SEXUALITATEA HEZKUNTZAN. Intersexualitatearen gorabeherak (aurrerantz ala atzerantz)

2016-05-01

Jaiotzean –kasu batzuetan, jaio aurretik ere–, bi sexuetako bat esleitu ziguten guztioi, gure genitalen arabera, seguru asko. Neska edo mutila. Neska izanez gero, gauza jakin batzuk espero zituzten zugandik: portaera, gaitasun eta jarrera jakin batzuk… Horietako asko, gainera, mutila izanez gero espero izango zituztenez oso bestelakoak, are kontrajarriak.

 
 

Batzuetan, gutako askori gertatu izan zaigun moduan, desoreka gertatzen da norbaitengandik espero dugun horren eta norbait horrek bere buruaz adierazten edo esaten duen, hautematen duen eta munduari erakusten dion horren artean. Gizarte-iguripenen (emakumea edo gizona izan, horren arabera gugandik espero ohi dena) eta subjektu sexudun batengan sexu-ezaugarriek duten konfigurazio espezifikoaren (dagoeneko izan bagaren gizon edo emakume horren izateko modua) arteko talkaz ari naiz. Adibidez, pentsatzea mutil bat, mutil izate hutsagatik, ez dela arituko “nesken” jolas jakin batzuetan, sexu-joera heterosexuala izango duela eta, gainera, ezinbestean, zakarra izango dela bere gizarte-harremanetan1.

Oraindik ere, horrelaxe jokatu ohi dugu gaur egun, ezta? Gauza asko jakintzat edo behin betikotzat emanez..
Desoreka horietako batzuei ez zaie garrantzi handirik ematen; beste batzuk, berriz, pertsonaren bertute modura hartzen dira; eta, azkenik, badira desoreka batzuk “patologia-munstrokeria-bekatu…” modura hartzen direnak (garai historikoaren eta gizarte-testuinguruaren arabera). Eta, beti izan diren arren moldeetara ongi egokitzen ez diren pertsona xelebreak, marimutilak edo maritxuak, “itxuraz”, gehiengoa ongi egokitzen zaio “benetako” gizona edo emakumea deritzon horri. Eta “itxuraz” diot, zeren, arretaz eta adi begiratuz gero, berehala ikusiko baikenuke subjektuak askotarikoak direla eta oso zaila gertatzen zaiela arau finko, estandar eta generikoei men egitea.
Sexologian, sexutzeaz hitz egin ohi da, emakume edo gizon jakin bat emakume edo gizon jakin hori (eta ez beste bat) izatera iristeko prozesu biografikoa adierazteko2. Prozesu horretan, subjektuen sexu-ezaugarriak3 konfiguratzen dituzte hainbat elementu sexutzailek4. Ez dirudi bi subjektu berdin izan daitezkeenik, eta, era berean, ez daude bi sexutze prozesu berdin. Hortaz, bereizketara eta indibidualizaziora garamatzan bide bat dela esan daiteke, funtsezko giza ezaugarria askotarikotasuna dela erakusten duen bide bat. EMAKUME ETA GIZON ASKOTARIKOAK5 DIRA “BENETAKO” EMAKUMEAK ETA GIZONAK.

