KIVA-PROGRAMAREN ARDURADUNA IKASTOLEN ELKARTEAN

2017-02-01

Pertsona bakoitzak den bezalakoa izateko eskubidea du, horregatik inolako kalterik jasan beharrik gabe

 Euskal Herriko 52 ikastolatan bullyingari aurre egiteko KiVa-programa finlandiarra jarri dute abian urtarrilean. Programaren arduraduna da Laraudogoitia, baita Trapagarango Itxaropena Ikastolako ikasketa-burua ere, eta 33 urtez irakaskuntzan metatutako esperientziatik mintzo da: “Ikastoletan aspaldidanik ari gara bullyingaren gaia tratatzen. Ahalegin handiak egin ditugu jazarpenari aurre egiteko, baina ziurtasun gutxirekin jokatu dugu askotan, duda asko izan ditugu gai honen inguruan… Egoera horren aurrean zerbait egin nahian erabaki dugu KiVa-programan sartzea”. Bi xede nagusi

lortu nahi dituzte programarekin: batetik, jazarpena prebenitzea, eta, bestetik, kasuren bat gertatzen denean modu egituratu eta sistematizatu batean aurre egitea.  

 
 

Bullyinga pil-pilean dagoen gaia da. Zein da jazarpenaren inguruko errealitatea gaur egun Euskal Herrian?

Hemengo errealitatea mundu mailako errealitatearen antzekoa da. Bullyinga egon badago, fenomeno uniber-tsala delako, mundu guztian gertatzen dena, nahiz eta toki batzuetan indar handiagoz ematen den beste batzuetan baino.

Datuek diote ikasleen % 83,7k jazarpenarekin lotura duela. Eta ikasleen % 45ek onartu du noizbait jarrera jazartzaileak izan dituenik. Zergatik areagotu da bullyingaren presentzia?

Nik ez daukat daturik bullyinga areagotu den edo ez esateko. Gertatzen dena da gaur egun jazarpenari arreta handiagoa jartzen diogula. Lehen bullyinga zerbait normala zen, pasatu beharreko afera bat, umeen kontuak… Eta, sarri, zera esan ohi zen: “Horrela ikasiko dute euren burua defendatzen”. Orain, ordea, kontzientzia zabalagoa dago gaiaren inguruan. Denok onartzen dugu per-
tsona bakoitzak den bezalakoa izateko eskubidea duela, horregatik inolako kalterik jasan beharrik gabe.
Ikerketek ere asko lagundu dute kontzientzia hori garatzen. Norvegian, adibidez, 70eko hamarraldian egin zituzten lehen azterketak, eta 80ko hamarraldian jada lehen planak ezarri zituzten abian. Pentsa noizko kontua den, nahiz eta gurean azken urteetan hartu duen indarra.
Hori bai, sorburuan, ikerketekin hasi zirenean, bullyinga ez zen orain bezala ulertzen, beste modu batera baizik. Pentsatzen zen, egoera edo ekintza baten aurreko erreakzio baten ondorioz gertatzen zela. Adibidez, uste zen ume bati nahi zuena egiten utzi ez ziotelako har zezakeela jarrera jazartzailea, edota haur bat besteak zirikatzen aritzeagatik izan zitekeela jazarria. Baina, ondoren, probatu zen bullyinga hori baino askoz gehiago zela. Ikerlariak konturatu ziren edozein bullying kasuren aurrean botere-abusua zegoela, eta taldean hartzen diren rol jakin batzuek eragin itzela zutela.
Hortaz, bullyinga areagotu egin den ez dakit, dakidana da gaur egun sentsibilitate handiagoa daukagula gai horren inguruan, ikerketek argi utzi dutelako zer-nolako kaltea eragiten dion epe laburrean zein luzean, biktimari dudarik gabe, baina baita erasotzaileari eta talde osoari ere. Bullyinga ez da ona inorentzat.

