PASAIAKO HAUR ETA NERABEEN ESKUBIDEAK BERMATZEKO PLANA

2015-06-01

Haurren ongizatea, herritar guztiek partekatzen duten erantzukizuna

 
 

2008an, Pasaiako zenbait adingabe baztertuta zeudela ikusi, eta esku hartzea erabaki zuen Pasaiako Udalaren Gizarte Ekintza Sailak. Laster, udaleko gainerako sailak inplikatu ziren arazoari erantzuteko; gerora, baita herriko hainbat eragile ere, eta herri guztia busti du, azkenean, haurren eta nerabeen eskubideen aferak.

Izan ere, arazo zehatz bati erantzuten hasi zen ekimen bakan hura, gaur egun, Pasaiako Haur eta Nerabeen Eskubideak Bermatzeko Plana ­bilakatu da.

 Hik Hasiren XX. urteurrenaren harira antolaturiko II. Herri Hezitzaile, eskola herritarra  jardunaldietan, ekarpen mamitsua egin zuen Pasaiako Udalak: Haur eta Nerabeen Eskubideak Bermatzeko Plana eta hori garatzeko metodologia aurkeztu zituen. 2008an, herrian baztertuta eta babesik gabe egon zitezkeen haurrak eta nerabeak bazirela jabeturik, egoera horri aurre egiteko lanean hasi zen ­udala, eta, hortik abiatuta, plangintza oso bat garatu du haurren eta nerabeen eskubideak betetzen direla bermatzeko.

Hiru ildo nagusitan oinarritzen da plangintza, eta horietako bakoitzak bere helburuak eta ekintza-plana ditu. Ildo horietatik lehenengoa “Tratu onaren aldeko prebentzioa eta sustapena” deiturikoa da; hain zuen ere, ildo horretan dago plangintzaren hazia eta jatorria.

Bazterketari aurrea hartzea xede

Haurrak eta nerabeak baztertzeko ­arriskua sortzen duten egoerei eta babesgabe egon daitezkeen egoerei aurrea hartzea du helburu nagusi lan-ildo horrek; azken finean, gazteen ongizatea bermatzea. Bestela esanda, “bestearen intimitatea ukatzen, zikintzen edo barregarri uzten duten egoerak” saihestu nahi dituzte.
2008an, bazterketa-egoera jasaten ari ziren haur eta gazte multzoa zegoela detektatu zuen udaleko Gizarte Ekintza Sailak, eta orduan jarri zuen abian lan-ildo hori. Berehala ikusi zuten egoerari aurre egiteko udaleko gizarte-gaietako gainerako sailen inplikazioa behar zutela ezinbestean, eta, horretarako, “Sailen arteko lan-mahaia” osatu zuten.
Harrezkero, lanean jarraitu du mahai horrek, Haur eta Nerabeen Eskubideak Bermatzeko Planaren barruan gaur egun, eta hamabostean behin elkartzen dira. “Elkarlanean eta demokrazia parte-hartzailearen filosofian” oinarritzen da haien metodologia, Pasaiako migrazio-teknikari Marian Suarezek azaldu duenez.
Baina, haur eta nerabeen ongizatea bermatzea herritar guztien ardura dela sinetsirik, herritar guztiak inplikatu nahi izan dituzte lan-ildo horretan. Horregatik, hainbat sentsibilizazio-kanpaina eta -ekintza egin dituzte, ardura publikoaz gain ardura soziala ere sustatzeko.

Elkarteekin elkarlanean

Zehazki gaiarekiko ardura soziala sustatzeko filosofiarekin bete-betean bat eginez, “Haur eta gazteekin lan egiten duten elkarteak biziberritzea” da plangintzaren bigarren lan-ildoa. Izan ere, elkarte horiek hamaika jarduera eskaintzen dizkiete haurrei eta gaztetxoei eskolaz kanpoko aisialdirako, eta, udalaren esanetan,eragile garrantzitsuak dira haurren sozializazio-prozesuan.
Elkarte horietako askok, ordea, zailtasunak dituzte boluntario-lanarekin jarraituko duten begiraleen belaunaldi berriak aurkitzeko eta, bereziki, Pasaiako haur eta nerabeen hizkuntza-eskubideak errespetatuko dituzten begirale euskaldunak aurkitzeko. Finantzaketa lortzeko arazoek, berriz, jarduera-eskaintza murriztera behartzen dituzte.
Elkarte horiek biziberritzea beharrezkoa zela ikusirik, Elkarteen Gunea sortu zuen udalak 2008an. Kirolarekin, aisialdiarekin eta kulturarekin loturiko 17 elkartek hartzen dute parte gune horretan, udaleko hainbat sailetako ordezkariekin batera. Hiru hilean behin elkartzen dira gaur egun, besteak beste, udalak laguntza eman dien begiraleen prestakuntza indartzeko eta begirale berriak lortzeko, horiek euskaldunak direla bermatuta. Horrez gain, haur eta nerabeentzat erakargarria izango den eskaintza
osatzen laguntzen die.

