205: Krisiak edo erronkak?

2016-02-01

XXI. MENDEA AURRERA DOAN HEINEAN, ERRONKA BERRIAK ARI ZAIZKIGU

AGERTZEN. SARRI, ‘KRISI’ HITZAREKIN ZERRENDATZEN DITUGUN HORIEK, HAIN JUSTU. BATZUENTZAT ‘KRISI’ DIRENAK BESTEENTZAT ‘ERRONKA’ BAITIRA.

 
 

Krisi ekonomikoa, demokraziaren krisia, balioen krisia, hezkuntzaren krisia, justiziaren krisia, ekologiaren krisia… Azken aldian dena da krisia. Lehengo denborak, atzean utzitako garaiak idealiza-tzeko dugun joeraren ondorio izango da akaso alderdi guztietan krisia ikustea.  

Askotan, badirudi lehen dena zela hobea, baina gizakiak aspalditik du hobeto bizitzeko nahia, aurrera egiteko grina. Gakoa da, ordea, “hobeto bizitzearen” zera hori nola ulertzen dugun. Zein baliotan oinarritzen garen hitzetik hortzera darabilgun “mundu hobea” eraikitzeko.

Edozein kasuan, badirudi XXI. mendea aurrera doan heinean, erronka berriak ari zaizkigula agertzen. Sarri, “krisi” hitzarekin zerrendatzen diren horiek guztiak, hain justu. Batzuentzat “krisi” direnak, beste batzuentzat “erronka” izan baitaitezke.

Paradigma-aldaketaz eta gizaki berrituaz mintzo da Iosu Txapartegi maisua aldizkari honetan jorratutako Ikastolak 2050 liburuan. Denentzat ona izango den mundu bat nola eraiki daitekeen pentsatu behar dela dio, eta, horretarako, hezkuntzatik hasita balio positiboak indartu behar direla. “Adibidez, umea senti dadila gustura besteari laguntzen dionean, eta ez bestea baino gehiago denean”.

Hain zuzen ere, begirada bestearengan zentratuz, inguruan eta munduan gertatzen den horren gaineko ardura hartzeko Bolondres proiektua jarri dute abian Durangoko San Jose Jesuitak ikastetxean. Proiektuko arduradun Aitziber Agirrek aldizkariko gai nagusian azaldu bezala, bestea, aldamenekoa, hau da, hor egon arren sarri ezezaguna zaigun hori erdigunean jartzea da proiektuaren gakoa: “Eskolan nahiko ondo lantzen dugu pertsonaren ezagupenaren gaia: zeure burua ezagutu, zeure nahiak eta desioak... Baina ez dugu hainbeste jartzen begirada bestearengan. Xedea da ez pentsatzea bakarrik nigan, nire amets eta desioetan, baizik eta ‘zer behar du mundu honek nigandik?’ galdetzea geure buruari”.

Izan ere, Txapartegik gogoratzen duen moduan, haur bakoitzari etorkizun duina ziurta-tzea da hezkuntzaren helburu nagusienetako bat. Baina horrekin bakarrik ez da nahikoa. Baldintza sozial egokiak sortzea ere nahitaezkoa izango da bizimodu duin bat ziurtatu nahi badiogu datorrenari.

Hezkuntzaren egiteko gisa balioen transmisioari sekulako garrantzia ematen dio aldizkari honetan elkarrizketatutako Juan Inazio Har-tsuaga antropologoak ere. Euskal mitologiaren ikerketan urtetan egindako lanetik egiten du ekarpena, ez herri-nortasun fosil baten esklabu izateko, baizik eta errealitateaz kontziente izanik, gaurko eta etorkizunerako zein eredu nahi dugun denon artean erabakitzeko.