Aipatu duzu garai batean egoera ba-tzuen aurreko erreakzio gisa ikusten zela bullyinga eta gaur egun botere-abusu gisa identifikatzen dela, non rol jakin batzuk sartzen diren jokoan. Nola identifikatu daiteke bullyinga? Zein ezaugarri ditu?

Bullyinga gerta dadin errepikatzen den eraso bat egon behar du, per-tsona berberari nahita egiten zaiona. Gainera, bullying kasuetan biktimak ez du erasotzailearen aurrean bere burua defendatzeko aukerarik izaten, ahulagoa bihurtzen delako psikologikoki, fisikoki edo gizarte mailan duen estatusagatik. Hortaz, ezaugarri horiek botere-abusu baten aurrean jartzen gaituzte. Hala, indar handiena duen umeak ahulagoa den bat eraso dezake, horrela bere burua beste ikasleen aurrean indartu egiten duelako, eta bullyingak boterea ematen diolako taldean. Hori gertatzen da, bereziki, beste zenbait haurrek erasotzaileari jarraitu egiten diotelako edota haren jokabidea txalotu egiten dutelako. Beste taldetxo bat egon daiteke egoera hori jasan ezinik ezikusiarena egin eta gertatzen ari denari bizkarra ematen diona. Hala, eraso
tzaileak, normalki, gelakideen aurrean bere burua indartuta eta boteretuta sentitzen du. Hortaz, alde batetik, aipatu dugun bezala, bullyinga gerta dadin, botere-abusua egon behar du eta bestetik ikasleek jokatzen dituzten rolak.  

Ikasleek gelan hartzen dituzten rolak aipatzen dituzunean, zertaz ari zara zehazki?

Rola da gelan ikasleak jokatzeko duen modua, mugitzeko era. Zer zaren zu gelan. Adibidez, batek har dezake erasotzailearen rola eta horrekin boterea irabazi. Beste bat izan daiteke biktima momentu batean, baina rol hori har dezake eta gainontzeko guztientzako biktima bilakatu, izaera hori betikotuz. Izan ere, pertsonok talde batean baino gehiagotan gara partaide eta guztietan ez dugu berdin jokatzen. Bakoitzean izateko era bat daukagu eta hori da talde bakoitzean jokatzen dugun rola. Hortaz, ikasleek gelan rol batzuk hartzen dituzte. Eta gerta daiteke, nahiz eta oso arrunta ez izan, hemen rol bat izatea —jazartzailearena, esate baterako— eta aisialdiko taldean edota kaleko lagun-taldean beste bat edukitzea —biktimarena, adibidez—. Izan ere, bullyingarekin loturiko kontu hauek oso korapilatsuak dira.  

Botere-abusu hori nola gerta daiteke? Adibiderik baduzu?

Izan daiteke fisikoa —txua bota-tzea, bultza egitea…— edota ahoz-koa —irainak, ezizenak erabiltzea, isekak—. Horrekin lotuta, badago zeharkakoa deitzen diogun jazarpen mota ere. Biktimari zuzenean ez zaio ezer esaten, baina berari buruz txarto hitz egiten da beste talde batzuetan, kritikatuz, zurrumurru gaiztoak eratuz… Horrek denak, normalki, bazterketa soziala ekartzen du. Eta, hain zuzen ere, beste bullying mota bat bazterketa soziala bera da: “Zuk ez duzu gurekin jolastuko, zu hona ez etorri, zuk ospa hemendik…”. Jazarpen materiala ere hor dago: materiala desagertzea, materiala apurtzea… Eta, azkenik, ciberbullyinga, Internet bidezkoa, hain zuzen.

KiVa-programak arrakasta handia lortu du Finlandian eta baita nazioarte osoan ere, bullying kasuak nabarmen jaistea lortu duelako. Orain Euskal Herriko 52 ikastolatan ezarri da programa. Zer dela eta erabaki duzue programa hau ikastoletara ekartzea? Zein arrazoi dago erabaki horren atzean?

