SILVIA PALOU: Emozioak dira giza harremanen motorra eta gure bizitzako elementurik garrantzitsuena. Beraz, hezkuntzan ere hala izan behar lukete

2016-06-19

Haur Hezkuntzako irakaslea eta psikologoa izateaz gain, heziketa psikosozialean eta emozionalean aditua da Palou. Uneotan, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan irakasle-lanetan aritzeaz aparte, hezitzaileen etengabeko formakuntzan jarduten du, eta familien orientaziorako laguntzaile da. Haurren garapen emozionalari eta horrek familian nahiz eskolan duen eraginari buruzko hainbat artikulu eta liburu argitaratu ditu. Eta gai horren inguruko ikastaroa eman du Donostian, Hik Hasik 0-3 urte arteko hezitzaileentzat eskaintzen duen formazioan. Bere esanetan, emozioak zentroan jarrita jardun behar luke eskolak. Izan ere, "emoziorik ezean motibaziorik ez dagoen gisan, afekturik gabe ere ez dago ikaskuntzarik".

 
 

Jaiotzen denetik ditu haurrak emozioak. Bizitzan aurrera egin ahala nola joaten da garatzen umearen alderdi emozional hori?

Emozioa pertsonaren barruko sentimentua da, zerbait biologikoa eta pertsona batek nahi edo ez, izango duena. Pixkanaka eraikitzen du haurrak bere mundu emozionala. Bereziki, gertuko ingurunean —familian, eskolan nahiz lagunartean— izaten dituen bizipenen bidez.
Baina, hasteko eta behin, gauza bat argi utzi nahi nuke, emozioak guk nahi edo ez hor izango ditugunez, ez genuke gure burua —edota ingurukoak— epaitu behar era bateko emozioak edota beste era batekoak sentitzeagatik. Adibidez, bizipen baten aurrean amorrua sentitzea ez da ez ona eta ez txarra. Sentitzen dugun emozio bat da, eta kito. Baina bizi dugun kulturaren, ditugun usteen, gure familia-ingurunearen, edota gure nortasunaren arabera, emozio horren era bateko edo besteko balorazioa egingo dugu. Amorruaren kasuan, ia beti, negatiboa. Eta ondorioz, beste sentipen batzuei irekiko diegu bidea, hala nola, kulpari edota gaitzespenari.
Hortaz, une jakin batean amorrua sentitzen badugu, edota haur bat amorruz dagoela ikusten badugu, sentipen hori onartu behar dugu eta lekua egin behar diogu emozio horren bizipenari. Hori bai, amorru hori kanporatzen dugunean, etikoki jokatu behar dugu, alegia, besteen sentimenduak kontuan hartuz, eta ondokoak nahiz geure burua errespetatuz.
Beraz, testuinguruak sekulako eragina du haurrak emozioak bizitzeko nahiz interpretatzeko duen moduan.
Bai, hala da. Gure bizipen emozionala indibiduala edo kolektiboa izan daiteke, baina beti izango da partekatua, hau da, bizipen hori ezin da testuingurutik bereizi. Izan ere, ingurunea da geure emozioak interpretatzeko erreferenteak ematen dizkiguna.
Testuinguruaz ari garenean, berebiziko garrantzia du familiak. Haurra bere sentimenduen mundua eraikiz joango da erreferentziatzat bere familia-ingurunea hartuta. Haurra hazten doan heinean, eskolak, lagun-taldeak, auzoak... ere inportantzia handia hartuko dute. Beldurra, poza, tristura, amorrua, afektua, kulpa, eskuzabaltasuna, enpatia… bizitzen ikasiko du haurrak determinismo genetikoen arabera, baina baita genetikoak ez direnen arabera ere.
Esate baterako, haur baten barne-mundua ulertu nahi badugu, haur horrek bere familiarekin eta hurbileko talde sozialarekin izan dituen harremanak ere ulertu behar ditugu, baita bere jatorrizko kulturaren arabera garatu dituen estrategia emozionalak ere.
Inguruneak halako eragina duen arlo batean, zer-nolako garrantzia hartzen du heziketak?
Emozioak dira giza harremanen motorra eta gure bizitzako elementurik garrantzitsuena. Beraz, hezkuntzan ere hala izan behar lukete. Zentzu horretan, heziketa egoki batek haurren garapen emozionala sustatzea esan nahiko luke, hau da, pertsona gisa garapen integrala izan dezaten lagundu behar zaie.
Heziketaren ikuspegitik, eta bereziki, haurraren lehen urteetan pentsatuz, bi zutabe garrantzitsu izan behar ditugu kontuan. Batetik, barne-gogoa. Familiatik nahiz eskolatik haurraren gogoaz zer ulertzen dugun berdefinitu behar dugu. Gogoa diogunean ekiteko, sortzeko, ikasteko grinaz ari gara. Baina bizitzan aurrera egiteko urratsak emateko nahi horrek barrutik ernetakoa izan behar du, sortzeak edota ikasteak ematen duen plazerak eragina. Sarri, ordea, familiatik, eskolatik nahiz oro har gizartetik haurrak ohitzen ditugu gauzak egitera trukean saria jaso dezaten. Ondorioz, norberak sinesten duen horrengatik lan egiteko grinari eta hori lortzeko bakoitzak egin beharreko esfortzuari ez diegu behar besteko baliorik ematen.

