BARNEKOTASUNA LANTZEN

2017-04-01

Barnera begiratu eta norbere buruaren kontzientzia hartzea xede

 Euskal Herriko hainbat eskolatan barnekotasuna jorratzen hasiak dira, barnekotasunak norbere dimentsio sakonenarekin harremanetan jartzeko eta norbere burua hobeto ezagutzeko aukera ematen duelako. “Barnetasunaren lanketa hezkuntzan” izeneko ikerketa-proiektua egin du Eli Egañak. Eskolan gizakiaren dimentsio fisikoa, psikologikoa eta soziala joarratzeaz gain, espirituala ere landu egin behar dela defendatzen du. Bestalde, “Barrukotasuna nola hezi” gaia jorratuko dute maiatzean Arantzazun (Oñati) Espiritualtasuna XXI. Oinarriak, loturak eta galderak izeneko kurtsoaren baitan. Ikastaroaren koordinatzaileetako bat da Jon Sarasua eta bere ustez, espiritualitatearen arloan patxadaz ikusi behar da nondik eta nola elikatu gaitezkeen, zer dagokion eskolari eta zer gizarteko beste arlo batzuei.

 
 

Korrika bizi gara, presaka, zurrunbiloan, ihesi, norbere barrura begiratu gabe… Gaurko gizartean isiltasunak, baretasunak, soseguak, patxadak… leku gutxi dute. Eta bizimodu mota horrek isla zuzena du eskoletan: lasaitasunik eza, kontzentratu ezina, gauza batean luzaro arreta jartzeko arazoak, asperdura, soseguan egoteko zailtasunak… .

Egoera horren aurrean, Euskal Herriko hainbat eskolatan barnekotasuna eta espiritualtasuna jorratzen hasiak dira. Lanketa horrek norbere barnera begiratzeko erremintak ematen dituelako, eta horrela, bakoitzak norbere buruaren kontzientzia handiagoa hartzeko aukera duelako: Nor naiz ni? Zer nahi dut? Nola bizi besteekin? Nolako harremanak eraiki? Nola izan arduratsuagoak inguruarekin?... Azken batean, barnekotasunak pertsonak euren dimentsio sakonenarekin harremanetan jartzeko eta nork bere burua ezagu-tzeko aukera ematen du. Zer dira, baina barnekotasuna eta espiritualtasuna? Zein toki izan behar dute eskolan? Eta nola egiten da horren guztiaren lanketa?

Ikasleek hezkuntza integrala jaso behar dutela aipatzen da behin eta berriz, heziketak pertsona osoak egiteko balio behar duela. Hain zuzen ere, argudio horren izenean eta gizakiaren lau dimentsioei erantzun nahian ari dira lanean hainbat ikastetxetan. Dimentsio horietan lehena fisikoa litzateke, alegia, gorputza. Bigarrenean alderdi psikologikoa legoke; hortik, letorke, adibidez, onartua eta maitatua izateko beharra. Hirugarrenik, dimentsio soziala dago, gizakia gizartean, besteekin bizitzera daramana. Eta bada sakonagoa den beste dimentsio bat ere, espiritualtasunari lotua dagoena, biziaren zentzua, zoriona eta barne bakea bilatzen dituena. Barnekotasunak azken dimentsio horri egiten dio erreferentzia.

“Barnetasunaren lanketa hezkuntzan” izeneko ikerketa-proiektua egin du Eli Egañak HUHEZIko BERRIMET (Berrikuntza Didaktiko-Metodologikoko Proiektuen Garapena eta Kudeaketa Hezkuntza Erakundeetan Unibertsitate Masterra) master amaierako lan gisa. Hainbat autoreren lanak aztertu ostean, dio gizakiaren beste dimentsioak lan-tzen diren bezala, barnekotasuna ere irakatsi egin behar dela ikastetxeetan, haurrek ikasi egin behar dutela euren zatirik sakonenarekin konektatzen. “Hezkuntzaren xedea norbanakoaren garapen integrala sustatzea izan behar da. Horretarako, ikasle bakoitzak dituen adimen eta gaitasun ezberdinak ezagutu, identifikatu eta hauetako bakoitza garatzeko beharrezkoak diren tresnak eskaini beharko zaizkie ikasleei. Dimentsio fisiko, psikologiko, espiritual eta sozialaren garapena integrala izan dadin, lau arlo horiek elkarreraginean garatu behar lirateke bakoitzaren berezko gaitasunak potentzialtasun osoz sustatzeko eta pertsona bezala hazteko”.

