Familiak eta eskola norabide berean
Gernikako Allende Salazar eskolan, gurasoentzako prestakuntza-lantegiak jarri dituzte martxan. Autonomia, errutinak, arauak, frustrazioa, irakurketa, adimen emozionala, ardura, autoestimua eta antzeko gaiak jorratzen dituzte eskolak eta familiek elkarlanean antolatu dituzten prestakuntza-saio teoriko-praktiko horietan. Gurasoei ez ezik, haien seme-alabei ere zuzentzen zaizkie lantegiak, bai eta hezkuntza-komunitate osoari ere: irakasleei, jantokiko profesionalei, garraio-zerbitzuetakoei… 2013-2014 ikasturtean sukalde-lanak egin ostean, joan den irailean jarri zuten abian egitasmoa. Antolatzaileak, oraingoz, oso gustura daude lantegiak ematen ari diren fruituekin: alde batetik, familia eta irakasle asko ari direlako parte hartzen; eta, bestetik, lantegi horietan jorratzen dituzten gaiek hausnarketarako bidea irekitzen dietelako. Hala ere, jasotzen dituzten prestakuntza-saioen gaineko ebaluazioak ari dira egiten, eta zenbait hobekuntza txertatzeko asmoa dute, datorren ikasturteari begira.
Familien eta eskolaren arteko harremana ez da kontu berria Allende Salazar eskolan. Bi alderdien arteko elkarlanak hainbat urtetako ibilbidea du. Eskola beti ahalegindu izan da gurasoengana ahalik eta gehien hurbiltzen eta haien parte-hartzea sustatzen, baina familiak ere, oro har, hasieratik inplikatu dira ikastetxeko auzietan, eta guraso-elkartea ere oso aktiboa izan da sorburutik. Eskolaren eta familien arteko lankidetza horren fruituetariko bat da joan den irailean martxan jarri zuten guraso-eskola.
Gurasoei zuzenduriko lantegiak ez dira berriak Gernikako ikastetxe horretan. Lehen ere gurasoei zuzenduriko hitzaldiak antolatzen zituzten, eta, normalean, oso lagun gutxik parte hartzen zuten arren, konturatu ziren jendetza bildu zela bizpahiru saiotan, zehazki, sare sozialei, dislexiari eta etxeko lanei buruzkoetan. Guraso-elkarteko presidente Iratxe Amezuak azaldu duenez, gurasoek bazuten hainbat gairen inguruan interesa; formatua, ordea, ez zen egokiena beharbada: “Ohartu ginen, lantegi batzuetan guraso gutxi elkartzen ginen arren, oso saio mamitsuak izaten zirela, jendea bere beharrizanak azaltzen eta bere esperientzia partekatzen hasten zela; aldiz, hitzaldi jendetsuetan, inork ez zuen berbarik egiten, eta ez zen ideia-trukerik gertatzen”. Hala, 2013-2014 ikasturtean, guraso, hezitzaile nahiz ikasleentzat interesgarri izan zitezkeen prestakuntza-saio eragingarriak nola antolatu aztertzen hasi ziren, eta, gutxika, egitasmo arrakastatsu bat egituratzea lortu dute.Arrakasta horren gakoa ulertzeko, ordea, 2014-2015 ikasturterako antolaturiko prestakuntza-saioetan txertatu dituzten hainbat berrikuntza izan behar dira kontuan: gurasoen nahiz irakasleen interes komunetatik abiatu dira proposamena egiteko orduan; lantegi teoriko-praktikoak dira; gurasoek ez ezik, haurrek ere parte har dezakete berorietan, bai eta eskola-komunitateko gainerako kideek ere; eta iraunkorrak dira, hau da, 2 urteko haurrak eskolatzen dituztenean hasi, eta umeek 12 urte betetzen dituzten arte jaso daiteke prestakuntza.Ezaugarri horiei beste osagarri bat ere gehitu behar zaie: irakasleek, bai zuzendaritza-taldekoek eta bai tutoreek eta gainerakoek, egin duten akuilu-lana. “Argi genuen gurasoengana iristeko bitartekorik eraginkorrena irakasleok ginela”, dio lehen zikloko Aritz Zearra tutoreak, eta zera gaineratu du Txaro Agirre ikasketaburuak: “Eskolak familiekin izan dituen batzarretan, lantegietan parte hartzera bultzatu dira gurasoak. Eskolak familiengana gerturatzeko ahalegina egin du, eta, alde horretatik, oso pozik gaude, guraso askok eman baitute izena lantegietan”. Marian Araukoa zuzendariaren esanetan, berriz, familiekin egin izan dituzten batzarretan, konturatu