ARRETA GOIZTIARRA. Haur txikientzako kalitatezko hezkuntza
Indarrean sartu dira ‘Arreta Goiztiarreko Esku-hartze integralari buruzko dekretua’ eta Eusko Jaurlaritzak prestatutako ‘Haurraren Garapenaren Jarraipenerako Protokoloa: arreta goiztiarra hezkuntzaren baitan’, eta gaia mahai-gainean jartzearekin batera hainbat zalantza sortu ditu hezitzaileengan eta gurasoengan. Zer aldatuko da? Nork esku-hartuko du? Nori eragingo dio? Zertan?
Xabier Tapia psikologo klinikoak Arreta Goiztiarraren argi-ilunei eskaini zien hik hasi-k antolatutako udazkeneko jardunaldietako sarrerako hitzaldi nagusia. Prebentziorik egokiena haurrak ondo heztea dela azaldu zuen, eta test, eskala eta antzeko tresnei protagonismoa eman beharrean, profesionalei ematearen aldeko azaldu zen.
A rreta goiztiarra modan dago. Hala uste du Xabier Tapia psikologo terapeutak. Modan, eskolek amu erakargarri gisa erabiltzen dutelako: “Edozein haur, jenio bat izateko gai da eta gurasoen eta hezitzaileon erantzunkizuna da hala suerta dadin, horretarako eskaintzen ditugu estimulazio goiztiarreko klaseak”. Eta modan, baita ere, hitzetik hortzera dabilelako Euskal Autonomia Erkidegoan argitaratu den Arreta Goiztiarreko Esku-hartze integralari buruzko dekretua eta indarrean sartu delako Hezkuntza Sailak prestatutako Haurraren Garapenaren Jarraipenerako Protokoloa: arreta goiztiarra hezkuntzaren baitan. Psikologo kliniko eta Altxa kabineteko kideak ikuspegi kritikotik begiratu die dekretuari eta protokoloari, eta onurak nola arriskuak nabarmendu zituen hik hasi-k gaiari eskaini zien jardunaldietan Arreta Goiztiarra: argi-ilunak hitzaldian, azaroaren 4an eta 5ean Bilbon eta Donostian, hurrenez hurren. Dekretu eta protokoloen gainetik hezitzaileen profesionaltasuna ezarri zuen zailtasunetan dauden haurrei laguntzeko berme gisa. “Tresnei edo eskalei protagonismoa eman beharrean, profesionalei ematearen aldekoa naiz, gurasoez gain, hezitzaileak direlako ume bakoitza ondoen ezagutzen dutenak. Profesionalak dira, sentiberak, formazioa dute eta eskarmentua. Bere lanean konpetenteak beraz. Nor beraz, berauek baino konpetenteago arazoak detektatzeko, “baheketa” baino behaketa lana egiteko”.
Hasteko, historia pixka batHistoriari erreparatuz hasi zuen bere hitzaldia Tapiak. Arreta goiztiarraren aurrekariak estimulazio goiztiarrean topa ditzakegu. Estimulazio goiztiarraren hastapenak Estatu Batuetan topatu behar dira –hizlariak azaldu zuenez–, 60-70eko hamarkaden bueltan, “adimen urriko haurren eta arazo biologikodunen tratamendu gisa erabiltzen hasi zirenean”. Estatu mailan, aldiz, 1980. hamarkadaren inguruan kokatu izan da praktika honen hasiera. Gaztelaniazko “estimulación precoz” kontzeptuaren ostean, “estimulación temprana”rena etorri zen, lehenengoak eduki zezakeen presio kutsua baztertzearren. “Izan ere “precoz” hitzak, umearen bilakaeraren prozesu normala, komeni baino gehiago azkartzera bidera zezakeela eta, “estimulación temprana” kontzeptua erabiltzen hasi zen gehiegikeriaren zantzua eta zentzua kentze aldera”. Aldaketak aldaketa, Tapiaren aburuz, sinonimoak bailiran erabiltzen dira gaur egun ere bi kontzeptu horiek. Gerora etorri zen “Arreta Goiztiarra” (edo atención temprana) kontzeptua, 2000.ean argitaratutako Liburu Zuriarekin batera, lehen aipatutako bi kontzeptuei zuzendutako kritika zorrotzak zuzentze aldera.