Heziketa emozionalaren zutabe bat haurraren barne-gogoa da hortaz. Eta zein da bestea?

Beste zutabea esfortzua da, haurraren autonomia sustatzeko balio gisa ulertuta. Umeak desio duen hura lortzeko egin beharreko esfortzuaren aurrean bere bidea egiten uztea esan nahi du horrek, soluzioak kanpotik eman gabe eta bide horrek ekar diezaiokeen sufrimendua bizitzen utziz. Helburua da haurrak bere larruan esperimentatzea desio bat lortzeak eman diezaiokeen plazera, poza eta zoriontasuna. Edota desio hori ez lortzeak ekar diezaiokeen frustrazioa. Azken batean, norbere ekintzen ardura hartzea esan nahiko du horrek.
Heziketa emozionala egokia izan dadin zer eduki behar da kontuan?
Lau aspektu azpimarratuko nituzke. Lehenik ingurune soziala. Haurrak jaiotzen denetik esperimentatzen dituen lotura afektiboak ingurunearen araberakoak izan ohi dira. Umea bizi den espazio horrek antsietatea eragin dezake, edota poza, tristura, galeren onarpena, etsipena… Era askotako lotura afektibo horien gainean garatuko du haurrak bere adimen emozionala. Adibidez, haur batek lagun berrietara gerturatzeko duen modua haur horrek bere gurasoekin izan duen harremanaren isla izan ohi da. Ume horrek izan familian, eskolan nahiz komunitatean talde batera egokitu beharko du eta horretarako garrantzitsua da oinarri emozional sendoa izatea, gero izate indibidualaren eta talde izaeraren arteko oreka bila dezan, hor baitago giza ongizatearen gakoa. Izan ere, komunitateak segurtasuna ematen du, baina aldi berean, askatasuna kentzen.
Haurraren heziketa emozionalerako beste ezaugarri garrantzitsu bat barne-elkarrizketak izateko gaitasuna da, horrela joango baita bere burua ezagutzen, onartzen eta identitate propioa eraikitzen. Ingurunearekin dituen harremanen arabera eta harreman horietatik ateratzen dituen ondorioen laguntzaz, haurrak bere barne munduaz kontzientzia hartzen du. Hala, sentitzen dituen emozioei hitzak, keinuak edota jestuak jartzen dizkie eta bere sentipenak besteekin partekatzen ditu.
Gertutasunaren eta distantziaren arteko kudeaketa da heziketa emozionalean kontuan izan beharreko beste aspektu bat. Izan ere, heziketa emozionalaren helburuetako bat da haurra emozionalki autonomoa izatea, alegia, besteenganako sumisio sentimentalik gabe harremanak izateko eta bizitzeko gai izatea. Haurraren haziera autonomorako inguruneak jarrera egokia hartzea oso garrantzitsua da, bereziki familiak. Haurrari utzi egin behar dio maitatua eta zaindua izan den eremu afektibo horretatik distantzia hartzen. Beste pertsona baten laguntzarik gabe esperimentatzen dituen lorpenei esker bere gaitasunetan konfiantza hartuko baitu.
Sentsibilitate estetikoa da laugarren eta azken alderdia. Kulturaz ari gara kasu honetan, eta hain zuzen ere, kultura da haurraren testuingururik zabalena. Sinesteak, egoera desberdinen aurrean jokatzeko moduak eta errealitateko gertaeren esanahia ulertzeko erak ematen dizkigu kulturak. Bertan islatzen du haurrak bere burua eta aldi berean kultura horrek erakartzen, liluratzen, bereganatzen du umea. Gauzek bere horretan ez dute baliorik, pertsonek gauza horiekiko dituzten harremanek ematen diote balioa. Imajinazioak, sormenak, eta jolasak esanahia ematen diete gauzei, komunikatzeko balio dute eta norbere burua kulturan islatuta ikusteko. Horrexegatik da garrantzitsua sentsibilitate estetikoa.

