ESTONIA: HEZKUNTZA-BERRIKUNTZARAKO ZENTROA
Begirada malgua, interaktiboa, parte-hartzailea eta teknologikoa eraikitzen
Hik Hasi-k apirilean Estoniara eginiko bidaia pedagogikoan Tallinngo Unibertsitateko Hezkuntza Berrikuntzarako Zentroa bisitatu du. Estoniako curriculum nazionalean jasotakoarekin bat, profesionalen artean hezkuntzaren inguruko ikuspegia eraldatzea da haren egitekoa, eta irakaskuntza-prozesurako metodologia eta baliabide berriak proposatzea. Besteak beste, gaitasun sozialak sustatu nahi dituzte, bereziki talde-lanean aritzeko abilezia; hau da, ikasleek parte hartuz eta eginez ikastea, batak bestearengandik, irakaskuntza-prozesuko protagonista bihurtuz. Horretan guztian laguntzeko, ikasgela malguak diseinatzen ari dira, aulki nahiz mahai mugikorrekin eta teknologia berrien erabilera errazteko bitartekoekin.
M aiatzeko zenbakian iragarri bezala, Hik Hasik bidaia pedagogikoa egin du apirileko oporraldian Estoniara, 20 laguneko irakasle eta hezitzaileen taldea lagun. Zenbaki horretan, Estoniako Gobernuko Hezkuntza eta Ikerketa Ministerioko Hezkuntza Departamentu buru Irene Käosaar-i eginiko elkarrizketan, azaldu zuen curriculum nazionalaren helburu nagusia 2020. urterako hezkuntzaren inguruko ikuspegia aldatzea dela, begirada ikasle bakoitzaren esperientzietan, interesetan eta potentzialtasunean jartzea. Hori lortzeko urratsen artean, hauek aipatu zituen: irakasle jantziak izatea, teknologia berriak erabiltzea eta ikasketa-prozesuko parte-hartzea sustatzea. Bada, bete-betean ari dira jada norabide horretan lanean Tallingo Unibertsitateko Hezkuntza Berrikuntzarako Zentroan.
Prestakuntza berritzen
Zentro horrek Tallinngo Uniber-tsitateko irakasle-eskolako ikasleekin nahiz eskoletan lanean ari diren profesionalekin egiten du lan; horiekin, eta horientzat. Curriculum nazionalak eskaturiko irakasle jantzi horiek prestatzea da haren egitekoa, eta helburu berriek eskatzen duten begirada-aldaketa eragitea horiengan; baita jada irakasle gisa lanean ari direnen artean ere. Horrekin batera, lanean ari dira ikaslea ikaskuntza-prozesuaren protagonista egingo duen metodologia nahiz baliabide berriak diseinatzeko, ikasleen parte-hartzea areagotzeko metodologiak sortuz eta probatuz, zehazki. Era berean, ikasleen gaitasun sozialak garatu nahi dituzte partaidetzaren bidez, bereziki elkarlanerako gaitasuna. Horrela, Arazoetan Oinarrituriko Ikaskuntza (Problem Based Learning) deituriko sisteman oinarrituriko proiektuak diseinatzen ari dira. Proiektu parte-hartzaileak eta diziplina anitzekoak dira, eta, planteatzen zaien arazo bati irtenbidea aurkitzeko, hainbat jakintza-arlo baliatu behar dituzte ikasleek, artea, matematika edota zientzia, adibidez. Proiektu horien bidez, ikasgaiak modu soltean eta trinkoan irakasteari uztea da helburua, eta ikasgai guztiak fluxu batean baliatzea ikasleek, modu bateratuan.Irakasle-eskolako ikasleek diseinatzen dituzte proiektu horiek, eta, praktikaren bidez probatzen dituzte. Horretarako, lider-eskolak deritzen 23 ikastetxerekin elkarlanean ari dira, eta Estoniako eskolen artean dagoen aniztasuna islatzen saia-tzen dira aukeratutako ikastetxeen bidez; hala, askok eta askok hartzen dute pare, haur-eskolek, oinarrizko eskolek, bigarren hezkuntzako zentro edo gymnasium direlakoek, landa-inguruetakoek nahiz hiriguneko eskolek, handiek nahiz txikiek, errusiar hizkuntzan lan egiten duten eskolek nahiz estonieraz aritzen direnek... hartzen dute parte. Hala, ostiraletan, lider-eskola horietako ikasleak nahiz irakasleak Hezkuntzaren Berrikuntzarako Zentrora joaten dira, eta ikasleek praktikan jartzen dituzte diseinaturiko proiektuak. "Adibidez, taldetan bildu, eta honako planteamendu hau egiten diegu haurrei: uharte abandonatu batean zaudete, eta hortik ateratzea lortu behar duzue. Haientzat, jolasa da, baina, lehenengo, gai izan behar dute non dauden kokatzeko, zer landaredi hazten den inguru horretan aztertu behar dute, eta zer aukera dituzten elikatzeko; mezu bat sortu eta zabaltzeko gai izan behar dute, eta, azkenik, uhartetik ateratzeko aukera emango dien itsasontzi bat eraiki behar dute eskulan modura; itsasontzi horrek flotatu egin behar du, eta patioan probatuko dugu", dio Hainsaluk.Adin askotako ikasleek hartzen dute parte; beraz, puzzle baten gisara daude diseinatuta proiektuak: ikasleak zenbat eta zaharragoak, orduan eta pieza gehiago eransten