Xabier Garagorri: Hezkuntzaren zentzuaz eta zergatiaz ondo jabetuta dauden irakasleak behar ditugu

2015-03-01

Bizitza osoa darama Xabier Garagorrik (Andoain, 1944) hezkuntza munduari estuki lotuta. 1977an Durangoko ikastolaren zuzendaritza hartu zuenetik, pedagogiaren arloari loturiko ardura postu ugari izan ditu Ikastolen Elkartean, EHUn nahiz Eusko Jaurlaritzan. Heziberri 2020 egitasmoaren behin betiko curriculum dekretuak ondu ostean, eranskinak prestatzen ari da uneotan.

Euskal curriculumarekin hasitako bideari jarraituz, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza du xede, bi berrikuntza nagusirekin oraingoan: metodologiari dagokionez, gaitasunak praktikan jartzeko integrazio-egoerak sortzea; eta ebaluazioari dagokionez, ohikoak diren matematika, hizkuntzen ulermena edota zientziak ebaluatzeaz gainera, diziplina baitako oinarrizko konpetentzia espezifiko guztiak eta oinarrizko zehar-konpetentziak ere —ikasten eta pentsatzen ikastea, komunikatzen ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea, norbera izaten ikastea, eta egiten eta ekiten ikastea— ebaluatzea.

 
 

Durangoko ikastolan zuzendari, Ikastolen Elkartean pedagogiako arduradun, ikasmaterialak sortzen eta irakasleak prestatzen, EHUn irakasle, Eusko Jaurlaritzan aholkulari… Hezkuntzari hertsiki lotua da zure ibilbidea. Urteen joanak ematen duen talaiatik begiratuta, zer-nolako bilakaera izan du euskal hezkuntzak?

Hezkuntzaren bilakaera gizartearen bilakaerarekin parean doa. Ibilbide oso luzea egin dut hezkuntzaren munduan eta aldaketa asko gertatu dira urte horietan. Luze eta zabal hitz egin daiteke horiez, baina nik guztien artean gutxi batzuk soilik nabarmenduko ditut.
Aldaketa garrantzitsuenetariko bat derrigorrezko hezkuntzaren luzapena izan da. 1970ean 14 urtera luzatu zen derrigorrezko eskolaldia eta egoera horrek jarraitu zuen LOGSEra arte, 1990 arte.  Beste urrats inportante bat eman zen orduan eta oinarrizko derrigorrezko hezkuntza 16 urtera arte luzatu zen.
Horrekin batera, goi-ikasketen orokortzeaz ere hitz egin behar dela uste dut. Aldaketa benetan sakona gertatu da 70etik gaur egungo egoerara, orain ia edonoren eskura baitago goi-milako ikasketak egitea. Beste alde batetik, batez ere oinarrizko hezkuntzari begiratzen badiogu, esanguratsua izan da familiaren ereduan gertatu den aldaketa ere —tartean dago emakumeak rol berriak hartu izana—. Orain 40 urte hezkuntza-sisteman nork zein funtzio betetzen zuen oso garbi zegoen. Hezkuntzaren ardura familiak zeukan, eta  irakaskuntzarena eskolak. Zentzu horretan aldaketa handia gertatu da azken hamarraldietan, heziketaren erantzukizuna eskolak hartu baitu, familiarekin batera.
Euskararen ezagutzan eta eleaniztasunaren bidean emandako aurrerapausoak ere aipatu beharrekoak dira. 70-80ko urte bitarteetan ikastolak hasi ziren euskararen gaia orokortzen, baina geroztik baita Eusko Jaurlaritza ere, eta erabaki oso garrantzitsua hartu zen 1982an hezkuntzako Euskararen Legearekin. Zurrunbilo horretan, ikastolak bakarrik ez, baizik eta eskola publikoa eta kristau eskolak ere sartu ziren. 90etik aurrera berriz, pixkanaka pentsamendu berri bat hasi zen garatzen: euskaldun eleaniztunak eraiki behar genituela eta horrekin ere aurrerapauso inportantea eman zen.  
Azkenik, 70-80ko urteetan guretzat erreferentzia Espainia zen, edota Frantzia. Ez zegoen besterik. 90eko urteetan beste aldaketa oso inportante bat gertatu zen —aldaketa hartan LOGSE ere tartean zegoen—: irakaskuntzan, behingoz, ikuspegi pedagogikoa eta ikaskuntzaren ikuspegi eraikitzailea piztu ziren, eta gure begirada zabaldu egin zen. Uneotan, Espainia eta Frantzia hor daude, baina gure ikuspegia irekiagoa da: Europari begira gaude. Hezkuntza-sistema askoz ere era zabalagoan ulertzen dugu, harremanak eta loturak ikusten ditugu beste zenbait herrialderekin eta konturatzen gara gure etorkizuna ere hor dagoela.  

