ZER DA JOLAS-TERAPIA ETA ZEIN EKARPEN EGIN DIEZAIOKE ESKOLARI?
ZJolas-terapia da jolasa lagun-tza terapeutikorako erabil-tzea, alderdi fisiko, espiritual, emozional, afektibo eta kognitiboetan era kontzientean nahiz inkontzientean sakonduz, eta modu ez-oldarkor eta ez-intrusibo batean eginez aurrera.
Nondik dator jolas-terapia?
Jolas-terapia autore askoren ekarpenetatik eta praktikatik garatu den diziplina terapeutiko bat da, gaur ezagutzen dugun bezalakoa izan aurretik eta horrela izendatu aurretik sortzen hasi zena. Haurrengan jolasak zuen ahalmen terapeutikoaz jabetu ziren lehenak eta bide hori abian jarri zuten lehenak Anna Freud (1928), Margaret Lowenfeld (1935), Melanie Klein (1961) eta Donald Woods Winnicott (1896-1971) izan ziren. Haurren terapeuta psikoanalitikoak ziren, eta jolasaren balio terapeutikoaz ohartu ziren beren jardunean. Haurren psikoterapian erabili zuten jolasa, eta haurraren berezko jolasari helduen psikoanalisian ikusten diren asoziazio librearen elementu berak egotzi zizkioten. Bestalde, Carl Jung-ek (1875-1961) eta Frances Wickes-ek (1963-1977) ere ekarpen garrantzitsuak egin zituzten, haurraren jolasaren eduki sinbolikoaren inguruan. Aldaketarik handiena eta jolas-terapiaren izendatze eta zedarritzea Virginia Axline-ren (1969) eskutik etorri zen, Carl Rogers-en Bezeroarengan Zentratutako Psikoterapiara egokitu baitzuen korronte psikoanalitikoa; hark sortu zuen jolas-terapia ez-direktiboa deritzona ere. Axlineren bideari jarraitu dion eta arlo hori zabaltzen jardun duen haurren terapeuta azpimarragarriena Violet Oacklander (1988) dugu.Zer da jolasa? Jolasaren garrantzia
Haurren jolasak berezko esangura eta helburua ditu; berezko, funtsezko eta beharrezko osotasuna du, eta, haren bidez, gauza berriak ikasten ditu haurrak; ikertu egiten du; sormenaz gozatzen du; pentsamenduak adierazten ditu; bulkadak eta emozioak kanporatzen ditu; ametsak betetzen ditu, eta helduak debekatzen dion guztia egiten du. Jolasa, zalantzarik gabe, naturalki sortzen da haurrengan, eta modu berezia da ingurunearekin harremanetan jartzeko. Jolasaren bidez, bizitako gertaerak prozesatzeko aukera du haurrak: tentsioa, ziurtasunik eza, beldurra, ezjakintasuna eta frustrazio-sentimenduak kanporatzeko eta horien bidez esperimentatzeko aukera eskaintzen dio jolasak haurrari. Aukera ematen dio, gainera, inguru natural eta gizatiar batean benetakoa eta dinamikoa izateko, eta, aldi berean, inguru horretan aritzeko.Haurrak jolas egiten du bere gaitasunak ezagutzeko, mundua ezagutzeko eta, halaber, besteek bera ezagut dezaten. Ingurua eta inguruko mundua ezagutzen ikasten du. Haurren jolasean, argi ikusten da haurra gai dela sinboloak eta zeinuak erabiliz testuinguruak sortzeko, egoerak aurreikusteko, ekintzak planifikatzeko edo errealitatea interpretatzeko. Horregatik, esan dezakegu haurtzaroko oinarrizko ekintza bat dela jolasa, naturalki sortzen dena, librea, bat-batekoa, borondatezkoa, eta inguruneko kultura-ezaugarriak jasotzeko prozesua bultzatzen duena.Jolasa fikziozko errealitate batean egiten da. Jolasean, haurra berak nahi duena izan daiteke; errealitatearen mugak gaindi ditzake, eta irudimenezko munduan murgil daiteke, komeni denaren arabera guztia lortu, zuzendu edo bideratu daitekeen mundu horretan. Hau da, fikzioa da jolasaren funtsezko elementuetako bat. Ezaugarri hori Freudek azpimarratu zuen, eta