Bernard Aucouturier

2017-02-01

Pedagogo sortzaileak izeneko monografikoa eguneratzen dihardu Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, eta datorren ikasturtean emango du argitara edizio berritua. Hainbat pedagogo liburuxkan txertatu aurretik, ordea, hik hasi aldizkarian argitaratuko du haien inguruko informazioa, pedagogiako zein psikologiako adituen eta arituen eskurik. Bernard Aucouturierren inguruko ekarpen hauxe da zerrenda horretan bigarrena.

 
 

Bernard Aucouturier 1934. urtean jaio zen, Tours-etik (Frantzia) gertu dagoen herri  batean. Lau anai-arrebetan txikiena zen, eta gurasoak irakasleak ziren. Freineten pedagogiaren jarraitzaileak ziren, eta askatasuna ematen zioten eskolara bakarrik edo lagunduta joatea erabakitzeko, baita tarteka naturara ihesaldi “alternatiboak” egiteko aukera ere.

Kirolzalea zen Aucouturier, eta, horren ondorioz, gorputz-hezkuntzako ikasketak egin zituen. Han ezagutu zuen Jean Le Boulch, gorputz-hezkuntza tradizionala ezbaian jartzera eraman zuen irakaslea.
Geroztik, P. Vayer eta A. Lapierreren lanekiko interesa agertu zuen. Eta Freud, Doltó, Ajuriagerra, Montessori, Dewey, Decroly, Freinet, Makarenko, Neill... eta beste hainbatenekikoa, ondoren.
1959an, gorputz- eta kirol-hezkun-tzako irakaslea zen.
Aljerian egin zuen soldadutza; garai latza izan zen, eta planteamendu humanisten garrantziaz eta aniztasunaz jabetzea ekarri zion. 1961ean, Lyonen gorputz-hezkuntzako irakasle zelarik, haur gorren berreziketan lanean ari zen talde batekin lan egin zuen. Lan horrek bideratu zuen Aucouturierren ondorengo norabide profesionala: Toursera joan zen lan egitera, eta gorputz-hezkuntzako irakasle izendatu zuten, berreziketako espezialitatean (1962).
Garai hartan erabaki zuen ekintza-askatasunean eta haurraren adierazteko ahalbidean —mugimenduaren, marrazketa librearen edota pinturaren bidez— oinarrituriko pedagogia praktikan jartzea.
Ikuspegi horrekin berarekin hasi zen heziketa-eremuan lanean. Frantziako 68ko maiatza dago mugimendu horren atzealdean. Mugimenduaren eta adierazpide sinbolikoen bidez haurraren ekintza eta adierazpen libreak erabiltzeko posibilitateak ikertzen ari zela, Andre Lapierre ezagutu zuen, eta harekin kolaboratu zuen 70eko urteetan eta 80ko hamarkadaren hasieran.
Ondoren, beste aro bat heldu zen: profesional talde batekin ASEFOP sortu zuen, Aucouturier Praktika Psikomotorraren Heziketa Eskolen Europako elkartea. Elkarte horrek biltzen ditu gaur egungo Aucouturier Praktika Psikomotorraren barneko Europako hezitzaile gehienak. Aucouturierrek 2009an utzi zuen elkartea.
Gaur egun, jarduera hezigarriak egiten jarraitzen du, Praktika Psikomotorraren Nazioarteko Eskolan.
Aucouturier Praktika Psikomotorra, oinarri teoriko-praktikoak
Izendapena bera da nabarmendu beharreko lehen kontua: “praktika”. Ez da, beraz, teoria bat, praktika, pedagogia eta planteamendu terapeutiko bat baizik. Oinarrizko abiapuntu bat du: haurra aseguratze- eta berraseguratze-baliabide propioen sortzaile eta subjektu izateko —bai bere garapen-prozesuaren erronken aurrean, bai prozesuan bertan sor daitezkeen zailtasunen aurrean—, haren gaitasun autonomoak bete-betean indarrean jartzea ahalbidetuko duten formula hezigarri eta terapeutikoak bilatu behar dira.
Bernard Aucouturierrek, haurrekin egindako lanetan, ikusten zuen  gorputzarenak edo mekanika motorrarenak soilik ez ziren beste faktore batzuk zeudela ekintza motorrean. Eta ez zuen gustuko helduak zuzendutako ariketen dinamika, mugimendua “irakastera” edo haurren mugimendu desegokiak “zuzentzera” bideratua zegoena.
Horrek hainbat alderdi ikertzera eraman zuen, eta alderdi horiek izango dira bere praktikaren oinarria eta bere marko teoriko eta kontzeptualari zentzua emangon diotenak:
Ekintza-askatasunaren garrantzia.
Ekintzaren globaltasuna, per-tsonaren alderdi guztiak adierazten dituena (gorputzezkoak, afektiboak eta kognitiboak).
Haurrak helduarekin ezartzen duen harremanaren kalitatearen garrantzia.
Ekintza, mugimendua, jolasa, hitza eta jarduera sinbolikoak, haurraren nortasunaren adieraz-pide eta eraikuntzaren osagai direnez.
Gorputzezko erregistroen oinarrizko garrantzia helduaren eta haurraren arteko harremanean.
Haurraren eta helduaren arteko harremana bien autonomiaren berme handienarekin garatzeko segurtasun-eremu bat izatearen garrantzia.
Haurrak ibilbide bat, prozesu bat bizitzea ahalbidetzea; gorputzezko sentsazioak —eta haiei lotutako afektuak, emozioak eta sentimenduak—, irudiak eta adierazpen sinbolikoak (hitza, jolas sinbolikoa, ipuinak/istorioak, irudikapen plastikoak eta haurraren unean uneko izatearen eta egotearen adierazpen sinbolikoak ere diren ekintza motorrak).