Hezkuntzan dena egiteko zegoen aroa bizitzea tokatu zaizu, ekintzaile eta eraikitzaile izan zara. Gaur egun nola ikusten duzu euskal hezkuntzaren errealitatea?

Nik hezkuntza mundua ez dut gaizki ikusten. Gauzak beti izaten dira erlatiboak eta beti konparatzen dituzu aldameneko errealitateekin eta euskal gizartean dauden beste instituzioekin parean jarriz gero, ez dut hezkuntza gaizki ikusten. Hobetzeko ere gauza asko dago, noski. Badakit, adibidez, hezkuntzan sartzen dugun diruaren eta lortzen ditugun emaitzen artean badagoela non hobetu. Hala ere, euskal hezkuntzan aurrerapausoak emateko ibilbidea ez da batere erraza izan, eta horrek lagundu egin digula uste dut. Zailtasunak, azken batean, pizgarri dira; gainontzean, beti dago lozorroan geratzeko arriskua. Gauzak ondo doazenean, arazorik gabe, ez daukazu akuilurik egoera hori aldatzera bultzatzen zaituenik. Guk, ordea, egiteko franko izan dugu, —elebitasunaren eta  eleaniztasunaren inguruan, elkarbizitzaren inguruan…— eta pizgarri izan dira arazo horiek. Are gehiago, esango nuke, hezkuntza-sareen arteko lehiakortasuna ere ez dela batere txarra izan, oro har hartuta, zirikatzaile izan baita, nahiz eta badakidan horrek sortzen dituela lekuan lekuko egonezinak eta gatazkak. Batak besteari akuilu-lana egitearen ondorioz, irakaslea bere gelako elementu aske eta harremanik gabea izatetik, talde-lanera eta ikastetxeko hezkuntza-proiektu komunak  garatzera igaro dela esango nuke. Planteamendu osoago bat garatu dute ikastetxeek eta euren hezkuntza-proiektuen bidez gizartera irekiago daude.
Ikastolen Elkarteko kide izanik, zenbait proiektu aitzindaritan gidaritza izan duzu; hala nola Haur Hezkuntzako Haurtxoa eta Lehen Hezkuntzako Axelko, Otsoko eta Beleko materialak sortzen, eleanitz proiektuan, euskal curriculuma eraikitzen, konpetentzietan oinarritutako irakaskuntza proposatzen, Eki ikasmaterialean…  Hasierako hutsunea betez joan zarete. Zer-nolako ekarpena izan da euskal hezkuntzarentzat?
Ikasmaterialgintzak prentsa txarra dauka. Badirudi zenbaitek hezkuntza aurrerakoia ikasmaterialgintzaren aurkako zerbaitekin identifikatzen duela. Pentsaera horri jarraiki, ikasmateriala irakaslearen pasibotasuna bultzatzen duen tresna izango litzateke: irakaslea bere mahaian eserita irudikatzen da, egunkaria irakurtzen, egoera kontrolpean duela eta ikasleak koadernoak betetzen. Beste alderdi batetik gainera, ikasmaterialarekin pentsamolde bat ere azaleratzen den neurrian, belaunaldi batetik bestera ideologia jakin bat transmititzeko tresna gisa ere hartu izan da ikasmateriala.
Nire ibilbidean eta esperientzian, aldiz, garbi ikusi dut ikasmaterialgintzarik gabe ez dagoela berrikuntzarik. Adibidez, Freineten teoria zenbait praktikara eramatea ezinezkoa izango zatekeen Gordailu ikasmateriala tartean izan ez balitz; edo Piageten pentsamenduak ez ziratekeen paperera eramango eta harekin ez zatekeen planteamendu oso bat egingo Saioka sortu izan ez balitz. Aintzat hartzekoa da Haurtxoa-rekin Haur Hezkuntzan egin nuen saiakera potoloa ere D-B ereduen bikoiztasun hori hausteko. Bertan jaiotako  haurrak eta kanpotik etorritakoak bak batera eskolan jardutea ezinezkoa izango zatekeen Haurtxoa bezalako materialik gabe. Edota eleaniztasun goiztiarraren planteamendua ezinezkoa izango zatekeen “Ready for story” edo “Hocus and eta Lotus”, “Story projects”, “Subject projects” edota antzeko materialen laguntzarik gabe. Eta momentu honetan konpetentzietan oinarritutako hezkuntza hankamotz egongo litzateke Eki proiektu antzeko bat ez balego. Ikasmaterialgintza da berrikuntzarako ezinbesteko tresna.

Nola erabili behar dira, baina, material horiek?

