CUATRO CANTONS

2015-10-01

Galdetu, sortu, ikasi

 Edukiak eman beharrean, galderak sor ditzaketen gaiak aurkezten dizkiete ikasleei Bartzelonako Cuatro Cantons Institutuko irakasleek. Eta, galderetatik abiatuta, ikasle bakoitzak bere ikerlana egin beharko du. ‘Lan Globalizatua’ esaten dioten horri 10 ordu eskaintzen dizkiote astean: ez da ikasgai jakin bat, baina hamaika jakintza-alor lantzeko aitzakia ematen du.

 
 

DBHko eta Batxilergoko ikasleek zer ikasten duten baino garrantzitsuagoa da nola ikasten duten eta zertan ikasten duten; horixe da Cuatro Cantons Institutuaren metodo pedagogikoaren ardatza, Bartzelonako Poblenou auzoko institutuarena. Izan ere, Ramon Grau zuzendariak azaldu duenez, “edukiak garrantzitsuak dira, edukirik gabe ez baitago zer ikerturik. Baina ez gara edukiekin itsutzen. Ikasketa-prozesuaren gakoa da galdera bat sortzea ikaslearengan, eta hainbat arlotako edukiak lantzea horri erantzuna emateko prozesuan”.

Gauzak horrela, Cuatro Cantonsen ez dago gizarte- edo natura-zientzien ikasgairik, ezta biologia edo literatura lantzeko ordu zehatzik ere. Baina, landu, lantzen dira gai horiek, eta, ikasi ere, ikasten dituzte alor horietako jakintzak. Gakoa, esan bezala, gai horiek ikasteko moduan dago: transdiziplinitate-an oinarrituta, Lan Globalizatua esan duten eremuan lantzen dituzte jakintza horiek.

Instrumentuei eustea

Dena dela, instrumentuei, hots, ikasgai instrumentalei, eutsi egin diete Cuatro Cantonsen, Grauk dioenez. Horrela, Katalana, Gaztelania, Ingelesa eta Matematika ikasgaiak egon badaude, eta gutxi gorabehera 4 ordu eskaintzen dizkiote bakoitzari astean. Lehen Hezkuntzan izandako ebaluazioetan komunikaziorako gaitasuna erakutsi duten ikasleekin, 4 ordu beharrean 3 ordu eskaini dizkiote katalanari, gaztelaniari eta ingelesari, horietako bakoitzari alegia. Eta hortik sobera gelditutako 3 orduak alemana ikasteari eskaintzen dizkiote.
Matematikari dagokionez, eredu propioa dute. Testuinguru jakin batean kokatutako arazo edo egoera bat aurkezten diete ikasleei, zeinetan arazo horri irtenbidea emateko elementu guztiak agertzen diren. Ikasle bakoitzak matematikan duen mailaren arabera landuko du ariketa. “Ez da gauza bera 2x3 eragiketa matematikoa egitea, 2x3 eragiketa erabili behar duzun buruketa bat egitea, edo buruketa bat asmatu behar izatea eta buruketa horretan emaitza 2 x 3 eragiketak ematea. Maila kognitibo desberdinak dira, eta guztiak batera erabil daitezke ikasgela berean, ikaslearen mailaren arabera. Batzuek zailtasunak izango dituzte, badakigu; baina errutina batzuk sortuta ditugu, hain zuzen, zailtasun horiek lantzeko”.
Izan ere, Grauren ustez, ikasle batzuek beharrezkoa dute sortzea: “Batzuen ustez, ikasketa-prozesuaren arrakasta asko ibiltzea da, bide luzea egitea. Gure ustez, arrakasta sortzea da, ikasleak sormena askatzea”.
Hizkuntzez eta matematikaz gain, beste bi ikasgai ematen dira bere horretan Cuatro Cantonsen: Musika eta Gorputz Hezkuntza. Horietako bakoitzari bi ordu eskaintzen dizkiote astean. Beraz, ikasleek 20ren bat ordu ematen dituzte astean zehar ikasgai jakinak lantzen.