Osagai horietatik abiatuta, metodologia bat eraiki zuen Aucouturierrek, “praktika psikomotor hezigarriko saioa”, zeinak berariazko garapena duen talde txikietako laguntza eta banakako terapia-eremuetan ere.

Haurraren ekintza librea onartzeak pedagogia “ez-direktibo” baten markoa sortzen du, hau da, ez dira lantzen motrizitatea “irakastera” edo “erabiltzera” bideratutako ariketak eta metodologiak, baizik eta markoa eta haurraren ekintza inguratzen duen guztia lantzen da, haurrak ahalik eta mugarik txikienarekin gauza dezan bere ekimena. Haurraren bat-bateko ekintza eta munduan izateko eta egoteko haren jatorrizko modua dira abiapuntuak.
Haurraren izatea ezaugarritzen duen globaltasunak globaltasun horri erantzun nahi dion saio-eredu baten eraikuntza dakar; espazioen diseinua, haurraren eskura jarritako materialen hautaketa, denboren antolaketa eta proposatu beharreko jarduerak har-tzen dira kontuan.
Harremanaren garrantzia eta kalitatea dira praktika honen funtsezko ardatzetako bat, eta berebiziko lekua du psikomotrizistaren heziketan, hau da, bat-bateko ekintza global horretan haurrari garapen eta heltze psikologikoko prozesua eraikitzen lagunduko dion helduaren formakuntzan. Psikomotrizitate-saioetako egituran garatutako aspektu teoriko eta metodologiaz gain, “Psikomotrizistaren formakuntza pertsonala” deiturikoa da; ez da terapia, ezta hazkunde pertsonaleko taldea ere, psikomotrizitate-gelan lan egingo duen profesionalak hainbat kontzeptu barneratzea helburu duen prozesua da: entzutea, enpatia, doitze-gaitasuna, prestasun toniko eta afektiboa, haurren bat-bateko ekintzak laguntzeko, onartzeko, sostengatzeko eta eusteko jarreren garapena. Taldean egindako ibilbide pertsonal bat da, zeinean, bizipen-egoeretatik abiatuta, pertsonak bere buruaren kontzientzia hartzea bila-tzen den, pertsonaren baitako sen-tsazioen, emozioen eta irudien bidez, bere burua eta haurrarena
—eta harekin dagoenean gertatzen den guztia— hobeto ulertzeko baliagarria gerta dakion.
Psikomotrizitate-saioetan, haurren ekintzen bidez profesionalarengan pizten diren oihartzun guztiak bideratzea da helburua; modu horretan, profesionalak ekintza horien gainean egindako proiekzioen kutsadura ahalik eta txikiena izango da, eta haurren benetako beharretara egokitutako erantzunak sortzeko baliabide egokienak garatuko dira.