Espiritualtasuna, adimen anitzen teoriaren baitan

Askotariko adimenen teorian oinarrituz lana egiten duten hainbat pedagogo, irakasle eta ikastetxeren arabera, gizakiak duen adimenetariko bat da adimen espirituala, eta barnekotasuna adimen mota hori garatzeko tresna. 1983an aurkeztu zuen Howard Gardner psikologoak eta AEBetako Harvard Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak adimen anitzen teoria. Iraultza ekarri zuen ikaskuntza-prozesura. Gardnerrek landutako teoriaren arabera, pertsona guztiek zortzi adimen mota dituzte gutxienez, eta edonor da adimentsua, batean ez bada bestean. Zortzi ordenagailu balira bezala, giza burmuinean, gutxienez, zortzi adimen mota daudela dio Gardnerren teoriak: adimen linguistikoa, adimen logiko-matematikoa, adimen musikala, adimen zinestesikoa (gorputzaren mugimenduarekin loturik dagoena), adimen bisual-espaziala, adimen intrapertsonala, adimen interpertsonala eta adimen naturalista. Adimenen zerrenda irekia egin zuen Gardnerrek, eta, geroztik, Branton Sheare-ren ekarpenaren harira, adimen espirituala edota existentziala deitzen dena gehitu dute zerrenda horretara hainbat autorek. Eta ildo horretan lanean dihardute Euskal Herriko zenbait ikastetxek ere, bereziki Kristau Eskolek.

 
Bestalde, Delors txostenak 1996an hezkuntzan ipar gisa hartu beharreko lau zutabe zehaztu zituen: ezagutzen ikastea, egiten ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea eta izaten ikastea. Egañaren arabera, azken bi zutabe horiekin legoke lotuta barnekotasunaren lanketa, baina orain arte lehen biak jorratu dira gehien. Ana Alonsok Pedagogia de la interioridad. Aprender a ser desde uno mismo liburuan aipatzen duenari jarraiki, Egañak dio jakintza kognitiboa ez dela nahikoa ikaslearen heziketa integrala bermatzeko. “Gizarteak kanpora begiratzera bideratu gaitu, eta hezkuntzak horri eman dio erantzuna, gugandik kanpo dagoena irakasteari eman dio garrantzia, gure barnekotasuna alde batera utzita. Pertsona osoak hezteko, garrantzitsua da inguratzen gaituen munduan kokatzea, eta profesionalki garatzeko aukera izatea. Baina ez da garrantzi txikiagokoa, geure burua ezagutzera iristea eta gure buruak ulertzeko gai izatea, nor garen jakitea, zer nahi dugun, eta norantz joan nahi dugun”.

Nazioartera begira, adibidez, Erresuma Batuko OFSTED (Office for Standards in Education) txostenean, adimen espirituala hezkuntzan lantzeko proposamenaren inguruan iritzi ezberdinak kontuan hartu eta gero honela definitzen dute adimen mota hori: “Garapen espirituala gizakiaren elementu ez-materialaren garapena da. Batzuek arimaren garapen gisa definitzen dute; beste batzuek, nortasunaren edo izatearen garapen gisa”.  

EAEn indarrean dagoen Heziberrik, bere aldetik, pertsonaren hezkuntza integrala garatzeari eta izaten ikasteari ematen dio garrantzia. Xedapen orokorretan irakurri daiteke oinarrizko hezkuntzaren helburua dela “gizakiaren gaitasunak ahalik eta gehien garatzea dimentsio guztietan (…) nortasuna osoki garatuz (…) Oinarrizko Hezkuntzak gizakien ahalmenak osorik garatu behar ditu”. Hori lortu ahal izateko, konpetentzietan oinarritutako irakaskuntza proposatzen du, eta jasotzen denez, oinarrizko konpetentziak “pertsona guziek beren burua errealizatzeko eta garatzeko” izango dira.

