ZER-NOLAKO EKARPENA EGITEN DIO GORPUTZ-HEZKUNTZAK XXI. MENDEKO HEZKUNTZARI?

2017-02-01
 
 

Hezkuntzak helbururik badu, etorkizuneko gizarteko kide izango diren horiei −eta egungoei− heziketa oso bat ematea da helburu hori. Xedea finka-

tzerakoan erabateko adostasuna nabarmentzen bada ere, eztabaida sortu izan da hezkuntza-komunitatean, helburua gauzatzeko bidearen inguruan.
Urrutira joan gabe, Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntzako ministro ohiaren LOMCE proposamenak oinarrizko ikasgaien ordu kopurua handitu nahia erakusten du, gorputz-hezkuntzaren kaltetan. Bada erabaki hori begi onez ikusten duenik, eta, beraz, ondo iruditzen zaio zenbaiti musika, artea, gorputz-hezkuntza eta horrelako ikasgaiak gutxitzea. Txanponaren beste aldean, gorputz-hezkuntzaren garrantzia aldezten dutenak daude, eta, ordu gehiago eskatzeaz gain, irakasleen prestakun-tzarako eta materialetarako baliabideak handitzea eskatzen dute.
Europarekin alderatuz gero, batez beste 53 ordu eskaintzen zaizkio gorputz-hezkuntzari Espainiako estatuan, eta, Frantzian edo Austrian, 100dik gora eskaintzen zaizkio. 1978an, Gorputz Hezkuntza “denontzako oinarrizko eskubide” zela zehaztu zuen UNESCOk, hezkuntzaren oinarrizko elementu bat dela esanez.
Osasunaren Mundu Erakundeak astean 3 ordutik 5era bitartean kirola egitea aholkatzen die haur eta nerabeei, eta bi baino ez dituzte egiten ikastetxeetan. Larriagoa da kontua, hamar haurretik hiruk jarduera fisikoa eskolan baino ez dutela praktikatzen jakinda, eta 16 urtetik 18ra bitarteko nerabeen erdiak ez duela batere praktikatzen. Oso datu kezkagarriak dira, estatuan haurren % 40k gehiegiz-ko pisua duela jakinda.
Datu horiek guztiek argi erakusten dute zeinen ezjakina den gizartea osasunaren eta jarduera fisikoaren garrantziaren inguruan, edota gizartearen utzikeria nabarmentzen dute. Egoera horren aurrean, ezin dugu ahaztu gorputz-hezkuntzaren egitekoetako bat, gorputzaren ezagutza eta motrizitate-gaitasunak garatzeaz gain, ohitura eta jokaera osasuntsuak susta-tzea dela, bizi-kalitatea hobetzeko.
Pentsa liteke ezinezkoa dela haurren behar fisiko guztiak ikastorduetan asetzea, eta hala da. Baina jarduera fisikoa egitera bultzatzeko betebeharra du gorputz-hezkuntzak. Horrela, kirolaren garrantziaz eta onurez jabetuta, praktika eta ohitura osasuntsuetan trebatutako kideak izango ditugu gizartean etorkizunean. Jabe gaitezen, beraz, gorputz-hezkuntzako irakasleok zer-nolako garrantzia duten gure saioetan planteatutako jarduerek.
Osasuna albo batera utzita, haurren izaeran murgildu nahiko nuke hurrengo lerroetan. Haurrak informazioz betetzeko egungo joeraren ondorioz, haien esentzia suntsitzen ari gara. Alvaro Bilbao neuropsikologoaren esanetan, “haurren adimena osotasunean garatzeko bidea ez da ordenagailu batera entxufatzea, haien garapen naturala errespetatzea baizik”. Haurrek irudimena erabili, jolastu eta mugitu beharra daukate, behar naturala da, eta, gaur egun, hori debekatzen ari gatzaizkie.
Azken urteotako joera haurrak eskolaz kanpoko jardueretan apuntatzea da. Arestian aipatu dugunez, gorputz-hezkuntzako saioak ez dira nahikoa jarduera fisikoa egiteko dugun beharra asetzeko, eta eskola-kirola irtenbide aproposa izan daiteke gabezia hori betetzeko. Betiere, gaitasun motorrak lantzeko helburura bideratzen badugu eskola-kirola, eta ez lehiakortasunera. Komeni da xedea ez galtzea begi-bistatik, eta kirolariak ez, baizik eta pertsonak ari garela prestatzen gogoraraztea, kirola helburutzat baino bitartekotzat erabilita.