Aucouturier Praktika Psikomotorraren oinarrizko kontzeptuak

Adierazkortasun motorra: haurrak munduan izateko eta egoteko duen modu pertsonala da. Bere gorputz-jarreren bidez, mugimenduaren bidez, ekintzen bidez, betetzen dituen espazioen bidez, jolasean erabiltzen dituen materialen bidez eta haiek erabiltzeko moduaren bidez, denboraren bizipenaren bidez, desplazamenduen bidez, helduekiko eta bere adinekoekiko harremanaren bidez… adierazten du.
Larritasun arkaikoak, “gorputzaren galerakoak” (lehen 6-8 hilabeteetan): haurtxoak gertakizun afektibo mingarrien ondorioz esperimentatzen dituen bizipenak dira; barneratu egiten dira, eta arrastoak uzten dituzte gorputzean. Bizitzaren lehen garai horretan egitura psikiko heldurik ez dagoenez, arrastoek “inkontziente korporalean” irauten dute, eta eragina dute etorkizuneko psikismoaren eraikuntzan. Desintegrazioarekin, zatikatzearekin, erortzearekin, urtzearekin, hedatzearekin eta gorputz-mugen galerarekin lotutako bizipenak dira. (D. Winnicotek jasotako kontzeptuak dira).
Banantzeak, abandonuak edo “bestearen galerako” larritasunak (lehen 6-8 hilabeteetatik 30-36 hilabeteetara): bestearen presentziari edo haren faltari lotutako bizipenak dira, eta bere pertsona subjektu bereizgarri gisa eraikitzeko haurraren ahalbideei eragiten diete.
“Kastrazio edo osagabetasunaren” larritasunak (lehen 30-36 hilabeteen eta 6-7 urteen artean): gorputz-unitate berezituaren oinarrizko eraikuntzatik sortutako bizipenak dira, eta bat egiten dute Freuden “fase edipikoarekin”. Identifikazio sexualaren prozesuekin lotuta daude.
“Berraseguratze-ekintzak/jolasak” heltze-prozesuan bizitako larritasunen aurrean: heltze-prozesuan bizitako larritasunak arintzeko edo gainditzeko haurrak erabiltzen dituen baliabideak dira. Plazer sentsorial eta motorrean oinarritutako ekintzak izan daitezke, joko sinbolikoak…
“Plazerezko afektuak eta displazerezko afektuak”. “Partekatutako plazera” haurren ekintzei eta haien heltze-prozesuari zentzua ematen saiatzen den eraikuntza teorikoa da. Aucouturierrek funtsezko garrantzia ematen dio “plazerari”, haurrak izango dituen bestearekiko harreman-esperientzien kantitateak eta kalitateak plazerezko edo displazerezko sentsazioak bizitzea ahalbidetuko diotelako. Sentsazio horiek oinarrizko egitura bat osatuko dute, gorputzezkoa, lehenik, eta psikikoa, ondoren, bere buruarekin, bestearekin eta inguruarekin harremanak izateko modua baldintzatuko duena. Bestearekin “partekatutako plazeraren” bizipena da motor nagusia nortasun osasuntsu baten garapena ahalbidetuko duen gorputz-unitatearen eta unitate psikikoaren eraikuntzan.
“Ekintza-mamuak” edo “Ekin-
tza-fantasiak” (“mamu” hi-tzaren ordez “fantasia” hitza hobetsi du berriki Aucouturierrek, frantsesez bi hitz erabil-tzen direlako mamua adierazteko: “fantôme” (gazteluko gure mamua) eta “fantasme” edo “phantasme” (hauxe da Aucouturierrek erabiltzen duena eta “fantasia, haluzinazioa” esan nahi du). Larritasunak gainditzeko haurrak garatu behar duen gaitasunari buruz ari da Aucouturier, eta lehen aipatutako berraseguratze-baliabideak sortzearekin lotuta dago. “Ekintza-fantasiak” sinbolizazio-gaitasunen hazia dira, haietara iristeko eman beharreko urratsa: haurrak bestearekiko harremanetan bizitako plazera erreproduzitzeko egiten dituen ekintzak dira. Beraz, ikusten dugunez, kontzeptu hauek guztiak elkarren artean loturik daude: larritasunak, plazera, berraseguratze-jolasak, ekintza-fantasiak eta adierazkortasun motorra.