Ikastoletan aspaldidanik ari gara bullyingaren gaia tratatzen. Ahalegin handiak egin ditugu jazarpenari aurre egiteko, eta kasuren bat gertatzen ari zitekeela ikusi dugunean esku hartu dugu. Baina, bullying kasu bati aurre egitea lortu arren, hurrena beste lekuren batean agertu zaigu jazarpena. Gainera, ziurtasun gutxirekin jokatu dugu askotan, ez dugu jakin oso ondo nola landu bullyingaren gaia, ez dugu jakin egiten ari ginena zuzena ote zen, benetan eraginkorra zen… Irakasleok, sarri, duda asko izan ditugu gai honen inguruan, eta aldi berean, oso argi izan dugu bullyingaren ondorioz zenbat sufritzen duen umeak eta familiak.
Horrekin batera, jabetzen ginen zenbat kostatzen zitzaien guraso askori euren seme-alabak jazartzaileak zirela onartzea. Azken batean, nahiko gai gatazkatsua eta mingarria izan da guretzat bullyingarena. Horrelako kasuetan, gauzak okertzen hasten direnean guztiak ateratzen dira galtzen. Egoera horren aurrean zerbait egin nahi izan dugu eta KiVa-programan sartzea erabaki dugu.

Eta nolakoa ari da izaten KiVa Euskal Herrian inplementatzeko prozesua?

Ikastolen Elkartean bagenuen KiVa-ren berri. 2006an hasi ziren Finlandian programarekin. Hango Hezkuntza eta Kultura Ministerioak Turkuko Unibertsitateari eskatu zion bullyingari aurre egiteko programa bat garatzeko. Hainbat eta hainbat ikerketa egin ostean, eta froga sendoekin, Christina Salmivalli buru zuen unibertsitateko taldeak KiVa garatu zuen.
Egun batez jakin genuen Turkuko Unibertsitateko irakasle batzuk Madrilera zihoazela KiVa-programari buruz hitz egitera. Orduan hasi ginen pentsatzen akaso interesgarria izan zitekeela frogatuta zeuden erreminta eta bitarteko eraginkor batzuk eskura izatea jazarpenari aurre egiteko. Hala, kontaktuan ipini ginen Finlandiak Madrilen duen enbaxadarekin, KiVa-ren arduradunekin bilera bat egiteko. Gero, Bilbon izan genuen bigarren bilera eta hortik aurrera kontu hau forma hartzen joan zen. Programa martxan jarri ahal genuela ikusi genuen eta kontratu bat sinatu genuen Turkuko unibertsitateko taldearekin. Lehenik, ikastola guztientzako jardunaldi bat antolatu genuen Gasteizen, eta Finlandiatik KiVa-ren bi arduradun etorri ziren programa azaltzera. Han entzundakoarekin, ikastola bakoitzak erabaki zuen programan parte hartuko zuen edo ez. Guztira 52 ikastola apuntatu ginen. Gure ikastolako kideoi izugarri gustatu zitzaigun programa, ikusi genuelako oso egituratuta zegoela eta oso sistematikoa zela, eta gauzak hobeto egiteko modua eman ziezagukeela, ez bakarrik jazarpen kasu bat gertatzen denean, baizik eta baita prebentzioan ere, eta parte hartzea erabaki genuen.   
Gerora, urri hasieran, zazpi irakasle Turkuko Unibertsitatera joan ginen KiVa-ren inguruan formatzera. Gero, hona etorri ginenean, hemengo 52 ikastolei eman genien formakuntza. Lehenik ikastola bakoitzeko KiVa-taldeko kideak eta tutoreak formatu ziren, eta haien bidez, ikastolako partaide guztiak.

Zein helburu lortu nahi dituzue programarekin?