Termino berriarekin, “Har-eman” kontzeptuak hartu zuen protagonismoa aldebakarreko “estimulazioaren” ordez. Bigarrenik, gurasoak eta familia, lanaren jomuga eta protagonista zuzenak bihurtu zituen, eta hirugarrenik, haurraren globaltasuna “ozen” aldarrikatu zuen.
Dokumentu hura, aurrerapauso erabakigarria izan bazen ere, Tapiaren arabera nahasketa ez da nahi beste argitu eta gaur egun, Arreta Goiztiarrean alde handia dago batzuen eta besteen ikuspegien eta jardueren artean. Nahaste honen aurrean, profesional bakoitzak bere buruari “apaltasuna, zuhurtzia eta etika profesionala” eskatu beharko lizkioke, psikologoaren ustez. “Arreta Goiztiarraren arloan haur txikien sufrimenduarekin dihardugunez, zenbat eta txikiagoak izan haurrak eta larriagoak arazoak, orduan eta zorrotzagoa beharko luke gure etika profesionalak”.
Dekretua
Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko Esku Hartze Dekretua begi onez ikusten du Tapiak gaur egun gaiaren inguruan dagoen anabasa argitzera baldin badator. Nahasmendu horren aurrean argitasun apur bat jartzen hasteko arreta goiztiarraren eremua ulertzeko bi plano proposatu zituen Tapiak: eremuaren ulerkera zabala batetik, eta ulerkera mugatua, bestetik. Dekretuak eremuaren ulerkera zabala erabiltzen duenean osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte zerbitzuen arloetan Arreta Goiztiarraren eremuan egiten diren esku-hartzeak ditu kontuan. Ulerkera zabalak baditu alde onak adituarentzat; hauek nabarmendu zituen: batetik, haurtzaro goiztiarrari ematen zaion garrantzia; bigarrenik, arloek eremu honetan duten ekarpenaren aitorpena; hirugarrenik hiru arloen arteko koordinatze saiakera, eta, azkenik goi mailako eta berariazko formazioaren beharraren aitorpena eta zehaztapena.
Baina ulerkera zabal horrek baditu bere mugak eta eragozpenak: “Lehenik, eta behin eremuaren zabaltasuna, kontzeptuaren esanahiaren zehaztasuna bera galarazi lezakeena. Bigarrenik, Haur Hezkuntzako profesionalengan izan ditzaken ondorioak. Zer egiten ari dira bada Arreta Goiztiarraren izenean? edo, zer ez? edo zer egin beharko lukete?”. Galdera hauen inguruan, hezkuntzako hainbat profesionali entzunda, bere formazioan hutsune edo gabeziaren bat legokeenaren sentsazioa sumatzen du hizlariak: “Arreta Goiztiarrean ez gaude prestatuta”, edo, “eremu ‘berri’ honetan ez daukagu nahikoa formaziorik”. “Ez dut uste –azaldu zuen Tapiak- Haur Hezkuntzako profesionalek Dekretuaren aurretik egiten zutenaren eta Dekretu ostean egiten dutenaren artean alde handirik dagoenik. Eta dekretuak dion bezala, lehen arreta goiztiarra lantzen bazuten, orain ere bai; lehen gauza baziren, orain ere bai. Orduan, nondik nora prestakuntza gabeziaren sentsazioa? nondik nora hainbaten artean, arlo berri honi dagokionean behintzat, sortu den gaitasun faltaren ustea?”. Psikologo terapeutaren iritzia garbia da: “Haur Hezkuntzako profesionalek ez dute inolako gabeziarik arlo honi dagokionean”.
