NOLA ERAGIN EUSKARAREN ARNASGUNEETAKO IKASLE GAZTEEN HIZKUNTZA JARRERA ETA OHITURETAN?

2016-06-19
 
 

Ez dakit. Ez dakit. Horixe izan daiteke erantzun bat, sasi-adituaren trajea erantzi eta erabat biluztuta esan dezakedana. Izan ere, oraintxe bertan hainbat irakaslerekin bilera bat egitetik nator eta irakasle gela hartan ere galdera horri erantzuna topatu ezinik ibili gara, Euskal Herriko beste makina bat txokotan bezala. Abiatzen dira kanpainak, egiten dira motibazio tailerrak, landu diskurtso berriak, bideratu hausnarketa… Eta? Gero eta gaztelania gehiago entzuten dute herri euskaldunetako ikastetxeetan.  Orduan, berriz ere galdera bera: nola demontre eragin? Nola?

Ez daukat nik artxila-murtxilarik. Baina ikasle gazteak, udalerri euskaldunak eta euskahalduntzea josten dituen saltsa honetan sartu nintzenetik han-hemenka esandakoak entzun, praktikan jartzeko proposamenak sortu eta zenbait gogoeta egin (behar izan) ditut. Eta horiexek aletzen saiatuko naiz datozen lerrootan. Neuretik. Pertsonala politikoa baita, eta ondorioz kolektiboa. Norbaiti balioko diolakoan.

Zer dago gure esku?

Eska nezake ETB2 ixteko. Game of Thrones eta internet bidez ikusten diren modako telesail guztien azpitituluak euskaratzeko. Udako musika jaialdi erraldoietan euskaraz abesten duten taldeak besteen pare (agertoki eta ordutegi aldetik) jartzeko. Sare sozialetan bolo-bolo ibiliko diren mikro-bideo irrizaleak sustatu eta hizkera biziberritzeko. Jon Gotzon Gaztea irratitik kaleratzeko. Eta abar, eta abar, eta abar.
Makroa eta mikroa bereizi beharra dauzkat, ordea. Aipatu berri ditudan faktore horiek guztiek eragiten dute gure gazteen hizkuntza jarreretan, erreferentzia partekatuekin funtzionatzen baitu pertsonen sozializazioak. Zeri buruz hitz egingo dut whatsappez lagunekin? Ba ikusten ari garenaz eta entzun berri dugunaz. Baina goiko erreferentzia gehienak maila makrotik datozkigu gaur-gaurkoz. Ez daude irakasleen esku. Ez daude maila mikroan. Alderdi politiko, parlamentu, administrazio kontseilu, enpresa publiko, diru laguntza, eta enpresa-presioen sokatirak daude atzean. Nik egin dezakedanetik urrun daude. Beraz, jakinik horiek guztiek sekulako eragina dutela hizkuntza ohituretan, oraingoz geure esku dagoenaz ariko naiz. Eta bai, alimaleko tarratari adabaki ttattarrak jartzen ari garen sentipen horrekin ere ariko naiz.

Pertzepzioa giltzarri

Egindako galderan jarrerak eta ohiturak aipatzen dira, eta lotura duen beste eremu batera eraman nahi nuke gaia: hizkuntzen pertzepziora. Alegia, zer sumatzen dute ikasle gazteek hizkuntzei dagokienez? Hori jakinda, akaso hobeto ulertuko dugu euren jokabidea. Kontuan hartu behar dugu udalerri euskaldunetako edo arnasguneetako nerabeez ari garela. Beraz, zer esaten die inguruak? Pertzibitzen al dute euskara, historian zehar, beste hizkuntza batzuek gutxitua izan dela? Nabaritzen al dute 35-45 urte arteko euren gurasoek pintxo-potean euskaraz bezala gaztelaniaz ere barra-barra hitz egiten dutela? Eurei interesa sortzeko pentsatu duten modako musika zein hizkuntzatan datorkie? Eta herri erdaldunago batera joandakoan, zer gertatzen da?
Laburrean eta ñabardurarik gabe, honela erantzungo nituzke nik galderak: autoritateak eta eskolak euskaraz hitz egiten diete eta bere inguru hurbilean euskara da hegemonikoa (beraz, nork esan du gutxitua?). Guraso euskaldunak eurekin euskaraz aritu arren, sarri-sarri jotzen dute gaztelaniara lagunarteko eta bikoteko harreman informaletan (beraz, helduen berriketa gustagarriak, arauz kanpokoak, adar-jotzekoak… gaztelaniara maiz lerratzea arrunta da). Musika ingelesez entzuten dute gehienbat, gaztelania bigarren postuan dago (eta beraz, euskaraz ari diren taldeak…). Eta herritik irten eta gune erdaldunagoak topatzean gaztelaniara pasatzea naturala da.
Hortxe dago gakoa, naturaltzat hartzen dituzte kontu horiek guztiak. Horrela funtzionatzen du euren inguruak. Kitto. Bizi duten horren atzean dauden mekanismo soziolinguistikoak zeintzuk diren ez die inork esan. Jakina, seguru asko inguruan duten jendeak ere ez duelako hausnartu horren inguruan. Hau da, gizarteak bere osotasunean daukan katarro txar bat dela hau, ez soilik gazteena. Eta salbuespenak salbuespen, etsai argia zen Frankismoaren mamua lausotu ondoren naturalizazioak bere bidea egin du. Hau horrela delako. Ia konturatu gabe egiten dugulako. Berez. Joera txikiak zirenak hasieran,  aldatzeko ohitura zailak dira orain. Hezkuntzaren zereginetako bat horixe izango da, inork esan gabekoak mahaiaren gainean jartzea, horren bidez euren pertzepzioa alda dadin.

