KALAKA komunikazio parekidea: Nola txertatu komunikazio parekidea ikastetxearen dinamiketan?

2015-10-01

Nola txertatu komunikazio parekidea ikastetxearen dinamiketan?

Galdera horri erantzutea dute helburua, besteak beste, Kalaka komunikazio parekiderako elkartearen sortzaileek. Ikastetxeetan parekidetasunaren gaia modu integralean eta zeharkako gai gisa lantzea proposatzen dute. Eta,  horretarako, formazioa litzateke gakoetariko bat, baita ikastetxeekin elkarlanean zehazturiko estrategia ere.

 
 

Eraldaketa soziala dute helburu; parekidetasuna, berriz, xede hori erdiesteko lanabes nagusia. Iparrorratz horrekin sortu dute Kalaka, komunikazio parekidearen agentzia, Nerea Uriak eta Ilazki Gainzak. Bidea hasi berri dute, baina dagoeneko hainbat esperientzia ari dira gidatzen erakundeen komunikazio-estrategiak parekidetasunaren ikuspegia aintzat hartuta garatzeko.

Bide horretan, interes berezia dute ikastetxeekin lan egiteko, izan ere, Nerearen esanetan, “herri osoa da, azkenean, ikastetxearen bueltan dagoena. Beraz, bertan lantzen den edozein gaik zabalkunde handia du”. Alegia, hezkuntza-munduarekin lan egiteak, parekidetasuna tantaz tanta jendarte osora zabaltzeko bidea eman dezakeela uste dute.

Estrategia, aholkularitza, formazioa

Hiru ardatzetan oinarritzen da Kalakaren jarduna. Batetik, entitateen komunikazio-estrategia definitzen egiten dute lan. Hori egiterakoan, noski, zehaztutako helburu, erronka eta ekintza guztietan dago parekidetasunaren kontzeptua, eta azken helburua entitate horretan eraldaketa soziala sustatzea izango da, Kalakaren muinarekin bat. Nereak azaldu bezala, “adibidez, komunikazio-ekintza baten mezua edo irudia pentsatzerakoan, argi dugu ez dela nahikoa hizkuntza inklusiboa erabiltzea, beharrezkoa da jarrera inklusiboa izatea ere”. Ilazkiren ustez, “parekidetasuna ez da hainbeste zerbait kuantitatiboa, ez du esan nahi karteletan emakume eta gizon bana jarri behar ditugunik. Gakoa emakumeak agertzeko moduan dago, kualitatiboa ere bada. Egin daiteke parekide kuantitatiboki, eta muinean sexista izan!”.
Behin estrategia definituta, hortik eratorritako ekintza batzuk Kalakako kideek eurek gauzatzen dituzte, baina helburu nagusia organizazioa bera boteretzea da; alegia, organizazio bakoitza egitea bere estrategiaren eta ekintzen jabe. Horregatik, bezeroak “bidelagun” izatea dute helburu: “horien azalean jarri” eta beraien beharren eta interesen araberako plagintza osatzen dute elkarlanean.
Bigarrenik, aholkularitza-zerbitzua ematen diote bidelagun izan duten bezero horri, estrategia gauzatzerakoan nahiz ekintzetan parekidetasuna txertatzerakoan izan ditzakeen zailtasunen aurrean laguntzeko.
Hirugarrenik, Kalakaren lanaren oinarri inportantea da formazioa. Izan ere, hainbat hitzaldi eta ikastaro ematen dute “bai komunikazioaren gaia lantzeko, bai genero ikuspegiaren hausnarketa sustatzeko”. Edo biak uztartzen dituzte, guraso eta hezitzaileei sare-sozialen pribatutasunaren inguruan eskaintzen dizkieten ikastaroetan bezala; edo Sare-sozialak genero ikuspegitik izenekoan bezala. Azken hau nerabeei zuzendua dago, sare sozialak erabiltzerakoan “irizpide kritiko batzuk izan ditzaten. Estereotipoz beteriko irudi bat iristen bazaie, gai izan daitezela ohartzeko eta erabaki dezatela ez zabaltzea”, dio Ilazkik.  

Gogoeta: txikiekin hasi, eta etxeraino

Zehazki hezkuntzari dagokionez, “komunikazioaren bidez parekidetasunaren gaia zeharkako egin” nahi dute, eta horretarako modu integralean landu behar dela uste dute. Alegia, ikastetxearen barne- nahiz kanpo-komunikazio ekintza orotan presente egon behar du, baita hekuntza-komunitateko kideen arteko harremanetan ere, eta, gainera, berariaz landu beharko litzateke gaia ikasleekin.
Ikastetxeekin izan dituzten kontaktuetan ikusitakoaren arabera, uste dute beharrezkoa dela gaia ikasleekin txiki-txikitatik lantzea, “ez baita nahikoa nerabe direnean hastea parekidetasunaz hitz egiten. Izan ere, nerabezarora iristeko gauza asko entzun eta ikusi dituzte eta hainbat balore jada barneratuta dituzte”, Ilazkiren ustez. Horregatik, arreta jartzen dute haurrei eskaintzen zaizkien edukietan, eta, besteak beste, ipuin parekideen erabilera gomendatzen dute. Horrekin batera, txikiak direnean astean pare bat ordu gaiaren inguruko ariketei eta hausnarketei eskaintzea egokia delakoan daude. Horiek dira, besteak beste, estrategiaren lanketan proposatzen dituztenak.
Baina, ekintza horiek arrakasta izateko, bi gako ikusten dituzte. Batetik, ezinbestean modu osoan edo integralki landu behar da parekidetasunaren gaia: ez du askorako balio gaiaren inguruan bi orduz hausnar-tzeak, ondoren, beste ikasgai batean parekidetasuna aintzat hartu gabe emakumea modu desegokian agertuko bada. Eta, bigarrenik, aurrekoarekin estuki lotuta, beharrezkoa da hezkuntza-komunitatea osatzen duten kide guztiak formatzea, guztiek har dezaten aintzat ikasleekin dituzten hartu-emanetan. “Argi dago irakasleekin ere hitz egin behar dela. Gure asmoa da estrategia globala izatea. Adibidez, haurrekin botere-harremanak ari bagara lantzen, bada hitz egin dezagun horretaz ikastetxeko aldizkarian, edo antolatu dezagun solasaldia gurasoekin... eta ahalko balitz etxetaraino eraman gogoeta”, Nerearen arabera.
Ikastetxeekin elkarlanean definitu nahi dituzte hezkuntza-munduan parekidetasunari dagokionez egon daitezkeen beharrak edo gabeziak. Hori bai, elkarlanean detektaturiko gai horiek lantzeko aproposenak, komunitatetik kanpoko pertsonak izan daitezkeelakoan daude: “Ikastetxeetan esan izan digute nahi dutela zenbait gai kanpotik datozenekin landu. Nonbait, arreta gehiago jartzen diotelako kanpotik datorrenari”, aipatu dute.