Egañak gogorarazten duenez, “izaten ikasteak” eta “elkarrekin bizitzen ikasteak” badute aipamena legean, eta horien lanketa ikastetxeetan integratzeko aproposa litzateke barnekotasunaren lanketa. “Helburu horiek lortzeko ezinbestekoa da bakoitzak bere burua ondo ezagutu eta sakontzea. Hau da, inteligentzia espirituala garatu eta barnekotasuna lantzea, termino horiek legean modu esplizituan aipatzen ez diren arren”.

Zein toki egin espiritualtasunari eskolan?

Gizakiak duen irekidura existentzialaren aurrean egin ohi duen jarduna da Jon Sarasua pentsalariaren hitzetan espiritualtasuna. Espiritualtasuna XXI. Oinarriak, loturak eta galderak izeneko kurtsoa ari dira egiten lehen aldiz Arantzazun (Oñati), eta horren barruan “Barrukotasuna nola hezi” gaia jorratuko dute maiatzean; besteak beste, hezkuntza arautuan alor horrek izan dezakeen tokiaz gogoeta egiteko. Ikastaroaren koordinatzaileetako bat da Sarasua. Bere esanetan, zuzenean gai hori jorratzera jo aurretik,  garrantzitsua da espiritualtasuna kontzeptura hurbilpen bat egitea. Hark adierazten duenez, gizakiak badu nolabaiteko irekidura existentzial bat, kultura desberdinetan, zibilizazio desberdinetan eta aro desberdinetan errepikatzen dena. “Irekidura existentzial hori modu askotara defini daiteke, esan genezake gizakiak baduela gose bat, gehiagorako irekidura existentzial bat, infiniturako irekidura bat, errealitate sakonagorako dei bat… Azken batean, historian zehar, gizakia galdera existentzialera irekia den espezie bat bezala ikusten dugu eta kulturaren arabera hori modu batera edo bestera manifestatzen da”. Beraz, oinarri horretatik abiatuta, Sarasuaren arabera, espiritualitatea litzateke irekidura horren inguruan gizakiak egiten duen jarduna. Alegia, zer egiten du gizakiak pertsonalki nahiz kolektiboki gehiagorako irekidura existentzial hori bizitzeko, espresatzeko eta garatzeko?

Erlijioak lirateke hori mamitu duten korronte historiko handiak. Sarasuak dioen moduan, gizakia ezinbestean historikoa delako, kulturala delako eta korronteetan doalako. Baina, XXI. mendean nola jorratu espiritualtasuna? Galdera  horri erantzuteko orduan, gaur egun bi korronte nagusi izan behar dira kontuan “Espiritualtasuna XXI” ikastaroaren koordinatzaileak azaldu bezala. Korronte batek dio, tradizio espiritual handietan, sakonean, intuizio komunak daudela eta intuizio komun horietan jarri behar dela arreta, eta gainditu egin behar dela erlijioek formatik, tradiziotik, kulturatik dutena, eta erlijioen muinari bakarrik erreparatu. Intuizio komun horietako bat litzateke, adibidez, sumatzea errealitateak baduela hondo bat edo iturri bat, gure pentsatzeko gaitasunetik harago dagoena, baina aldi berean orainean presentzia duena. Beste korronteak, berriz, dio ez dela sanoa espiritualitatearen muin komun hori bereiztea tradizio espiritual bakoitzetik, baizik eta tradizio bakoitzak eman behar duela berea, emari oso aberatsa duten bideak direlako.

