BANDA BAT ELKARTEA. Zirkua baliabide pedagogiko gisa

2016-06-19

Zirkua baliabide pedagogiko gisa

Zirkuak eskaintzen dituen aukera hezitzaileak baliatzen dituzte Donostiako Banda Bat elkarteko kideek 6 eta 12 urte arteko haurrekin tailerrak egiteko. Izan ere, haien esanetan, gorputza eta garapen psikomotorra lantzeko ez ezik, zirkua aproposa izan liteke giza-balioak jorratzeko ere; hala nola, talde-lana, kooperazioa, enpatia edota errespetua.

 
 

Dantza, antzerkia, musika, akrobaziak, malabareak, clown-a, oreka… hori guztia uztartzen du zirkuak, eta askotariko diziplinak harilkatzen dituelako haurrentzako baliabide pedagogiko oso egokia izan daiteke. Hain zuzen ere, zirkuak eskaintzen dituen aukera hezitzaileak baliatzen saiatzen dira Donostiako Banda Bat elkarteko Aintzane Revuelta eta Iñaki Goenaga. Alde Zaharrean dagoen Guardetxeko eraikinean zirkuko udaleku irekiak antolatzen dituzte uztailean, Kulturarte programaren barruan; ikasturtean zehar, berriz, zirkuko ikastaroa ematen dute 6 eta 12 urte arteko haurrei bideratuta.     

Gorputza eta garapen psikomotorra lantzeko ez ezik, zirkua aproposa izan daiteke giza-balioak jorratzeko ere; hala nola, talde-lana, kooperazioa, enpatia edota errespetua. “Sarri pertsona blokeatzen duten lehiakortasuna zein arau zurrunak albo batera uzteko aukera ematen digu zirkuak; aske sentiarazten gaitu”, dio Revueltak. Bera dantzaren eta gimnasiaren mundutik dator. 15 urterako dantzari izateaz gainera, dantza-irakasle lanetan ere aritzen zen. Hala, hezkuntzaren arloa interesatzen zitzaiola ikusirik, pedagogia ikastea erabaki zuen ondoren. Uneotan zirkuko tailerraren bitartez batzen ditu bere bi interesgune nagusiak: gorputz adierazpena eta heziketa.  
Zirkuko tailerretan oinarri-oinarriz-ko lanketa egiten hasten dira Banda Bat-eko kideak; alegia, gorputz espresioa eta dantza librea jorratzen dituzte lehenik, hau da, mugimenduan zentratzen dira. Eta bestetik, zoruko akrobaziak ere egiten dituzte. Baina, hastapenean ez dute gorputza ez den beste erremintarik erabiltzen: “Haurrek izugarri gogoko dute euren gorputzaren bidez zer-nolako gauzak egiteko gai diren esperimentatzea”. Behin oinarri hori izanda, bestelako jarduerak ere egiten dituzte: malabareak, aireko gimnasia, antzerkia… “Baina helburua ez da zirkuko profesionalak sortzea, baizik eta pertsonak formatzea”. Eta horretarako, Revueltaren esanetan, baliabide ezin aproposagoak eskaintzen ditu zirkuak.

Talde-lana eta kooperazioa

Zirkuak duen ezaugarri hezitzaileetariko batzuk talde-lana eta kooperazioa dira. Esate baterako, pertsonekin piramide bat osatzeko, elkar lagundu behar dute haurrek: behekoak goikoa sostengatu behar du, baina aldi berean, gora igotzen denak behekoarengan erabateko konfiantza izan behar du. Beste adibide bat ere jartzen du Revueltak: "Bikoteka malabareak egiterakoan, esaterako, bi pertsonaren arteko konexioa lantzen dute: elkarrekin duten koordinazioa, bestea egiten ari den horretan erreparatzea, elkarri entzutea eta elkarrengan konfiantza izatea. Balio pedagogikoez mintzo gara gu, baina haurrek hori guztia bizi egiten dute, disfrutatu, eta benetan gozatzen ari direnean esperimentatutako hori barneratu egiten dute”.
Revueltak adierazitako eran, zirkuan ez dago “ongirik eta gaizkirik”, eta horixe da tailerraren beste gakoetako bat. “Pino-a ateratzen ez bazaizu, igual kariokarekin izugarri ona izango zara, eta malabareak zureak ez badira, akaso tela puntaraino igoko zara edota clown aparta izango zara”. Revueltak eransten duenez, zirkuak askatasun izugarria ematen du, ezer ez dagoelako ondo edo gaiz-ki, eta gauza bera egiteko hamaika bide egon daitezkeelako. “Norbere identitatea ez ezik, desberdinarekiko errepestua ere lantzen dugu hala”.
Zirkuan, gainera, adina axola gabe, haur guztiak batera aritzen dira eta hori ere oso aberasgarria da. Era berean, eraikin barruan, edota kanpoan, aire zabalean jarduteko aukera ematen du. Banda Bat-eko kideen kasuan Guardetxea Urgullen magalean dagoenez, hantxe dute nahikoa espazio berde. Izan ere, Guardetxea Donostiako Alde Zaharreko auzokideei espazio kultural libre bat eskaintzeko sortu zen, eta hain zuzen ere, bertan egiten dituzten tailerretara auzoko haurrak joaten dira, batik bat. Aurten gainera, Donostiako Alde Zaharreko Orixe ikastetxetik ere eurekin harremanetan jarri dira heziketa fisikoaren barnean zirkua lantzen ari direlako. Banda Bateko kideak irekita eta prest daude eskoletatik iristen zaizkien eskaerak aztertu eta elkarlanean jarduteko.