BIZITZAN BEHAR DIREN IRAKASGAIAK

2017-05-01

Gogoan dut hain kuttuna, hain berezia eta bakarra den garaia: haurtzaroa. Nik neurea Gasteizen, Donostian eta Zizur Nagusian igaro nuen. Bai, gure familia nomada izan da eta horregatik, akaso, gaur egun ere, halaxe ibiltzen naiz ni, nomada nire herrian.

Gogoan ditut nire haurtzaroko hainbat une eta nola ez, oso presente ditut eskola egunak. Zenbat oroitzapen, eta zer nolako oroitzapen polittak gainera. Gogoan ditut ikastetxe ezberdinak, irakasleak, lagunak, gelak, patioko momentuak, komunetako txutxumutxu amaigabeak, ikasturte amaierako jaialdiak... eta baita ikasgaiak ere. Matematika eta musika ziren nire gogokoenak, baina natur zientziak ez nituen batere atsegin. Gainerakoetan ez bezala, honetan beti nahiko eskas ibiltzen nintzen. Nire ustez, lantzen genituen edukiak batetik (aitortu behar dut, gaur egun ere, natur zientzien mundua ez dela nire pasioa), eta hauek lantzeko modua edo erabilitako metodologia bestetik (esperimentala izan beharrean, oso teorikoa zen, dena liburutik ikastea) nire motibazioa oso txikia izatea suposatzen zuen.
Nik Haur Hezkuntzako ikasketak burutu nituen. Hezkuntzak eta umeen munduak txoratzen nau, eta berebiziko garrantzia duen esparrua dela uste dut. Kalitatezko hezkuntza baten beharraren garrantzia, irakaslea izateko bokazioa eta motibazioa, haur bakoitzaren mundua ulertzea, errespetatzea eta hauei maitasuna ematearen garrantzia... hauek izan nituen irakasle izateko ikasketak burutzeko arrazoi nagusi.
Hiru urtez irakasle lanetan ibili naiz, bai Haur eta baita Lehen Hezkuntzan ere. Begirada atzera botaz eta ondoren, gaur egunean jarriz, esan beharra daukat ezinbestekotzat ditudan bi ikasgaien hutsunea, zein baino zein garrantzitzuagoa, suma-tzen dudala gure eskoletan: hezkun-tza sexuala batetik, eta adimen emozionala bestetik. Eta ikasgaiak diot, benetan uste dudalako ikasgai moduan planteatu beharko liratekeen bi gai direlako, bai Haur, Lehen eta baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere. Gure garaian bi hauen presentzia ia ez zen existitzen, eta gaur egun, zertxobait gehiago lantzen den arren (adimen emozionala haur hezkuntzako garaian batez ere), oraindik asko dago egiteko.