Sexu dimorfismoa Vs. intersexualitatea

Sexuak edukiontzi iragazgaitz eta bereizi modura hartzen dituen ikuspegiari “sexu dimorfismo” deritzo, eta Mendebaldeko tradizioan XVIII. mendean sartu zen, Ilustrazioaren garaian, azaltzeko gizaki izateko bi era zeudela: bi sexu.
Sexu dimorfismoak proiektatzen dituen irudietan, ordea, sexuek ez dirudite gai beraz eginak; alegia, gizonek dirudite halako planetakoak, eta emakumeek, berriz, halako beste galaxiakoak. Eta, horrela, pentsatu ohi da gizonek badutela emakumeenarekin bateraezin den izendatzaile komun txikiren bat. Paradigma horren arabera, izugarrizko ataka dago bi sexuen artean. Subjektu sexudunak, hala, osinaren mutur bietako batean leudeke.
Sexologian, intersexualitatearen ideiak, aldiz, iradokitzen du gizonak eta emakumeak –hau da, subjektu sexudunak– izaki intersexudunak direla, izatez. Esan dugunez, gizabanakoaren bizitza osoa hartzen duen prozesu biografiko batean zehar sexutzen dira subjektuak, eta bide horretan bihurtzen dira izaki bakar eta berdingabeak. Bada, prozesu horretan, koherentzia ez da hainbeste sexu dimorfismoari lotua (alegia, forma bat emakumeentzat eta beste bat gizonentzat), baizik eta intersexualitateari lotua. Hortaz, ez legoke “benetako” gizonik, ezta emakume huts den emakumerik ere. Intersexualitatea litzateke araua, eta “sexuen continuum” batean kokatuko lituzke horrek subjektu sexudunak.
Intersexualitatearen arau horri jarraituz, subjektuak ezin konta ahala esparru eta gertaera jakinetan sexutzen dira. Maskulinitatea eta feminitatea lirateke continuum edo jarraitutasun horren (sexuen continuuma) bi muturrak, eta sexutze esparru bakoitzean leudeke bi mutur horiek, bi norabide horiek: femeninoa eta maskulinoa. Hala, subjektu sexuduna elementu eta esperientzia sexudun askoren batura izango da, eta horietako bakoitzean maskulinoa edo femeninoa izan daiteke.
Sexologia Zientziaren Institutuan (INCISEX), “adreiluen metafora” baliatu ohi dute intersexualitatea azaltzeko. Metafora horren arabera, eraikinen modukoak dira pertsonak, adreilu ugariz eginak. Adreiluak urdinez edo arrosaz margotzen dira (erraz ulertzeko: urdinez, maskulinoan sexutu direnak; arrosaz, femeninoan sexutu direnak). Era berean, eraikina bera urdina edo arrosa da, itxuraz, eta halaxe sentitzen da. Baina hormara hurbildu ahala, ohartuko gara ez dagoela adreilu arrosak soilik edo urdinak soilik dituen eraikinik. Eraikin konplexua baikara, alajaina. Intersexualak baikara.

Sexu dimorfismoaren paradigmatik irteteko beste saiakera batzuk. Zertan ez datzan guk darabilgun intersexualitatearen kontzeptua

Sexu dimorfismotik abiatuta sexuak entitate koherente6 eta iragazgaitz modura ulertzen direnez, sexu ezaugarri primario, sekundario eta tertziarioek beren arteko koherentziaren printzipio horri eutsi beharko liokete. Hala, adibidez, emakume baten sexu ezaugarriren bat hari buruz esperotakoarekin bat ez badator, intersexualitate kasu gutxi-asko bitxitzat hartuko dugu, eta hura patologizatzeko joera izango dugu.
Baina kontua da sexu ezaugarri horiek guztiak ez direla hartzen garrantzi berekotzat; alegia, gizartearen ikuspegitik, ez da gauza bera emakumeak “ohikoa baino7 ile gehiago izatea” hanketan eta besoetan eta “emakume bizarduna” izatea, edo zakila gogoraraz dezakeen neurriko klitorisa duen emakume bat8. Emakume batengan ematen diren sexu ezaugarri maskulinoen intersexualitatearen hiru modu lirateke.
Sexu dimorfismoaren paradigmatik irteteko ahaleginean (paradigma zapaltzailea denez), Anne Fausto-Sterling biologo eta feministak lan handia eta bikaina egin du genital anbiguoak dituzten subjektuei buruz eta horiek sexuen gaineko sistema biomedikoarekin, kulturarekin eta politikarekin duten erlazioari buruz. Fausto-Sterlingek intersexualitateaz duen ikuspegia, ordea, EZ DA GUK ERREFERENTZIA EGITEN DIOGUN HORI, edo ez bakarrik, behin-tzat. Ezta Intersex Society of North America (ISNA)9 elkarteak duena ere, edo LGTB10 mugimenduarena, zeina mintzo baita politika sexualak zapaldutako taldeez, beren gorputzak eta, batez ere, genitalak ez datozelako guztiz bat molde dimorfiko eta dikotomiko maskulino-femeninoekin; nahiz eta bat egin dezakegun haien aldarrikapenekin. Gu ez gara, ordea, genital anbiguoak dituzten pertsonei buruz soilik ari, subjektu sexudun GUZTIEI buruz baizik. Izan ere, intersexualitateaz jardun gaitezke, genitalei buruz hitz egin gabe.
Bestalde, bada guk erreferentzia egiten ez diogun intersexualitate bat, “atzerantz” garamatzana gure ustez, gertaera baten11 aitortza planteatzen baitu baina, gure ustez, salbuespen egoeratik atera gabe. Alegia, “normala” intersexuala ez izatea balitz bezala, “normalak garenok” gona jaso edo galtzak jaitsiko bagenitu gure genitalak inguruan dugun munduaren igurikapenekin bat ez datozela ikusiko genukeelako. Bestalde, pertsona intersexuei tarte bat emateko irrikan, Fausto-Sterlinglek dio ohikoa dela gizabanakoen erabateko maskulinitatea eta feminitatea:
“... erabateko maskulinitateak eta feminitateak gorputz mota posibleen bi muturrak adierazten dituzte. Mutur horiek ohikoenak izatearen ondorioz, pentsatu izan da naturalak ez ezik (hau da, jatorri naturala) normalak ere horiek direla (alegia, ideal estatistiko eta sozialaren adierazpena). Aldakortasun biologikoaren ezagutzak, ordea, aukera ematen digu hain ohikoak ez diren tarteko espazioak ere naturaltzat kontzeptualizatzeko, nahiz eta estatistikoki ezohikoak izan.” (Fausto-Sterling, Anne. Cuerpos Sexuados. Melusina argitaletxea. 2006. 100. or.).

