ZER GARRANTZI DAUKA HELDUAREN BEGIRADAK HAURRAREN HAZIERA- ETA HEZIKETA-PROZESUAN?

2017-04-01
 
 

Zentzumenen bidez hautematen dugu ingurua, eta begien bidez ikusten dugu mundua. Baina ez ote daude inguruneari begiratzeko modu bat baino gehiago? Ez ote daude haurrari eta gazteari begiratzeko askotariko moduak?

Bakoitzaren ahalmenak edo gaitasunak kontuan harturik begiratzen diogu haurrari edo gazteari, edo dituen hutsune edo gabezietara zuzentzen dugu gure begirada? Fokuratze-kontua da guztia, hala nahi baduzue, baina zer modu da baliagarriena haurraren garapen integrala bidera-tzeko? Eta haurrak bere buruaren irudi positiboa izan dezan?
Beharrezkoa iruditzen zait gogoeta hori egitea, gizarteak bultzatzen dituen balioak gabezietan gelditzen direlako, eta, aldiz, dituen ahalmenak bideratuz gauzatzen delako haurraren garapen positiboa. Ditugun hezkun-tza-erreferentzia gehienek gabezietan jartzen dute arreta bereziki; alabaina, atseginagoa izateaz gain, eraginkorragoa da, nik uste, haurraren garapena hark dituen ahalmenetatik abiatuta bideratzea.
Haurrak berezkoak dituen joera biologikoak bideratzea genuke lehen pausoa:  
Jaio denetik da haurra aktiboa; jaiotzetik da bere garapen osorako eta bere ahalmenak edo gaitasunak bideratzeko aukera emango dion joera biologikoaren jabe:
Helduari atxikitzeko joera du haurrak. Oinarrizko beharrei erantzuten dieten pertsonekiko lotura afektiboa da, hain zuzen ere, atxikimendu hori. Haur jaio berria ezin da pertsona helduaren laguntzarik gabe bizi, eta hari atxikitzen zaio, garatu ahal izateko.  
Adierazpen emozionalen bidez azaltzen ditu bere beharrak. Irria; negarra; xurgatze-erreflexua, jateko eta lasaitzeko; begirada, helduaren arreta bereganatzeko eta maitasuna sustatzeko…
Helduarengan segurtasuna badu, ingurura begiratzeko eta mundua esploratzeko joera garatuko du. Jaio denetik ari da mugitzen, eta zenbait aldi motor biziko ditu.
Aurretiazko enpatia du, besteak hor daudela sentitzeko eta harremanak bideratzeko. Haurrak bere NIa garatu duenean, besteenganako interesa azalduko du, eta, beraz, harremana bilatuko du.
Interesa du, inguruan duen guztia ikertzeko eta manipulatzeko. Eginiko lorpenak egiaztatu bezain laster, beste lorpen batzuk eskuratzeko joera azalduko du.

Integrala da garapena: ezin da alor bat benetan garatu, beste bat garatu gabe utzita. Bata bestearekiko elkarrekin-tzaz gauzatzen dira garapen afektiboa, sexuala, motorra, emozionala, morala eta kognitiboa, haurrak bere modu propioa eraiki bitartean.