beste autore askok berresten dute. “Zerbaitetan jolastea” errealitate paralelo bat sortzea bezala da, baina fikzioa dela ahaztu gabe. Benetako munduari kontrajartzea dakar berarekin fikzioak, eta aukera ematen dio haurrari errealitateak inposatutako eskakizunak alde batera uzteko, eta bere arau propioak izateko, gustura onartzen eta betetzen dituen arauak, zehazki. Adibidez, bere emozio oldarkorrak adierazteko aukera ematen dio jolasak, errua edo helduen gaitzespena sentitzeko beldurrik gabe. Jolasean, dragoi baten aurka borroka daiteke, eta hura hil dezake, baina ekintza horiek ez dute inolako ondoriorik izango errealitatean, ez baita jolasa besterik.Jolasaren inguruan, ordea, uste okerrak izaten dira. Jolasa ez da lan-tresna bat. Ez da erreminta pedagogiko bat, ez eta entretenimendua ere. Kontu serioa da jolasa, hots, hazteko eta bizitza heldurako prestatzeko era bat da. Haurrarentzat, arnasa hartzea bezain garrantzitsua da jolasa, eta ez zaio jolasten irakatsi behar. Aditua da horretan. Haurra da jolasaren egilea, aktorea eta zuzendaria, aldi berean. Hasieratik haurraren ekimen autonomoaren esparruan sortzen diren aukera guztiak bermatzea da helduaren zeregina, mugimendu askea eta jolas independentea helburu hartuta. Laburbilduz, hazkunde fisiko, emozional, kognitibo eta soziala ahalbidetzen dio jolasak haurrari. Osasuntsu dagoen edozein haur aritzen da jolasean, eta, oinarri-oinarrian, horixe da egin behar duena: jolastu.Jolas-terapia (kontzeptua zabaltzea, ezaugarriak, metodologia, teknikak, terapeutaren rola eta prestakuntza, teoria, Axlineren printzipioak). Gelaren ezaugarriak, haurrak garatzen duen prozesua, denboraren beharra…Jolas-terapiak haurrari bera izateko aukera ematen dio; bere Nia onartzera lagunduko dio, inolako ebaluaziorik eta presiorik gabe. Emozioak bidera-tzeko bide bat izateaz gain, bere burua ulertzeko eta berregituratzeko aukera eskaintzen dio haurrari.Jolas-terapiako saioetan, haurrak aukera du jolasaren bidez bere barnean dituen sentimenduak kanporatzeko, eta haiekin jokatzeko. Modu ireki eta seguru batean, barruan duena kanporatzeko unea eta gunea eskaintzen dizkio jolasak; heldua den aditu baten begiradapean beti, noski. Haurrak, jolasaren bidez, bere barne-mundua kanporatu ahal izango du, eta, aldi berean, aukera emango dio bere buruari aurre egitea onartzeko, ikasteko eta kontrolatzeko.Arestian esan bezala, heldu aditu objektibo baten begiradapean arituko da jolasean haurra. Den bezala onartuko du helduak; aintzat hartuko ditu jolasaren ezaugarriak, eta horren irakurketa egingo du.Hauek dira, Virginia Axlinek zehaztutakoaren arabera, jolas-terapiaren zortzi printzipioak:1. Konfiantzazko, laguntasunezko, errespetuzko eta afektuzko harreman arretatsu bat eraikitzea.Umearekin, harreman adiskidetsua du terapeutak, bien arteko harremana atsegina izan dadin, ahalik eta arinen. Harreman terapeutikoa ezinbestekoa den alderdia da. 2. Haurra den bezala eta norbanako bezala onartzea.Terapeutak umea den bezala onar-tzen du. Onartzeak ez du esan nahi egiten duenaren onespena dagoenik. Jarrera abegitsuan dago gakoa: umeak egiten edota esaten duena aintzat hartzea da, bakoitzaren banakotasuna aintzat hartzea. Umeak esan edo egiten duena egiten duela ere, haurra ulertu egingo du, eta, une oro, den bezala onartuko du. Horixe sentiarazten dio umeari. Horrela, terapeutak haurra bere