MUSIKA BIGARREN HEZKUNTZAN

2017-04-01

Interpretatu, inprobisatu eta sortu

 DBHko 1. eta 2. mailako ikasleekin musika lantzeko metodologia berria jorratu du Arantxa Zubillaga musikako irakasleak, eta baita horretan laguntzeko musika-materiala sortu ere. Musika pieza beraren interpretazioan ikasle guztiak integratzen saiatu da: bakoitzak instrumentu bat edo beste jotzen du, norbere interesen eta mailaren arabera, guztien artean musika-lan bat interpretatzea lortzeko. Gelako ikasle guztiek parte hartzeko eta taldera ekarpena egiteko moduko abestiak prestatu ditu Zubillagak, eta, klaseko aniztasunari erantzun nahi izan dio hala: “Saiatu naiz ikasle guztiak taldean integratzen eta bakoitzari bere gaitasunen arabera jarduteko aukera ematen. Nire nahia da ikasle guztiek sentitzea obra bat sortzeko lanean ekarpena egiten ari direla, bai norbera eta bai besteak”.

 
 

Aurrez bestelako musikako eskolak ematen bazituen ere, duela hamar urte hasi zen Arantxa Zubillaga eskola publikoan lanean. Akordeoiko goi mailako ikasketak eginak zituenez, Bigarren Hezkuntzan sartu zen. Lanean hasi bezain pronto ohartu zen sekulako aniztasuna zegoela geletan, era guztietako ikasleak zituela, eta argi zuela aniztasun horri nola edo hala erantzuna eman beharrean zegoela. “Laguntzailearekin datozenak, oso aurreratuta doazenak, zailtasun kognitiboak dituztenak, musika eskolara joaten direnak, joaten ez direnak… aniztasunaren abaniko osoa eduki ohi dugu musikako klaseetan. Nik hasieratik garbi izan dut ikasle guztiak integratu behar nituela gelan, eta beraz, ezin nuela guztiekin gauza bera eta aldi berean egin, baina era berean, ikasle guztiek sentitu behar zutela taldeko kide zirela”.