Hezkuntza sexuala

Bai LHn eta baita DBH-n ere, arreta handia pizten zigun gaia zen: SEXUA! Guau… hain gutxi erabil-tzen zen hitza, hain gutxi hitz egiten zen horren inguruan, hain gutxi erakusten ziguten sexualitatearen inguruan... eta gu desiatzen geunden! Guretzat, misterioz jositako hitza zen. “Sexua” entzun eta denak barreka hasten ginen. Sexuaz/sexualitateaz galdetu eta 2-3 kontzepturekin soilik lotzen genuen, normalean: alua, zakila eta txortan egitea. Egia esan, gai honekin lotutako oroitzapenak oso presente ditut eta oso modu zehatzean azalduko ditut:
-LHn: sexualitatea giza anatomiaren esparrutik soilik lantzen genuen, hau da, sexu-organoak eta ugalketa aparatua ikasten genituen. Gaia ezaugarri anatomikoen ikuspegitik soilik lantzen genuen. Eskuak burura eramateko moduan… benetan tamalgarria, baina hala zen.
-Eta DBHn, antzeko moduan lan-tzen genuen, beti ikuspegi beretik, ikuspegi genitala eta erreproduktiboa, baina gaian pixkat gehiago sakonduz. Hori bai, urtean bitan, DBHko hirugarren eta laugarren mailan, sexologia saio “bereziak” izaten genituen. Bi aditu etorri eta besteak beste, kondoiak nola ipintzen ziren azaldu, konpresak eta tanpoiak banatu… egiten zuten. Eta bai, konpresak eta tanpoiak etxera eraman eta erabilgarri genituen, izan ere, adin horrekin gehienak hilerokoa genuen. Eta noski, kondoien nondik norakoak ikasten genituen (zergatik erabili, hauen garrantziaz...), baina horrera arte, punto. Non geratzen dira gainerako gaiak? Masturbazioa, plazera, harremanak, errespetua, aurreiritziak, beldurrak, gezur eta egiak...
Kuriosoa da baina jarraian, anekdota bat kontatzera noa. Lagun sexologo bat daukat, DBHko ikasleekin aritzen dena. Pasarte asko kontatu dizkit, zein baino zen harrigarriagoak, egia esanda, kezkatzeko modukoak, eta hauei esker, berriz ere hezkuntza sexuala behar bezala lantzearen garrantziaz ohartu naiz: Neska askok, plazerra ematen dieten euren gorputzeko atalak ezagutu, esperimentatu, gozatu... aurretik, hau da, nork bere buruari plazerra eman aurretik eta gustatzen zaiena jakin aurretik, masturbatu aurretik... larrua jo dute. Eta harro esaten dute: “Bai, nik dagoeneko larrua jo dut”. Bai, “larrua jo” dute, “sartze eta irtete” bat egon da, baina besterik ez. Ekintza bera egitea garrantzitsuagoa egiten zitzaien sentitzen zutena baino, eta noski, gehienek esaten zuten ez zekitela zer zen orgasmo bat, ez zutela halako plazer handirik sentitzen... baina aizue, larrua jotzen zuten! Zerbait gaizki egiten ari gara, eta ez naiz inondik inora irakasleei errua botatzen ari, izan ere, kontu hau bai eskolan eta baita etxean ere landu beharrekoa baita. Errua bizi garen gizarte honi botako nioke, gizarte sexista, emakumeekiko hiper-sexualizatua, guztiz genitalizatua, tabuz beteriko testuinguru batean... gai honekin luze jarraituko nuke baina berriz ere eskolara noa.
Sexualitatea, bai eskolan eta baita etxean ere, umeekin normaltasunez eta gure egunerokoan landu beharko genukeen gaia dela uste dut, hezkuntza sexualaren barruan, jorratu beharreko hainbat gai garrantzitsu daudelako: sexualitate eta identitate eredu ezberdinak, aniztasuna, berdintasuna, norberaren gorputza ezagutzea, errespetatzea eta maita-tzea, harremanak, familia ereduak, masturbazioa... zerrenda amaigabe bat osatu arte. Gainera, ikaslearen adina aintzat hartzen delarik, hainbat material eta gidaliburu topa ditzakegu, HHtik DBHra.
Laburbilduz, sexualitatearen gaia ez da soilik sexu-organoetara eta ugalketara mugatu behar. Ikuspegi global batetik landu beharko genuke, sexualitatea modu normal eta aske batean bizi ahal izateko.

Adimen emozionala

Guraso denek nahi dute euren seme-alabek ikasgai guztiak gainditzea, nota onak ateratzea, baina benetan hau al da garrantzitsuena? biharko egunean, zertarako balioko dute bikain horiek guztiek, haurraren trebezia psikologikoak behar bezala landu ez badira?
Nork bere emozioak identifikatzea, aztertzea, kudeatzea, ulertzea… eta erreprimitu gabe, hauek azaleraztea, adieraztea, eta aldi berean, besteen emozioak ere identifikatu, ulertu eta errespetatzea, egon daitekeen lorpenik handienetariko bat dela uste dut. Haurrak benetan adimentsu bihur-tzen dira euren buruak eta besteenak ezagutu, errespetatu eta maitatzen dituztenean. Gure emozioak ezagutuz eta kontrolatuz gero, bai gu eta baita gainerakoak ere zoriontsuago izango gara. Komunikazio enpatikoa, errespetua, oreka emozionala, konfiantza… adimen emozionala ikasgaia modu on batean jorratuz gero, dena lorpenak dira, horregatik, gizarte osasuntsuago bat lortzeko bidean, adimen emozionalaren nondik norakoak erabilita hezi ditzagun gure txikiak, etorkizunean pertsona benetan adimentsuak izateko, gizarte hobe bat lortzeko.