Gai bat, hamaika ikasgai

Beraz, hezkuntzan ezarritako asteko 30 orduetara iritsi arte, DBHko ikasle bakoitzari 10 ordu gelditzen zaizkio ikasgaietatik kanpo. Bada, ordu horiek Lan Globalizatua esaetn dioten eremuari eskaintzen dizkiote. Ordu horietan, ez dute ikasgai jakin bat lantzen, asko baizik, guztiak ikergai bakar baten bidez. Baina, zer egin daiteke gai bakarraren bidez hamaika ikasgai lantzeko?
Ikerketa abiatuko duten galderak sortzea, hori da metodologiaren oinarria. Hainbat adibide baliatu ditu Ramon Grauk metodologia azaltzeko.
Esaterako, Antartika landu dute gai gisa azken hiruhilekoan, eta ikasle bakoitzak Antartikaren inguruko ikerlana egin du. Lehenengo eta behin, testuingurua sortzeko, Pinguino enperadorearen bidaia izeneko dokumentala ikusi zuten gelan. Dokumentalak erakusten du animalia hori dela negua Antartikan igarotzen duen bakarra, ilunpean eta tenperatura bortitzetan igaro ere. “Horren harira, ikasleak ohartu ziren Antartikan egunak irauten duela... Tira, egunik ez dagoela ohartu ziren. Zergatik? Zer gertatzen da?”. Ikasleengan galderak sortzen hasten dira.
Hori sustatzeko, errutina zehatz batekin egiten dute lan, eta, horren arabera, ikasleek hiru galderari erantzun behar diote: zer ikusten ari naiz?; zer pentsarazten dit?, eta zer galdetzen diot neure buruari? Galdera horien bidez, hausnarketa eragin nahi dute ikaslearengan, bakoitzak bere erantzuna eman behar baitio galdera sortari. Horren ondoren, talde handian partekatzen dituzte erantzunak, eta irakasleak lagundu egiten die hauek bereizten: “zer den ikustea eta zer behatzea, zer pentsatzea eta zer arrazoitzea; eta, azkenik, zer den neure buruari galdetzen diodana, alegia, ez dakidan eta jakin nahi dudan hura. Azken hori izango da bakoitzaren ikerketarako gaia”.
Beraz, ikasle bakoitzak erabaki-tzen du zer ikertu, bere interesaren arabera. Eta, norbaitek, adibidez, Antartikaren desizoztea edo urtze-aldia lantzen badu, “ohartuko da badagoela jatorria itsasoan duen izotza, eta jatorri kontinentala duen izotza. Ikusiko du urtze-aldiak arriskuan jarri dituela hainbat harrapari, eta, horrela, ohartuko da sare trofikoa edo elikadura-sarea ere badela Antartikan ere. Hori egitean, ohartuko da ez dagoela zuhaitzik, eta, horren ordez, fitoplanktona dagoela sare trofiko horren oinarrian... Ikerketaren bidez, hainbat gaitan murgilduko da”.
Talde-lanak ere badu lekua. Izan ere, antzeko interesak dituztenek elkarrekin egiten dute lan, blokeetan banatuta: klimarekin loturiko gaiak lantzen ari diren ikasleak, bizitzarekin loturikoak lantzen dituztenak, Antartikara eginiko bidaiekin eta historiarekin loturikoak... Proiektuaren amaieran, interes-talde bakoitzak bere ikerketak aurkezten ditu ikasgela guztiaren aurrean. Horren ondoren, ikasgelaren ordezkari izango den taldea aukeratzen dute; ordezkari horiek, beste ikasgeletakoekin batera, aurkezpen orokor bat egiten dute ondoren, DBHko ikasle guztien aurrean. Ikasle bakoitzak, beraz, bere ikerketaren bidez ikasi duenaz gain, beste ikasleek ikertu dutena ere ezagutuko du.
Antartikarekin batera, basoa izan da ikasturte honetan aztertu duten beste gaietako bat. Gai horrek aitzakia ezin hobea eman die DBHko lehen mailako ikasleekin literatura lantzeko, haur-literatura zehazki, literatura mota horretan ohiko agertokia izaten baita basoa. Berriz ere, galderak izan dira lanketa horretarako abiapuntua: zergatik basoa, eta zer funtzio betetzen du haur-literaturan? “Hortik abiatuta, hainbat arlo aztertu genituen: pertsonaiak nola aurkezten diren, nola garatzen den ipuina, nola askatzen den korapiloa...”. Azterketa egin ostean, berriro ere ikasleengan sormena eta ekimena sustatzen saiatzen dira, Antartikaren gaian edo Matematika ikasgaian egin bezala: ikasleei ipuin bat sortzeko eskatzen diete. Sormena ikasketa-prozesuaren abiapuntu da, alegia.
Baina, literatura ez ezik, artea edo matematika ere landu dituzte basoaren bidez. “Errealistek, inpresionistek, postinpresionistek, kubistek... guztiek marraztu dute basoa, eta, hari horretatik, artea eta artearen historia ere ezagutu ahal izan ditugu. Bestalde, arrazoibide matematikoa lantzeko, basoaren argazki bat erakusten diegu, eta zati horretako zuhaitzen hostoek zenbat pisatzen duten kalkulatzeko eskatzen diegu”.
Grauk, adibide horien bidez, azaldu nahi du Cuatro Cantons Institutuan ikuspegia “bestelakoa” dela: “Basoari loturiko ikerketa txiki bat, azken batean, matrioxka bat bezalakoa da: alor akademiko guztiak hartzen ditu bere baitan”. Horrela, paradigma aldatu dute: hezkuntza-sisteman, oro har, “onartutako ezagutza behin eta berriz errepikatzen da”; Cuatro Cantonsen ikasleek ezagutza sor-tzea proposatzen dute, eta prozesu horretan onartutako hainbat ezagutza barneratuko dituzte horrela.