Nola lortu, ordea, xede hori? Musikaren arloan badute materiala ikasle guztiekin gauza bera eta une berean jorratu ahal izateko; alegia, Zubillagak dioen modua, ikasle tipo batean pentsatutako bitartekoak badituzte, baina ikasle bakoitza bere ahalmenen arabera taldean integratzeko baliabideak falta dituzte. Hortaz, zer egin gelako aniztasunari erantzuteko eta ikasle bakoitzari bere ahalmenen arabera taldeko lanean parte hartzen duela sentiarazteko? Erronka horri heldu zion Zubillagak, eta hainbat instrumenturekin taldean interpreta-tzeko moduko abestiak sortu ditu, estilo, erritmo, neurri, konplexutasun… desberdinetakoak. Hiru urteko lanaren ostean, Aranzubil argitaletxeak argitaratu du materiala eta www.aranzubil.com webgunean ere zintzilikatu du, edonork eskura izateko moduan. Bereziki 1. DBHn lantzeko prestatu du materiala, nahiz eta 2. DBHrako ere balio duen —1. DBHn bi ordu ematen dira astean; 2. DBHn ordu 1 astean; eta 3. DBHtik aurrera hautazko irakasgaia da musika—.  
Oro har, eskolako musikako irakasgaian txirula eztia jotzen ikasi behar izaten dute ikasle guztiek, instrumentu erraza eta edonork ikasteko modukoa dela uste baita. Zubillagak, ordea, ez dio zentzu handirik ikusten horri: “Akaso badago ikasle bat txirula aspaldi ikasi zuena, eta, gainera, gitarra ere jotzeko gai dena. Hortaz, nik zertarako edukiko dut ikasle hori klasean txirula jo eta jo? Zergatik ez diot aukera emango gitarra jotzeko edota beste instrumenturen batekin ere esperimentatzeko?”. Iazko ikasturtean klasean izan zuen autismoa duen ikasle baten adibidea ere jartzen du: musika pieza baten interpretazioan, perkusioa joz hartu zuen parte, klabea joz, hain zuzen ere; erritmoa barneratu eta inprobisatu egin zuen. “Zergatik eskatuko diot ikasle horri ere partiturak irakurri eta txirula jotzeko, ezin badu? Baina, era berean, badakit ikasle horrek ere gelan parte hartu behar duela, integratuta sentitu behar duela. Beraz, zer egin berak ere senti dezan klasean parte hartzen ari dela? Eta beste ikasleek ere senti dezaten, nahiz eta autismoa eduki, mutiko hori ere talde-lanerako ekarpen bat egiten ari dela?”.
Horrexegatik, edozein ikaslek obra baten interpretazioan parte hartu ahal izateko moduko materiala sortu du Zubillagak. Hala, 6 abesti prestatu ditu, txirularekin jotzeko ez ezik, bateriarekin, baxu elektrikoarekin, gitarrarekin, klabearekin, sintetizadorearekin nahiz panderetarekin ere interpretatzeko modukoak. Materialaren hasieran, instrumentu horietako bakoitzaren gaineko informazioa ageri da: nola jotzen den, zein zati dituen, eskuak nola jarri behar diren, arnasketa eta garbiketa nola egin… Gero, abesti bakoitzaren gainerako edukiak datoz —bereziki irakasleak kontuan izan ditzan—: konpasa, zenbateko ekibalentzia duen, zer landu daitekeen abestiarekin, zein irudi agertzen diren, zer tesitura jorratzen diren… Ondoren, aipatutako instrumentu guztiak barne hartzen dituen partitura osoa ageri da materialean, irakaslearentzat prestatua. Eta, gero, instrumentu horietako bakoitzaren-tzat partitura bana jasotzen da, ikasle bakoitzari berari jotzea tokatzen zaion instrumentuaren partitura soilik eman ahal izateko. Zubillagak sortu dituen 6 abestietan, garapena ageri da: abestiek eboluzioa dute samurrenetik hasi eta konplexuenera bilakaera egiteko. Gainera, behin oinarria sortuta, hasiera batean partituretan sartu gabeko beste edozein instrumentu txertatzeko aukera ere ematen du.
Instrumentuen eta abestien informazioa nahiz partiturak prestatzeaz gainera, audioak ere egin ditu Zubillagak bere anaia musikariaren laguntzarekin. Hala, ikasleek partiturak nola interpretatu jakiteko informazio zehatza daukate. Azken batean, denek batera jo ahal izateko abesti oso zailak ez egiten saiatu dira, baina aldi berean, interpretatzeko atseginak izaten. Hala, gelako aniztasun guztia kontuan hartuz, denek batera taldean lan egitea lortu du irakasleak. Eta horixe da ikasleak ebaluatzeko orduan kontuan izaten duena ere: ikasle bakoitzak taldeari zer aportatzen dion behatzea. “Bakoitzak egiten du bere lana, baina gero lan hori taldeari ematen dio eta bakoitzak egiten duen ekarpen horretatik sortzen da azken emaitza. Eta ebaluaziorako ere hori izaten dut kontuan”.

Sormena lantzeko ere aproposa

Materiala sortzerako orduan, eta audioak egiterakoan, ikasleei sormena lantzeko eta inprobisatzeko aukera irekita uztea ere oso kontuan izan du Zubillagak. Horrexegatik, audio batean abestiaren oinarria soilik grabatu dute sintetizadorea, gitarra, baxua, bateria edota beste instrumenturen bat erabiliz, baina ez dute txirularik sartu. Hortaz, audio horren gainean, eta partiturarik aurrean izan gabe, ikasleek instrumentua hartu eta inprobisatzeko aukera dute: “Doinuak errazak eta sinpleak direnez, hasieran kosta egiten zaie, baina probatu eta probatu, oinarri horren gainean instrumentuak jotzea lortzen dute. Musika sortzeko gai direla ikustea sekulakoa da ikasleen-
tzat. Aukera emanez gero, izugarriz-ko lanketa egiten dute”.