Batetik, jazarpena prebenitzea, eta, bestetik, kasuren bat gertatzen denean modu egituratu eta sistematizatu batean aurre egitea.
Bullyingaren prebentziorako zer lanketa mota egiten duzue KiVa-ren baitan?
Prebentzio-mailan jarduteko KiVa-programak eskoletan lantzeko ikasgaiak eskaintzen dizkigu. Bi unitatek osatzen dute programa eta bakoitzean 10 ikasgai daude. Lehen unitatea 1. mailatik hasi eta 3. mailara lantzen dugu; eta, bigarren unitatea 4. mailatik 6.era. Ia ikasgai guztien lanketatik, bukaeran, arau bat ateratzen dugu eta arau hori ikasturte amaieran ikasleekin sinatzen den kontraturako izango da. Izan ere, ikasturte amaieran ikasleekin KiVa-kontratua egiten da eta bertan zortzi arau inguru jasotzen dira: “Gure eskolan jazarpenik ez dugu onartuko”, “Biktimari laguntza emango diogu”, “Ez dugu utziko inor baztertzen”, eta antzekoak jasotzen dira bertan.

Hortaz, ikasturte amaieran egiten duzuen KiVa-kontratua elkarbizi-tzarako marko baten modukoa dela esan daiteke?

Bai, elkarbizitzarako marko baten modukoa da, baina bullyingean zentratzen da erabat. Lantzen ditugu emozioak, enpatia, komunikazioa, kooperazioa… Baina gero bullyinga jorratzera zuzen-
tzen dugu lanketa hori guztia. Horrekin batera, ikasgai horietan ikasle bakoitzak gela barruan zein rol joka-tzen duen ere aztertzen dugu: txalotzen duena den, bizkarra ematen duena den, erasotzailea den…

Hain zuzen ere, taldearengan edo isilik geratzen diren ikasleengan jartzen du fokua KiVa-k, eta ez soilik biktimarengan edo erasotzailearengan. Azal dezakezu ideia hori?

Batez ere horiengan eragin nahi dugu, jazartzailearen ekintzak txalotzen dituztenengan eta jokabide horiei bizkarra ematen dietenengan. Badirudi ikasle horien jarrera aldatzen bada, eta erasotzaileari kasurik egiten ez badiote, pixkanaka jazartzailea bere jarrera aldatzen hasten dela eta erasoak egiteari uzten diola. Izan ere, ingurukoek kasurik egiten ez badiote eta bere ekintzak txalotzen ez badituzte, erasotzaileak ez du lortzen bere helburua betetzea, alegia, ez du erdiesten botererik. Baizik eta kontrakoa gertatzen zaio: konturatzen da aurrez zuen botere hori galtzen ari dela, ingurukoek jada ez diotelako jaramonik egiten. Beraz, apurka-apurka bere jarrera aldatuz joango da.  
Horrekin batera, gelan, orokorrean hainbat emozio lantzen dira: biktimak sentitzen duena, erasotzaileak senti-tzen duena, bizkarra ematen duenak sentitzen duena, txalotzen duenak sentitzen duena… Nola egin dezakegu hori aldatzeko? Zelan egin dezakegu biktima triste egon ez dadin? Barre egiten duena errudun sentitu ez dadin? Horri guztiari aurre egiteko erremintak ematen zaizkie haurrei ere.

Hau guztia tutoretzetan lantzen duzue?

Bai, Lehen Hezkuntzako tutoretzetan lantzen dugu. Hilero bi saio egiten ditugu gai hau jorratzeko. Ez da gehiagorik. Hori alde batetik. Gero, bestetik, irakasgai hauek badituzte online jokoak ere. Klasean landutakoarekin daude lotuta. Gelan jorratutako hori indartzeko balio dute. Hori egin dezakete ikastolan bertan edo gurasoekin etxean. Joko horietan umeak hainbat egoeratan ipintzen dira. Marrazki bidez egoera errealak izango liratekeenak aurkezten zaizkie. Adibidez, haur bati ez diotela uzten besteekin jolasten behin eta berriz, eta azkenerako bakarrik geratzen dela. Orduan, jokoak esaten dizu: “Zu baldin bazara pertsonaia hau, zer egingo zenuke horrelako kasu baten aurrean?” Eta ematen duzun erantzunaren arabera, jokoak erantzun egiten dizu eta esaten dizu: “Zure erantzuna egokia da, biktimari eman diozu esku”, edo “Pentsatu ondo zertan ari zaren, zuk hartu duzun jarrerarekin biktimak bakarrik egoten jarraitzen baitu”. Eta antzekoak.
KiVa-ren logotipoa daramaten txaleko horiak ere egin ditugu. Jolas-orduko zaintzaileek, jantokikoek, autobusekoek, gelaz kanpoko ekin-tzetakoek… jantziko dituzte. Hala, ikasleei gogorarazi nahi diegu, klase orduetan egon ez arren, KiVa-ikastola batean daudela, eta KiVa-ikastolan ez dela inolako jazarpenik onartzen. Pasilloetan ere txartelak eta muralak jarri ditugu. Horrekin ere, jazarpenik gabeko eremu batean daudela gogorarazi nahi zaie ikasleei, irakasleei nahiz gurasoei.

