guztiak ikasleekin eta beste agenteekin batera elkarrekin egitea eta egiten diren antolaketa-saio horietan ere rolak aldatzea. Horrek esan nahi du parte-hartzaile bakoitzak bere zereginak bete beharko dituela; informazioa jaso (auzoko mapak bilatu, istorioak bildu, kontaktuak lortu...), 
erosketak egin (beharrezkoak diren materialak lortu), espazioak prestatu (plaza batean, eskolako patioan edota ikasgelan egin, espazioa desberdin atonduko dugu), materialak sortu (elkarrizketak, informazioa biltzeko txostenak...). Zeregin horietan guztietan erabakiak eta lidergoa beti pertsona beraren gain ez egoteak talde osoaren inplikazioa ekarriko du, bai eta irakaspenak eta ekarpenak biltzea ere. Horrek harreman berriak sortzea ahalbidetzen du: bizilagunekin hitz egitea, dendariak ezagutzea, familiako kideekin hizketaldiak izatea... Pertsona horiek informazio-iturri eta, beraz, prozesuaren parte bihurtuko dira.
Ikaslea = ikertzailea
Ikaste-prozesu horiek espazio publikoaren ikerketa aktiboan oinarritzen dira. Ikasleek euren errealitatea esplora dezakete, hainbat baliabideren bitartez: argazkien, elkarrizketen, marrazkien, materialen eta objektuen bildumak eginez, kaleetatik paseoak edo “deribak” eginez, mapa subjektiboak sortuz. Izan ere, ikasleak ikertzaile-paperean sartuta, beren ikaste-prozesuaren protagonista izango dira. 
Horrelako proiektuetan, esku-hartze eta prozesu ugari eta, aldi berean, oso desberdinak gara daitezke. Hona hemen zenbait proposamen: 
Ibilaldiak sortu: Ikasleek auzoan edo herrian ibilbide propioak sortzen badituzte eta beste kolektibo batzuekin dinamizatzen badira (bisita gidatu tematikoak balira bezala),  beste toki eta begirada batzuen balioa azpimarratzen ari gara. “Gida” horiek 
osatzeko, ikasleek ikerlan garrantzitsua egin behar lukete, eta izandako bizipenak beste gertakizun eta istorioekin kontrastatu behar lituzkete.
Auzoko soinuak: beste begirada interesgarri bat auzoa soinuen bidez ezagutzea litzateke. Gure inguruak duen soinua aztertzea eta grabatzea; jada ez dauden soinuak kontakizun bidez jasotzea. Adibidez, pertsona heldu batek dituen soinu-memoriak jaso litezke elkarrizketa bidez, eta baita saltzaileen oihuak eta fabrika zahar bateko txirrinak ere. Hori egin ondoren, soinuok sarera igo daitezke, oso era errazean, eta mapa batean koka daitezke, beste pertsona batzuek entzun ditzaten eta mapa osa dezaten.
Herriko errezetak: Herria bertan egiten diren errezeten bidez ere ezagut daiteke. Hainbat pertsonarekin bil gaitezke, eta errezetak eskatu. Errezeta horietan, hainbat elementu agertuko dira: ohiturak, jakien jatorriak, familien memoria, herriko hainbat kulturaren ezaugarriak, ekonomia-harremanen bilakaera hainbat garaitan... Errezeta-liburu bat egin daiteke, edota bideoak graba daitezke, eta errezetak azal ditzakete (eta, bide batez, sukaldean ikas dezakete!).
Kaleak berrikusi: Azkenik, ikasle gazteenek kaleetan dituzten ikuspuntuak jasotzen dituen argazki-erakusketa edo -bilduma bat ere osa daiteke. Zer ikusten dute auzoan bospasei urteko ikasleek? Zeri erreparatzen diote? Nola ikusten da kalea beraien altueratik eta interesetatik? Zer zailtasun dituzte? 
Lehenik eta behin, ibilbide bat egin genezake, argazkiak atereaz eta aldaketak proposatuz. Aldaketa horiek auzoko elkarteekin edota udalarekin elkarlanean landu daitezke, eta, zergatik ez, auzoko lantegi baten espazioan kokatzeko artefaktu berriak sor daitezke, esaterako, banku txikiak, eskailera txikiagoak edo jolasgune berriak.