Ikasmaterialak irakasleen eskuetan jartzen ditugun tresnak dira, eta hori ulertzea oso garrantzitsua da. Eskola bakoitzak eta irakasle bakoitzak bere
ikasmaterialak sortu behar dituela dioen pentsamendu bat ere bada, eta hori egitea txapela eranzteko modukoa da. Baina ikasmaterialak sortzea ez da txantxetako gauza. Denbora asko eskatzen du, ahalegin eta gaitasun handia eskatzen ditu. Nik askotan esaten dut, ez dagoela unibertsitate hoberik ikasmaterialak sortzea baino.
Sukaldari onaren adibidea erabili ohi dut sarri. Sukaldari ona izateko zer behar da? Goizeko hiruretan jaiki zintezke eta arrantzara joan; zure arrainak harrapatzen dituzu eta fresko-fresko ekartzen dituzu; gainera, zure baratza daukazu eta letxugak eta porruak landatzen dituzu. Zoragarri! Baina sukaldari batek, batez ere, azokara joan eta produktu onak aukeratzen jakin behar du, eta kontziente izan behar du zergatik hartzen duen produktu bat eta ez bestea. Hortaz, irakasle bat arrantzara ateratzen bada eta bere baratzea badauka, bada, oso ondo, baina irakasle bati ezin diezaiokegu hori eskatu.  Merkatura joan eta zein den liburu egokia eta zein ez identifikatzeko, eta horiek nola erabili behar dituen jakiteko gaitasuna eskatu behar zaio, hau da, ziurtatu behar du material hori ez duela erabiltzeagatik erabiltzen, baizik eta bere galbahetik pasata, zentzuz eta koherentziaz jarduten duela. Beraz, ikasmateriala lanabesa da
eta gainera ezin da ulertu parean irakaslearen prestakuntza jarri gabe, eta ebaluazio-plan bat diseinatu gabe. Ikasmaterialak elementu bizia izan behar du. Ezin da izan 10 urterako, baizik eta irakasleen esperientzia eta ekarpenak kontuan harturik, etengabe berritzen joango den ikasmateriala sortu behar da. Badakit hau argitaletxe handientzat ezinezkoa dela, baina Euskal Herrian gaudenontzat, planteamendu hori posible da eta egiten da.

Euskararen irakaskuntzan ikastolak aitzindari izan ziren. Eskarmentu hartatik abiatuta, Eleanitz programa jarri zenuten martxan. Zein emaitza eman ditu proiektuak?

Haurtxoa ikasmaterialarekin izandako esperientziatik nentorren ni. Oso harrera ona izan zuen hark, eta apur bat sendotu zenean, euskararen irakaskuntzarekin batera beste hizkuntza batzuk irakasteko planteamendua egiten hasi ginen. 90eko urteetan geunden, Europara oso zabalik. Ordurako “EuroRegio” moduko bat ere bazegoela ikusten zen, eta Euskal Herriak ere Akitaniarekin batera, bide horretatik jo beharra zeukala. Bazegoen, gainera, horretarako sakoneko arrazoi bat: iruditzen zitzaidan euskara bizirik mantenduko zela, eta bere esparruan tokia izango zuela euskaldunok eleaniztun izan gintezkeen neurrian; bestela, gurea bezalako hizkuntza batek ez zeukan ez gaztelaniaren ondoan, ez frantsesaren ondoan inolako ibilbiderik. Hortaz, euskaldun eleaniztunak sortzea ezinbesteko elementu bilakatu zen.
Hasiera batean frantsesa eta ingelesa, biak eskaini genituen, iruditzen zitzaigulako errazena eta bideragarriena frantsesa zela, baina ikastetxe guztiek ingelesaren aldeko hautua egin zuten. Atzerriko hizkuntzaz hizketan hasteak kezka eragin zuen ikastolen artean: bi hizkuntzarekin aurrera egiteko nahikoa lanekin genbiltzanez, gela barruan euskararen kontrako etsaia sartuko genuela uste zuten askok. Eztabaida sakona izan zen, eta erabaki genuen, bide berri hartako prozesu guztia eta emaitza oro ebaluatu egingo genituela, eta euskararentzat kaltean ari ginela ikusiz gero, bizkor beste bide bat hartuko genuela. Eta berehala ebaluazio-planteamendu oso serioa jarri genuen martxan.
Plan bat egin genuen, hasi 4 urtetik eta 16 urte bitartean, urtero ebaluazioa egiten hasi ginen. Euskara, gaztelania, ingelesa, adimena eta hizkuntzekiko jarrerak ebaluatzen genituen. Eta urtez urte emaitzak neurtuz, konturatu ginen atzerriko hizkuntza bat sartzeak ez ziela kalterik egiten ez euskarari eta ezta gaztelaniari ere, are gehiago, ahozkotasunari erreparatuta onura ere bai. Adimenean eta jarreretan ere ez zuen eraginik izan. Bestetik, berriz, atzerriko lehen hizkuntzari dagokionez, hobekuntza oso nabarmena nabaritu genuen. Kanpoko ebaluazioa egin genuen Trinity College-ren bitartez, eta zenbakitan emaitzak emanda, gutxienez % 25eko hobekuntza lortu genuela esan daiteke.  

