209: Pertsonekin lanean

2016-06-19

IRAKASLEOK GELAKO GIRO EMOZIONALA SORTZEKO GAITASUNA DUGU; EZARRI

DEZAKEGU BELDURREZKO GIROA, UMOREZKOA, GOXOTASUNEZKOA... BAINA HORRETARAKO LEHENDABIZI EZINBESTEKOA DA GURE BURUAREN LANKETA EMOZIONALA EGITEA.

 
 

E mozioak dira giza harremanen motorra eta bizitzako elementurik garrantzitsuena, eta, beraz, hezkuntzan ere hala izan behar lukete. Argi dio Silvia Palou heziketa emozionaleko adituak aldizkari honetako elkarrizketa nagusian: “Emoziorik gabe motibaziorik ez dagoen gisan, afekturik gabe ere ez dago ikaskun-tzarik”.

Asko hitz egiten da eskoletan heziketa emozionalaz. Emozionalki haur autonomoak eta orekatuak heztea izan liteke xedea. Eta saia gaitezke formatzen, adimen emozionalari gure ikasgeletan tokia egiten, haurrekin harreman afektiboak sortzen, esaten eta egiten dugunaren artean koherentzia gorde-tzen, komunikazio kanal egokiak irekitzen… Eta egin diezaiokegu eskolan behaketari eta hausnarketari lekua, ikas dezakegu jarrera baikorra izaten, umore onez jarduten, haurrei aktiboki entzuten…

Baina pertsonekin lanean ari garenean hain samurrak al dira kontuak? Hori guztia ain-tzat hartu eta bizpahiru formula aplikatzea nahikoa ote da? Eta gidalerro horiek denak gure jardunean txertatzen saiatuta ere, balio ote diezaguke ahalegin horrek gure buruaren kontzientzia emozionalik ezean?

Gure jarrerak eta jokabideak, hein batean, gure barrualdearen ispilu izan ohi dira. Uste dugunaren, pentsatzen dugunaren, desio dugunaren eta sentitzen dugunaren islarik gardenena. Eta horixe gertatzen zaigu irakasle lanean ari garenean ere: gelako giroa edota tono emozionala sortzeko gaitasuna dugula; ezarri dezakegu beldurrezko giro emozionala, umorezkoa, goxotasunezkoa, enpatiaz-koa, ziurtasunezkoa… Gure esku dago, baina horretarako ezinbestekoa izango da geure buruaren lanketa emozionala egitea.

Alfredo Hoyuelos Iruñeko haur-eskoletako taileristak behin baino gehiagotan gogoratu izan digun moduan, “ezin dugu ondo hezi gure emozioak ez baditugu tratatzen. Haurraren frustrazioak, negarrak, kasketak… akonpainatzen jakiteko, gure frustrazioak, negarrak, kasketak analizatu behar ditugu. Hortaz, hezitzaile onak izan nahi badugu, oso garrantzitsua da gure emozioak ulertzeko eta komunikatzeko gai izatea”.