HEGOALDE IKASTOLA: Inklusioaren erronka
Inklusioaren erronka
Iruñeko Hegoalde Ikastolan, berariazko hezkuntzaren modalitatean eskolatu diren 5 ikasle daude. ‘Gela Alternatibo’-ko ikasleak dira, zonaldeko sare publikoko eta D ereduko ikasle bakarrak, eta eskola arruntak dituen aukerek onura handia eskaintzen diete. Jarduerak gainerako ikasleekin batera egitea eta egunerokotasuna partekatzea dira, besteak beste, garapen pertsonala bultzatzen laguntzen duten oinarrizko ekintza batzuk.
Nola hasi zen gelako integrazio-prozesua?
HIK HASIren 2014ko ekaineko zenbakian azaldu genuenez, Hegoalde Ikastolak, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasgela arruntak izateaz gain, badu unitate berezi bat: Gela Alternatiboa. 2011-2012 ikasturtean sortu zen, hainbat familiak eskaera egin eta gero. Huraxe izan zen gure eskolan premia bereziak zituzten ikasleentzako gela integratzen hasteko abiapuntua, eta, ingurune normalizatu batean, baldin-tza jakin batzuk behar zituen esparrua txertatzea lortu zen. Proiektu horrek, guraso eta irakasle taldearen lanaren ondorioz, neurri handiagoa hartu du, eta 5 ikasle izatera iritsi gara 2014-2015 ikasturtean.Ikasle hauek eskolatzeko modalitatea berariazko heziketa da, premia berezia duten ikasleak baitira; hau da, norberaren ezaugarri pertsonalak direla eta, curriculum arruntari jarrai-tzea ezinezkoa duten ikasleak dira. Horregatik, norbanakoaren araberako egokitzapena dute, bai eta autonomia eta garapen pertsonala bultzatzeko programa indibiduala ere. Familiek eta irakasleek argi aldarrikatu zuten, ikasle horien baldintza pertsonalak desberdinak izanda ere, testuinguru arruntean egoteko aukera izan behar zutela, integratuta egoteak garapen pertsonalean eraginen zituen onuretan oinarrituta.Horrela, Gela Alternatiboa Hegoalde Ikastolan garrantzi handia hartuz joan da, bai gelako ikasleei eta bai gainerako ikasle, irakasle eta familiei ere ikasketarako aukera polita ahalbidetzen dietelako. Funtzionamendu berezia du gelak, bai eta antolakun-tza desberdina ere (espazioari zein denborari dagokienez), eta, urteen joan-etorrian, Gela Alternatiboa-ren ezaugarriak ezagutzera eman dizkiegu eskolako ikasleei, beraien kuriositate hutsak horretara eraman baikaitu. Integrazioa, beraz, alderantzizkoa izatera ere iritsi da; Gela Alternatibotik gainerako ikasgeletara eta gainerako ikasgeletatik Gela Alternatibora joatea lortu dugu. Esan dezakegu ikastetxe integratzailea garela.Zer esan nahi du eskola integratzailea izateak?