Nola dago kontua?

UEMAtik hezkuntza proiektua landu dugunean hainbat aldiz errepikatu dugu soziolinguistikako gaiak ez direla behar bezainbat lantzen hezkuntzan. Ez dugu ur berorik asmatu, ez. Lehendik ere hainbat adituk ondo asko identifikatutako gabezia da hori. Dena den, oraingo ahalegin honek badu berezitasun bat, UEMAk bere eragin esparru naturala duenez, udalerri euskaldunei erreparatu diegu bereziki. Eta ikastetxeetan egindako ikerketatik hainbat ondorio atera dira.
Lehenik eta behin, askotariko egoerak daudela azpimarratu behar da. Izan ikastetxe motagatik, izan irakasleen ikuspegiagatik, edo izan testu-liburuengatik. Eskola batetik bestera soziolinguistika lantzeko modua zeharo aldatzen da eta, askotan, ikastetxe barruan ere diskurtsoak eta mezuak ez dira erabat berdinak. Beraz, nahiz eta soziolinguistikoki herri berdintsutan (edo berberean) bizi, ikasle batzuek jasotzen dutenak ez du zerikusirik besteek egiten dutenarekin. Aldiz, seguru nago matematikako erro karratuekin ez dela hori gertatzen, ezta ingelesezko aditz irregularren zerrendarekin ere.
Banaka eta taldean egindako elkarrizketetan, irakasle batzuek aitortu izan dute euskarako mintegian soziolinguistikako gaiak ez direla ardatz nagusia, ez dutela formazio berezirik jaso aspaldian, edota ez dietela arretarik jarri atal hori lantzeko moduei. Jakina, badago salbuespenik, baina formazioan sakontzeko premia dagoela nabaritzen dute guztiek. Eta esango nuke, zorionez, azkenaldian ikastetxe ugari ari dela norabide horretan urrats berriak ematen.
Diskurtsoei dagokienez, hizkuntza ekologiaren ideia nagusiak argi azal-tzeko zailtasunak dituzte askok, nahiz eta sumatzen den hainbat erakundek azken urteotan egindako lanak zabalkundea izan duela (Ekogunea, Garabide,…). Bestalde, UEMAk herri euskaldunak arnasgune gisa identifikatzeko egin duen lan ideologikoak ere oraindik ez du sustrai sakonik bota hezkuntzan eta kon-
tzeptua arrotza zaio irakasle askori.

