Rebeka ARRARAS. ENPRESARIA: Erresistentzian

2014-11-01

Urte gehiegi daramatzagu Nafarroan besteek gure nortasuna eta sentimeduak ukatuz eta gure hegalak ­ebaki nahian, gure hizkuntzari oztopoak jartzen eta gure ikurren erabilera debekatzen. Gure atzean dauzkagu ez dakit nondik ateratako zenbait politikari, ezagutzen ez duten zerbaitekiko gorrotoz eta ezinikusiz beteta. Indarkeria aitzakiatzat hartuta, lege miserable eta onartezinak onesten ari dira azkeneko urte –gehiegi– hauetan.

Penagarria eta patetikoa da norbaitek besteen hizkuntza, kultura eta nortasuna gorrotatzea, zapuztea; baina herrialde bat kontrolpean edukitzeko egin ohi den lehen gauzetarikoa izaten da. Baina norberaren hizkuntza, nortasuna eta kultura zapuztea, bakoitzaren ondare kulturalarekiko lotsa edo gorrotoa izatea astakeri ulertezina da. Eta zoritxarrez, nafartar batzuk ere baditugu, saltsa horretan, beren abizenak eta oinarriak traizionatzen. Ergelak edo gaiztoak direlako?
XVIII. mendean monarkia espainiarrak gaztelania inposatzeko politika abian jarri zuenean, baztertu eta zapaldu egin ziren penintsulako gainerako hizkuntzak.  1841etik aurrera, eskoletan haurrei euskaraz mintzatzeko ohitura kentzeko neurriak hartzen hasi ziren, oso gogorrak zenbaitetan. Elizak ere izan zuen zerikusirik euskararen erabilera gutxitzeko prozesuan, gaztelania hutsez egiten zuten apaizak jarri baitzituen.
Horrela iritsi ginen 1986. urtera, Nafarroako Euskararen Legea onartu zenera. Lege baztertzailea da eta alegaltasunean uzten ditu eremu ez euskalduneko ikastolak. Baina arrazoi horrexegatik berarengatik egindako legea da.
Ni orain dela 40 eta piko urte, Nafarroako ikastola batean ari nintzen estudiatzen. Han herri desberdinetatik etorritako irakasle euskaldunak geneuzkan eta bakoitzak beren euskalkian irakasten zigun. Ultzamakoa, Gorritikoa, Baztangoa, Donapaleukoa… Andereino haiek bulego ondoan zegoen “multikopistarekin” prestatzen zizkiguten Euskal Herriko kondaira eta geografia ikasteko materialak. Nik 8 edo 9 urterekin banekizkien Euskal Herriko lurraldeak, hiri eta herriak, mendilerroak, gailurrak, ­ibaiak… Beti Euskal Herriko mapa oinarri hartuta lan egiten genuen: margotu, azpimarratu, izenak jarri, kopiatu, kalkatu, gelako hormetan jarri… Geroxeago, Iñigo Aritza edota Antxo Azkarra nor izan ziren; Basajaun eta Mariren ibilerak nolakoak ziren; euskal dantzak eta kantak ikasi genituen. Gure kultura maitatzen eta errespetatzen erakutsi ziguten, baina baita  besteen nortasun eta kulturei balioa ematen ere. Erresistentzian ginen orain dela 40 urte eta horrela jarraitu beharko dugu hainbat urte gehiagoz. Oztopo guztien gainetik, “gurea” dena besteen erasoetatik defendatzen.
Gzarteak, euskalgintzak eta ikastolek mantendu, bultzatu eta zaindu dute euskara Nafarroan, politikari, lege eta erakunde guztien gainetik. Eta, hain zuzen ere, belaunaldi berriak ­izango dira Nafarroako euskararen geroa beren esku izango dutenak. Horrengatik euskara hezkuntzaren esparruan erabiltzeak garrantzi itzela du.
Eta ikusten dugunez behar izango dugu gure nortasuna, kultura eta hizkuntza defendatzeko prest izango den belaunaldiren bat baino gehiago. Hau ez da bukatu oraindik.
Gure seme-alabak beren ondare eta altxorra den hizkuntzaren maitasunean, errespetoan eta interesean hezitzen baditugu, mundu hobe bat egiten parte hartuko dugu.