ORBELA ATERPETXEA

2017-05-01

Natura, kontrabandoa eta akelarreak

 Beintza-Labaiengo Orbela aterpetxea toki paregabe batean dago: basoz inguratutako kokaleku hau kontrabandisten eta sorginen bizileku izan da. Eskaintza zabala dauka eskola-umeentzat.

 
 

Basa da natura, Pirinioen magaleko bailara honetan. Berdea eta hezea da lurra. Malkartsuak dira mendiak; kiribilak, errepideak. Istorio asko gordetzen dituzte Ameztia errekaren ibarburuko harkaitz eta zuhaitzek. Kontrabandisten lurrak izan baitira Beintza-Labaiengoak, eta sorginen bizileku, berriz, lehenagotik. Arnastu egiten da hori.

Naturaz gozatzea, horixe da Beintza-Labaiengo Orbela aterpetxeak eskola-umeei eskaintzen dien aukera. Natura bizitzea. Izan ere, paraje paregabeetan dago Orbela aterpetxea, Nafarroako mendialdearen biho-
tzean, Bidasoa eskualdean: Leur-tzako urtegietatik gertu, gaztainadiz eta pagadiz inguratuta, baina zabalgune atseginean.
Orbela aterpetxea 1992an hasi zen ikastetxeentzat eta aisialdi-taldeentzat jarduerak antolatzen, eta, ordutik, 30 bat ikastetxe hartzen ditu urtero, mila ikasle inguru. Aterpetxe txikia da, baina esperientzia handikoa.
Naturaz gozatzeko bitartekoak kirola, jokoak eta jolasa dira Orbelan. Aterpetxeak ibilaldien eta bisiten eskaintza zabala dauka ikastetxeentzat: Leurtzako urtegiak eta basoa ezagutzeko, ibilaldiak eskaintzen dizkigute; basoetan barrena, ipuin mitologikoak eta kondairak ezagutaraziko dizkigute; espeleologia egiteko aukera izango dugu Lezealde Txikin; zaldiz egin ditzakegu ibilaldiak; inguruko herriak (Amaiur eta Zubieta) ezagutzeko parada izango dugu... Horrez gain, hiru lantegitan parte har dezakete eskola-umeek: taloak egitekoan, herri-kiroletan edo ginkanan.
Natura bizitzeko eta ezagutzeko, natura-interpretazioko ibilbideak eskaintzen ditu Orbela aterpetxeak:
Leurtza, baso atsegina: malda apaleko bide zabal batetik egiten da bost kilometroko ibilbidea, aldizka, biderik gabeko basoan barna.
Sarasola gaztainadi zaharra: mendi magaleko bide eta bidexketatik egiten da bi orduko ibilbidea, bostehun urteko bizi-tza duten arbolen artetik igaroz.

Egun erdiko txangoak ere egin daitezke:

Baztangoiza, Donejakue bidea: Baiona eta Iruñea lotzen ditu Donejakue bidearen adar honek, eta, Baztango lurretan barrena, Amaiurtik Arizkungo herrira eramango ditu ibiltariak lau orduko ibilaldiak. Bide zabala eta leuna da zatirik handienean, baina, tarteka, antzinako galtzadetatik ibiliko gara, hariztien eta harriz mugaturiko belaien artean.
Leurtza, pagadi biziduna: Soratxipiko tontor belartsura garamatzan ibilbide hau Lantzeko lapurren kondairaren lekuko da, eta baita dagoeneko galdua den ofizio baten lekuko ere, ikazkinena.
San Juan Xar, herri-sinesmenak: Arantzara eramango gaituen ibilbidean, ura da protagonista. Herri-sinesmenen arabera, osasun-propietate handiak dituen ura da.
Akelarreak, sorginak eta kontrabandoa: harizti zaharren magalean, kareharriaren karstifikazioak hainbat zulo txiki eta pitzadura eragin ditu, eta zulo horiek kontrabandoa gordetzeko leku egoki bihurtu dira historian.  

Egun osoko bost txango egin daitezke, mendi-gidari eta begirale profesionalekin:

Bertizko Jaurerriko basoa: Bertizko Jaurerria Natur Parkeko harizti eta pagadietan barna egiten da ibilaldia.
Beitza-Labaiengo basoa: Leurtzako ikazkinen bidean gora, Beintza-Labaiengo herria inguratzen duten mendietan barnako itzuli zirkularra da.
Askoli, uraren kapritxoa: ibilaldiak Intsusako Harmalako mendi kareharritsua inguratzen du.
Irubelakaskoa gotorlekua: Aritzakungo bailara ezkutuan, bidexka estuetan eta amildegietan barna, piramide itxurako Irubelakaskoa mendia dago. Hara eramango gaitu 15 kilometroko ibilaldiak.
Mendaur eta Ekaitza: Mendaur (1.131 m) eta Ekaitza (1.046 m) mendiak begiratoki egokiak dira eskualdea eta Kantauri kostaldea ikusteko.
Arxuria, itsasoari begira: Arxuria (750 m) mendi puntak kostaldeko ikuspegiez gozatzeko aukera ematen du. Eta bidea sorginkeriaz zipriztinduta dago, Arxuria akelarre-leku izan baitzen.

 

ORBELA ATERPETXEA

Beintza-Labaien (Nafarroa)
948 450 014
www.orbela-beintza.com
info@orbela-beintza.com
Aterpetxeak ibilaldi eta bisiten eskaintza zabala dauka eskola-umeentzat:
Lezealde Txiki kobazuloa
Zuhaitzak eta ipuinak
Uraren bidea
Baserria: munduko oiloak
Ibilaldiak zaldiz
Amaiur eta Zubietako errotak ezagutzea
* (mendi-gidari eta begirale profesionalekin egiten dira irteerak)
Edukiera:
44 lagunentzako lekua du, bost logelatan banaturik
Bi jantoki ditu, bakoitza 30 lagunentzat prestatua
Bi egongela ditu, bata balioaniztunak, boulderrarekin
Lorategi estalpeduna du
Aterpetxearen ondoan, herriko pilotaleku estalia dago