ONDARTXO, ITSAS KULTURAREN ZENTROA.

2014-10-01

Itsas ondarea ezagutzeko erakusketa bizia

 Pasaia San Pedroko herria pasa ­eta itsasertzeko paseoa jarraituz iristen da Ondartxo Itsas Kulturaren Zentrora. Itsas kultura eta ondarea bere ­ikuspegi guztietan lantzeko helburuarekin duela urte batzuk sortu zen Albaola elkarteak kudeatzen du berau. Uneotan, Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburutzaren baitan, San Joan baleontziaren erreplika eraikitzen ari dira; itsas arotzek eta artisau tradizionalek bisitarien aurrean lanean dihardute, erakusketa bizia eskainiz.

 
 

Euskal Herrian ontzigintzak berebiziko garrantzia izan du historian zehar. Mendeetako tradizioari esker, euskaldunak itsas teknologian oso aurreratuak izan ziren iraganean, eta itsasoak nahiz ontzigintzak eragin handia izan dute herriaren garapenean. Orain dela hamarraldi batzuk, ordea, Euskal Herriko artisau-ontziolen ateak betiko ixten hasi ziren, eta ondorioz, ontzioletako zurginen lanbidea ia erabat desagertu zen, eta mendeetan garatutako jakinduria galbidean jarri. 2000. urtean, Albaola Elkarteak Oarsoaldeako Garapen ­Agentziaren laguntzarekin Itsasontzi Tradizionalen Ikerketa eta Eraikuntza Zentroa sortu zuen Pasai Donibanen, itsas kultura berreskuratu eta ­ezagutarazteko.

Hamar urteko ibilbide emankorraren ondoren, 2010eko otsailean Ondartxo Itsas Kulturaren Zentroa ­inauguratu zen Pasai San Pedroko Ondartxoko kalan, lehen Astilleros Askorreta zegoen egoitzan. Bertan bisitariek euskaldunek itsasoarekin ­izandako harremana gertutik ezagutzeko aukera dute, baita bertatik bertara itsasontziak eta beroien erakuntza ikusi eta bizitzekoa ere.
Ondartxon, alde batetik, balio etnografikoa duten itsasontziak daude: Gipuzkoako Foru Aldundiak bere Untzi museoaren bitartez urtetan zehar bildutako ontziak dira; ontzi horiei buruzko (ibaietakoak, arrantzontziak, aisialdikoak, kirolekoak, portu-lanetarakoak) datuak eta ezaugarriak azaltzen zaizkio bisitariari. Bestetik ordea, euskaldunek antzina erabilitako ontzien erreplikak egiten dira. Horietako bat da San Joan baliontzia. Bisitariek, ohiko materialak eta teknikak erabiliz, arotzak lanean ikus ditzakete, haiei galderak egin eta prozesuari buruzko azalpenak zuzenean jaso. Izan ere, bisitariek, museoan dagoenarekin, bizipen parte-hartzailea eta interaktiboa izatea da Ondartxoren helburuetako bat.
San Juan baleontzia ardatz hartuta, ontzigintza tradizionalaren eta balearen arrantzaren inguruko unibertso bilakatu dute Ondartxo. XVI. mendeko baleontziaren berreraikitze-prozesu bisitagarria egiten dihardute. Xabier Agote, Albaola elkartearen presidenteak azaldutako eran, San Joan baleontzia egiten joango dira eta bisitariak hori ikusiko du, nola egiten doan: “Hemen jendeak lanean ikusiko gaitu beti. Baina horrekin batera gauza asko gertatuko dira eta bisitaria partaide izatea nahi dugu. Aspertuta gaude ikusi bakarrik egiten diren ereduekin, guk beste modu batean lantzen dugu ondarea, behetik gora, eta hona datorrenak parte hartzeko aukera izango du”.

Egitarau pedagogikoa

Ikastetxeei, aisialdi-taldeei, familiei nahiz bestelako elkarteei zuzenduriko eskaintza daukate Ondartxo ­Itsas Kulturaren Zentroan. San Joan baleontziaren eraikuntzak gainera, eskolako curriculumeko gai guztiak lantzeko aukera ematen duela diote arduradunek: teknologia, lanbide tradizionalak, basoa, hizkuntza, zientzia, kirola… DBHko 1, 2, 3 eta 4. mailako ikasleei zuzenduta, 4 urteko zeharkako unitate didaktikoak sortzen ari dira, Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioarekin elkarlanean. Dagoeneko badute helburu didaktikoarekin erabil daitekeen materiala ere; hala nola, Apaizac obeto: azken balea txaluparen kondaira dokumentala (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) edota Beothuk azken txaluparen kondaira komikia euskaraz eta ingelesez.
Horrez gain, “Marinel gazteak” programa sortu dute euskal itsas-tradiziotik eratorritako itsasontzietan nabigatzen ikas dezaten gazteek. Hainbat mailatako ikastaroak ematen dituzte adin guztientako ikasleentzat: belaz eta arraunean nabigatzeko aukera dute haurrek antzina izan ziren ­itsasontzien antzekoetan. Nabigatzen ikasteaz gain, taldean lan egiten trebatzeko, itsas natur ingurunea bisitatzeko eta bertako itsas identitatea ­ezagutzeko ere balio die ikasleei programak. Bestalde, berriz, “Nire lehen arraun saioa” egitasmoaren baitan, ordu bateko ibilaldia egiten dute ikasleek arraunean, ontzian lehen esperientzia bizitzeko. Azkenik, Irrien Lagunak Klubaren txokoan Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduriko ekintzak antolatzen dituzte. Bisitak era dibertigarrian diseinatuz, euskal itsas-kultura gaztetxoei ezagutarazteko xedez.

 

HARREMANETARAKO:

Ondartxo pasealekua, 1

20110 Pasaia
943 39 24 26

bisitak@albaola.com

www.albaola.com