Irakasleen formazioan ibili zara Ikastolen Elkartean eta hezkuntzako profesionalak prestatzen unibertsitatean. Nolakoa behar du izan irakasleak? Zein konpetentzia eduki behar lituzke?

Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik, era sinplean
adierazita, esango nuke ikaslearen irteera profila lortzeko gai diren irakasleak behar ditugula. Baina nire esperientzian oinarrituz, hezkuntzaren zentzuaz eta zergatiaz ondo jabetuta dauden irakasleak behar ditugula iruditzen zait. Eta zentzu horretan, irakaskuntzan hutsunea dagoela esango nuke. Izan ere, irakasleek, sarri, euren eguneroko jardunerako formula nahi izaten dute: “esadazu nola jokatu behar dudan”. Horrexegatik diot, irakasleak egunero egiten duen horri zentzua emateko gai izan behar duela, bere lanaren zergatiaz arrazoiak emateko gauza. Hezkuntzaren funtzioaz eta pertsonen osotasunaz jabetzen diren hezitzaileak behar ditugu; batetik, ikasleen emaitzak hobeak izango liratekeelako, eta bestetik, irakasleak eurak ere zoriontsuago izango liratekeelako. Zentzuz ari garenean gauzak beste era batera ikusten ditugu. Gehiago inplikatzen gara eta minak handiagoak izaten dira, baina baita pozak ere. Eta horrek merezi du.
Gaur egungo irakasleak behar duen beste ezaugarri bat ere aipatu nahiko nuke: oinarrizko zehar-konpetentziak —ikasten eta pentsatzen ikasi, komunikatzen ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi, norbera izaten ikasi eta egiten eta ekiten ikasi— bereganatuta
eduki behar ditu. Horien autoerregulazioa egina eduki behar du, eta ez hori bakarrik, horietako bakoitza ikas arloetako konpetentzia espezifikoen bidez lantzeko prozedurak eta jarrerak ere izan behar ditu.
Azkenik, nire esperientziak erakusten dit, pozik, gogoz eta ilusioz beterik ari den irakaslea dela onena. Ikasleek segituan antzematen dute zein irakasle ari den bere lanbidea pozik eta pasioz betetzen. Azken gaitasun hau duen irakasleak, aurrez aipatutako ezaugarri guztiak ere hor nonbait ibiliko ditu.

Ikaslearen irteera profila lortzeko gai diren irakasleak behar ditugula aipatu duzu. Zeintzuk dira, ordea, ikasle batek derrigorrezko hezkuntza bukatzean eduki behar dituen oinarrizko gaitasunak?

Galdera horri erantzun aurretik, oinarrizko hezkuntzaren funtzioa ondo definitzea komeni da. Gero eta garbiago dago oinarrizko hezkuntzaren egitekoa bizitza osorako oinarriak jartzea dela. Azken batean, bizitza osoan egin beharreko ibilbide luze horretarako
ikasleak ondo prestatu behar du, entrenamendu sendoak egin behar ditu eta gaitasun horiekin guztiekin motxila ondo beteta eraman behar du, ibilbide luze hori ahalik eta baldintza onenetan egin dezan.
Horretarako oinarrizko konpetentziak garatu behar ditu ikasleak. Oinarrizko konpetentziez ari garenean, bizitzarako ezinbestekoak diren konpetentziez ari gara. Bizitza, maiz, lehiakortasun ikuspegi neoliberal batetik begiratuta ulertzen da, produkziora begirako batetik. Baina kasu honetan ez gara horretaz ari, bizitza pertsonalerako, bizitza sozialerako, bizitza akademikorako eta bizitza laboralerako beharrezkoak diren konpetentziez baizik.

Zeintzuk dira ezinbestean garatu beharreko konpetentzia horiek?