Aukera berdinak guztientzat

Planaren hirugarren eta azken lan-ildoa “Adingabekoen harrera egokia sustatzea, jatorria dena delakoa izanik ere” deiturikoa da. Izan ere, Hik Hasiren jardunaldian azaldu zutenez, Pasaiako portuak migrazio ugari erakarri du, azken hamarkadetan bereziki. Hasiera batean, bai Galiziatik bai Portugaldik iritsi ziren etorkin gehienak, baina etorkinen jatorria nabarmen zabaldu da, eta gaur egun Pasaian 33 hizkuntza erabiltzen direla kalkulatzen dute. Egoera horretan, “elkarbizitza erronka handia da, batik bat erantzukizun publikorako”, eta horregatik sartu dute plangintzan hirugarren ildo hori. Herrira hainbat jatorritako adingabeak iristen dira, eta guztiei eman nahi diete harrera egokia, “gure hizkuntza eta kultura ezagut ditzaten, eta, era berean, beraien hizkuntza- eta kultura-aberastasuna aintzat hartzen direla senti dezaten.” Eskolaz kanpoko guneak ere sortu dituzte, jolasaren bidez gainerako haurrekin harremanetan jar daitezen.
Hau guztia bideratzeko, “Hezkuntza Gunea” deituriko batzarra sortu du udalak. Gune horretan, udal-ordezkariak Pasaiako ikastetxeetako ordezkariekin biltzen dira bi hilean behin, eta, besteak beste, haur eta nerabeen eskubideen gaia eskoletan lantzea eta horiek beraien curriculumetan txertatzea lortu dute.
Lan-ildo horren azken helburua “Pasaiako gazteek, eskubideak ez ezik, etorkizunean aukera berdinak izatea” litzateke. Horretarako, herritarrak “aniztasunaren aberastasunaz jabetzeko eta aniztasunean bizitzea guztiontzat positiboa dela agerian uzteko”, hainbat sentsibilizazio-jarduera egin dute herrian.

Balio-hezitzaileak zabalduz

Errespetua, elkartasuna, bizikidetza, partaidetza eta antzeko balio hezitzaileak haur eta gazteekin lan egiten duten guztiek barnera ditzaten eta udaletako lerro estrategiko guztietan aintzat har daitezen, ildo horiek guztiak plan bakarrean bateratu ditu udalak, Haur eta Nerabeen Eskubideak Bermatzeko Planean, hain zuzen ere.
Filosofia horren ildotik eta aurrez aipaturiko gune guztiez gain, Udal Zerbitzu Gunea ere sortu du udalak. Gune horretan 10 udal-zerbitzuk hartzen dute parte, haurrekin eta nerabeekin lan egiten dutenak guztiak, udal-liburutegia, musika-eskola, kiroldegia, gazte-lekua edo ludoteka, kasu. Hilean behin elkartzen da gune hau, gainerakoak baino sarriago, berriena delako eta oraindik abiada hartzen ari direlako. Besteak beste, udal-begiraleen prestakuntzan jarri dituzte indarrak, eta, hala, haurrak eta nerabeak babesgabe daudenean nola jokatu irakatsi diete, esaterako.
Horrela, bada, elkarlanerako espazioak eta erabakiguneak sortu dira, bai udalaren baitan, bai udalaren eta eragileen artean, haur eta nerabeen eskubideen afera “guztion ardura” delako.

Protagonistek protagonismoa hartzea falta

Orain arte eginiko bidearekin eta lorpenekin gustura dauden arren, “zalantzak, zailtasunak eta erronkak” ez zaizkie falta, udaleko euskara-teknikari Jaione Urruzolaren esanetan: gizarte-sarea sendotzea eta hedatzea; euskara erdigunean jartzea, edo
“aniztasunaren inguruko begirada zabaltzea”, besteak beste. Hala ere,
erronka nagusia “haur eta nerabeen parte-hartzea areagotzea” da, Urruzolak aitortu duenez: “eta, parte-hartzea esaten dugunean, haurrek iritzia ematea, proposamenak egitea, erabakiak hartzea eta horiek gauzatzeko ardurak hartzea esan nahi dugu.” •