Bada gorputz-hezkuntzak arreta galarazten duela esaten duenik ere. Ikastetxeetan jarduera fisikoari denbora eskaintzea denbora galtzea dela dio zenbaitek, eta komenigarriago ikusten du beste zeregin batzuei ordu gehiago eskaintzea. Haurren izaera natural horren aurkako jokaera da haurrak ordu luzez ikasgelan geldirik eserita izatea, eta ikastorduak ariketa fisikoarekin ez uztartzeak orduen baliagarritasuna kaltetzea ekar dezake ikasteko garaian. Frogaturik dago jarduera fisikoa egin eta gero hobeto aprobetxatzen direla ikasteko orduak, kirolak eta eskola-errendimenduak zuzeneko transferentziarik ez badute ere.
Beraz, errendimenduaren aferak baditu zenbait ñabardura. Baliteke hezkuntzaren atzean dauden interes ezkutuek ondoren azalduko ditugun argudioak erabiltzea ahotan, euren nahiak asetzeko asmoz. Baliteke heziketa enpresa-mundura bideratu nahi duten horiek artearekin, musikarekin eta gorputz-hezkuntzarekin erlazionatutako inteligentziak saihestu nahi izatea, pertsona askeak sortu beharrean mendeko ikasleak komeni zaizkielako. Era berean, Gorputz Hezkuntza irakasgaiak PISA txostenean pisurik ez duenez, hezkuntzaren instrumentalizazioan itsututako horiek garrantzia kentzea ekar dezake.
Gure gurasoek Eskola Nazionaletan jasotzen zituzten saioak ikuskera fisiologiko batetik bideratzen ziren, eta saioak entrenamendu militar bezala planteatzen ziren. Hala ere, gaur egun, praktika pedagogiko berritzaileak proposatzen dira, eta, ikasleen anatomiatik harago, garapen fisikoa, emozionala, kognitiboa eta soziala lantzeko bitartekoak ere bai. Beraz, gorputz-hezkuntzak alor horiei onurak ekartzeaz gain, esan daiteke irakasgai bakarra dela alor horiek guztiak aldi berean lantzeko gai dena, eta hezkun-tzan garapen fisikoa lantzeko aukera ematen duen bakarra ere bada. Izan ere, motrizitatea da gorputz-hezkuntza beste irakasgaien alboan berezi egiten duen ezaugarri nagusia.
Gorputz-hezkuntzak ekarpen nabarmenak egiten ditu lau arlo hauetan: onura fisikoei dagokienez, gorputza kontrolatzen eta ezagutzen laguntzen du, eta gaitasun motorrak trebatzen eta gorputzaren garapena indartzen. Agerikoenak onura fisikoak badira ere, badaude gehiago: onura sozialei dagokienez, harreman afektibo ugari sorrarazten dituzten guneak dira eskoletako patio eta gimnasioak. Ekarpen emozionalei begira, beste irakasgaiek ez duten testuinguru batean gara-tzen denez, aukera ugari ematen ditu irudimena eta adimen emozionala lantzeko. Azkenik, onura kognitiboei dagokienez, ezinbestekoa da motrizitatea adimen motorra garatzeko, eta jakintza, ekintza eta emozioak uztartzen ditu.
XXI. mende honetan, gero eta ugariagoak dira bizikidetza, balioak, osasuna, irudimena eta hausnartzeko gaitasuna bultzatzearen alde egiten duten ahotsak. Baina deigarria da, era berean, helburu horri ekarpen gehien egiten dizkioten curriculum-arloak baztertzeko joera nabarmentzea. Zutabe horietan eraikitako hezkuntza izan nahi badugu, tokia izan behar du gorputz-hezkuntzak XXI. mendeko hezkuntzan.