Sexologiaren arabera, sexua ez dago genitaletan soilik; goitik behera bete-tzen gaitu sexuak, eta sexu ezaugarri guztietan dago intersexualitatea. Bestalde, aipatutako egileak adierazpen ohikoena deritzon hori (erabateko maskulinitatea eta erabateko feminitatea) ez da aintzat hartu ere egiten sexualitatean; alegia, esan dugun moduan, ez legoke ez maskulinitate hutsik ez feminitate hutsik. INTERSEXUALAK GUZTIOK GARA, GURE GENITALAZ APARTE.

Efigenio Amezúak dioenez, sexologian, honetan datza gako intersexuala:
“... normalen eta anormalen arteko zatiketaren jokoari ihes egitea. Intersexualitatea araua da; ez salbuespena. Horrek ikusarazten digu sexuak ez direla bereiziak, baizik eta elementu komun eta partekatuek osatutako batasun bat” (Amezúa, Efigenio. Sexologemas [Cuando los genitales no dejan ver el sexo]. Revista española de sexología. 135.-136. zk. Berezia, bikoitza. 2006. 46. or.).
Intersexualitatearen kontzeptua, Mendebaldeko sexologiaren historian
Sexologoen lehenengo belaunaldian12 sortu zen sexuak ulertzeko modu
hori. Zehazki, Magnus Hirschfeld alemaniar sendagile eta sexologoak sortu zuen, XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen lehen herenera bitartean “sexu gradazioak” eta “bitarteko sexu egoerak” kontzeptuak planteatu zituenak13. Homosexualitatearekiko konpromiso politiko eta zientifiko bizia zuen alemaniar mediku hari buruz zera dio Ángeles Llorcak:
“Seguru asko, hark utzitako obra sexologiko idatzia izango da ahaztuena, landu zituen gainerako arloekin alderatuta. Hirschfeldek sexualitatea oinarri biologikoak abiapuntu hartuta azaltzeko egindako ahalegina, giza intersexualitateari buruz eman zuen teoria eta sexu bulkaden adierazpenak marko patologikotik at kokatzeko ahalegina hain gutxitan aipatzen dituzte gaur egungo sexologiako lanetan, bai baitirudi ez zela existitu ere egin, edo haren obrak betiko desagertu zirela 1933ko maiatzaren 10ean Berlingo Operaren plazan erre zituztenean.” (Llorca, Ángeles. Magnus Hirschfeld y su aportación a la ciencia sexológica. Revista española de sexología. 81.-82. zk. Berezia, bikoitza.1997. 5. or.)
Hirschfeldek 1903an adierazi eta Ángeles Llorcak bere egindako hitzen arabera:
"Ez dago naturatik bereizitako adierazpenik; denek erakusten dituzte gainerako gorputz naturalekiko ezin konta ahala lotura, alde guztietan daude trantsizioak; hala nola, haurraren eta helduaren artean, mutil gaztearen eta neska gaztearen artean, gizonaren eta emakumearen artean (…). Formen dibertsitatea eta desbideratzeen kopurua hain dira ugariak, non huts egin baitu bitarteko gorputz eta adimen estadioak ordena jakin batean kokatzeko ahalegin orok. Ezin ezar daiteke muga ziurrik denetako hermafroditen, pseudohermafroditen eta hermafrodita psikikoen artean, itxuraz somatiko hutsak diren formen eta begiratuz mental hutsak diren formen artean. Hainbeste behaketa zientifikorekin, gero eta gehiago konplikatu da sistema, beti, eta, azkenean, sinplifikatu, funtsean, kasu bakoitza kasu bereizi bat, klase bereizi bat, sexu bereizi bat baita, hainbeste izanik bitarteko estadioak.” (Llorca, Ángeles. Magnus Hirschfeld y su aportación a la ciencia sexológica. Revista española de sexología. 81.-82. zk. Berezia, bikoitza.1997. 78. or.)