Haurraren garapen emozionalean familia, eskola eta komunitatea sartzen dira elkarreraginean. Zein da bakoitzaren papera?

Aurrez aipatu bezala, familia da guztietan garrantzitsuena. Familian garatzen diren harremanak izango baitira haurraren mundu emozionalerako sostengu. Haurrarentzat familia mundura irekita dagoen leiho bat bezalakoa da eta familiaren altzoan eraikitzen du bere nortasuna. Gainera, familian ikasten ditu haurrak bizitzarako balio nagusiak eta besteekin erlazionatzeko erak. Azken batean, argi dago txikitatik lotura emozional sendoekin hazteak eskolan hobeto jardutea esan nahi duela, emoziorik ezean motibaziorik ez dagoen gisan, afekturik gabe ere ez baitago ikaskuntzarik.
Familiako kide guztiak emozional-ki orekatuta senti daitezen, guraso gisa, kontuan izan beharreko hainbat ezaugarri azpimarratu nahi nituzke: haurrarekin lotura afektiboak eraiki-tzea eta etxean talde kohesio osasuntsua saretzea; enpatia edo bestearen beharrak antzemateko eta haiekin sintonizatzeko gai izatea; malgua izatea eta egoera berrietara egokitzen jakitea; komunikatzeko eta elkarriz-ketarako gaitasuna edukitzea, hala norbere beharrak adierazteko eta besteenak errespetatzeko.

Haurraren mundu emozionala eraikitzerako orduan zein toki hartzen du eskolak?

Eskolaren atzean dagoen filosofiak haurtzaroan sinetsi behar du. Haurra ekarpenak egiteko gai den pertsona gisa ikusi behar du, bere hazkuntza- prozesuan aktiboki parte hartzeko gai den pertsona gisa. Umeek berez gaitasunak dituztela onartu behar du eskolak eta espektatiba altuak dituen hezkuntza-markoa eskaini behar dio. Ulertu behar du ez dela beharrezkoa dena kanpotik erakustea, baizik eta pentsatzeko, imajinatzeko, ikertzeko, erratzeko, eta akatsetatik birsortzeko gauza direla haurrak. Horretarako proposamen aberatsak egingo dizkien ingurune bat behar dute.
Era berean, eskolak familien ondoan egon behar du haurren heziketan. Esan erraz egiten da, baina askotan zaila izaten da familien konfiantza lortzea. Garrantzitsua da familiei eskolako parte direla sentiaraztea. Horretarako eskoletan gurasoekin elkartzeko topaguneak eduki behar dira, benetan parte hartzeko aukera emango dieten espazioak behar dituzte. Ezin ditugu ate ondoan utzi, baizik eta barrura sartzera gonbidatu eta bat gehiago izaten utzi behar diegu. Ematearen eta jasotzearen arteko oreka lortu behar dugu familiekin. Izan ere, ematen duena oso ondo sentitzen da, baina jasotzen duenak ezer ematen ez badu, zorretan sentitzen da eman dionarekin eta horrek bi aldeen arteko urruntzea ekarri ohi du.
Horrekin batera, hezitzaileoi gurasoen rola errespetatzea dagokigu eta haien gainetik ez jartzea. Ezin dugu pentsatu familiak baino hobeak garenik. Harreman parekidea eraiki behar dugu familiekin, eta horretarako garrantzitsua da familia eta haur guztiek dituzten alderdi positiboetan oinarritzea harremana.

Gero haur hori komunitate bateko kide izango da. Eta horrek ere eragingo du bere garapen emozionalean.