Horrekin guztiarekin, ordea, zer egin eskolan? Zein toki behar luke izan espiritualitatearen lanketak? Nola egin? Sarasuak, bere aldetik, erantzunak baino gehiago galderak ditu. Gai konplexua delako eta erantzun samurrik ez duena. “Batetik, gizaki oro delako korronte handien zordun, eta bestetik, gero eta tendentzia ezberdin gehiago elkarbizi diren gizartean bizi garelako. Beldur naiz historian gure erlijioak izan dituen elementu negatiboak botatzearekin batera  belaunaldi batetik bestera ez ote dugun irekidura existentzial horrekiko jardun oro erauzi. Alegia, espiritualtasuna bera. Hori da gure gertuko historia. Ikusi behar duguna da, patxadaz, arlo honetan nondik eta nola elikatu gaitezkeen. Iruditzen zait oraindik zurrunbiloan pasako ditugula urte batzuk edo hamarkada batzuk. Horri lotuta, nik zalantza dut dena eskolari eskatu behar ote zaion, nire ustez gauza bat delako heziketa eta beste bat eskola. Gaur egun gainera ez da erraza kultura eta erlijio ezberdinak dauden gune batean horrekin zer egin erabakitzea”.

Erlijio korronte guztiek garatu dute beren sinesmenetan oinarritutako espiritualtasuna eta barnekotasuna, baina Egañak bere lanean jaso duenez, gaur egun, hezkuntzan, oro har, espiritualtasunaren eta barnekotasunaren lanketa erlijiotik bereizita egiten da. André Compe-Sponville filosofoaren hitzak dakartza: “Erlijioa ez da espiritualitatearekin nahastu behar. Hori nola sinestunek hala ateoek egin ohi duten akats bat da: pentsatzea soilik erlijio bat praktikatzen dutenek bizi dezaketela espiritualtasuna”. Francesc Torralbak Inteligencia espiritual liburuan esanak ere gogorarazten ditu Egañak: “Adimen espirituala ez da besterik gabe erlijio-kontzientziarekin identifikatu eta nahasi behar. Lehena beharrezkoa da bigarrena bizi ahal izateko. Alegia, gizakiak adimen mota hori duelako soilik bizi ahal du esperientzia erlijioso bat, baina adimen espirituala izate antropologiko bat da, eta ez fede kontu bat”.

Egañak espiritualtasuna definitu duten hainbat aditu aztertu ditu eta haietan oinarriturik ondoko kontzeptuak atera ditu: berezkoa, bizitzaren esanahia, norbanakoaren kokapena kosmosean, autotranszendentzia, adimena, barne bizitza, besteekiko maitasuna, besteekiko erlazioen sakontasuna, balioak, emozioak, elkartasuna, pentsamendu kritikoa, errendimendua, etab.

Master amaierako ikerketan Egañak ondorioztatzen duenez, adimen espirituala gizakiak berezkoa duen gaitasun bat da, landu egin beharko dena ikaslea bere osotasunean gara dadin. Hala, ikasleak bere autoezagutza eta emozioak erregulatu ahalko ditu, bere inguruko espazio eta pertsonekin erlazio positiboak eraiki ahal izateko eta horiek modu kritikoan aztertu ahal izateko, autotranszendentziarako eta norberaren hobekuntzarako ateak irekiz.

Horretarako bidea litzateke barnekotasuna jorratzea. Alegia, norbere barne-lanketa egitea litzateke barnekotasuna, eta adimen espirituala garatu ahal izateko tresna ere bai. Kontzeptu hau ere ohikoa da erlijioarekin lotzea, erlijioetan barnekotasuna kontzeptua erabili ohi delako bizitza espiritualaren sinonimo gisa. Baina hazkunde pertsonaleko proposamenetan, barnekotasuna norbere kontzientziarekin lotzen da, edota norbere emozioen kontzientziarekin. Beste autore batzuen esanetan, aldiz, benetako NIari dagokiona da barnekotasuna, norbere sakonenean dagoen hori.

Egañak dioenaren arabera, adimen espiritualaren aspektu bat da barnekotasuna. “Barnekotasuna bere barnera begiratzeko gizaki orok duen aukera da, pertsona gisa izateko eta hazteko aukera. Garenak izateko aukera geure barneko punturik sakonenean. Zerikusia dauka gure izaterik intimoena deskubritzearekin, eta gure inguru guztiarekin harremana bizitzearekin”.