Konpetentzia horiek hautatzeko bi iturrietako ekarpenetan oinarritu gara: UNESCOren proposamena eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren gomendioa.
Delors-en gidaritzapean egindako UNESCOren planteamenduari jarriki, hezkuntzaren lau zutabe zehazten dira: pentsatzen ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea, izaten ikastea  eta ekiten ikastea. Ardatz modura lau elementu horiek hartu genituen guk Euskal Curric ulumean eta beste bat  erantsi genien: komunikatzen ikasteko gaitasuna, hain zuzen.
Euskal Autonomi Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma finkatzen duen 2007ko Dekretuan, UNESCOren eta Europako Parlamentuaren proposamenak uztartzen dira. Europako erreferentzian zortzi oinarrizko konpetentzia aipatzen dira. Oinarrizko konpetentzia horien artean, batzuk UNESCOren proposamenean jasotzen diren zehar-konpetentziak dira, hau da, ez dute eduki propiorik eta ezin dira bere baitan ebaluatu. Adibidez, “ikasten eta pentsatzen ikasteko gaitasuna” ezin duzu bere baitan ebaluatu, baldin eta egoera edo eduki jakin bati ez badiozu atxikitzen konpetentzia hori. Izan ere, zehar-konpetentziak —ikasten eta pentsatzen ikasi, komunikatzen ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi, norbera izaten ikasi eta egiten eta ekiten ikasi— ikastarlo guztietan eta bizitzako egoera guztiei lotuta jorra daitezke. Beste konpetentzia batzuk, aldiz,
ikastarlo jakin batzuekin lotzen dira.
Aldaketa esanguratsu baten aurrean jartzen gaitu horrek: “Irakasle, zuk zure ikastarloa uztartu behar duzu oinarrizko zehar-konpetentziekin”; eta oinarrizko zehar-konpetentziak garatuko dira, baldin eta irakasleak bi norabideak kontuan izaten baditu: “Zehar-konpetentziak beharrezkoak dituzu zure ikastarloa lantzeko, eta zure ikastarloa lantzea ezinbestekoa da oinarrizko zehar-konpetentzia hauek jorratzeko”.
Baina irakasleak azken notak jartzen dituenean ikastarloetan gauzatzen diren konpetentzia espezifikoak ebaluatzen ditu, eta ez zehar-konpetentziak. Hau da, eskolan egindako horri zenbaki bat jartzen zaionean, “matematikan” 5 lortu ahalko du ikasle batek, baina oraingoz behintzat “elkarrekin bizitzeko gaitasuna”, adibidez, ez da neurri berean neurtzen.
Konpetentzietan egituratutako irakaskuntzarekin aurrera egin nahi bada, oinarrizko konpetentzia guztiak ebaluatu beharko dira. Zehar-konpetentziei dagokienez, esaterako, ikasten eta pentsatzen ikastearekin eta komunikazioarekin zerikusia duten konpetentziak errazagoak dira ebaluatzen, , elkarrekin bizitzeko gai izatearekin, norbera izatearekin edo ekintzailetzarekin zerikusia duten konpetentziak ebaluatzea baino, baina horrek ez du esan nahi ebaluatu behar ez direnik.
Oinarrizko konpetentzi guztiak ebaluatu ezean, soilik hizkuntzaren ulermena, matematika eta zientziak ebaluatuz gero  —PISAn egiten denaren antzera— oso mugatua geratzen da gure planteamendua. Horrexegatik, uztarketa bat egin behar dugu kanpo ebaluazioaren eta barne ebaluazioaren artean. Izan ere, kanpo ebaluazioan
ezin dira oinarrizko konpetentzia guztiak ebaluatu. Ez diruz, ez denboraz,
eta ez posibilitatez. Kanpo ebaluazioak ezin du elkarrekin bizitzeko edo norbera izateko edo ekintzailetzarako konpetentziak ebaluatu. Horiek behaketaren bidez aztertu behar dira eta ikastetxearen barnean ebaluatu. Baina horrek ez du esan nahi besteek baino inportantzia txikiagoa dutenik, eta ebaluatu behar ez direnik.
Irakasleok argi eduki behar dugu ikasleak bizitzarako prestatzen ari garela, eta ez soilik ikuspegi akademikoa lantzen. Bizitzarako prestatuta dagoen profesional onak, batetik bere ezagutza esparruan —ingeniaritza, edo medikuntza edo igeltserotza…— ezagutza sakona beharko du, baina profesional ona izango da eta ibilbide oparoa
egingo du baldin eta ondo pentsatzen baldin badaki, ondo komunikatzen baldin badaki, elkarrekin bizitzen eta elkarrekin aritzeko gai bada, iniziatiba baldin badauka eta autoerregulazio prozesuak bideratzen baldin baditu pertsona osoa izateko.

Zentzu horretan irakaslearen egitekoa ez litzateke soilik bere “gaia” irakastea, baizik eta gainontzeko irakasleekin batera, haurrek zehar-konpetentziak eskura ditzaten lan egitea (ikasten eta pentsatzen ikasi, komunikatzen ikasi, norbera izaten ikasi, egiten eta ekiten ikasi, elkarrekin bizitzen ikastea). Baina nola lor daiteke hori? Zein metodologia, modu, bitarteko ditu horretarako eskolak eta irakasleak?