dizkiote puzzleari, eta, beraz, konplikatu egiten da proiektua. Hainsaluren arabera, ostiraletako saio horien helburua ez da ikasleak trebezia sozialetan eta ikaskuntza-bide berrietan trebatzea; ariketa hori irakasleei zuzenduta dago, ikasleen parte-hartzea sustatuz diziplina anitzen ikuspegitik nola lan egin daitekeen ikas dezaten, ondoren, eskoletara eramateko eta eskoletan aplikatzeko. Lider-eskolekin egindako saiakeren bidez, aukera dute ikasleekin zerk funtzionatzen duen eta zerk ez aztertzeko, zerk balio duen eta zer hobetu behar den ikusteko, Hezkuntzaren Berrikun-tzarako Zentroan. Eta azken helburua 2020rako Estoniako eskola guztietan metodologia hori aplikatzea da, curriculum nazionalean zehaztu bezala.Prestakuntzak ez du etenik
Bestalde, Hezkuntzaren Berrikun-tzarako Zentroak aholkularitza-zerbitzua ematen die bai irakasle-eskolako ikasleei eta bai jada lanean ari diren irakasle profesionalei. Zenbaitetan, eskola batzuek zentrora jotzen dute 2020rako egin behar duten eraldaketa-prozesu horretarako laguntza eske, eta aholkulari talde bat jartzen dute horien zerbitzura: psikologoak, didaktikan adituak, garapen-eragileak... "Dena dela, gure azken helburua aholkularitza-zerbitzurik eman beharrik ez izatea da. Hau da, eskolek beraien garapen eta eraldatze-prozesuan lidergoa har-tzea nahi genuke; nolabait eskolak berrikuntzarako eta garapenerako haztegi izatea". Irakasleek ere aukera dute maila pertsonalean Hezkuntzaren Berrikuntzarako Zentrora joateko, euren jarduna berritzeko asmoz. Normalean, eskolak berak finantza-tzen du prestakuntza hori.Espazioa metodologiaren zerbitzura
Irakaskuntza-prozesu parte-hartzaileagoa egiteko, prozesu hori elkarlanean oinarritzeko eta teknologia berriei ere lekua egiteko, metodologia ez ezik metodologia hori aplika-tzea posible egingo duen espazioa ere eraikitzen ari dira Hezkuntzaren Berrikuntzarako Zentroan. Dagoeneko abian dira Tallinngo irakasle-eskolan ikasgela pilotu horietako zenbait, probatu eta beharrezko hobekuntzak egin ondoren, 2020rako ikastetxeetara hedatzeko asmoz. Ikasgela malguak eta mugikorrak dira, eta eredu desberdinetakoak. Zenbaitetan, ikasle bakoitzaren aulkia eta mahaia batuta daude, gurpildun aulki moduko batean. Beraz, ikasleak edozein unetan mugi daitezke beren mahai eta guzti, beste ikasleengana hurbiltzeko, taldeak osatzeko edo elkarlanean aritzeko. Beste zenbait eredutan, ikasgeletan taldetxoak hartzeko mahaiak daude prestatuta, eta malgutasuna ikasgelako baliabideetako bat da. Izan ere, sabaitik zutabe batzuk jaitsi daitezke gelako hainbat gunetan, eta, horien bidez, taldeek argindarrerako eta Interneterako sarbidea lortzen dute. Modu horretan, ikasleen esku uzten diren tableten bidez lan egiten dute taldean. Ikasgelako hainbat puntutan, pantailak daude, eta, taldetxoetan egindakoa talde handian partekatzeko, bakoitzak bere tabletan eginikoa pantaila horietan erakuts daiteke ondoren. Irakaslearen mahaiari dagokionez, berriz, oraingoz hortxe mantentzea erabaki dute, baina Hainsaluk aurki desagertuko den esperantza agertu du. "Nik uste dut irakasleak ez duela bere mahaia behar. Oraingoz, irakaslearentzako gune horri eutsi diogu, baina ez du izango orain arte ikasgelan zuen gune zentrala".Irakasle-eskolako korridoreetan, edozein puntutan aurki daitezke elkarlanerako espazioak; teknologiarako sarbidea duten mahaiak, adibidez, baina baita ideiak parteka-tzeko espazioak ere. Hala, edozeinek bere ekarpena egiteko eskueran, paperezko horma-irudiak daude korridoreetan, "Zure ustez zer da irakasle izatea?" eta horrelako galdera iradokitzaileekin. Malgutasuna, interakzioa eta teknologia, beraz, ikasleen zerbitzura. Horrelakoak izango dira Estoniako ikasgelak urte gutxi barru. Eta espero dute malgutasun hori lagungarria izatea irakasleentzat ere, beraien metodologiak garatzeko, irakasteko metodo berriak esploratzeko.Estonian sorturiko filosofia
Hezkuntzaren inguruko ikuspegi hau ez da berria, oraindik aplikatzeko egon arren. 1960an sortu zen, Estonian bertan, Johaness Käis pedagogoaren eskutik, eta finlandiarrek ere erreferentzia gisa hartu dute, beraien hezkuntza-sistema garatzerakoan. Baina Sobietar Batasunaren baitan zen orduan Estonia, eta hezkuntzaren inguruko ikuspegi akademizista zen nagusi. Orain, herrialde independente gisa, aspaldikoa eta, aldi berean, bide berri bat urratzeko aukera izan du Estoniak.