Espainiako estatuan, XX. mendearen lehen herenean (Gerra Zibila lehertu arte), Gregorio Marañón madrildar medikuak landu zuen, pixkanaka, sexualitatearen inguruko ezagutza, intersexualitatearen printzipioaren ikuspegitik. Hauxe zioen, hain zuzen ere, 1930eko “Evolución de la sexualidad y los estadios intersexuales” obran:

“Sexuen bizitza normal eta patologikoaren ezagutza orok ahaztu egiten du egia bat, antzinatik ezaguna eta naturalista nahiz soziologoek behar adinako irrikaz eta eraginkortasunez gogoan izaten ez dutena: alegia, maskulinoa eta femeninoa ez direla elkarri aurrez aurre kontrajarritako bi balio, baizik eta funtzio bakar baten, sexualitatearen, garapeneko hurrenez hurreneko mailak; funtzio hori piztu egiten da bizitzaren erdigunean, haurtzaroa eta zahartzaroa bitartean –bi horietan lausoagoa da–, sexu batetik bestera desberdintasun kuantitatibo eta kronologiko hutsak dituela.”

Gregorio Marañónek ibilbide jakingarria osatu zuen, hark “intersexual” izen generikoaz

izendatzen zituen kasuen behaketatik abiatuta –hasieran, ezohikoak, eta, gerora, gertaerei begiratzeko janzten zituen “betaurrekoen” arabera, gero eta ohikoagoak– jauzi kognitiboa egin zuen arte. Joserra Landa A.J. Garayk dioenez, Marañón egoera intersexualak (anbiguoak, androginok, hermafroditak, pseudohermafroditak, etab.) aztertzen hasi zen –paradigma dimorfikotik–, eta azterketa horretatik ondorioztatu zuen aldatu egin behar zuela paradigma, ez azaltzeko soilik haiek–alegia, arraroak–, baizik eta guztiak: arraroak nahiz normalak. Eta horrelaxe iritsi zen intersexualitatera.
Esandakoak esanda, subjektu “normalak” fikzio hutsa direla pentsa daiteke: denak gara, ala inor ez gara. Agian, norberaren bitxitasunak egiten gaitu beste subjektu batzuentzat erakargarri. Hala balitz, arauetatik bereizten gaituen hori ezkutatu ordez, gure bitxitasunak landu genitzake, René Char poetak zioen moduan: Garatu ezazue zuen bitxitasun zilegia.
Artikulu honen bidez, hurbilagotik aztertu nahi izan ditugu intersexualitatearen kontzeptu sexologikoa, haren esanahia eta historiaren zertzelada batzuk, eta, ikusi dugunez, nolabaiteko “tradizioa” duen kontzeptua da, eta, gainera, haren arrastoari jarraitzeko moduan gara. Intersexualitatearen kontzeptu sexologikoa berreskura-tzeak aukera eman diezaguke gure burua hobeto ulertzeko eta sexuen ñabardurak, desberdintasunak eta subjektu sexudun bakoitzarengan duten konfigurazio espezifikoa azaltzeko. Bestalde, potentzial handiko kontzeptua da, eta lagungarria izango zaigu sexu hezkuntzan aurrera egiteko; izan ere, intersexualitatearen jakitun izatea baliagarri gerta dakiguke dibertsitatea kudeatzeko eta batzuen eta besteen arteko desberdintasunak balio modura aintzat hartzeko. Sexua balioa baita, zalantzarik gabe.