Haurraren ahalmenak eta identitatea nahasten ditu helduaren epaile-begiradak, eta halako eten bat sortzen du, horrenbestez, haurraren eta haurrak garatzeko berez duen senaren joeraren artean. Helduaren begirada positiboak, aldiz, bere buruaren eta dituen ahalmenen isla positiboa eskaintzen dio haurrari, bere buruarengan sinets dezan eta beste lorpen batzuk eskura ditzan.
Zuzenean sentitutako begirada izan behar luke gure begiradak. Haurrari onurak ekarriz begiratu behar diogu, ikusten duguna hark ere senti eta barnera dezan. Zentzumen guztiekin egon behar dugu han; modu positiboan sentituko du, orduan, haurrak bere burua, eta helduaren begirada positiboan topatuko du bere burua. Gure begirada gabeziei zuzentzen bazaie, aldiz (gu han gaude, baina gure pentsamenduak beste nonbait daude, lanean edo betebeharretan), ez ditugu haurraren ahalmenak ikusiko, aintzat hartuko, islatuko. Haurrak beharrezkoa du gu haren eskura egotea, bere ahalmenez jabe dadin eta bere buruaren irudi positiboa osotasunean senti dezan; hala, erronka berrien bila abiatuko da.
Geure izate osoaren distira da begirada. Gizartearen joera estresagarriak ari eta ari jardutera bultzatzen gaitu eskuarki, eta haurrak ez gaitu gu ariketa horretan behar; aitzitik, harekin gaudela sentitu behar du. Ondoan egon behar dugu, eta ondoan sentitu behar gaitu, eskura.
Badakit esaten ari naizena ez dela horren erraza, baina erronka horixe onartu behar dugu, hain zuzen, gurasook eta irakasleok. Huts egingo dugu; gabezietan topatuko dugu maiz geure begirada; baina geure eginkizuna da, era berean, horren gaineko kontzientzia hartzea eta begirada positiboa egokiro fokuratzea. Entrenamendu kontua baizik ez da begirada hori argitzen ikastea.
Horrenbestez, ez dut esan nahi haurren zailtasunei erreparatu behar ez diegunik. Haur guztiek dituzte hobetzeko gauzak, eta, bestalde, garapena ez da haur guztiengan horren modu naturalean sortzen. Hamaika oztopo izan ohi ditu garapenak, eta garapen positiborako bidea eragozten dute, zenbaitetan, aurretiazko joera biologikoek. Beraz, txikitatik behatu behar diegu haurrei, baina zailtasunei ere erreparatuz, eta adierazle afektibo, emozional, moral, kognitibo edo sozialei so eginez. Ez du ezer eskatzen; ez da besotan hartzean lasaitzen; ez da itzulipurdika ezer egiten saiatzen; ez du negarrik egiten; ez ditu objektuak manipulatzen; ez da helduarengandik urruntzen; ez du bestearen mina sumatzen; zaila egiten zaio frustrazioa bideratzea…
Adierazleei so eginez, jarduera zehatzak bideratu ahal izango ditugu, eta haurraren garapenean lagunduko dugu. Jarduketak helburu zehatza du, kezkatzen gaituzten adierazleekin lan egiteko. Horretarako, baliabide ederra bezain eraginkorra dugu jolasa. Plazerean murgildua bizi da haurra, eta dituen zailtasunei aurre egiten laguntzen dio, oharkabean, jolasaren plazerak. Arestian adierazi dugun bezala, haurraren ahalmenetan eta garapenerako aukeretan jarri behar dugu arreta jolas-une horietan. Geure beldurretan murgilduta gelditu beharrean, haurrarengan sinetsi behar dugu, eta dituen zailtasunetan lagundu behar diogu. Funtsezkoa da, horretarako, zailtasunei aurre egiterakoan zertan den trebe aztertzea.
Gure izaeraren parte dira zailtasunak, eta, geure ahalmenak sentitzen ditugun heinean, haiek gainditzeko gauza gara. Desberdinak gara denok; bakoitzak bere nortasuna du, eta aberastu egiten gaitu aniztasunak.
Laburbilduz, egon gaitezen lasai geure haurrarekin, uneak partekatuz, haurra den bezala onartuz eta maitatuz. Hortxe edukiko ditugu beti zailtasunak, eta oso baliozkoa gertatuko zaigu adi egotea eta zailtasun horiei erreparatzea. Bide horretan, lagun ona izango dugu, betiere, zuzeneko begirada positibo maitekorra. Garena gara, eta geure burua onartuz egiten dugu garapenean aurrera. Begietara begira, begiz begiko begiradatik ikus dezakegu geure haurraren barneko edertasuna, haren ahalmena, haren maitasuna.