Espiritualtasuna eta barnekotasuna bereiztea askotan ez dela samurra dio Sarasuak, baina continuum beraren parte balira bezala hautematen ditu bi kontzeptuok. Hastapenean legoke barnekotasuna, aurrerago, barneagoko geruza batean, espiritualtasuna: “Continuum batean kokatu behar balira, barnekotasuna hasiera-hasieran legoke, eta akaso, hori maila txikian, jorra liteke eskolan. Barnekotasuna gauza askori dei dakioke; adibidez, lasaitzen ikastea barnekotasunaren lanketa da, baita isiltasunean edota soseguan egotea ere. Eta, noski, horiek badira espiritualtasunaren ezaugarri ere, baina espiritualtasuna hori baino gehiago da. Hortaz, barnekotasuna litzateke espiritualitatearen oinarrizko gaitasun batzuen lanketa, barnetasunik gabe zailago delako espiritualtasuna, hori baino gehiago izan arren”.

Ongizatearen paradigman, zein da arriskua?

Sarasuaren arabera, gaur egun ongizatearen paradigma dugu nagusi, edo ongizatearena baino gehiago ondo-sentitzearena. Pentsalariaren hitzetan, ondo-sentitzea bihurtu da gaurko bizimoduaren ipar nagusi, ia gauza guztien neurria. “Hor badago nolabaiteko ondo-sentitzearen industria bat, gero eta gehiago ezagutzen duguna. Eta hezkuntzan ere egon daiteke arriskua ondo-sentitzearen hezkuntza egiteko, etengabe”. Horrek Sarasuaren ustez, baditu bere alde onak, baina baita arriskuak ere. Alde ona argia litzateke: “Ongizatea eta ondo-sentitzea helburu interesgarria da. Horrek ondo bizi nahi dugula esan nahi duelako. Baina, bestetik, indar guztia uneoroko ongizatean jartzeak arazoak sor ditzake, baita espiritualtasunaren arloa ere. Arriskutsua baita espiritualitatea bihurtzea ondo sentitzeko industria horren eskaintza bat gehiago. Alegia, behar dudan sakontasun dosi bat nire ondo sentitzen horretan”. Sarasuak gaineratzen duenez, espiritualtasunaren ibai historiko sakonei begiratuz gero, hori ere ekar dezake espiritualtasunak edo hori ere ekartzen du, baina hori baino gehiago da. Beraz, “Espiritualtasuna XXI” ikastaroko koordinatzailearen hitzetan, arriskua egon daiteke, batetik, espiritualitatea banalizatzeko, eta bestetik, instrumentalizatzeko. “Imajinatu orain enpresak hasten direla espiritualtasuna lantzen langileak hobeto sentitu eta gehiago produzitu dezaten. Espiritualtasuna tradizioan ez da hori. Espiritualtasunak eraman zaitzake ondo sentitzera, baina baita ere eraman zaitzake zure bizitza ematera, alferrik galtzera… Espiritualtasuna da norbere gunerik sakonenetik elikatzea eta irekitzea, eta ez da kabitzen edo agortzen ongizatearen, ondo sentitzearen paradigma horretan”.

Edozein kasutan, gaur egun Euskal Herriko eskoletan barnekotasuna lantzeko egiten ari diren ahaleginak oso interesgarriak iruditzen zaizkio Sarasuari, norbere barneko zuntz batzuk ukitzeko egiten den oro positiboa delako. Gizarteak daraman abiadurarekin, pantailek ekarri duten estimulazio etengabekoarekin, esposizio izugarriarekin, burmuinak hartzen duen belozidadearekin… horren guztiaren aurrean isiltasunean egoteko esparruak, kontzentratzeko espazioak, arreta luzaro gauza batean jartzeko gaitasuna… lantzea ezinbestekoa dela uste du, lehenik eta behin, gaitasun humanoak direlako, eta horiek lantzeak barnekotasuna jorratzea eskatzen duelako. “Eta barnetasun hori gabe, gainera, ezin da espiritualitaterik landu. Gauza bat da hori: barnetasuna lantzea gaur egun ditugun premiei erantzuteko, eta beste gauza bat da espiritualitatea, hori baino barrurago egon daitekeen geruza, edo arlo existentzialaren inguruko jardun esanguratsu bat. Bigarren hau plano hautazkoago batean dago beharbada. Irekidura existentzial sakon horren lanketa zenbateraino egin behar den eskolan, edo zenbateraino hori dagokien tradizio espiritualei edo gizarteko beste eremu ba-tzuei, ez dakit. Baina uste dut continuumean barnetasunetik zenbat eta gehiago hurbildu espiritualtasunera, gero eta hautazkoagoa dela. Jimnasia eman dezakegu eskolan denentzat, baina dantza beharbada beste gauza bat da. Hori bai, barnekotasun teknika batzuk lantzen baditugu eskolan, akaso hobe da barnekotasun deitzea, eta ez espiritualtasuna”.