Ikasgela arruntetako taldekatzea partziala eta baldintzatua dela esan nahi du; hau da, 5 ikasle horiei, saio gehienetan, beren Gela Alternatiboan egoteko eta bestelako saioetan gainerako ikasleekin aritzeko aukera eskaintzea da. Azken saio horietako asko programatuak dira (tutoretzak, jarduerak, antzerkiak….), baina beste asko egunerokotasunak berak eskaintzen ditu, era normalizatuan: jantokia, patioa, pasabideak, bara-tzea… Espazio komunak dira horiek, eta elkarbizitza bultzatzeko era ezin hobea bidera daiteke horietan guztietan. Inklusioa bermatzeko esparruak dira, hain zuzen ere.Orokorrean, premia bereziak dituzten ikasleei hezkuntza-sistema arruntean parte hartzeko aukera ematen zaie, betiere, norberaren izaera zerk ahalbidetzen duen kontuan hartuta; hortaz, ikasle bakoitzaren garapena kontuan hartuta, helburu zehatzak planteatzen dira. Ikaskuntza funtzionalari lehentasuna ematen zaio, eta ikasle bakoitzaren gaitasunak dira abiapuntu. Banakako jarduerak egitean, norberaren ezaugarriak aztertu, eta programaketa zehatzak egiten dira; taldeko jarduerak egitean, aldiz, berdintasuna, normaltasuna eta errespetua dira garrantzi handiena duten elementuak. Ekintzetan, jolasetan, lanetan…, ikasle guztiek parte hartzen dute, horixe baita helburua: gizarteratzean edo taldekatzean, jardueretako partaide aktiboak izatea.Horrekin batera, badira integrazioa lantzean lortu nahi diren beste zenbait helburu orokor, esaterako:-Ikasle bakoitzaren garapen pertsonala bermatzea, eta autonomia maila garatzen laguntzea.-Jarduera libreetako jolasek eskain-tzen dituzten aukerez gozatzea, eta ume guztieganako ikasketa sustatzea.-Harreman sozialak eta komunikazio mota askotarikoak ahalbidetzen dituzten uneak bultzatzea. Gainerako ikasleekin erlazionatzea, edota umeak imitatzen ikastea.-Arauak errespetatzen ikastea. Beste ikasleen portaeren ondorioak ezagutzea, eta norberaren jokabidearen erantzule izaten erakustea. -Portaera arduratsuak zeintzuk diren barneratzea, eta aurrera eramaten ikastea.-Elkarbizitzaren elementu esanguratsuak aztertzea, eta berdintasunean oinarritutako jarduerak sustatzea.-Eskolako ikasleak, irakasleak eta familiak sentiberatzea nahaste psikikoak dituzten umeen inguruan; norberak dituen gaitasunak eta mugak identifikatzen laguntzea, eta horren inguruko hausnarketarako bidea irekitzea.Nola antolatzen dituzue integrazio-saioak?
Ikasle bakoitzak erreferentziazko taldea du; gure kasuan, 5 urteko gela eta LHko 1., 2. eta 3. mailak. Taldekatzeak, beraz, ikasgela horietako lagunekin egiten dira.Saio horiei etekinik handiena atera ahal izateko, erabateko garrantzia du ikasle bakoitzaren ezaugarri pertsonalak ongi ezagutzeak, materialak eta jarduerak egokitu behar baitira, bakoitzaren izaera eta gaitasunak horren desberdinak direnez. Badira hizkuntza menperatu arren komunikatzeko zailtasuna duten ikasleak, mugikortasun mugatua dutenak, autonomia maila eskasa dutenak… Beraz, aurretiko lana da ikasleak ongi ezagutzea eta ahalik eta informazio gehien eskuratzea.Hori kudeatu eta aurrera eraman ahal izateko, ezinbestekoa da profesional ugariren esku-hartzea. Hori dela eta, funtsezkoa da pedagogia terapeutikoko irakaslearen, entzumen eta mintzairako irakaslearen, fisioterapeutaren, zaintzailearen eta orientatzailearen lana. Horrekin guztiarekin batera, garrantzitsua da ikasle bakoitzaren erreferentzia-taldeko tutorearekin zein espezialistekin ere koordinatuta lan egitea integrazio-saioak antolatzeko garaian, jarduerak prestatu eta materiala egokitu beharra baitago. Hori dela eta, heldu askok parte hartzen dugu ikasle horien integrazio-saioen