Hori guztia prebentzioari dagokionez, baina jazarpen kasuren bat badago, nola detektatzen duzue?  

Detekziorako hainbat bide ditugu, baina bide horiek betikoak direla esango nuke.  Alde batetik, gurasoak daude, eskolara etor daitezkeenak euren umeari zerbait gertatzen ari zaiola esatera. Beste batzuetan, haurrak berak esan dezake zuzenean. Gelan edo pasilloan ikusten ditugun jarrera eta sentipenen bidetik, irakasleok ere kontura gaitezke. Edota beste ikasleren bat ere izan daiteke guregana datorrena jazarpen-kasu baten berri ematera.
Edozein kasutan, ikasle bat beti bakarrik egoten bada, jolas-ordura irteteko edo etxera joateko beti azkenerako geratzen bada, ikastolara etortzen ez bada tripako mina edota burukoa duelako, beti triste badago… Hor zerbait ari da gertatzen. Izan daiteke bullyinga edota izan daiteke beste gauzaren bat, baina jokabide horien atzean zeozer badago. Eta momentu horretan jada, ume horrekin hitz egiten dugu, bai gurasoek eta bai irakasleok.

Eta jazarpena detektatu ondoren, zer? Nola esku hartu? Zer protokolo jarraitzen du KiVa-k?

Bullying kasuei aurre egiteko KiVa-taldea dago. Talde horrek jazarpen-egoerei aurre egiten die modu egituratu batean. Talde hori ikastolako 3-4 pertsonek osatzen dute. Normalki, zuzendaritzako kide bat egon ohi da, finean, zuzendariak duelako azken erantzukizuna legearen aurrean. Bestetik, ikastola bakoitzak bere KiVa-arduraduna du, eta beraz, arduradun hori ere KiVa-talde horretan egoten da. Edonor izan daiteke KiVa-arduraduna, nahiz eta gehienetan orientatzailea izaten den, eta gure ikastolan ere
—Itxaropenan— halaxe da. Eta azkenik, hirugarren kidea beste irakasleren bat izaten da, gehienetan. Gure kasuan, adibidez, boluntarioki aurkeztu zen irakasle bat da.
KiVa-taldeko hiru kide horiek dira bullying-kasuari aurre egiten diotenak. Horretarako, lehenik biktimarekin hitz egiten dute, eta babes osoa eskain-tzen diote. Gertatu denaren inguruan hitz egiten dute eta inprimaki batzuk betetzen dituzte, idatziz ere kasua jasotzeko. Gure laguntza osoa duela esaten zaio, hemen gaudela nahi eta behar duenerako. Gero, zuzenean, erasotzailearekin edo erasotzaileekin hitz egiten da. Bakoitzarekin hamar minutu, gehiagorik ez. Eta bilera horren helburua da jazartzaileak konpromisoa hartzea bere jarrera aldatzeko.

Erasotzailearekin bilerak egiteko iriz-pideren bat izaten duzue kontuan?