Nola landu daiteke barnekotasuna eskolan?

Esan bezala, Euskal Herriko hainbat eskolatan barnekotasuna lantzen hasiak dira. Nola egiten da, baina, hori? Zein jarduera modu erabil daitezke? Edota zer-nolako teknikak? Egañak ikerketa-lanean azaltzen duen moduan, barnekotasuna lantzeko ezinbestekoa da arreta momentura ekartzea, eta horretarako eskoletan erabili ohi den praktiketako bat meditazioarena da. Meditatzea burua lasaitzea litzateke, arreta orainean jartzea eta momentuan gertatzen ari den horri erreparatzea. “Helburua da haurrei arreta osoa garatzen lagun-tzea, alegia, hemen eta orain egoteko gaitasuna barneratzea. Gure arreta orainera, bizitzen ari garen momentura ekartzea lortzen badugu, lasaiago sentitzen ikasiko dugu”. Egañak aztertu dituen autoreek diotenaren arabera, barnekotasunak hainbat gaitasun sustatzeko balio du: sosegua, gertatzen ari dena distantziatik behatzea, barne askatasuna, enpatia…. “Barnekotasunaren lanketarekin beste era batera ikusiko ditugu gauzak, eta ikuspegi horrek suertatzen zaizkigun egoerei irtenbide egokiagoa aurkitzen lagunduko digu”.

Beraz, barnekotasuna lantzeko gakoetako bat arreta orainera ekartzea da eta horretarako hainbat jarduera egin ohi dituzte eskoletan: gorputz dinamikak, erlaxazioa, bisualizazioak, ipuinak eta istorioak, mandalak, meditazioa, isiltasunaren txokoa… Elena Andresek La educación de la interioridad: un proceso de desvelamiento liburuan jasotakoan oinarrituz, barnekotasunaren lanketa hiru bloketan oinarrituz egin daitekeela proposatzen du Egañak: lehen blokean gorputzaren lanketa egingo litzateke; bigarrenean, emozioen integrazioa jorratuko litzateke; eta hirugarrenean transzendentziara irekitzea. Gorputzaren lanketaren atalean xedea da erlaxazio tekniken, kontzientzia korporalaren, luzaketa ariketen eta arnasketa erritmoen bitartez, “oreka fisikoa bultzatzea eta gorputza pertsonaren barneko dimentsioarekin bateratzen ahalegintzea”. Horretarako era askotako jarduerak proposatzen ditu: “Erlaxazio jarduerak, haien bidez, isiltasunetik abiatuz, nork bere burua zein bestearena hobeto entzuteko; kontzientzia korporala, isiltasuna lagun, atentzioa eta kontzentrazioa lantzeko, mugimendua, dantza eta espresioa, etabar erabiliz”. Emozioen integrazioari dagokion bigarren blokean, hausnarketa pertsonalaren, elkarrizketaren eta laguntza indibidualizatuaren bitartez, autoezagutza eta bestearen deskubrimendua ahalbidetuko dituen tresnak izatea lortu nahi da. Horretarako, adibidez, bisualizazioak, begiak itxita ibiltzea, objektu sinbolikoak… erabil daitezke. Azkenik, transzendentziara irekitzea landuko litzateke. “Bloke horretan, meditazio ariketa sinpleek sortutako barne esperientziatik abiatuz, lortu nahi da gazte eta nerabeak gerturatzea giza izaeraren galdera esentzialen planteamendura. Horretarako era askotako jarduerak egin daitezke: testu adierazkorren irakurketa, heriotzaz, ametsez eta maitasunaz hitz egitea, etab”.