Batetik, zehar-konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak uztartu behar ditu irakasleak. Besterik berriz,  metodologiari dagokionez, oso inportantea da —eta hau da  elementu berria gure planteamenduan— integrazio-egoerak sortzea, hau da, pertsona bat konpetentea da, definizioz, baliabideak —ezagutzak, prozedurak eta jarrerak— era integratuan erabiltzeko gai baldin bada arazo bati irtenbidea emateko.
Alde horretatik, norbaitek esaten badu konpetentzien ikuspegiak ez diela garrantzirik ematen ikastarloen edukiei, hori ez da egia. Konpetentea izateko kontzeptuzko ezagutzak, prozedurak eta jarrerak behar dira, baina horrekin bakarrik ez da nahikoa. Konpetente izateko, ezagutza, prozedura eta jarrera horiek momentu jakin bateko
egoerak eskatzen duenaren arabera erabiltzen jakin behar da, mobilizatzen eta testuingurura egokituz erantzun egoki bat ematen. Eta horretan ere ikasi egin behar da. Baina horretarako egoera esanguratsuak sortu behar dira. Gure planteamenduan, metodologiari dagokionez,  oso berrikuntza inportantea da hori, egoerak sortzea, hain zuzen.

Metodologiaren alderditik, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzak zer eransten dio orain artekoari?

Irakasleak egoerak sortu beharko ditu ikasleek ikasi dituzten ezagutzak modu integratuan praktikan jarri ahal izateko. Hori da berrikuntza nagusia. Konpetentzia hori ebaluatzeko ikaslea ezagutzak, prozedurak eta jarrerak egoera jakin horretan erabiltzeko gai ote den neurtu beharko da. Norabide horretan, proiektu bidezko lanketarekin bide bat egina dago, dagoeneko. Baina oraingoan apur bat urrunago heldu nahi dugu. Horrexegatik ez du edozein egoera edo kasu edo proiektu proposatzeak balioko, baizik eta irakasleari hausnarketa egiteko eskatuko zaio: Zeintzuk dira ikasleari proposatu beharreko egoera esanguratsu horiek, ikaslea bizitzarako prestatu dadin? Adibidez, matematikaren kasuan, zeintzuk dira bizitzako egoerei aurre egiteko prestatzeko baliagarri diren testuinguruak? Horrek zentzua ematen dio ikaskuntzari, ardatza ez baita ezagutzaren trinkotasuna mantentzea, baizik eta ezagutza horrek bizitzarako prestatu
egon dadin ikasleari zertarako balio dion hausnartzea.  

Aldaketa horiek zein testuingurutan ari zarete planteatzen, Heziberri 2020ren curriculum dekretuetan?

Bai, baina ez da gauza berria ere. Lan hau 2007tik ari gara egiten eta ez da inolako etena orain arteko norabidean. Garapen logiko bat dauka honek. Adibidez, euskal curriculumean oinarrizko zehar-konpetentzien planteamendua egiten zen, baina egoeraren planteamendurik ez zegoen. Hor aurrerapauso bat egin da, beti ari garelako
ikasten, baina orain artekoaren eboluzio logikoa da.

Konpetentzietan oinarritutako curriculuma erabat orokortu da. Ia ikastetxe guztietara eta hezkuntzako maila guztietara hedatu da, behintzat idatziz. Urte batzuk badaramatzate euskal ikastetxeek horrela funtzionatzen. Praktikan, eguneroko jardunean, zein aldaketa ekarri ditu horrek? Sorburuan xedea, teoriaren eta praktikaren arteko arrakala txikitzea zen, lortu da?

Ari da, baina pixkanaka. Aldaketak ez dira gauetik goizera egiten. Hasteko sinetsi egin behar duzu aldaketa hori hoberako dela. Gainera, baditugu ohitura batzuk, eta gauzek funtzionatzen badigute —eta batez ere adin batetik aurrera—, zertarako aldatu? Hortaz, sinetsi egin behar duzu hori zuretzako mesedegarria izango dela, ikasleen onerako izango dela, bizitzarako prestatzeko balioko diela… Eta gauza bat da zuk horretan sinestea, baina beste gauza bat da aldaketa hori bideratzeko gauza izatea, sinestetik ahal izatera tarte bat baitago. Aldaketek balioko badute, pixkanaka egin behar dira, presak, urgentziak eta estutasunak alde batera utzita.  

Euskal curriculuma ere, hein batean, konpetentzietan oinarritua da. Bere diseinuan bete-betean parte hartu zenuen. Euskal Herrian bizi garenok curriculumaren bidez finkatuta utz dezakegu zer den estatu eta administrazioaren gainetik elkarrekin duguna eta zein den elkarrekin eraiki nahi dugun kultur ibilbidea. Lortu dugu? Espainiako eta Frantziako curriculumek uzten dute horretan?