Bi modu daude elkarrizketa hori egiteko: zuzenekoa eta zeharkakoa. Eta ikastola bakoitzak aukeratzen du zein eratan egin nahi duen bilera. Elkarriz-keta zuzenekoa denean, zera esaten da: “Badakizu honi txistua bota diozula eta gainera dutxetan dagoenean hormaren kontra zapaldu duzula, jada lau aldiz jarraian… Jarrera hori hemen ez da onartzen eta aldatu egin behar duzu. Hemendik aurrera zer egingo duzu pertsona hau ondo senti dadin?”. Zeharkakoan, berriz, ondokoa esango genuke: “Zure gelako ume hau oso txarto sentitzen da, oso minduta dago jasaten ari den erasoengatik, dutxetan zegoela bultzatu egin dute, txua bota diote… oso gaizki ari da pasatzen. Beraz, zuk zer egin dezakezu zure kide honen egoera hobetzeko?”. Eta elkarrizketaren amaieran konpromiso bat hartzen dute erasotzaileek eta idatziz sinatzen dute: “Nik neuk ez dut egingo gehiago horrelakorik eta norbait ikusten dudanean esango diot ez egiteko”, adibidez, edota beste edozein.
Erasotzaileari ez zaio uzten gaia desbideratzen. Batzuetan biktimari errua botatzen hasten dira, hark beste kasuren batean egindako zerbait gogoraraziz: “Hau egin dut, baina berak ere beste batean…”. Kasu horietan ikasleari esaten zaio hori beste gai bat dela, baina orain ez direla kontu hartaz ari, eta nahi badu auzi horri beste batean helduko diotela: “Orain hori ez da gaia. Beste arazoren bat baduzu, gero saiatu gaitezke hori konpontzen, baina orain eraso honetaz ari gara hizketan eta honi jarri behar diogu konponbidea”.
Hala, oso epe motzean erasotzaile guztiekin hitz egitea lortzen dugu, eta bakoitzak bere konpromisoa har-tzea. Gero, erasotzaile guztiak batera elkartzen ditugu eta bakoitzak bere konpromisoa ahots goraz irakurtzen du besteen aurrean. Eta hurrengo bilera adosten dugu erasotzaileekin. Ordurako, biktimarekin ere adostua izaten dugu hurrengo bilera, lehenik berarekin hitz egiten baitugu beti.
Hala, fasez fase jarraipen bilerak egiten ditugu, ikusi arte benetan aldaketa gertatzen ari dela eta jazarpena desagertzeko bidean dela. Noski, horrekin batera, batetik, gurasoekin hitz egiten dugu, eta haiekin elkarlanean aritzen gara. Eta, bestetik, tutoreak, gelan, taldearekin lanketa egiten du, bereziki, jazarpen-kasuen aurrean txalo egiten dutenak edota bizkarra ematen dutenak mugiarazteko eta biktimaren alde jarrarazteko.
Bide horretatik, KiVa-programaren Finlandiako arduradunen esanetan, kasuen % 78tan desagertu egiten da bullyinga; % 19an hobetu; eta % 3an igo egiten da. Azken kasu horretan, bullyinga desagertzen ez bada, eta erasotzaileak berdin jarraitzen badu, araua aplikatzen da eta erasotzailea zigortu egiten da. Baina, gure nahia egoera horiek saihestea da. Guk ikastolara datozen umeak hezi egin nahi ditugu eta jarrera desegokiak aldarazi, baina ez zigortu.

Familiek zein toki dute programan? Nola ari zarete familiekin lanean?