barne-munduan gero eta gehiago sartzera eramango du, bere benetako Nia aurkitzeko.3. Permisibitate-jarrera izatea, haurrak era libre batean egin ditzan bere adierazpenak.Terapeutak jarrera permisiboa du umearekin. Aske sentitzen da haurra bere sentimenduak kanporatzeko. Horrela, errespetuan, onarpenean eta afektuan oinarritutako harremana sortzen du terapeutak umearekin, eta den bezala onartzen du umea.4. Haurraren sentimenduak onartzea eta balioestea.Haurra barnean jasaten ari den horrekin konektatuko du jolas-terapeutak. Haurrak gorderik daukan sufrimenduan leudeke umearen afektua eta bizi-ahalmena, bai eta antsietatea, beldurra eta areriotasuna ere. Adi dago terapeuta, erne, haurraren sentimenduak antzemateko. Terapeutak sentimendu hori islatzen du haurrarengan, eta, horrela, bere eskarmentuan sakondu dezake.5. Haurra errespetatzea: haurraren erantzukizuna da erabakiak hartzea eta aldaketak egitea.Terapeutak tentuz behatzen dio haurrari, arazoak konpontzeko duen trebetasuna aztertzeko. Haurrari dagokio erabakiak hartzea, bai eta aldaketak egitea ere.6. Bidea haurrak zuzentzea: hark zuzenduko du bidea, eta jarraitu egingo dio terapeutak.Terapeutak ez dauka inolako intentziorik haurraren ekintzak edo solasaldia bideratzeko.7. Terapia presaka ez egitea: haur bakoitzak bere prozesua du.Terapeutak ez du terapiaren ibilbidea azkartu nahi. Gutxikako prozesu bat da ibilbide hori, eta hala onartzen du terapeutak. 8. Terapiari eusteko beharrezkoak diren mugak jartzea.Terapiak mundu errealean iraun dezan eta hor koka dadin, beharrezkoak diren mugak soilik jarriko dizkio terapeutak haurrari, eta jakinaren gainean jarriko du.Jolas-terapiak hainbat metodo espezializatu eta teknika ludiko hartzen ditu barnean, haurrak adieraz-pen eta emozioak autokontrolatzeko eta kontzientzia zabaltzeko dituen baliabideak eta potentzialtasuna ezagut ditzan; horrez gain, aukera ugari eskaintzen dizkio, garapenerako jarraibideak normalizatzeko.Besteak beste, honako erreminta eta metodo hauek erabiltzen dira jolas-terapian: Gerturatu, sentitu. Arakatu, esperimentatu.Mugitu, adierazi.Konturatu, kontziente egin.Proiektatu, irudikatu.Hustu, askatu.Imajinatu, dramatizatu.Hausnartu eta zentzua eman.Hauek dira jolas-terapian erabiltzen diren teknika terapeutiko nagusiak:Gorputz-adierazpeneko teknikak. Adierazpen plastikoko teknikak.Musika-terapiako teknikak.Teknika proiektibo sinbolikoak.Adierazpen narratiboko teknikak.Animaliez baliatutako afektuen adierazpen-teknikak.Deskarga motorreko teknikak.Erlaxazio- eta irudikatze-teknikak.Teknika sortzaileak.Dramatizazio-teknikak.Nori zuzentzen zaie?Jolas-terapia, oro har, sufritzen ari diren haur guztiei zuzentzen zaie, eta, esku-hartze terapeutikoari dagokionez, kasu hauek hartzen ditu bere gain:Alderdi emozionalean: Autoestimu baxua eta ziurtasun-arazoak dituzten haurrak; beldurrak, tristurak eta une oro haserreak dituzten umeak; larrialdia edo herstura duten haurrak; gaueko beldurrak, irudizko lagunak edota fantasiak dituzten haurrak; duten adinerako heldugabeak diren jokaerak dituzten haurrak; hiperaktibitate-arazoak dituzten haurrak; gizarteratzeko zailtasunak dituzten haurrak; familiako egoera berrietara egokitzeko zailtasunak dituzten haurrak, edo ihesaldiak egiten dituztenak; depresioa duten haurrak, edo ez dutela bizi nahi esaten duten haurrak; eta jokabide antisozialak dituzten haurrak.