Arreta Goiztiarraren eremuaren ulerkera zabala baztertzeak eta mugatua bakarrik onartzeak gauzak asko argituko lituzke, Tapiaren arabera. Era horretan, Arreta Goiztiarraren eremua osatzen duten erakunde eta profesional bakarrak, dekretuak berak aipatzen dituenak lirateke: Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeak (AGBT) eta Esku-hartze Taldeak (AGET). Bada eremu zabalean aipatzen diren beste arloak “ezinbesteko laguntzaile” izango lirateke. “Hala planteatuta uler daiteke, hezkuntzako profesionalek ez dutela zertan Arreta Goiztiarrean gaitasunik izan, ez zertan konpetenteak izan. Ez dira ez konpetenteak ez inkonpetenteak. Ez da bere lana eta kitto. Hezkuntzako profesionalek hezkuntza dute bere lan eremu eta ardura eta ez besterik. Gutxi al da? Arreta Goiztiarreko profesionalen eta hezkuntzakoen lan eremuak, zereginak eta identitateak ondo berezita gero, bere arteko lankidetzaz mintza gaitezke, parez pare, kidez kide, eta ez, batzuk Arreta Goiztiarrean jakitun-adituak, eta besteak ezjakin gisa; denak jakitun, baina bakoitza bere arloan.”Eremu horien arteko borondatezko lankidetza zehazten hasita, osasun arlotik mailegatutako prebentzio lana –lehen mailakoa eta bigarren mailakoa– aipatu zituen hizlariak. Prebentzio primarioa arazoak eta nahasmenduak ekiditean datza, hau da sortu aurretik neurriak hartzean. “Arreta Goiztiarraren ikuspegitik hezkuntzak prebentzioaren lehen maila honetan eskaini dezakeen laguntzarik preziatuena, haur txikientzako kalitatezko hezkuntza litzateke, kalitateak nolakoa izan behar duen, bere ardura dela jakinik. Garbi gera bedi: hezkuntzaren helburua ez da prebentzioa egitea, haurrak ondo heztea baino. Kalitatezko hezkuntza bera baita prebentzio, eta ez nolanahikoa!”. Psikologoaren arabera, Arreta Goiztiarraren ikuspegitik, kalitatezko hezkuntzak “sinets ezinezko onura” dakarkio haurren osasun mentalari eta garapenari. “Arreta Goiztiarraren ikuspegitik beraz, hezkuntza-sistemak prebentzio primarioan eskaini dezakeen lankidetzarik bikainena, kalitatezko profesionalekin egin dezakeen kalitatezko lana da”.
Bigarren mailako prebentzioa arazoak ahalik eta azkarren detektatzean datza, eta Haur Hezkuntza arazoen behatoki pribilegiatu bat den neurrian, Tapiarentzat bere ekarpena guztiz erabakigarria izan daiteke. “Arreta Goiztiarraren eta eskolaren arteko lankidetza zehazte aldera kontzeptu nagusi bat aipatuko nuke prebentzio sekundarioaren ikuspegitik: arazoen eta zailtasunen zeinu goiztiarrak”.
Zeinu horien detekzio goiztiarrari buruz honako gogoetak plazaratu zituen: 1) Profesionalon, zuon sentiberatasuna eta eskarmentua dira zeinu horiei erreparatzeko tresnarik azkarrenak, zorrotzenak eta eraginkorrenak. 2) Umearen ondoezari erreparatu behar zaio lehenik, bi adierazpide nagusi dituen bere sufrimendu psikikoari: gorputza eta harremanak. Diagnostikoak etorriko dira baina diagnostikoak bezain garrantzitsua edo agian garrantzitsuagoa, haur ahulen detekzioa lehenbailehen egitea da, gehien kezkatzen gaituzten ume horiena hain zuzen ere. 3) Detekzioak ez du profezia esan nahi. “Ume honek lanak emango dizkizu, halakoa aterako zaizu...” “esan nizun nik...”. 4) Zuhurtzia handienaren beharraren adibiderik nabarmenenetakoa autismoa da. 5) Behin eta berriro: detekzioa zenbat eta goiztiarragoa, orduan eta handiagoak behar dute izan sentiberatasuna, etika, zuhurtzia eta formazioa.