dira gurasoen eta irakasleen interesgune eta jakin-min asko antzekoak direla, eta interesgarria litzatekeela gai komun horien inguruan bi alderdien arteko truke bat egitea: “Eskola honen ibilbidean, berrikuntza beti izan dugu erdigunean, eta hasieratik sustatu nahi izan dugu hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea eskolan. Era berean, gurasoek ere inplikazio handia erakutsi izan dute. Trukerako nahia agertu dute bi aldeek”.Allende Salazarren, Amara Berri sistema erabiltzen dute. Lan egiteko moduan txertatuta dute autonomia, zirraren adierazpena, ahozkotasuna eta antzeko gaien lanketa. Horregatik, irakasleek gurasoekin ere antzeko auziak jorratzeko interesa izan dute. Eskolan lantzen dutenaren eta haurrek hortik kanpo ikasten dutenaren artean koherentzia egon zedin nahi zuten irakasleek: “Sarritan, gai batzuk jorratzen dira eskolan, baina ez dira ikastetxeko lau pareten artetik harago iristen. Guk, ordea, ahalegin berezia egin nahi dugu hemendik kanpo ere lantzen ditugun balio, gaitasun eta jarrerek garrantzia izan dezaten. Eta, zentzu horretan, oso interesgarri da gurasoak eta gu norabide berean aritzea”.Familia osoari ez ezik, hezkuntza-komunitate osoari zuzenduriko eskaintza horren bidez, guraso-elkartearen helburuetariko bat ahalik eta guraso gehienengana iristea eta haien kezkei erantzutea izan da. Elkarteko kide Leire Etxeberriak adierazi digunez, zenbait auziri heltzeko orduan informazio eta prestakuntza beharrean daudela konturatu dira gurasoak: “Gurasoon artean parkean, kalean, patioan hizketan aritzean, konturatu ginen zenbait kezka partekatzen genituela; eta hutsuneak genituen gure haurren heziketari loturiko zenbait auziri heltzeko orduan. Baina, era berean, irakasleengana jotzea ere egoki iruditu zitzaigun, haiek eskolako eguneroko jardunean zein beharrizan ikusten dituzten jakiteko. Eta aurrera egin genuen bion arteko elkargune horretatik”. Hala, lehenik, ziklo bakoitzeko gurasoen nahiz irakasleen artean lantegietan jorratu nahi zituzten gaien zerrendak egin zituzten, haurren adinaren arabera banatuta. Gurasoen zein irakasleen interesak ezagutu ostean, haurrei heziketa osoa emateko xedez eta eskolak eta familiek norabide bera izateko nahiarekin, hamar prestakuntza-saio antolatu zituzten adinaren arabera sailkatuta. Sei orduko lantegi teoriko-praktikoak dira, bi orduko hiru saiotan banatuta, eta arlo bakoitzeko adituek gidatzen dituzte saioak. Informazio-liburuxkan irakur daitekeenez, “prestakuntza horretan ez dira erantzun guztiak emango, baina gurasoek dituzten zalantzak argitzea eta heziketaren bidea zerbait erraztea izango da gure erronka, askotan egiten diren galderei erantzuna emanez eta joko kooperatiboak erabiliz”. Haur-hezkuntzako haurren gurasoek zein hezitzaileek, besteak beste, “autonomia, estimulazioa, errutinak eta mugak” lantzen dituzte; haurrak 1. eta 2. mailan dituzten gurasoek eta haiekin lan egiten duten profesionalek, “frustrazioa, autonomia, irakurketa eta arauak”; 3. eta 4. mailetako ikasleen gurasoek, berriz, “aldaketa fisikoak, autoestimua, ardura eta adimen emozionala”; azkenik 5. eta 6. maila egiten ari diren ikasleen inguruko helduek “bullying-a, nerabezaroa, teknologia berriak, rolak edota drogak” gaiak jorratzeko aukera dute.Baina, lantegi horiekin batera, haurrentzako saioak ere prestatu dituzte, saio horietan lantzen dituzten gaiak modu paraleloan umeekin jorratzeko. Hala, gurasoak ikastaroan dabiltzan bitartean, haurrak beste profesional batekin aritzen dira, arlo bera modu hezitzailean lantzen. Musika-terapia, zirraren kudeaketarako dinamikak, antzerkia, gorputz-adierazpena edota psikomotrizitatea dira, besteak beste, haurrei bideraturiko lantegi horietan erabiltzen dituzten teknikak.