Lehen mailako esku-hartzeetako trauma kasuetan: Jaiotzeko uneko edo jaio ondoko trauma duten haurrak; tratu txar fisiko edo emozionalen bat jasan duten haurrak; sexu-jazarpena pairatu duten haurrak; familian izandako tratu txarren lekuko izan diren haurrak; jazarpena jasan duten haurrak; utzikeria eta arduragabekeria jasan dituzten haurrak; galerak edo bukatu gabeko dolua duten haurrak; gurasoen banaketa edo dibortzioa; ospitaleratutako haurrak, beldurgarriak edo mingarriak diren jarduera medikoak jasan dituzten haurrak, edo istripuren bat izan duten haurrak; gaixotasun kroniko edo terminalak dituzten haurrak; gudu edo hondamendi naturalak jasan dituzten haurrak; eta trauma osteko nahasmendua duten haurrak.
Bigarren mailako esku-hartze batean, diziplinarteko tratamendu baten barruan: Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua duten haurrak; antsietate-nahasmendua duten haurrak; atxikimendu-nahasmendua eta afektuen eskasia duten haurrak; portaeraren nahasmendua duten haurrak; nortasunaren nahasmendua duten haurrak; garapenaren nahasmendua duten haurrak; eta nahasmendu psikosomatikoak duten haurrak.
Jolas terapeutikoa eskolan
Euskal Herriko Jolas Terapia elkarteak, eskola testuinguruan jolas terapeutikoaren erabilera bultzatzen du.Eskolak eskaintzen dituen praktika onak aprobetxatuz eta jadanik eskoletan dauden Heziketa Bereziko antolamenduko egiturak erabiliz, jolasa haurraren berezko ekintza izanik, honen bidez haurraren irudimenezko pentsamendua berreskuratu eta sustatu nahiko genuke, batik bat, gaur egun jolas librea, artea eta sormen ekintza curriculumetik urruntzen ari diren garai hauetan.Jolas terapeutikoa ikaskuntza prozesuan txertatzerakoan, haurrek berezkoak dituzten konpetentziak lantzeko aukera izango dute, hala nola, pentsatzeko, ekiteko, norbera izateko eta komunikatzeko gaitasunak naturalki eta modu ziurrean eraikitzeko eta lortzeko. Horretarako, eskolako gaur egungo egituran, Pedagogia Terapeutikoko hezitzaile berezien zereginak aintzat hartu ezkero, heldua eta haurraren arteko momentuko egoerak bultzatutako komunikazio uneak esanguratsuak izan daitezen jolasa beharrezkotzat jotzen dugu. Haurrak jolasaren bidez jokatzeko eta esperimentatzeko aukera duen heinean, bere jokabidea agerian uzten du, beraren-tzat jolasa momentukoa eta konkretua delako. Egoera honek, nahi gabe ere, berarekin lanean ari den helduari aukera emango dio haurraren ebaluazio globala eta uneko diagnosiaren ulergarritasuna izateko, lan-harremana finkatzeko eta ikaskuntza prozesuaren kontzientzia hartzeko. Heziketa premia bereziak (HPB) dituzten ikasleak gelan egoteaz gain, bertako partaide izan daitezen beren bizitzaren protagonista direla sentitu behar dute. Rogersek esan bezala pertsona bakoitza bere bizitzaren protagonista denean gai izango da bere mugez jabetzeko eta bera den bezala onartzera