Tapiaren arabera badira, duten larritasunagatik, hiru nahasmendu, lehenbaileheneko detekzioa eskatzen dutenak: Garapenaren Nahaste Orokortuak, depresioa goiztiarrak eta portaera arazo goiztiarrak.
Haurren garapenaren jarraipenerako protokoloa
Dekretuaz gainera Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak prestatutako Haurren Garapenaren Jarraipenerako Protokoloaz hitz egin zuen Tapiak, bigarren mailako prebentzioan bete-betean kokatzen dena. Protokoloaren hainbat gauza aipagarriren artean honako hauek azpimarratu zituen: 1. eskolaren barruan detekzio goiztiarrari ematen dion garrantzia; 2. detekzioa gauzatzeko proposatzen duen metodologiaren zehaztasuna; 3. arazoak identifikatzeaz gain proposatzen duen esku-hartze edo interbentzio plana. Eta honako zortzi puntu hauei buruzko gogoeta kritikoak luzatu zituen: 1. kontzeptuak; 2. nori aplikatu baheketa?; 3. erabilitako tresna; 4. baheketaren hainbat arrisku; 5. protokoloa haurren ikuspegitik; 6. protokoloa profesionalen ikuspegitik; 7. protokoloa gurasoen ikuspegitik; 8. esku-hartzea.
1- Protokoloan agertzen diren kontzeptuei dagokienez, (neurogarapena, nahasmenduaren arrisku-egoerak, esku-hartzea, detekzioa, patologia, prebentzioa, baheketa, hautematea, screening, osasun arloa, sintoma, “osasuntsuak”, gaixotasuna). Tapiarentzat ez da egokia hezkuntzako protokoloak osasun arlotik hartutako kontzeptuok bere horretan trasladatzea eta prebentzio-eredua aplikatzea, “hezkuntza eta giza harreman eremuek beste eredu bat eskatzen dute. Batetik, oso eremu ezberdinak direlako. Eta bestetik, osasun eremuan bertan ere, eztabaida eta iritzi oso ezberdinak daudelako gai honi buruz”. Hasiera-hasieratik aipatzen dira protokoloan kontzepturik funtsezkoenak osasun arlotik mailegatutakoak:“Baheketa, hautemate edo screening”. “Bahetu” eta “hauteman”, sinonimotzat erabiltzen ditu protokoloak, baina hezkuntza-arloan, psikologoaren iritziz, ezin dira bahetzea eta hautematea baliokide edo sinonimo gisa erabili.
2- Protokoloaren arabera, baheketa 2, 3, 4 eta 5 urteko ume guztiei aplaikatu behar zaie, eta adinaz aparte, ume guzti-guztiak hautematea ez da egokia Tapiarentzat.
3- Baheketan erabilitako tresnen inguruan hainbat zalantza ditu Tapiak, batetik, baheketek bi talde egiteak -“frogak gainditu dituztenak eta frogak gainditu ez dituztenak”- arriskuak dakartzalako. Eta bestetik, bi talde horiek egiteko protokoloak eskaintzen dituen “tresna zientifiko objektiboak” zalantzan jartzen ditu. “Protokoloak erabiltzen dituen tresna espezifikoak “eskalak” dira, ongi eta zehatz deskribatutakoak, baina bere sentsibilitateaz, fidagarritasunaz eta baliotasunaz, hau da, bere ezaugarri psikometrikoei buruz, aipamenik ez”. Protokoloak behin baino gehiagotan aipatzen du eta goraipatzen objektibotasunaren balioa, eta Tapiak, balio bezala oso eztabaidagarria jotzen du objektibotasuna, “nago item askok zalantzak sor ditzakeela ebaluatzailearengan, paradoxikoki, gainditu nahi lukeen subjektibitateari bidea zabalduz”.