Espainia, Frantzia, euskal curriculuma… Historiak erakusten du eta ebidentziak hor daude, Frantziak eta Espainiak ez dutela euskal curriculuma landuko eta garatuko. Beste ebidentzi bat da curriculumaren % 80 edo gehiago, gurean, Espainian, Frantzian, Italian, Bolivian eta besteetan berbera dela. Azken batean, mendebaldeko zibilizazio batean bizi gara eta horrek eragina du. Euskal curriculumaren saiakera hor kokatu behar da: Herri bat gara bi estatutan banatuta, hiru administraziotan; testuinguru horretan, zer daukagu eta eduki nahi dugu komunean Euskal Herrian bizi garenok? Zer da Euskal Herrian bizi behar duen pertsona kultu batek Euskal Herriaz eta munduaz ezagutu behar duena? Galdera horiei erantzutea izan zen lehen egitekoa, jakinik Espainiak eta Frantziak ez zutela hori
inoiz egingo.  

Zein ibilbide egin du euskal curriculumak eta gaur egungo euskal ikastetxeetako praktikan zein toki du?

Politikoki asko erabili da euskal curriculumaren gaia, baina praktikan kontuak bestelakoak dira. Gauza asko egin ditugu, eta ikastetxeetan curriculumeko zenbait proposamenek aurrerabidea izan dute, baina oro har, nik ez dut aparteko grinarik ikusten euskal curriculumaren gaiari sakonetik heltzeko, ez Euskal Autonomia Erkidegoan, ez Nafarroan eta ez Iparraldean; ez instituzioen aldetik, ez ikastetxeetatik, ez zuzendaritzen partetik, eta ezta irakasleei dagokienez ere. Eta kasu  honetan ez du balio Espainiari eta Frantziari errua botatzeak. Gure arazoa da. Zenbateraino lantzen da gure ikastetxeetan —eta denak sartzen ditut barnean, salbuespenik gabe— euskal curriculumaren proposamena? Gainera, euskal curriculuma euskal hezkuntzaren gakoetako bat da. Izan ere, uneotan konpetentzien gaiarekin ari gara, baina kulturaren transmisioa ere oso elementu inportantea da komunitatearen garapenerako. Lekuan lekuko bere berezitasunak mantenduz —euskal kultura anitza delako— denok batzen gaituen GU hori osatzeko bitartekoak eskaintzeko ahalegina egin da euskal curriculumarekin, baina nik ez dut uste gai horri behar bezainbeste heltzen zaionik.

Euskal Herrian Frantziatik nahiz Espainiatik zehaztua datorrena errespetatuz bide paraleloa egitea izan da azken urteetako estrategia. Heziberri 2020k ere bide berean jarraitzen duela dirudi. Curriculum dekretuarekin erdibideko aukera egin dela esan daiteke: batetik, LOMCEren oinarria errespetatzen da dekretuetan, eta bestetik euskal dimentsioa ere txertatzen da, Euskal Herriko edukiekin. Baina zein toki hartuko dute euskal edukiek? LOMCEren edukiak irakasteak tarterik utziko al du euskal edukiak lantzeko?

Heziberri 2020ren ardatza ez da LOMCE, ezta urrutitik ere. Orain arte
egindako ibilbidearen jarraipenerako eta hobekuntzarako proposamena da. Eta metatu dugun kultura pedagogikoa —eta badaukagu nolabaiteko kultura pedagogiko bat, euskal curriculumarekin, elebitasunaren eta eleaniztasunaren lanketarekin, inklusio jorratzeko planteamenduarekin, aniztasunaren inguruan egindako lan guztiarekin, etab.— hobetu eta jarraitu nahi da, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza ardatz harturik. Ez dauka zerikusirik Heziberrin zehazten den ikaslearen irteera profilak LOMCEkoarekin. Berdin gertatzen da batean eta bestean zerrendatzen diren helburuekin nahiz horiek lortzeko egiten den metodologia planteamenduarekin ere.  

Hainbat eragileren kritikak jaso ditu eta sindikatuek salatu dute LOMCE “euskal erara” aplikatzeko modua dela.