Txori-bistatik estrategia berria

UEMAk 76 herri izango ditu al-dizkari hau kaleratzen denerako eta horrek esan nahi du elkarlanean ari diren udalerri euskaldunen kopurua gero eta zabalagoa dela. Jakina, horrek berak lan egiteko modu propioa eskatzen digu bertako langileoi. Mapa guztiari gainetik begiratuko dion txori-bistarekin aritu behar dugu, ikuspegi orokorra lantzen da lehenbizi, eta estrategia orokor horretatik tokian tokiko egoerara moldatzen ditugu baliabideak. Azken hilabeteotan horretan ari gara. Zazpi ikastetxetan 400 ikasle inguruk proban jarritako unitate didaktikoak hobekuntzak eginda moldatu eta gure herrietara zabaltzen ari gara. Modu horretan, herri eta ikastetxe horiek guztiak lotuko dituen diskurtso eta ikuspegi bateratua josten hastea da helburua. Irakasleekin formazio-saio laburrak egiteaz gain, ikasgelan erabiltzeko material didaktikoa eskaintzen diegu normalkuntzan aurrerapausoak emateko asmoz mankomunitatean dauden udalerrietako ikastetxe guztiei. Oraingoz, poliki-poliki ari gara bidea egiten, baina piano piano si va lontano.
Curriculum dekretuetan soziolinguistika eta hizkuntzaren dimen-tsio sozialaren atalak aipatzen dira batzuetan, baina orokorregiak dira planteamenduak. Gure zeregina izan da ikuspegi zabal hori xehetzea eta honako helburuak jarri ditugu ikasgeletan lantzeko:
-Hizkuntza ekologiaren metafora erabiliz, inguruko hizkuntzen arteko harremanak ulertzea, ahul eta boteretsuen arteko indar-orekak interpretatuz.
-Euskararen arnasguneak zer diren ulertzea eta herri euskaldunek funtzio hori betetzen dutela ohartzea. Berezko hizkuntzaren ideia barneratu eta subsidiaritatea ezagutzea.
-Euskararen biziberritze prozesuaz jabetzea, prozesu hori onuragarritzat hartuz gizarte osoarentzat. Hizkuntza normalizazioarekiko konpromiso aktiboa garatu.
-Hizkuntzen aniztasuna eta iraunkortasuna ulertzea, kontzeptuok modu positiboan baloratuz, eta Euskal Herriko testuinguruan interpretatzea.
-Hizkuntzen galerari eta iraunkortasun orekatuari buruzko ikuspegi kritikoa lantzea, euskararen kalitatezko iraupenari buruz hausnartzeko.
-Garapen sozial, ekonomiko eta kulturalean ikuspegi glokala barneratzea, globaltasunak eta tokikotasunean elkarri eragiten diotela ulertuz.
Helburu horiek ardatz hartuta sortutako jardueretan ikasleak talde txikietan jartzen dira eta galdera zehatzen bidez hausnarketa lantzen da, kontzeptu teorikoez lagunduta. Bide hori jorratuz, pentsatzen dugu hizkuntzen gaineko irudipen faltsuak desegingo ditugula apurka-apurka. Horrek pertzepzioak aldatzen lagundu dezake eta, azken buruan, jarreretan eragina izango duela pentsatzen dugu. Ez dadila izan behintzat gai hauek landu ez direlako.

Harri koxkorrak banatzea

Orain arteko lezio garrantzitsuenetakoa sarea ondo jostea beharrezkoa dela ikastea izan da. Hezkuntzarena oso sistema konplexua da eta bertan hainbat eragilek hartzen dute parte: ikastetxeek, berritzeguneek, udalek, gobernuek, herriko eragileek,… Horiekin guztiekin elkartzen, asmoen berri ematen, eta aurrera begirako urratsak modu partekatuan prestatzen galtzak bete lan dugu. Baina elkarlana giltzarria dela iruditzen zaigu, arnasguneen hezkuntza proiektuak luzaro iraun eta sustraiak ondo zabalduko baldin baditu behintzat bai.
Eta garbi ikusten dudan beste mugarri bat euskara ikasgaitik hizkuntzen mintegira jauzia ematea izango da. Alegia, soziolinguistikari eta hizkuntzen arteko harremanei buruzko kontu hauek gaztelania, ingelesa eta frantsesa ematen duten irakasleen ardura ere bihurtzea. Bestela euskarakoa ariko da beti bere matrakarekin. Eta iruditzen zait harri koxkor horiek besteen motxiletara ere banatu behar direla, eta hizkun-tza horiei dagozkien kontuak eurak azaldu behar dituztela. Esaterako, espainiera hain zabaldua izateko bidean zenbat hizkuntza kaltetu ditu? Globalizazioaren bidez, ingelesak zer arrisku dakartza hizkuntza gutxituentzat?  Eman ditzatela azalpenak beraiek, hizkuntza hegemoniko horiek arazoak sortarazi dituztela aitortuz, eta gaur egungo funtzio banaketa zein izan daitekeen gomendatuz.
Honelaxe bada. Ez dakit galdera erantzun dudan. Ez dakit. Baina saiatu naiz neuretik konta nezakeena laburtzen. Iruditzen zait besteei exijitu behar dieguna gogoan izateak, ez duela geuk egin dezakegunari ez eusteko aitzakia izan behar. Beraz, goazen! Etorri nahi?