4-Protokoloa azterturik, baheketaren arrisku posible hauek ikusten ditu psikologoak:
Kalte psikologikoa sasi positiboetan, alferrikako larritasuna sortuaz. Sasi lasaitasuna sasi negatiboetan, behar liratekeen neurriak atzeratuaz.Diagnostiko eta geroko esku-hartze prozesuaren iatrogenia. Hautemandako kasuen diskriminazioa edo estigmatizazioa. Umeen eta gurasoen zailtasunak, programaren helburuak eta nondik norakoak ulertzeko orduan.Pronostiko argirik gabeko arazoen gehiegizko tratamendua.Protokoloa haurren, gurasoen eta irakasleen ikuspegitik begiraturik, beste hainbat gogoeta kritiko egin zituen Tapiak: Haurren ikuspegitik begiraturik, 2 urterekin dagoeneko bi talde egitea bera –“itemak eskuratzen dituztenak eta eskuratzen ez dituztenak”– arriskutsua da adituarentzat. “Gainditzen ez duten haurrek talde berezi bat osatuaz gainera “tratu” berezi bat jasoko dute berehala, eta, gainera, gainditzen ez dutenen artean ez da inolako bereizketarik egiten: larrienen eta ez larrienen artean adibidez: den denei aplikatzen zaie berehalako esku-hartzea, detekzio espezifikoaren bigarren fasera pasa bitartean. Une hau ordea, oso delikatua da, oso”.
Haurren ikuspegitik, protokoloak beste arrisku bati zabaltzen dio atea: sasi positiboei. “Arazoak benetan dituztenekin aipatutako arriskuak handiak badira zer esanik ez sasi positiboei buruz, hau da, arazorik izan ez eta arazodunen artean sailkatutakoei buruz! Esan gabe doa, halako egoeratan, eta bai aurrekoetan ere noski, haurrengan eta gurasoengan sortzen den larritasuna, angustia eta sufrimendu psikikoa, handiak direla, eragin handikoak baina objektibatzen oso zailak!! Hala ere, sasi positiboen egoerak, nire ustetan, ondorio larriak dakartza beti”.
Laburbilduaz, umeengan eman litezken arriskuak honako hauek izan daitezke Xabier Tapiaren arabera: “Zuzeneko ondorioak: bere gurasoek eta profesionalek hainbeste baloratzen dituzten frogetan “huts egiteak” umeengan sor ditzaken sentipen isilak eta ia-ia klandestinoak: frustrazioa, sarritan erruduntasuna, lotsa, tristura eta batez ere nartzisismoaren zauria, auto-estimuarena!!” Zeharkako kalteak ere aipatu zituen: “kalterik handiena, gurasoen mina, aurpegi asko duena: frustrazioa, dezepzioa, angustia, tristura, zauria, lotsa, haserrea, etsipena eta agian hortik aurrera bai gurasoengan eta bai erakundearen baitan txertatuko den irudia: haur “atzeratu” samarrarena, ezin duenarena, ahul samarra, gizagaixoa edo alferra dena, espabilatu beharko duena... urtetarako irudia! Bada, ordea, zehar kalte larriagorik: batetik, gurasoak dezepzionatu dituztelakoan, errudun sentitzearena, eta bestetik, are eta larriagoa, haurrek, gurasoen eta profesionalen baitan txertatzen den irudi “txar” horrekin bat egitearena, identifikatzearena, eta oso epe luzera gainera, bai behintzat gurasoen eta profesionalen begirada aldatzen ez den bitartean. Hau izan daiteke Pigmalion efektuaren ondoriorik larriena eta eraginkorrena: umeek bere egiten dutela helduek beraiei buruz duten irudi kaskarra, “atzeratu” edo “gaizto” edo “alfer” irudia, eta irudi kaskar horren arabera jokatzen hasiko direla, irudia baieztatuaz”.