Psikomotrizistaren jarrerak

Orain arte ikusi dugunez, bestearekiko harremana funtsezkoa da haurren heltze-prozesuan, eta, beraz, bestearen presentziaren kalitatea, hau da, haurraren ekintza eta adierazkortasun motorra hartzeko, entzuteko, ulertzeko eta erantzuteko duen modua.
Horren ondorioz, haurraren gaitasunak eta ekintza ez zuzentzeko eta ez ordezkatzeko psikomotrizistaren gaitasuna funtsezko osagaia da Aucouturier Praktika Psikomotorrean; psikomotrizistaren eginkizuna da marko bat eraikitzea, haurraren ekintza-desirak martxan jarri ahal izateko ingurune egoki bat. Hori dela eta, jarrera-sistemaz hitz egin beharra dago:
Haurraren gaitasunetatik abiatu, eta ez jarri arreta zailtasunetan edo “falta zaionean”. Hau da, konfiantza eta segurtasunezko ingurua sortu, haurrarengan ekintzarako desira sortu, horren ondorioz ekintza bera sor dadin, psikomotrizistaren arretazko begirada enpatikoa lagun. Helduak aitortutako ekintza-gaitasuna oinarrizko motorra izango da haurrak heldutasun psikologikoa eta autonomiako baliabideak eraiki ditzan.
Entzute enpatikorako gaitasuna. Hau da, haurraren adierazkortasun motorrak gugan sortzen dituen oihartzun toniko eta afektiboen aurrean irekita egon, haren emozioak, sentsazioak eta aldarteak jasoz eta onartuz. “Distantzia egoki” batetik egin behar da, hots, nahikoa gertu egon behar dugu, haurraren bizipenek gu “uki” gaitzaten, baina nahikoa urrun ere bai, haiek har ez gaitzaten eta gure oihartzunek umea har ez dezaten. Hau da, elkar ulertze enpatiko batetik, haurrari berraseguratze-baliabide autonomoak eraiki-tzen lagunduko dioten ekintzak eta jarrerak ekarriko dizkion harremana izan behar dugu.
Lege-segurtasun figura izateko gaitasuna. Hau da, haurrari neurritsua izaten eta egituratzen lagunduko dion erreferentzia bat, haren desira eta gaitasunak erreprimituak eta mugatuak izan gabe. Hau da, psikomotrizitate-gelaren oinarrizko legea —“ez minik hartu ez minik egin”— defendatzen duen erreferentzia bat, haurrak pixkanaka-pixkanaka sar daitezen sinbolikoaren eta errespetuzko komunikazioaren munduan.
“Kide sinbolikoa” izateko gaitasuna, hau da, haurraren ekintza/jolasa lagundu, zuzendu eta baldintzatu gabe, zentzua emanez eta balioan jarriz. “Haurrarentzat” egiten duen heldu bat, haren espazioa hartu ordez, espazio hori ahalbide-tzen duena.  

Bibliografia

Artikulu hau osatzeko erabilitakoa eta gaian sakontzeko gomendagarria:
• Arnaiz, P. eta beste batzuk: La psicomotricidad en la escuela: una práctica preventiva y educativa. Ediciones Aljibe. 2. argitaraldia. Malaga, 2008.
• Aucouturier, B. eta beste batzuk: La práctica psicomotriz. Reeducación y terapia. Editorial Científico-médica. Bartzelona, 1985.
• Aucouturier, B.: Los fantasmas de acción y la práctica psicomotriz. Editorial Graô. Bartzelona, 2004.
• Aucouturier, B.: “L´enfant terrible”. ¿Qué hacer con el niño difícil en la escuela?. Editorial Graô. Bartzelona, 2012.
• Aucouturier, B. eta Mendel, G.: ¿Por qué los niños y las niñas se mueven tanto? Lugar de la acción en el desarrollo psicomotor y la maduración psicológica de la infancia. Editorial Graô. Bartzelona, 2004.
• Rota, J.: La intervención psicomotriz: de la práctica al concepto. Editorial Octaedro. Bartzelona, 2015.
• Van Nieuwnehoven, C. koord. Aucouturier, B. eta beste batzuk: Miedo a nada…Miedo a todo. El niño y sus miedos. Editorial Graô. Bartzelona, 2004.