207: Gure ekarpena egitea dagokigu herri gisa

2016-04-01

HEZKUNTZAN, ORO HAR, EPE LUZEAN IKUSTEN DIRA EMAITZAK. HERRIAREN ANTOLAKETAN ERDIGUNEAN DAGOEN EDO EZ, ZENBAT ETA NOLA INBERTITZEN DEN, HORREN ARABERA IZATEN DIRA HEZKUNTZAREN EMAITZAK.

 
 

Z eresan handia sortu dute 2015ean EAEn jasotako ebaluazio diagnostikoen emaitzek. Izan ere, zientzietako atalean izan ezik jaitsiera gertatu da beste lau ikasgaietan: euskaran, gaztelanian, ingelesean eta matematikan. Euskararen kasuan, gainera, 2009ko diagnosi neurketetatik hona izan diren emaitzarik kaskarrenak izan dira.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren esanetan, “emai-tzen eboluzioa ez da desio zena, baina joera egonkorra da, hamar punturen barruan baitaude gorabeherak. Estatistika aldetik, arrazoizko gorabeherak dira”.

ELA, LAB eta STEILAS sindikatuentzat, bestalde, krisi ekonomikoaren aitzakian hartutako neurrien ondorio dira emaitzak: sortzen dugun aberastasunaren % 3,6 inbertitzen da hezkuntzan, 2009an % 4,3 inbertitzen zenean, eta, Europar Batasuneko 28 estatuen batezbestekoa % 5 denean; geletako haur-kopurua handitzen joan da; ordezkapenak ez dira ziurtatzen; prestakuntzarako eta hezkuntza behar berezietarako baliabideak murriztu egin dira; hiru irakasletatik bat behin-behineko egoeran ari da lanean...

Hezkuntzan, oro har, prozesu luzeen ondorio izaten dira emaitzak. Eta, Europar Batasunak duela zazpi urte egindako azterketa batean zera ondorioztatzen zen: hezkuntzan inbertitzen den euro bakoitzeko 2,9 euroko etekina sortzen dela.

Hori hala izango den arren, aipatzen ez diren, eta, aldi berean, emaitzetan eragin handia duten beste hainbat gai azpimarratu nahi genituzke:

Zer herri mota nahi dugun era kolektiboan irudikatzea.

Zer jendarte mota nahi den adostea eta hori jorratzeko baliabideak jartzea.
Etxearen, eskolaren eta ingurukoen arteko elkarlana modu praktikoan garatzea.
Eskoletako hezitzaile-taldeak egonkorrak eta proiektuan inplikatuak izatea.
Prestakuntza, irakasteko modu memoristikotik eraikitzailera igarotzea...

Horrek guztiak, konfiantza, gardentasuna eta gertuko gestioa eskatzen du. Eta, herri bezala pentsatzea, adostea eta planifikatzea.