Autonomia eta konfiantza ardatz, sistema osoa eragile

2017-05-01

AUTONOMIAK HEZKUNTZA-PROIEKTU BAT EDUKITZEA ESAN NAHI DU,

KOMUNITATE OSOAREN ARTEAN
ERABAKITAKO HEZKUNTZA-PROIEKTU BAT,
HORRETARAKO BEHARREZKO BALIABIDEAK ESKURATUZ ETA PROZESUAK GARATUZ.

 
 

Urte baten baitan, gutxi asko, denboraren % 10 inguru ematen dute ume eta gazteek eskola-testuinguruan. Gainerako denbora guztia eskolatik kanpo igaro-tzen dute: etxean, kalean, aisialdiko ekintzetan, familian, lagunartean, ludotekan, liburutegian, gaztelekuan, parkean… Baina eskolari eta irakasleei eskatzen zaie elkarbizitza lantzeko, haur autonomoak hezteko, kooperatibismoa sustatzeko, ikasle eleaniztunak prestatzeko, umeak adimen emozionalean trebatzeko… Egia da eskolak eta irakasleek asko egin dezaketela, eta dezaketen guztia egin behar luketeela, baina gaur egun eskolaren eta irakasleen gain jartzen diren eskakizun guztiak betetzeak miraritik gehiago du errealitatetik baino.

Eskolak, berak bakarrik, ezin du. Horixe da Hik Hasik antolatuta Euskal Herriko 65 irakaslek Finlandiara egin dugun bidaiatik atera dugun ondorioetako bat. Izan ere, herrialde eskandinaviarrean gizarte osoa dago haurren heziketari begira; sistema bera da giltzarri, bere osotasunean, hezkuntzaren arloan hain eredugarri bilakatu den nazioan. Eta, sistema diogunean, umea erdigunean jarrita lanean diharduten entitate guztiez ari gara: ikastetxeez, noski, baina baita gobernuaz, administrazio lokalez, politikariez, komunikabideez, familiez, aisialdiko zerbitzuez, liburutegiez, gizarte zentroez eta bestelako elkarteez ere. Horiek guztiek, elkarreraginean, osatzen dutelako sistema.

Eta, horrek ez du esan nahi, inondik inora ere, eskolak eta irakasleek eurei dagokien ardura hartu behar ez dutenik. Kontrakoa baizik. Ikasi dugu Finlandiatik ikasleen heziketa-prozesua aberatsa izan dadin zein funtsezkoak diren bi balio: autonomia eta konfiantza. Haurren autonomia sustatzea eta haiengan konfiantza izatea batetik; eta bestetik, ikastetxeei eta irakasleei autonomia eta konfiantza ematea, zentroko eskola-proiektua taxutzeko, euren jardun pedagogikoa diseinatzeko, lan-taldeak egituratzeko, ordutegiak eta aztergaiak finkatzeko, sustatu nahi dituzten balioak zehazteko… Ahaztu gabe autonomiaren eta konfiantzaren infrentzuan konpromisoa eta erantzukizuna daudela. Horra hor, Euskal Herriko hezkuntza-sistemarako ere balio dezaketen bi oinarri: autonomia eta konfiantza.

Hain zuzen ere, horixe bera defendatzen du aldizkari honetako elkarrizketa nagusian Gonzalo Larruzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako ikuskariak: autonomia handiagoa behar dutela zentroek; planteamendu irekiagoak egiteko aukera eman behar zaiela ikastetxeei. Izan ere, Larruzearen hitzetan, autonomiak, beste ezeren gainetik, hezkuntza-proiektu bat edukitzea esan nahi du, komunitate osoaren artean erabakitako hezkuntza-proiektu bat, horretarako beharrezko baliabideak eskuratuz eta prozesuak garatuz: “Gizarteak, nolabait, bere hezkuntza-sistema autogestionatu egin behar du, gizartea ahaldundu egin behar da eskola-komunitateetan, bakoitzak bere proiektu propio eta singularra aurrera eraman dezan, nork bere hezkuntza-proiektua definitzeko, eta erabakitzeko nola garatuko duen; beti ere azken xede izanik ikasleen zerbi-

tzura egotea, haien onurari eta ongizateari begira jardutea, hain zuzen”.