Elkarrekintza eta teknologia

Beraz, Cuatro Cantons Institutuan ikasleak dira egiten dutenak, ekin-tzaren protagonistak, alegia. Izan ere, “gelara iritsi eta irakaslea hizketan hasten bada, inpresionismoa zer den azaltzen edo hostoek zenbat pisatzen duten esplikatzen..., horrek ez du ezertarako balio”.
Ikasleen ekintzailetasun eta protagonismo hori errazteko, teknologia baliatzen dute. Horrela, ikasgelak interaktiboak dira: ikasle bakoitzak bere tableta dauka, eta gelaren erdian dagoen pantaila handi batekin konek-tatuta daude horiek, baita irakaslearen tableta ere. Horrenbestez, ikasle batek bere kabuz tabletan egin duen ariketa gainerako ikasle guztiek ikus dezakete pantailan, eta, bakoitzaren tabletaren bidez, zuzenketak egiten dizkiote, azken testua denen artean osatuz. “Guk ez daukagu libururik, logikoa denez. Material guztia Moodle plataforma batean dago, hau da, plataforma birtual batean. Ikasturtez ikasturte, gero eta material gehiago daukagu plataforma horretan, ikasleek proiektu bakoitzeko sortzen baitute material berria”.
Tabletaren bidez, argazkiak edo bideoak ere sor ditzakete ikasleek, eta ohikoa da ikasleek prezi edo antzerako aplikazioen bidez aurkezpenak sortzea, ondoren ikasgelako pantaila handian ikusteko. Eta, tableta badutenez, ikasleek ez dute baimenik ikasgelan mugikorra erabiltzeko: “Beste gailu bat eskura izanda, mugikorra whatsapp-ak bidaltzeko bakarrik litzateke, eta, beraz, ez diegu erabiltzen uzten. Kontua ez da ikasgelan irudiak har ditzakeen gailurik erabili nahi ez izatea, tabletak ematen baitie horretarako aukera; baina mugikorraren zenbait erabilerak asaldatu egiten gaituzte”.

Irakaslearen rola: transdiziplinitatea

Ikasleak Lan Globalizatua egiten ari direnean, gai jakin bat hamaika ikuspegitatik ikertzen ari direnean, alegia, irakasle bakarrarekin egiten dute lan. Adibidez, Ramon Grau Biologian doktorea da, baina, Basoa aztertzean, hark azaldu dizkie ikasleei artearekin, literaturarekin edo matematikaren loturiko jakintzak ere. Alegia, transdiziplinitatearen ikuspegiarekin egiten dute lan, jakintza-alorrez harago joanez.
“Aukera bat litzateke diziplinartekotasuna: basoa aztertzen ari garen bitartean, teknologiako irakasleak bere alorrarekin loturiko azalpenak ematea; edo literaturan aditu den irakaslea etortzea basoarekin loturiko ipuinez hitz egitera. Aukera bat da, bide horretatik gutxienez hainbat pertsona ados jartzen baitira elkarren artean zerbait sortzeko”.
Dena dela, Cuatro Cantons Institutuan ez dute aukera horren alde egiten: “Gurean dena irakasle bakarrak egiten du, uste baitugu gertuago dagoela ikasten ari denaren logikatik. Pertsonok ez dugu ikasten unibertsitatean egindako jakintzen sailkapen baten arabera; errealitatetik ikasten dugu, eta, errealitatean, arloak nahasi egiten dira; errealitatea transdiziplinarioa da”.

Oasi bat basamortuan

Cuatro Cantonsen, oasi sentitzen dira basamortuan. Izan ere, eskola publikoen sarean dago, eta Kataluniako Gobernuaren Hezkuntza Saila ez doa Cuatro Cantonsek hartutako bidetik. Gobernuak “ikasleak A, B  eta C geletan banatzea proposatzen du, bakoitzaren maila kognitiboaren arabera”, eta, Cuatro Cantonsen, “guztiz kontrakoa” egiten dute: “Etengabe nahasten ditugu ikasleak, batzuk besteak, ikasgeletan nahiz taldeetan, heterogeneotasuna sustatuz etengabe”. Adibidez, ikasle bakoitzak erreferentziazko ikasgela eta ikaskideak ditu, baina, Lan Globalizatua egiterakoan, nahasi egiten dira hainbat ikasgelatako ikasleak.
Grauren esanetan, maila kognitibo txikiagoa duten ikasleak “baztertuta ez gelditzea eta pixkanaka aurrera” lortzen dute modu horretan: “Oso ikasle gutxik uzten dute DBH gurean”. Dena dela, A, B eta C banaketa egiten duten institutuz inguratuta daudela aitortzen du Grauk.
Hitzez azaldutakoa ikusteko eta ondorioak ateratzeko, Grauk bere ikasgelara gonbidatu du hik hasi, ikasleekin batera egotera. Badirudi egindako lanak eman dituela bere fruituak: ikasle aktibo eta ekintzaileak ikus daitezke, taldean sortzeko eta besteen aurrean adierazteko gai direnak. Irakasleak eginiko galdera bakoitzeko hamar bat esku altxatzen dira gelan, erantzuteko gogoz. Guztien artean josi dute hik hasi-rentzako kontakizuna, ahotsak batuz.