Protokoloa gurasoen ikuspegitik aztertzean, gurasoekiko anbiguotasun kutsua nabari dio protokoloari: “gurasoen baimenik ez dela behar dio alde batetik, baina bestetik familiaren lankidetza aldarrikatzen du behin eta berriro”. Ororen gainetik gurasoen “alferrikako larritasuna” ekidin behar dela nabarmentzen du Tapiak, baita larritasun horrek haurrengan dituen ondorioengatik ere: “Helduon hitz, irudi, mamu eta iragarpenok, bere barne-muin sakon eta intimoenetan egiten dituzte bere haurrek, are eta azkarrago eta sakonago zenbat eta maiteagoak izan helduak eta ilunagoak eta ezkorragoak mamuak eta beldurrak. Pigmalionen eragina biderkatu egin daiteke: guraso batzuk kuboen pilaketan entrenatzen dituzte bere seme-alabak etxean”.
Irakasleen kasuan, gurasoekin ikusten zuen anbiguotasuna areagotuta ikusten du Tapiak, “protokoloak esaten duenagatik baino, esaten ez duenagatik edo, esan gabe, adierazten duenagatik”. “Protokoloaren “filosofia” orokorrak, irakasleen gaitasuna eta zeregina, bigarren mailan ipintzen duenaren itxura hartzen diot, prebentzioari dagokionean: protokoloaren arabera, baheketaren protagonismo nagusia tresnak dauka, eskalek, eta ez irakasleen behaketa luzeak eta eskarmentuak. Baheketa behaketaren gainetik. Irakasleak, eskalak betetzeko tresna lirateke, tresnaren tresna. Itxuraz, egun batzuetako une labur eta zehatz batzuk, eskala pasatzeari emandakoak, irakasleen urte osoko edo biko eta agian hiruko behaketak baino erabakigarriagoak bihurtzen dira. Irakasle batek, eman ditzake 5 ordu gutxienez egunero haur batekin, astetan, hilabetetan eta agian urtetan, eta hala ere, eskala pasatzen erabilitako denbora erabakigarriagoa bihurtzen da baheketa orduan, irakaslearen behaketa luzea baino. Eskalen balizko objektibotasuna, irakasleen ustezko subjektibotasunaren gainetik”.
Protokoloak objektibotasunaren eta subjektibotasunaren arteko “sasi-dikotomia” bat eta “hierarkia” proposatzen dituela uste du psikologoak. Objektibotasuna subjektibotasunaren gainetik ezarri dela ikusten du, subjektibotasuna txartzat hartzen eta obejktibotasuna ontzat. Haatik, hizlariaren irudiko, irakasleen balizko subjektibotasunaren eta frogen balizko objektibotasunaren artean ez dago inolako dikotomiarik, “elkarren osagarri dira”; eta hierarkiarik egotekotan, “irakasleen eskarmentuaren, profesionaltasunaren eta behaketa luze, zehatz eta aberatsen aldekoa” izan behar litzateke, Tapiarentzat. “Ez dago irakasleen eta gurasoen behaketaren aberastasuna berdinduko duen frogarik, nahiz eta azken hauen ekarpena batzuetan guztiz beharrezkoa eta ezinbestekoa izan, baina osagarri gisa”.
Esku-hartzea, unerik delikatuena
Tapiarentzat, zailtasnak dauden kasuetan, esku-hartzeko unea da prozesu osoaren unerik delikatuena, eta aztergai dugun protokoloak hasiera-hasieratik esku-hartzearen garrantzia azpimarratzen badu ere, gaiaren inguruko argibideak faltan sumatzen ditu. “Kontraste handiegia dago bi fase hauen azalpenetan: baheketa fasea zehaztasunez beteta batetik, eta esku-hartzeari buruz hain informazio urria eta eskasa bestetik: Nork erabakitzen du lehen esku-hartzea? Eta gerokoa? Noren ardura da esku-hartzea? Nork burutu behar du? Noiz hasi? Zenbat denbora? Egunero? Noiz arte? Gela barruan? Aparte? Zertan datza esku-hartzea? Zer landu behar da? Nola edo nolako metodologiarekin?