iristeko. Umearengan zentraturiko terapia honek ez dauka helburutzat arazoak konpontzea, bai, aldiz, haurrak une horretan bizi duenarekin enpatizatzea. Hori hala, lagungarri suertatuko litzaieke heldu ziur eta enpatiko batekin esperientziak izatea, haurra onartzen duen helduarekin, hain zuzen. Rogersek dioen bezala, “zer gertatzen da gertatzen zaionarekin” ideiak momentuko egoera aztertzera emango gaitu eta ez emaitzei begira egotera.Aipatu dugu jolas terapeutikoari helduaren presentziak eta begiradak ematen diola izaera propioau, profesional berezilari hau, ez da gidari edo diagnostiko egile izango, haurrak bere burua deskubritzera eramango duen ibilbidean bitartekari eta bidelagun baizik. Helduak, arestian esan bezala, harreman enpatikoa eta konfiantzaz-koa eskainiko dio haurrari, hark bere premiei eta arazoei aurre egiteko duen gaitasunaz baliatuz. Jolasa, haurrak ulertzeko erabiltzeaz gain, berarekin harreman sostengatua lortzeko ere erabiliko du, haurraren mundu emozionalean parte hartu eta lankidetzan aritzeko inolako epairik egin gabe, haurrak bere garapenean interesa izan dezan, bere egunerokotasuna bideratzeko eta aldi berean etorkizuna indartzen laguntzeko. Jolasaren bidez, sentimenduak adierazi, harremanak deskubritu, bizipenak islatu, nahiak izan, izaera ziurraz hazi eta Nia eraikitzeko aukera du. Axlinen ekarpena kontuan harturik, haurra, jolas terapeutikoaren bidez, zintzotasuna, bizitasuna, berezkotasuna... adierazteko gai da. Bere ustez, helduak, jolas libreari terapia ez-zuzenduaren oinarrizko printzipioak aplikatzen dizkionean lortzen du haurra bere barne munduaz jabetzea. Heldua, haurrak adierazten dituen sentimenduak errekonozitzeko erne dago. Horiek haurrarengan berriz islatzen ditu eta haurra orduan jabetzen da bere jokabideaz eta horiek ulertzeko gai izango da.Horretarako, jolas-terapian formaturiko Pedagogia Terapeutikoko helduak, atxikimendu ziurra, haurtzaroaren ezagutza eta teknika zehatzak eskainiz, jolasaren bidez, haurrarengan momentu ludikoak sortuko ditu haurrak bere barne mundua proiektatu ahal izateko, eta aldi berean, haurraren ezaugarriak, bizi esperientziak, adina, familia eta testuinguruari esanahia emateko. Oaklanderrek (1988) esan bezala, helduak jolas-tekniken bidez teorien ulermen osoa lortuko du praktikarekin batera uztartzen duenean. Gure ustez, eskolan ikuspuntu humanista honen balioak aurrera eramatea lagungarria suertatzeaz gain, posible ere bada. Eskolan ditugun hainbat material erabili ditzakegu adierazpen ekintzak sortzeko; pintura, buztina, txotxongiloak, musika tresnak, jolas sinbolikorako elementuak (pertsonak, animaliak, harriak ……), psikomotrizitate gela… Honetaz gain, tekniken artean erregina dugun Hondar kaxa (Sandplay) erabili dezakegu, haurrek beraien barne mundua elementu sinbolikoen bidez proiektatzeko edota une sentsorialak bizitzeko.