Beno, ez da horrenbesterako izan. Gauza bat da komunikabideetan agertzen dena, eta beste bat guk eragileekin aurrez aurre hitz egiten duguna. Joko politikoa eta talde bakoitzaren interesen eta protagonismoen jokoa ere badago. Oro har, kritika gehienak ekarpen bihurtu dira. Aurrerapausu inportantea izan da hori.
LOMCE oztopo bat da, baina nik esango nuke gainditu beharreko oztopo bat dela. Herri honek aurka joaten oso ondo daki, baina eraikitzen ere bai. Egoera zailen aurrean ere jakin izan du oztopoak gainditzen.
Ikaslearen irteera profila zein den baldin badakigu, hori ondo zehaztuta badugu, gure planteamenduaren muina badaukagu. Zer nolako ikasleak nahi ditugun guk definitzen baldin badugu, hori izango da gure ardatza. Gero, horretara iristeko era bateko edo besteko estrategiak erabili ahalko ditugu. LOMCE bezalako egoerak ezagutu ditugu lehen ere, eta txarragoak ere bai, eta jakin dugu gure nortasuna mantentzen eta aurrera egiten, eta oraingoan ere asmatuko dugu.
Zeintzuk izango dira hurrengo urratsak curriculumari dagokionez?
 
Hasierako curriculum dekretuen zirriborroetan aldaketa asko egon da zorionez. Ekarpen izugarri egin dituzte eragileek eta saiatu gara horiek guztiak txertatzen dekretuetan eta curriculumean. Bigarren bertsioa ondu berri dugu eta eragileei pasa diegu, eta uneotan [otsailaren 5ean egindako elkarrizketa da] eragile desberdinekin bilerak egiten ari gara. Soluzio-bideak bilatzen ahaleginak egin ditugu eta nik uste dut aurrera egingo duela.

Urte honen amaiera aldera egingo diren Espainiako hauteskundeen ondotik LOMCE bertan behera geratzen bada, zer gertatuko da Heziberri 2020rekin eta curriculum dekretuarekin?

Aurrera jarraituko dute, noski. LOMCE bertan behera geratuta ere Heziberrik aurrera egingo luke. Gure xedea da, baldintza batean zein bestean, ontzen ari garen curriculum dekretuak baliagarriak izatea, horregatik egin dugu LOMCEren oinarrizko araudia saiesteko ahalegina, horren kontra joatea, paretaren kontra aritzea litzatekeelako. Gustatu ala ez, oinarrizko araudia hor dago eta horrekin jokatzen jakin behar da, horiek direlako ikasleen ziurtasun juridikoa bermatzen duten baldintzak eta hori delako oraingoz gure herriaren errealitatea. Eta orain arte jakin dugu gurea mantenduz malgutasunez jokatzen.

Curriculumaren ondoren, azken urratsa, Hezkuntza Legea egitea izango dela zehazten da Heziberri egitasmoan. Nolako garrantzia aitortzen diozue Hezkuntza Legeari? Eta zein aldaketa ekarriko lituzke hezkuntza-sistemara?

Nire ustez elementu inportantea litzateke hori. Azken batean gure hezkuntza-sisteman erdi eta erdi gara. Batzuen titularra administrazioa da, hau da, administrazioaren eskolak dira, eta beste batzuk berriz, administrazioak itunpean dituen gizarte zibileko ikastetxeak. Administrazioaren eskolek badute bere legea, baina itunpeko eskolek ez dute babes legalik. Iruditzen zait ona litzatekeela hezkuntza lege bat egitea, zeinetan eskola guztiek babesa izango luketen. Ez da erraza izango, baina gauza zailagoak ere egin ditugu. Kasu horretan, “publikotasun” kontzeptuak hausnarketa bat beharko du, “ekitate” kontzeptuak hausnarketa bat beharko du, “inklusio” kontzeptuak
ere hausnarketa bat beharko du, hau da, oinarrizko hausnarketa sendoa beharko da, legeak euskarri onak izan ditzan. Heziberri 2020ko planteamendua aurrera badoa, oinarri sendo bat izango litzateke Hezkuntza Legerako.  

Aurrera begira, zein erronka nagusi ikusten dituzu euskal hezkuntzan?

Nire ustez momentu honetan erronka nagusia da zein izango den konpetentzien planteamendua aurrera eramateko plangintza. Ibilbide bat egina da, eta aurrera jarraitzeko hainbat ildo estrategiko daude. Esate baterako, hasierako prestakuntza —magisteritzatik edo irakasle fakultatetik datozen irakasle berriak oinarrizko konpetentzia hauetan eta zehar konpetentzietan trebatuta atera beharko dira— eta etengabeko prestakuntza elementu gakoa izango da.
Ebaluazioaren elementua ere funtsezkoa da. Kanpo ebaluazioaren eta barne ebaluazioaren arteko uztarketa egitea izan behar da xedea. Eta aztertu behar dugu eskoletan egiten ari den lan guztiaren arteko uztarketa lanak nola lortu, familiak nola eta gizartea nola inplikatu gai hauetan. Azken batean, gero eta garbiago dago guztiok garela hezkuntza eragileak. Herri hezitzaile batean bizi garela sinesten badugu, hezkuntza-planteamenduak ere guztiok batera egin behar ditugu.