Prozesuari denbora eman
Horrelako proiektuak garatu ahal izateko, badira garrantzi handia duten osagaiak: denbora hartzea, entzutea, harremanak zaintzea edota elkarrizketa piztea; gaur egun urriak diren balioak dira guztiak. Baina benetan ezagutza horiek parteka daitezen, tartea eskaini behar diogu sor litekeen horri, eta, horretarako, prozesu eta pertsona bakoitzaren erritmoak errespetatu behar ditugu. Horrek zera esan nahi du: aldez aurretik markatutako helburuak ere maiz alda daitezkeela, garapenean gertatzen diren aldaketek eskatuta. Alegia, beste helburu batzuk jartzeko aukera eman behar diogula eta pasatzen denari balioa eman behar diogula.
Zentzu horretan, hanka sartzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, ikaste-prozesuetan horren beharrezkoa den faktorea baita, gauzak ondo atera ez eta egindakoa errepikatzera eta hobetzera eramaten gaituena. 
Ikaste-prozesuak “deriba” antzera ulertzen baditugu eta bidean gauzak topatzeari tartea uzten badiogu, benetako ezagutza esanguratsua sor daiteke. 
Ezagutza berriak plazaratu
Prozesu horien bidez ezagutza sortzen dela ulertu behar dugu. 
Ekoizpen kulturala egiten ari gara, mundua begiratzeko modu berriak, irakurketa berriak, berrazterketak… sortzen. Horregatik, garrantzi handia du prozesu horiek ekoizteko eta partekatzeko fase bat izateak. Beraz, interesgarriena produkzio horiek komunitatearekin partekatzea litzateke, bai eta kalera eramatea ere. Horixe izan daiteke, gainera, espazio publikoan lan egiteko beste modu bat.
Ekoizpenak eta hedapenak hainbat forma har ditzake; besteak beste, aukera hauek izan daitezke: seinale edo poster formatuan sekuentzia bat sortu eta hainbat tokitan jarri (plazetan, dendetan,...); modu iraunkor edo ez-iraunkor batean espazioen banaketa edo erabilera aldatu, lurrean klarionarekin edo margoarekin (iraunkortasunaren arabera) esku hartu, espazioaren itxura eta erabilera aldatzeko (jolasak marraztu normalean horrelakorik ez dagoen tokietan, zebra-bide berriak egin, mezuak idatzi...); espazio publikoan geratuko diren altzari berriak sortu eta jendearekin partekatu (agian, prozesuaren azalpen labur bat emanez). Azken batean, ezagutza berriak abian jartzea 
eta partekatzea eta prozesuari garrantzia ematea da oinarrizkoena, garrantzia soilik “emaitzari” eman gabe.
Nabigazio-egunerokoa
Prozesuetan murgilduta gaudenean, zaila izaten da askotan denbora atera eta pasatzen ari denari buruz idaztea edo hitz egitea, eta, maiz, soilik bukatutakoan eskaintzen diogu tarte bat ebaluazioari. Halaber, interesgarria izaten da tarte horretan guztian ideiak, hausnarketak, norabide-aldaketak edota elementu berriak ere jasotzea, eguneroko baten formatuan bada ere.
Gertatutakoaren narrazioak osatzeari esker, interesgarriak izan diren alderdiak kontuan hartzeko aukera izango dugu, eta, aurrera begira, baita irakaspenak jasotzekoa eta beste batzuentzako inspirazio-iturri izatekoa ere. 
Ikaskuntza-komunitatean etengabe ari gara ikasten eta gure praktikak zalantzan jartzen. Irakaspen horri etekina atera diezaiogun eta gero eta proiektu interesgarriagoak sor daitezen, beharrezkoa da hezkuntza-komunitatearekin partekatzea. Idatzi honen bitartez, hori helarazten saiatu gara. Bukatzeko, gogoratu egindako proiektuak modu irekian eskain litezkeela, beste nonbaiten berriro asma eta erabil daitezen. 
Ideiak buru guztietan daudela entzuten dugu sarritan; baina buru horiek elkarrizketan jarri behar ditugu, ideia horiek errealitate bilaka daitezen.