Oso paper garrantzitsua jokatzen dute KiVa-programaren barnean gurasoek. Esate baterako, gure ikastolako kasuan, jada lehen eskutitza bidali zaie esanez programa honetan sarturik gaudela. Bilerak ere egin ditugu LHko guraso guztiekin programa osoa azaltzeko: KiVa-taldea nork osatzen duen, zein den programaren helburua, unitate didaktikoetan zer landuko den…
Horrez gain, propio gurasoentzat egindako gida bat dago online: kivaprogram.net/basque edonork eskura dezake euskaraz eta gaztelaniaz. Gida horretan, batetik, teoria apur bat ematen da bullyingari buruz: bullyinga zer den, bullying mota desberdinak, umeek hartzen dituzten rolak…  Bestetik, berriz, aholkuak ematen zaizkie gurasoei seme-alabekin hitz egiteko.  Biktima izanik, erasotzailea izanik edo ikuslea izanik, zein mezu helarazi behar zaien esaten da eta euren egunerokoan nondik nora jo behar duten. Eta beste ezeren gainetik, familiei ere gure babes osoa ematen diegu. Badakite ikastolan baliabideak ditugula jazarpen-kasuei aurre egiteko eta guregana jo dezaketela lasaitasun osoz.

Bullyinga ez da eskolan soilik gertatzen, kalea ere hor dago. Eta gaur egun, sare sozialen bitartez, erraz gaindi dezake eskolako eremua. Eskolatik haragoko eremu hori ere hartzen du programak kontuan? Nola eragin eremu horretan?

Ciberbullyinga bullying mota bat da. Egia da gaur egun bullyinga eskolatik harago heltzen dela. Heltzen da umearen logelaraino, bere txokorik pribatueneraino. Ez beti, baina kasu gehienetan ciberbullyinga gertatzen denean, ikasgelan ere beste bullying motaren bat gertatu ohi da. Orduan, Turkuko Unibertsitateko KiVa-programaren arduradun Christina Salmivallik dio bullying modu tradizionaletan eraginda, ciberbullyinga ere jaitsi egiten dela. Eta hori da gu ikastolan egiten ari garen lanketa.
Emaitza onak eman ditu Finlandian, baina hango testuinguru kulturala eta hemengoa diferenteak dira. Nola egokitu duzue Euskal Herrira?
Egokitu dugu, bai. Baina moldaketa bereziki azalekoa izan da. Izan ere, muina berbera da. Adibidez, itzulpenak egiterakoan gureganatu egin ditugu kasuak eta haurrak izotz gaineko hockey-an ibili beharrean, esku-pilotan jokatzen jarri ditugu. Edota, beste zerbait esatearren, KiVa-taldearen osaera ere geure errealitatera ekarri dugu. Izan ere, han ikastetxeetan erizaina dute, udaleko giza-laguntzailea… Beste figura batzuk dituzte KiVa-taldeko kide direnak, baina guk beste egoera bat dugu eta hori ere moldatu egin behar izan dugu. Baina programaren funtsa, ikerketa sendoetan dago oinarritua eta, han eta hemen berbera da.

Zein emaitza espero dituzue? Eta nola ebaluatuko duzue programa?

Gure esperantza da ditugun jazarpen-portzentajeak murriztea. Eta ebaluazioa? Dagoeneko horretan ari gara. Urtarrilean jarri dugu KiVa martxan, baina aurreko maiatzean ikasle eta irakasle guztiok —18.000 pertsonak baino gehiagok— bete behar izan genuen online inkesta bat, gure ikastetxeetako bullyingaren gaineko ebaluazioa egiteko. Turkuko Unibertsitateko programaren arduradunek diagnostiko bat egin ahal izan zuten hala, programa martxan jarri aurretik errealitatea nolakoa zen ikusteko. Datorren maia-tzean berriro beste balorazio bat egingo digute. Lau urtetan zehar jarraian beteko ditugu ikasleek eta irakasleok inkesta horiek eta hor ikusiko dugu KiVa-rekin zer-nolako eboluzioa izan dugun.
Hortaz, Turkuko Unibertsitateko taldea da 52 ikastolako KiVa-programaren ardura daramana?
Bai, haiekin egin dugun kontratuaren barruan, hitzartuta dago haiek direla programaren arduradunak. Turkun irakasle talde bat dago honetan aritzen dena. Eta oso gainean daude egiten ditugun gauza guztietan. Eta kontrolatzeaz gain, laguntza handia ere ematen digute. Edozein gauzatarako dei diezaiekegu, eta segituan artatzen gaituzte.