prestaketan.Oro har, integrazio-saioen bi mota daudela esan genezake. Alde batetik, astero programatzen diren ekintzak ditugu, orokorrean espezialistekin egin ohi diren jarduerak, hain zuzen ere. Astero, musikako, plastikako eta heziketa fisikoko saioetan taldeka-tzen dira Gela Alternatiboko ikasleak. Tutoreekin ere egiten dituzte zenbait ariketa edo jolas: 3. mailako ikasleek, esaterako, animalien deskribapenak egin zituzten inguruneko saioan, eta premia berezia duen ikasleak bere deskripzio pertsonala egin zuen piktogramak erabilita; hau da, materiala egokituta, ikaskideekin parte hartzeko aukera izan zuen, bai eta haien lanak ezagutzekoa ere. Jakina, ikasle horren lanaren bidez kontzeptu berriak ikasteko aukera izan zuten gainerako ikasleek ere, hala nola piktograma eta komunikazio-sistema alternatiboen esanahia. Ikasleak harrituta geratzen dira argazki edo marrazki bidezko hizkuntza ezagu-tzen dutenean, ahozko mintzaira ez duten pertsonen “hitz egiteko” erak aztertzen dituztenean, edota Pintto txakurraren deskribapena irudi eta abesti bitartez egiteko aukera dagoela ikusten dutenean, kasu honetan halaxe gertatu baitzen. Azpimarratzekoa da horrelako egoeretan ikaskideek garatzen duten sentsibilizazio maila.Bestalde, integrazioak askotariko jardueren bidez gauzatzen dira: euskararen asterako prestatzen diren ekintzetan, esaterako, erreferentzia-taldeko ikasleekin aritzen dira; eta halaxe aritzen dira bizikidetzaren astean, Olentzeroren ekitaldian, Inauterietan eta Agate Deuna eguneko ekintzetan ere. Eskolaz kanpo antolatzen diren ekintzetan ere, integrazioko lagunekin aritzen dira jolasean; besteak beste, ateraldietan eta kanpamenduetan.Esan beharra dago Nafarroako Gobernuak onartzen dizkigun profesionalen menpe gaudela, integrazio-saio horiek guztiak aurrera eraman ahal izateko; beraz, urtetik urtera, Hezkuntzako Departamentuak eskaintzen dizkigun aukerak aztertu behar izaten ditugu. Zaintzaileen lanak erabateko garrantzia du kasu horietan, autonomia maila baxuko ikasleak direnez, heldu baten lagun-tza behar baitute etengabe.Alderantzizko jarduerak ere antolatu ohi ditugu, eta azpimarratzekoa da hori: ikasle arruntak Gela Alternatibora joan ohi dira, eta hainbat jardueratan parte hartzen dute hango ikasleekin batera. Bigarren mailako ikasleek, esaterako, zentzumenak landu ondoren, aukera bikaina izan zuten Gela Alternatiboko materialak erabilita zentzumen guztiak sakon aztertzeko eta disfrutatzeko. Gela Alternatiboko ikasleei izugarri gustatzen zaie harrera-lana egitea eta ikasleak “beraien gelara” gonbidatzea. Ipuinak irakurtzera joaten dira noizean behin beste zikloetako ikasleak zein irakasleak, eta adierazgarria eta esanguratsua da sortzen den harremana.Hurrengo helmuga, inklusioa?
Pausoz pauso joan beharra dago. Asko dago egiteko oraindik, baina bidean aurrera egitea da garrantzitsuena. Lehenengo helburua Nafarroako ikasleek gurea bezalako ikastetxe batean matrikulatzeko aukera izatea da (ezin ahantz dezakegu sare publikoan mota honetako D ereduko eskola bakarra dugula Iruñerrian). Hori lortu ondoren, hurrena ikasleen hezkuntza inklusiboa lortzea izanen da, noski, helburua. Baina, horretarako, gauzek asko aldatu behar dute: askotariko proiektuak gauzatu behar lirateke, eta hezkuntza-sistema sakonetik aldatu behar litzateke.Guk, oraingoz, integrazioa bermatzen dugu, bai eta inklusioa ere, hainbat unetan. Bizikidetza-batzordeak jarduera ugari antolatzen ditu ikasturtean zehar, eta irakasle eta familien parte-hartzea bultzatzen da jarduera horietan. Hortaz, helmugan dugu erabateko inklusioa, eta harantz goaz.