Gure haurrak zer-nolako gizartetan bizi diren oso kontuan izan behar dugu hezitzaile garen neurrian. Azkarregi doan ingurune bat daukate, gainestimulatua, oso leihakorra, uneoro aldatzen ari dena, eta komunitarismoaren aurrean indibidualismoa sustatzen duena.
Azkartasuna da gaurko gizartearen ezaugarri bat.
Bai, eta normalean gurasook eta hezitzaileok daukagu haurren denboraren gaineko botere osoa. Gure esku dago umeek euren denbora nola erabiltzen duten erabakitzea: zer egingo duten denbora ahalik eta hobekien aprobetxatzeko. Hizkera modernoa erabiliz, euren haurtzaroko orduei ahalik eta etekin handiena atera nahi diegu, etorkizunean leihakorrak izan daitezen. Eta hori falazia hutsa da, gure kontsumo gizartearen tranparik handienetariko bat. Dena kontsumi-tzen dugu, baita gure umeen haurtzaroa ere.
Haurrek gaur egun dituzten bizipen gehienak azkarrak eta intentsitate handikoak dira, eta gainera bata bestearen atzetik egiten dituzte, ezelango isiltasun-unerik tartekatu gabe. Hau da, umeek egiten dituzten jarduerak sarri aldatzen dira, gutxi irauten dute eta oso intentsoak dira. Jarduteko modu horrek ez die aukerarik ematen ez mentalki ez fisikoki ez afektiboki prestatzeko. Era berean, haurrek ez dute abagunerik egindakoa errepika-tzeko, sakontzeko edota erratzeko. Ez zaizkie errespetatzen bakoitzak behar dituen denborak, ezta bakoitzak egiten duten bidea ere. Jartzen diegun erritmo intentsoak ez die eskain-tzen jarduerarik gabeko unerik, non esperoan egongo diren, isiltasunean, lasai…

Gehiegi estimulatutako ingurunea ere aipatu duzu.

Loriz Malaguzzik zioen moduan haurrek denbora behar dute euren nortasuna finkatzeko, euren “ni”aren kontzientzia garatzeko eta euren buruarengan konfiantza hartzeko, independenteak izatera irits daitezen. Zer gertatzen da? Egunetik egunera prozesu hori egiteko denbora gutxiago uzten diegula.
Haurrek gauza asko jakitea nahi dugu: ingelesa, informatika, musika… Hori lehenesten dugu, eta ez zaie denborarik geratzen nor diren eta nolakoak diren hausnartzeko, alegia, ez diegu aukerarik ematen bakarrik jateko, bakarrik janzteko, gauza desberdinak esperimentatzeko, akatsak egiteko, norbere mugak proban jartzeko… Ahal dugun guztia egina ematen diegu denbora “alferrik gal ez dezaten” eta ahalik eta hobekien “aprobetxa” dezaten.
Egunetik egunera haur gehiago dago lau urterekin eguzki-sistemak nola funtzionatzen duen esplikatzeko gai dena, baina biberoiko esnearekin gosaltzen duena inolako esfortzurik egin beharrik izan ez dezan eta denborarik gal ez dezan. Haurrek alderdi batzuk oso garatuta dituztela ikusten dugu, baina beste arlo batzuetan sekulako gabeziak dituztela. Amildegi izugarri horrek nahigabea eta nahasmena eragiten die. Gauza batzuetarako superman bezalakoak sentitzen dira, eta beste gauza batzuetarako —eurentzat oinarrizkoak eta garrantzi-tsuak direnak— oso dependienteak.

Horren guztiaren aurrean, zer eskaini beharko lioke familiak, eskolak nahiz komunitateak haurrari?

Hiru ezaugarri aipatuko ditut. Batetik, pentsamendu irekia. Horretarako haurraren kuriositatea elikatu behar dugu, informazioa aurkitzeko, ordenatzeko, kritikoki aztertzeko eta horretan oinarrituz beste eduki bat sortzeko gai izan dadin. Hala, ez dakienaren, ez denaren edota ez daukanaren esklabu izan beharrean, dakiena, daukana eta dena baloratzen ikasiko du.
Era berean, haurrari ziurgabetasunean eroso senti dadin lagundu behar diogu, bizitzaren konplexutasunari balentriaz egin diezaion aurre. Horretarako garrantzitsua da haurra arlo pertsonalean sendo sentitzea, ingurunea ahultzen den bakoitzean bera ere abailduta senti ez dadin. Beraz, umeari lagundu behar diogu bere barne munduaren kontzientzia eta bere buruaren ezagutza garatzen, irmotasunez.
Horrekin batera, izaki sozial direla ikasi behar dute haurrek. Konturatu behar dute ezin dutela bestea gabe izan eta, beraz, euren betebehar sozialak asumitu behar dituztela. Eta nola ez, pentsatzeko momentuak utzi behar dizkiegu, hausnartzeko, kontenplatzeko edota besterik gabe ezer egin gabe egoteko uneak. Hala, zer nahi duten, non dauden eta nora joan nahi duten identifikatzen ikasteko aukera izango dute.