Berehalako esku-hartzeari eragozpenak ikusten dizkio Tapiak, “lana egiteko era konkretu batera eraman dezakeelako, estimulaziora hain zuzen ere, hainbestetan goraipatutako haurraren globaltasuna arriskuan jar dezakeena”. Halaber, oso eztabaidagarria deritzo esku-hartzea noiz jarri behar den martxan, protokoloak ematen dion erantzunari: ezarritako irizpidea bete bezain laster, hurrengo faseari itxoin gabe. Item solte batzuk ez betetzea ez dut uste esku-hartze zirkuituan sartzeko nahikoa motibo denik, aipatu ditugun arrisku nabarmenak kontuan hartuta.
Proposamenak
Kritikak egin ostean, protokoloari hainbat proposamen egin zizkion zailtasunetan dauden haurrak eta horien familiak artatzen urte askoan lanean diharduen psikologoak. Amuko arrantza egingarria da Tapiarentzat. “Arazoak eta zailtasunak lehenbailehen detektatzeko edo hautemateko ez dago zertan ume guzti guztien baheketarik egin, ez eta eskalarik pasa; tresna horiek hain zehatzak eta objektiboak ez direlako, batetik eta bestetik, arriskuak onurak baino handiagoak izan daitezkeenez, detekzioa beste modu batera egin daitekeelako: ez dago zertan arrasteko arrantzarik egin”. “Nazioarteko prebalentzia datuek, zera diote: umeen %15-20k dituztela nahasmenduak. 15 umeko gela batean, 3 umek batez beste. Ez dago ez zaintzaile ez hezitzailerik, 15 umeren artean benetan arazoak izan ditzaketen 3 ume horiek gogoan ez dituenik, erreparatu ez dituenik”. Tresnei edo eskalei protagonismoa eman beharrean, profesionalei ematearen aldekoa da psikologoa, “gurasoez gain, hezitzaileak direlako ume bakoitza ondoen ezagutzen dutenak. Formazioa eta eskarmentuaren poderioz, oso azkar atzematen dituzte “ondo” ez dauden umeak, sarritan hasiera-hasierako egokitzapen prozesuan bertan! Eta detekzio fase honetan hori da funtsezkoena: “ondo” ez daudenak, ondoezik daudenak atzematea, hau da, sufritzen ari diren eta besteak sufriarazten dituzten umeak. Eta ia inoiz ez dute hutsik egiten profesionalek. Ez naiz diagnostikoaz ari, bere ardura ez delako, baina diagnostikoa bera baino garrantzitsuagoa da, sentibera eta konpetentea den norbait, ume bat ondoezik dagoela jabetzea. Honatx, amuko arrantza!”.
Umearen esku-hartzea auzolanean egitea proposatzen du Tapiak, pluri-disziplinarki. “Baina benetako auzolanak, muga eta mugarri argiak exijitzen ditu, bakoitza berean: hezkuntzakoak hezkuntzan, zaintzaileak zaintzan, arreta goiztiarrekoak arreta goiztiarrean eta gurasoak gurasotasunean; esku-hartzaile bakoitza berean baina elkarren errespetuzko eta parekidetasunezko lankidetzan. Koordinazioaren beharra hemendik dator.” Ikuspegi horretatik, adituen eta tresnen ustezko gehiagotasunak ez dauka inolako funtsik. Adituak eta tresnak, egon badaude baina bizitzaren mesedetan egon behar dute, eta bizi, bizi, umeak etxeetan eta haurtzaindegi edo eskoletan bizi dira. Protagonista nagusiak, umeak, gurasoak eta zentroetako zaintzaileak eta hezitzaileak dira. Jomuga ez da umea bere soiltasunean: arreta goiztiarra beraren ardatza ez da umea; jomuga, umeek familiarekin, hezitzaileekin eta beste umeekin duten harremana da”.
Hona beraz, Tapiaren iritziz, arreta goiztiarraren eta hezkuntzaren arteko harreman mota: “elkarren ezinbesteko osagarri, eta hala izanik, ezinbestekoa izango da auzolana, lankidetza, ezinbestekoa koordinazioa”.